21. zk., 2009ko urtarrilaren 30a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
469
2/2009 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikaskuntza horiek ezartzen dituena.
Haurrek bizitzako lehenengo urteetan jasotzen duten hezkuntza alderdi erabakigarria da, gero, pertsona gisa izango duten garapen osorako. Familiari dagokio, lehen-lehenik, hezteko erantzukizuna, sozializatzeko eragile nagusi den aldetik; hain zuzen, familiaren eraginaren bitartez, haurren nortasuna egituratu behar duten oinarrizko balioak sendotzen dira bertan, gaitasun intelektualak eta afektiboak garatzen, eta helduen kultura transmititzen. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, hezkuntza-eginkizun horretan, familiekin lankidetzan aritzea dagokio eta, horretarako, haurren garapenerako neurri egokienak bultzatu behar ditu.
Euskal Autonomia Erkidegoan, adin-tarte horretan dauden haurrei mota eta baldintza askotako ikastetxeetan ematen zaie arreta: udalaren titulartasunekoak diren haur-eskoletan, titulartasun pribatuko haur-eskoletan, Haurreskolak Partzuergokoetan, eta, ikastetxe publikoetan eta pribatuetan, bi urteko haurrak eskolatzeko geletan. Egoera horrek zero urtetik sei urtera bitarteko haurren hezkuntza-arreta arautzea eskatzen du, adin-tarte horretako haurrei ematen zaien hezkuntza-arretaren kalitatea eta familiei ematen zaien zerbitzua berma daitezen. Horrek, familia-bizitza eta lan-bizitza bateratzeko aukera erraztea izango du xede.
Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legeko (1993ko otsailaren 19koa) 9.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, botere publikoek ziurtatuko dute, euskal eskola publikoa osatzen duten ikastetxeen bitartez, hiru urtetik gorako haur guztien eskolatzea doakoa izango dela unibertsitateaz kanpoko izaera orokorreko irakaskuntzaren maila orotan. Eta 9.2 artikuluan dio hezkuntza-administrazioaren ardura izango dela, gainerako administrazioekin eta gizarte-eragilerekin elkarlanean, zero urtetik gorako haurrak eskolatzen joatea hala eskatzen dutenen artean, bai eta hezkuntza-alorreko sektore guztiei haurrak eskolatzeko aukeraren berri ematea ere. Edonola ere, ezarpen-prozesuaren barruan, lehentasuna emango zaie maila sozioekonomiko apalena duten guneei eta, oro har, hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrei edo hizkuntza-premia bereziak dituztenei.
Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan (2006ko maiatzaren 3koa) xedatutakoaren arabera, autonomia-erkidegoek Lege horretan araututako irakaspenen curriculuma ezarriko dute. Euskal Herriko Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dio irakaskuntzaren inguruko berezko eskumena, irakaskuntzaren hedapen osoan, maila eta gradu guztietan eta modalitate eta espezialitate orotan. Eskumen horretaz baliaturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan Haur Hezkuntzako bi zikloetako curriculuma ezartzea. Horretarako, kontuan izan da Haur Hezkuntzako bigarren zikloko gutxieneko irakaspenak zehazten dituen 1630/2006 Errege Dekretuan (2006ko abenduaren 29koa) xedatutakoa eta, bereziki, Oinarrizko Hezkuntzako curriculuma ezartzen duen 175/2007 Dekretua (2007ko urriaren 16koa, azaroaren 13ko EHAAn argitaratua). Curriculumaren Dekretuan jaso dira Dekretu honetan curriculum-proposamena egiteko erreferentzia izan diren hezkuntza-gaitasun orokorrak eta oinarrizkoak.
Halaber, aintzat hartu da zero eta hiru urte bitarteko haurrentzako Haur Eskolak arautzen dituen 297/2002 Dekretua (2002ko abenduaren 17koa, abenduaren 31ko EHAAn argitaratua) aplikatzeak EAEn izan duen eragina. Oraindik indarrean dago 215/2004 Dekretua, 2004ko azaroaren 16koa, zero eta hiru urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituena (azaroaren 19ko EHAAn argitaratua). Azkenik, Dekretu honen xede diren 2008-2009 ikasturterako irakaspenak autonomia-erkidego honetako ikastetxeetan ezartzeari ekingo zaio.
