21. zk., 2009ko urtarrilaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
482
AGINDUA, 2008ko azaroaren 27koa, Kultura sailburuarena, Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Sanjuanzar baserria, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2008ko irailaren 30eko Ebazpenaren bidez, Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Sanjuanzar baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, baserriak duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik. Ebazpen hori 2008ko urriaren 27ko EHAAn, 205. zenbakian, argitaratu zen.
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Legeak agintzen dituen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa) Sanjuanzar baserria Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena.- Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, sailkatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen II. eranskinean agertzen den bezala eta I. eranskinean azaltzen den mugaketarekin bat etorriz.
Hirugarrena.- Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.
Laugarrena.- Leintz-Gatzagako Udalari ondasun hori babestu dezan eta, horretarako, udal hirigintza-araudia egokitu dezan eskatzea.
Bosgarrena.- Espedienteko interesdunei, Leintz-Gatzagako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari agindu hau jakinaraztea.
Seigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Inskripzio-agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.
Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean. Agindu hau azken aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hasiko dira kontatzen bi epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 27a.
Kultura sailburua,
MIREN AZKARATE VILLAR.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren deskribapena.
Bi eremu mugatzen dira: alde batetik, eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak:
Ipar-mendebaldean, eraikinaren atzealdean, lerro paralelo bat, baserriaren ipar-mendebaldeko fatxadatik 35 metrora;
Hego-mendebaldean lerro paralelo bat, hego-mendebaldeko fatxadatik 35 metrora.
Hego-ekialdean lerro paralelo bat, baserriaren hego-ekialdeko fatxadatik (baserriko fatxada nagusitik) 50 metrora, zirkulu-formako larraina osatzen duten harlangaitzezko hormatxoak barruan direla.
Eta, azkenik, ipar-ekialdean lerro paralelo bat, baserriaren ipar-ekialdeko fatxadatik 35 metrora.
b) Mugaketaren arrazoiak.
Aipatu mugaketa Sanjuanzar baserriaren inguruko ingurumen-balioak eta ikusizko balioak babesteko proposatu da. Sanjuanzar baserria Leintz-Gatzagako herrigunetik hegoaldera dago. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, beharrezkoa da inguru hori mugatzea. Horrela, baserriak berezko duen izaerari eusteko, baserriaren inguruko lursailak nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Horregatik, mugaketa honek baserriaz gain eraikinaren ingurua ere hartzen du.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Hiru isurkiko teilatua duen baserria da. Ipar-hego noranzkoa duen goihabea du, ekialdera 15.º okertuta. Familia bakarrekoa da. Leintz-Gatzagan dago, Deba ibaiaren sorrerako arroan, lursail garai eta apur bat lauetan, 620 eta 630 koten artean, 535.710,00-4.758.496,00 koordenatuen artean.
Baserriaren oinplanoa laukizuzena da: 19,50 metro zabal eta 16,00 metro sakon ditu. Hego-mendebaldeko aldean, gorputz bat du erantsita. Gorputzak 5x4 metroko neurria du, gutxi gorabehera, eta egurra gordetzeko erabiltzen da. Teilazko isurki txiki batez estalita dago. Bolumen erantsiaz gain, harlangaitz lehorrez egindako fabrika-hormatxoak ditu baserriak, aurrean geratzen zaion lursailean. Zirkulu-formako larrain bat eta baratzea mugatzen dituzte hormatxoek. Itxitura-horma guztiak harrizko harlangaitzez eraikita daude, eta hareharrizko silarriz egindako kateak dituzte eskantzuetan. Solairuko forjatutik gora, hormak berdinduta eta zuriz pintatuta daude. 80 zentimetroko lodiera dute perimetro-paretek.
Eraikinaren ipar-mendebaldeko fatxadak (atzealdeko fatxadak) bi aireztapen-gezileiho ditu beheko solairuan, eta bi leiho-bao lehen solairuan, harlanduz inguratuta.
Hego-mendebaldeko fatxadak (eraikinaren alde bateko fatxadak) bi aireztapen-gezileiho ditu beheko solairuan. Lehen solairuan, berriz, harlanduz inguratutako bi leiho, eta, erdian, ateburua duen bao laukizuzen bat, lastoaren zamalanetarako erabiltzen den forjatuaren kota berean. Fatxada horretan dago egurra gordetzeko erabiltzen den estalki erantsia, hegoaldeko muturrean.