Horren arabera, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoa entzunda, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Helburua.
Dekretu honen helburua EAEko Haur Hezkuntzako berezko curriculuma ezartzea da. Dena den, bete egin beharko da Haur Hezkuntzako bigarren zikloari dagozkion gutxieneko irakaspenak ezartzen dituen oinarrizko araudian xedatutakoa.
Halaber, Dekretu honek 2008-2009 ikasturtetik aurrera irakaspen horiek ezartzea ere badu xede.
2. artikulua.- Aplikazio-eremua.
Autonomia Estatutuan jasotako hezkuntzako eskumenen arabera, Dekretu hau aplikagarri izango da Haur Hezkuntzako bi zikloak, zikloetako bat edo lehenengo zikloko zati bat ematen duten Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan.
3. artikulua.- Antolamendua.
Haur Hezkuntza borondatezkoa da eta sei ikasturteko iraupena du. Sei ikasturte horiek bi ziklotan daude banatuta: lehen zikloa, zero eta hiru urte bitartekoa; eta, bigarrena, hiru eta sei urte bitartekoa.
4. artikulua.- Xedeak.
1.- Haur Hezkuntzaren helburua haurren garapen fisiko, intelektual, afektibo eta sozial osoa eta orekatua lortzea da.
2.- Bi zikloetan honako hauek landuko dira arian-arian: garapen afektiboa, mugimendua eta gorputzaren kontrol-ohiturak, komunikazioaren eta hizkuntzaren adierazpenak, bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako funtsezko jarraibideak, eta ikasleen ingurunearen ezaugarri fisikoen eta sozialen aurkikuntza. Horretarako, zentzumen-hezkuntzari emango zaio lehentasunezko arreta. Gainera, haurrak bere buruaren irudi positiboa eta orekatua eraiki dezan eta gero eta autonomia pertsonal handiagoa izan dezan bideratuko da.
3.- Horrez gain, Haur Hezkuntzak beste hauek ere egin behar ditu:
a) Familiekin lankidetzan, haurren garapen osoa sustatu. Horretarako, haurra osoki prestatu eta gizarteratuko da, kontuan hartuta haurraren eskubideak, haren ongizate psikofisikoa eta haren gaitasun potentzial guztiak: afektiboak, zentzu-mugimenezkoak, kognitiboak, harremanetarakoak eta sozialak.
b) Desberdintasunak prebenitzeko eta orekatzeko hezkuntza sustatu, bereziki gizartean edo pertsonalki egoerarik ahulenean daudenei arreta emanez eta ekitatea bilatzen saiatuz.
c) Hezkuntza-jardueraren hasieratik, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako elebitasuna bermatzeko baldintza egokiak sustatu eta bultzatu.
d) Familiei zerbitzua eman hiru urtetik beherako haurrak zainduz eta haiei arreta emanez, gurasoei familia- eta lan-bizitza bateratzeko aukera errazteko.
e) Bi mila biztanle baino gutxiagoko landa-eremuetako biztanleei kalitatezko hezkuntza-zerbitzua eskuratzeko aukera eman.
5. artikulua. Haur Hezkuntzako gaitasunak.
1.- Honi esaten diogu gaitasuna: Haur Hezkuntzan ikasleak testuingurura egokituta bereganatzen duen jakintzen, trebetasunen, jarreren eta balioen konbinazio integratua. Haur Hezkuntzako gaitasunak hezkuntzako gaitasun orokorrak kontuan hartuta zehazten dira.
2.- Hezkuntzako gaitasun orokorrak berberak dira hezkuntza-etapa guztietan. Hona hemen zein diren:
1.- Arduraz bizitzen ikastea.
2.- Ikasten eta pentsatzen ikastea.
3.- Komunikatzen ikastea.
4.- Elkarrekin bizitzen ikastea.
5.- Pertsona gisa garatzen ikastea.
6.- Egiten eta ekiten ikastea.
6. artikulua.- Oinarrizko gaitasunak.
1.- Oinarrizko Hezkuntzarako ezarritako oinarrizko gaitasunak kontuan izango dira Haur Hezkuntzako ikasleek zer gaitasun eskuratu behar dituzten zehazteko, ikuspegi integratzailea eta praktikoa aintzat hartuta.
2.- Dekretu honen bitartez ezarri den curriculumak, bai eta ikastetxeek egingo duten curriculumaren zehaztapenak ere, honetan lagundu behar du: Haur Hezkuntzako ikasleek, gerora, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezartzen duen 175/2007 Dekretuan (2007ko urriaren 16koa) xedatutako oinarrizko gaitasunak garatzen, hain zuzen.
7. artikulua.- Helburuak.
Haur Hezkuntzak haurrengan zenbait gaitasun garatzen lagunduko du. Gaitasun horiek aukera eman behar diote haurrari:
a) Bere gorputza ezagutzeko, gorputzak ematen dituen aukerak zein diren eta desberdintasunak errespetatzen ikas dezan.
b) Familia-, natura- eta gizarte-inguruneari behatzeko eta horiek aztertzeko, eta baita horiek ezagutzeko interesa izateko ere, inguruko gizarte- eta kultura-jardueretan modu aktiboan eta apurka-apurka parte har dezan.
c) Ohiko jardueretan, pixkanaka, autonomia handiagoa hartzeko, bere buruarekiko konfiantza eta ekimena gara ditzan.
d) Bere gaitasun emozionalak eta afektiboak garatzeko, bere buruaren irudi positiboa eta benetakoa eratzeko.
e) Ingurukoekin harremana izateko eta bizikidetzarako eta gizarte-harremanetarako oinarrizko arauak barneratzeko, gatazkak modu baketsuan ebazten treba dadin.
f) Zenbait hizkuntzatan eta adierazpidetan komunikatzeko gaitasunak garatzeko.
g) Trebetasun logiko-matematikoak eta irakurketa-idazketa ikasten hasteko, eta mugimendua, keinuak eta erritmoa lantzen hasteko, inguruan duen mundua uler eta interpreta dezan.
8. artikulua.- Curriculuma.
1.- Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honela ulertu behar da Haur Hezkuntzako curriculuma: etapa horretarako ezarritako helburuen, gaitasunen, edukien, ebaluazio-irizpideen eta orientabide metodologikoen multzoa.
2.- Euskal Autonomia Erkidegorako Haur Hezkuntzako curriculuma izango da Dekretu honen eranskinean jasotzen dena.
3.- Erlijio bakoitzeko agintarien egitekoa izango da Erlijioa irakasgaiko konfesio-aukeretako curriculumak zehaztea.
9. artikulua.- Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua.
1.- Dekretu honen ondorioetarako, ikastetxeak egindako hezkuntza-aukera eta hark ezarritako jardunbide-ildo nagusiak jasotzen dituen proposamen-agiri osoa hartzen da Ikastetxearen Hezkuntza Proiektutzat, eta hezkuntza-komunitateak ikastetxean egingo duen hezkuntzako esku-hartzea koherentziaz zuzentzeko erreferentziatzat erabiliko da.
2.- Honako hauek jasoko ditu Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak: jardueraren balioak, helburuak eta lehentasunak; bizikidetza-plana; ikaskuntza-prozesuan zer hizkuntza erabiliko diren finkatzeko irizpideak; ebaluazio-prozesuko alderdi orokorrak; tutoretzako ekintza-plana eta aniztasunaren trataerarako neurriak; eta ikastetxeak erabakitako bestelako alderdiak. Hori guztia finkatzeko, euskal gizartearen eta ikastetxearen beraren testuinguru sozioekonomikoari eta kulturalari erreparatu behar zaio, bai eta ikasleen ezaugarriei eta premiei ere. Halaber, aintzat hartu behar da hezkuntza-helburuak lortzeko eta oinarrizko gaitasunak eskuratzeko bidea erraztea izango dela agiri horrek finkatutako neurrien helburua.