Hego-ekialdeko fatxada da baserriko fatxada nagusia. Beheko solairuan, goihabearen bertikaletik apur bat ezkerrera geratzen den arku karpanel bat dago. Hareharrizko dobela lodiz eraikita dago, eta alboetan dauden inposten gainetik abiatzen da. Arkuaren alde banatan, fatxadaren ardatzarekiko simetrikoki kokatuta dauden bi leiho daude, harlanduz eraikiak.
Lehen solairuan, harlanduz inguratutako hiru leiho daude fatxadan, erregularki banatuta. Beheko solairuko leihoen ardatzak errespetatzen dituzte. Teilatupean, simetrikoki banatutako bi zulo txiki daude fatxadan, harlanduz inguratuak.
Ipar-ekialdeko fatxadan (eraikinaren alde bateko fatxadan), sarrerako ate bat dago beheko solairuan, aurretik leiho bat zegoen tokian, baina leihoaren tartea baino tarte zabalagoan. Harlandu berriz inguratuta dago. Bao horrez gain, fatxadan badira beste hiru leiho-bao. Bi bao berriak dira, eta leihoburuak dituzte. Beste baoa, berriz, jatorrizkoa da, eta beste biak baino apur bat txikiagoa. Harlanduz inguratuta dago.
Lehen solairuan, bi leiho-bao bakarrik daude fatxada horretan, biak harlanduz inguratuak. Beheko solairuko jatorrizko bi baoen ardatzen gainean kokatuta daude.
Eraikinaren barruko egiturak zeharkako hiru hormarte eta luzetarako beste hiru ditu. Karga-horma perimetral lodiaren gainean jarrita daude. Horrez gain, zeharkako beste horma bat ere badu, beheko solairuan metro bateko lodiera duen horma. Zeharkako horma horrek arkupeko hormartea eta gainerako egitura guztia banatzen ditu. Luzetarako beste karga-horma bat ere badago, eta horma horrek hormartea eta sukaldera sartzeko ipar-ekialdean dagoen ezkaratza banatzen ditu. Bi horma horiek estalkiraino iristen dira. Egiturako gainerako osagai guztiak harrizko plinto baten gainean kokatuta dagoen zutabe lodi baten gainean bermatuta daude. Zutabe lodi hori ukuiluan dago. Habe lodi batzuk zutabera lotuta daude, eta habeek soliba handiei eusten diete. Estalkiko zurajeak hiru isurki ditu, eta kontragoihabez, nabaz, tirantez, gapirioz eta taulaz osatuta dago. Horien guztien gainean jarrita dago estalkiko arabiar teila.
Arkupetik ordenatzen da solairua, bi ateren bidez. Ezkerreko atetik ukuilura sartzen da. Harlanduz inguratuta dago, eta metro bateko lodiera duen horma batean sartuta dago. Orri zabaleko ate handi bat da, eta burdineriak ditu. Eskuineko atea ere harlanduz inguratuta dago, eta zurezko ate sendo bat du. Ateak panelak eta burdineriak ditu, eta etxeko lauzadun ezkaratzera sartzen da bertatik.
Etxe barruan, harlanduz inguratutako ate bat igarota, lauzadun sukalde batera sartzen gara, ezkaratz lauzadunetik. Eraikinaren hego-ekialdean kokatuta dago sukaldea. Ezkaratzetik, bi ataleko eskailera bat ateratzen da. Lehen atalak harrizko hiru maila ditu, eta bigarrenak, berriz, triangelu-forma duten zur trinkozko mailak ditu, zurezko zangoen gainean jarrita. Lehen solairura igotzen da eskailera horren bidez. Lehen solairuan, beste eskailera-atal bat dago, teilatupeko tarteko solairura joateko. Aurreko eskailerez gain, beste eskailera bat ere izan zuen etxeak, ukuiluko solairutik lehen solairuko ipar-ekialdeko geletara zuzenean joateko.
Sanjuanzar XVIII. mendeko baserri tipikoa da, Arabara joateko bidean ostatu izateko eraikia. Jatorrizko itxurari eusten dio, hein handi batean.