3.- Ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenari dagokio, eta itunpeko ikastetxe pribatuetan ikastetxearen titularrari, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua onartzea. Agiri hori argitaratu egin behar da.
4.- Halaber, ikastetxeek familiekiko, profesionalekiko eta ikasleekiko konpromisoak sustatuko dituzte, batzuek zein besteek zer eginkizun eta jarduera egiteko konpromisoa hartuko duten zehazteko eta hezkuntza-prozesua errazteko.
10. artikulua. Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua.
1.- Dekretu honen xedeetarako, hau da Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua: hizkuntzak irakasteari eta erabiltzeari loturiko alderdi guztien plangintza, ikastetxe bakoitzak bere esparruan gauzatzeko egiten duena. Hizkuntza-proiektuak hezkuntza-proiektuan jasotako ikaskuntza-prozesuan hizkuntzak nola irakatsiko eta erabiliko diren finkatuko du, eta zehaztu egingo du zer-nolako trataera izango duten hizkuntzek curriculum-proiektuan. Hizkuntza-proiektuan jasotako erabakiek eragin zuzena izango dute ikastetxearen beste agiri batzuetan ere: barne-araudian, urteko plangintzan, barne- eta kanpo-harremanak arautuko dituzten oinarrietan, eta abarretan. Horien bidez gauzatuko dira hizkuntza-proiektuan adostutako printzipioak.
2.- Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan sartuko du.
11. artikulua.- Ikastetxearen Curriculum Proiektua.
1.- Dekretu honen xedeetarako, dekretu honexek araututako curriculumak ikastetxe bakoitzean duen zehaztapena da curriculum-proiektua.
2.- Curriculum-proiektuak ikastetxearen testuinguru sozioekonomikora eta kulturalera, ikasleen ezaugarrietara eta beharretara, ikastetxe bakoitzeko hizkuntza-aukeretara eta baliabideetara egokitu beharko du Dekretu honen I. eranskinean bildutako curriculuma, eta Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua hartu beharko du erreferentziatzat.
3.- Ikastetxearen Curriculum Proiektuak alderdi hauek finkatuko ditu, gutxienez:
- Hezkuntza-jarduerari lotutako gaitasunak, helburuak eta edukiak, ikasleen beharrei egokitutakoak, irakaskuntza-alderdi guztietan.
- Ebaluazio-irizpideak, eta gaitasunen gutxieneko garapen-maila, Haur Hezkuntza bukatzean.
- Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuko curriculum-alderdiak.
- Pedagogia-irizpideak eta irizpide didaktikoak, bai eta metodologia-aukerak eta curriculum-materialei buruzkoak ere, betiere, ikastetxeko irakasleen lanaren jarraikortasuna eta koherentzia bermatuta izanda.
- Hezkuntza-laguntzaren premia berariazkoa duten ikasleen egoera osotasunean tratatzeko irizpideak, bai hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleena, bai gaitasun indibidual handiak dituztenena, bai hezkuntza-sistemara berandu sartu direnena.
- Tutoretza-ekintzarako eta hezkuntza-orientazioa garatzeko irizpideak.
4.- Hezkuntza-etapa bat baino gehiago irakasten dituzten ikastetxeetako curriculum-proiektuek zehaztu egin beharko dituzte hezkuntza-etapa bakoitzaren ezaugarriak, haien arteko koherentzia zainduz. Ikastetxeek dagozkien curriculum-proiektuek ikastetxean ematen diren maila eta etapa guztietan koherentzia eta jarraitutasuna izan dezaten lagunduko dute, eta koordinazio-lana egingo dute maila-aldaketak direla-eta ikasleak jasotzen dituzten edo ematen dizkieten ikastetxeekin.
5.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak curriculuma garatzea erraztu eta irakasleen lana bideratuko duen materiala egin dadin bultzatuko du.
12. artikulua.- Ikastetxearen Curriculum Proiektua gauzatzea.
1.- Ikastetxeek Curriculum Proiektua egin eta hezkuntza-administraziori aurkeztuko diote. Hark, Hezkuntzako Ikuskaritzak egindako txostena ikusita, aplikagarri diren xedapen arauemaileekin bat datorren erabakiko du eta, beharrezkoak badira, curriculum-proiektuaren bideragarritasunari buruzko oharrak egingo ditu.
2.- Ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxeetan, Irakasleen Klaustroak egin beharko du curriculum-proiektua. Klaustroak berak izango du curriculum-proiektua onartzeko ardura, baina, hura onartu aurretik, Eskola Kontseiluaren iritzia jaso beharko da ikastetxe pribatu itunduetan, eta Ordezkaritza Organo Gorenarena, ikastetxe publikoetan. Curriculum-proiektuan xedatutakoak urteko planaren bidez gauzatuko dira ikasturtean zehar, eta, zehazki, irakaskuntza-jardueretako programaren bidez eta prestakuntza-jardueretako, eskolaz kanpoko jardueretako eta jarduera osagarrietako programaren bidez.
3.- Finantziazio publikorik jasotzen ez duten ikastetxe pribatuetan, curriculum-proiektua nork egin eta onartu behar duen jakiteko, eskumenen barne-banaketari erreparatu beharko zaio.
13. artikulua.- Elebitasuna eta eleaniztasuna.
1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoaren esparruan, hezkuntza-sistema elebiduna sendotzeko helburua izango duten neurri egokiak hartuko ditu, EAEko hizkuntza ofizialetan komunikazio-gaitasuna lortze aldera. Horretarako, ikastetxeek euskara eta gaztelania sartuko dituzte Haur Hezkuntzan, ikasleak bi hizkuntzetan ahozko eta idatzizko ulermen- eta adierazpen-gaitasunak eskuratzen has daitezen. Helburua da, bi hizkuntzak harreman- eta erabilera-hizkuntza gisa erabiltzea eremu guztietan, direla pertsonalak, sozialak edo akademikoak.
2.- Aurreko atalean adierazitako helburuak lortzeko, Dekretu honetan ezarritako curriculum-planteamenduak bere ezaugarrietara moldatu eta egokituko ditu ikastetxe bakoitzak. Halaber, aintzat hartuko dute bere hizkuntza-proiektua, eta hizkuntzak komunikazio-hizkuntza gisa erabiltzea dela bide egokiena elebitasunaren helburua lortzeko eta jakintza-arlo eta irakasgai bakoitzeko curriculum-edukiak irakasteko. Euskara izango da komunikazio-hizkuntza nagusia eskola-eremuan.
3.- Elebitasuna oinarri hartuta, ikasle eleanitzak sortzeko xedea erdiesteko, ikastetxeek atzerriko hizkuntzak ikas eta erabil daitezen indartzeko neurriak ezarriko dituzte Haur Hezkuntzako bigarren ziklotik aurrera, eta bermatu egingo dute bete egiten direla bi hizkuntza ofizialetarako xedatutako gaitasun-mailak.
14. artikulua.- Ebaluazioa eta mailaz igotzea.
1.- Ebaluazioa orokorra, jarraitua eta prestakuntzazkoa izango da. Behaketa zuzena eta sistematikoa izango da ebaluazio-prozesuko teknika nagusia.
2.- Haur Hezkuntzako irakasleek irakaskuntza-prozesua, beren hezkuntza-jardutea eta haurrek gaitasunak eskuratu dituzten ala ez ebaluatuko dute, maila horretako helburuekin eta ezagutzarekin bat.
3.- Familiek seme-alaben irakas- eta ikas-prozesuari buruzko informazioa jasoko dute, gutxienez hiru hilean behin.
4.- Lehen Hezkuntzara automatikoki igaroko dira ikasleak. Hezkuntza-premia bereziak dituztenak bakarrik egon ahalko dira beste urtebete Haur Hezkuntzan.
15. artikulua.- Esparruak.
1.- Haur Hezkuntzako hezkuntza-edukiak honako esperientzia-eremu hauen arabera antolatuko dira:
a) Norberaren ezagutza eta autonomia pertsonala.
b) Ingurunearen ezagutza.
c) Hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena.
2.- Eremu bakoitzean proposatzen diren edukiak haurrentzat interesa eta esanahia duten jarduera globalizatuen bidez landuko dira.
16. artikulua.- Ordutegia.
1.- Haur-eskolek, zero eta hiru urte arteko tartean, zerbitzu zabala eman beharko dute, gurasoei familia-bizitza eta lan-bizitza batera ditzaten errazte aldera. Hala ere, oro har, haurrek ezingo dute eskolan egunean zortzi orduz baino gehiagoz egon.
2.- Etapa guztian, eskolako ordutegia ikusmolde globala izanda antolatuko da eta haurrei hainbat mota eta erritmotako jarduerak eta atsedena txandakatzeko aukera emango dieten jarduerak sartuko dira.
3.- Haurrak pixkanaka-pixkanaka sartuko dira eskolara lehenengo aldian: egokitze-aldia izango da. Hauxe da egokitzeko aldiaren xedea: familia-esparruaren eta eskolaren artean jarraitutasuna izan dadin laguntzea, eta haurrei eskolara pixkanaka egokitzeko aukera ematea. Aldi hori antolatzean, kontuan izango da haur bakoitzaren hasierako egoera, bai eta eskolatu aurretik izan dituzten esperientziak ere.
17. artikulua.- Tutoretza.
1.- Tutoretza da ikasle talde jakin bateko hezkuntza-ekintza oro dinamizatzeko, osatzeko eta koordinatzeko elementua, eta ekintza horietan esku hartzen dutenak barnean hartzen ditu.
2.- Tutoretza-ekintza funtsezkoa da haurrek beren hezkuntza-prozesua modu pertsonalizatuan gara dezaten lortzeko, bakoitzaren banakako gaitasunen arabera.
3.- Tutoretza-ekintza haurren talde berean esku hartzen dutenei dagokie eta etapa osoan zehar egiten da. Talde berean zenbait maisuk eta maistrak, edota hezitzaileek eta bestelako profesional batzuek esku hartzen badute, haien jarduera ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-proiektuan xedatzen duenaren bitartez koordinatuko da.
4.- Tutoreak harreman estua izango du familiarekin, ikasleen ikaskuntza-prozesuan familien ezinbesteko lankidetza ziurtatze aldera. Harreman horrek gurasoek seme-alabek ikasteko eta gizartean eta hezkuntzan txertatzeko prozesuan egindako aurrerapenaren berri izateko duten eskubidea bermatuko du, bai eta hezkuntza-prozesuan ikastetxearekin lankidetzan aritzeko orientabide egokiak jasotzeko duten eskubidea ere.
5.- Tutoretza-ekintzak berekin dakar hezkuntza-ekintza osoaren plangintza orokorra, sistematikoa eta jarraitua egitea. Plangintza hori, etapako bigarren zikloan, Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan sarturiko tutoretza-ekintzako plana izango da. Irakasteko eta ikasteko prozesuen jarraitutasun hori bermatzeko, lehenengo zikloaren eta bigarren zikloaren arteko koordinazioa indartzeko prozedurak ezarriko dituzte ikastetxeek, bai eta etapa horretako azken mailaren eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloaren arteko koordinazioa indartzeko ere.
6.- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloa ematen duten ikastetxeek koordinazio-mekanismoak ezarriko dituzte irakasle-taldeen artean.
18. artikulua.- Aniztasunaren trataera.
1.- Aniztasunaren trataera oinarrizko hezkuntza-irizpidea da. Hezkuntzako esku-hartzea jaso behar du, horrela bermatzen baita bai haur guztien garapena, bai eta arreta pertsonalizatua ere, haurraren heltze-prozesuaren, interesen, erritmoen eta ikasteko estiloa kontuan hartuta.
2.- Ikasle guztien aniztasunaren trataera kontuan izateko, malguak izango dira etapako helburu orokorrak betetzeko neurriak, eta horrela, etorkizunean oinarrizko gaitasunak garatzen lagunduko zaie.
3.- Ikastetxeek errefortzu-mekanismo egokiak jarri beharko dituzte abian, antolakuntzakoak nahiz curriculumekoak, ikaskuntzan zailtasunak aurkitzen direnean. Hona hemen neurri horietako batzuk: laguntza ematea talde arruntean, taldekatze malguak egitea, curriculum-egokitzapenak eta berariazko errefortzuak eremuren batean.
4.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak beharrezko prozedurak arautuko ditu ikasleen ikasteko zailtasunei aurre hartu, hauteman eta haietan esku hartzeko, eta ikastetxeei abian jar ditzaten errazteko jarduerak gauzatuko ditu.
19. artikulua.- Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen trataera.
Ikastetxeek egiten dituzten curriculum-proiektuek nahiko malguak izan beharko dute, haur bakoitzaren ezaugarrietara, ikasteko erritmoetara eta berezitasunetara egokitutako banakako zehaztapenak egiteko aukera izan dadin. Helburua da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen trataerarako berezkoak diren bi printzipio bete ahal izatea: hezkuntzazko inklusioa eta indibidualizazioa.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak sustatuko du ikastetxeek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako laguntza eta hezkuntza-arretarako neurriak abian jar ditzaten.
20. artikulua.- Ikastetxeen autonomia pedagogikoa.
1.- Ikastetxeek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako curriculuma garatuko dute programazio didaktikoen bitartez. Programazio horietan kontuan izango dira hezkuntza-maila honetako ikasleen beharrak eta ezaugarriak. Programazioetan, halaber, haurren jolasteko, lan egiteko eta atseden hartzeko erritmoak errespetatuko dira.
2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikastetxeen autonomia sustatuko du eta maisu eta maistren, hezitzaileen eta profesionalen talde-lana bultzatuko du.
3.- Ikastetxeetako hezitzaileek autonomia izango dute hezkuntza-maila horretan erabili behar den material didaktikoa aukeratzeko, betiere Dekretu honen eranskinean ezarritako curriculumera egokitzen badira.
4.- Ikasleen gaitasunak, prestakuntza eta aukerak ahalik eta gehien garatzeko, ikastetxeek curriculuma zabaltzeko ahalmena dute. Nolanahi ere, I. eranskinean ezarritako curriculuma beti bete behar dute.
XEDAPEN GEHIGARRIA.- Erlijio-irakaskuntza.
1.- Ikasturtearen hasieran, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eskolatuta dauden ikasleen gurasoek edo, kasuan kasu, tutoreek, seme-alabek erlijio-irakaskuntza jasotzea nahi duten ala ez adieraziko dute.
2.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zainduko du erlijio-irakaskuntzak ikasleen eta haien familien eskubideak errespeta ditzan, irakaskuntza hori jasotzeagatik edo ez jasotzeagatik diskriminaziorik egon ez dadin.
XEDAPEN INDARGABETZAILEAK
1.- Indargabetu egin da 236/1992 Dekretua, 1992ko abuztuaren 11koa, Haur Hezkuntzako curriculuma ezartzen duena.
2.- Indargabetuta geratuko dira maila bereko edo txikiagoko gainerako arauak ere, Dekretu honetan xedatutakoaren aurka badoaz.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ezarpena.
2008-2009 ikasturtean, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak (2006ko maiatzaren 3koa) zehaztutako Haur Hezkuntzako antolamendu berriko bi zikloak ezarriko dira, izaera orokorrez, eta ez dira irakatsiko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoak zehaztutako Haur Hezkuntzako lehenengo eta bigarren zikloei dagozkienak.
Bigarrena.- Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko urtarrilaren 20an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
URTARRILAREN 20KO 12/2009 DEKRETUAREN ERANSKINA
HAUR HEZKUNTZAKO CURRICULUMA
SARRERA
Haur Hezkuntzaren xede nagusia haurren garapen fisikoan, afektiboan, sozialean eta intelektualean laguntzea da, familiekin lankidetza estuan. Etapa honetan jartzen dira banakoaren garapen pertsonalerako eta sozialerako oinarriak, eta zenbait ikaskuntza osatzen dira, herritarrentzat oinarrizkotzat jotzen diren gaitasunak lortzeko oinarrian dauden irakaskuntza batzuk, alegia.
Haur Hezkuntzako haurren adinean garrantzi berezia dute honako helburu hauek dituzten ikaskuntzek: haur bakoitzak bere buruaren benetako irudia eraikitzea; nork bere buruaren ezagutza, aintzatespena eta kontrola lortzea; haur bakoitzak zer aukera dituen jakitea, eta unean-unean eskura dituen baliabideak erabiltzen jakitea. Izan ere, horrela norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna garatzeko oinarriak finkatzen dituzte.
Haur Hezkuntzako etapan garrantzi berezia du adierazpen moduetan trebatzen hasteak, eta, bereziki, ahozko hizkuntzak. Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daudenez, Haur Hezkuntzan garrantzi handia hartzen dute fase honetako berezko hizkuntza-ikasketek.
Bi hizkuntzak ikasteko eta garatzeko prozesuetan, eragina izaten dute, bai haurren hizkuntza-jatorriak, bai familia-hizkuntzaren ezagutza-mailak eta garapenak, eta baita murgilduta dauden testuinguru soziolinguistikoak ere. Hizkuntzak inguruko pertsonekin izaten diren harremanetan ikasten eta garatzen dira, esanahien negoziazio-prozesuen bitartez. Prozesuak antzekoak izaten dira hizkuntza guztietan eta hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna finkatzen laguntzen dute.
Azpimarratu behar da hizkuntzak (gorputz-hizkuntza, artistikoa, musika-hizkuntza, ikus-entzunezkoa eta teknologikoa) oso garrantzitsuak direla ikasleen garapen osorako, aukera ematen baitute nork bere nortasuna finkatzeko eta sentimenduak eta emozioak adierazteko, eta zenbait gaitasunen oinarria dira: giza eta arte-kulturarako gaitasunarena, eta informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasunarena, hain zuzen.
Haurrak ingurumenarekin eta parekoekin harremanetan aritzeak aukera ematen du haiek ingurune hurbilean integra daitezen eta pentsamendu-prozesuak gara ditzaten; eta gai egingo ditu erabakiak hartzeko, arazoak konpontzeko, errealitatea eta bizileku duten mundua ezagutzeko eta baliabide kognitiboak gero eta modu landuagoan eta konplexuagoan erabiltzeko. Horrela, ikasten ikasteko gaitasuna, zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna eta matematikarako gaitasuna garatuz joango dira.
Etapa honetan, haurren ingurua zabaldu eta dibertsifikatu egiten da: familia-ingurunea ez ezik, eskola-ingurunea ere badute. Gizarte-harreman berriak egiteko aukera gehiago dituzte, eta horrek lagundu egingo die elkarlanean aritzen, ingurukoekin harremanak izaten eta elkarrekin bizitzen ikasten. Horrela, gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna garatuko dute.
ESPERIENTZIA EREMUAK
NORBERAREN EZAGUERA ETA AUTONOMIA PERTSONALA
SARRERA
«Norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala» esperientzia-eremuak zera biltzen du: haurrak, hezkuntzako esku-hartzearen laguntzarekin eta pixkanaka, bere buruari buruz barneratzen duen ezagutza guztia. Ezagutza horrek lagundu egingo dio haurrari bere nortasuna sendotzeko prozesuan, eta erabateko mendetasuna izatetik nahikoa autonomia izatera eramango duen bideko ibilbidean.
Haur-eskolaren eremuari loturiko norbanakoaren eraikitze-prozesuan, hasteko, nahitaezkoa da lotura afektiboa ezartzea haurraren eta eskola-inguruneko helduren baten artean; atxikimenduko irudi bat izatea, alegia. Lotura horrek segurtasuna emango dio haurrari, eta ingurunea miatzen eta inguruneko elementuen artean harremanak ezartzen lagunduko dio. Interakzio horiek lagundu egingo diote haurrari bere garapen kognitiboa eta mugimenarena garatzen, bere aukerak eta mugak egiaztatzen, ingurukoengandik bereizten, eta erraztu egingo diote helduekiko independentzia-prozesua hasten.
Nortasun pertsonala eraikitzea haurrak bere ingurune fisikoarekin, naturalarekin eta, batez ere, sozialarekin dituen interakzioen emaitza da, haurraren esperientzia multzoaren ondorioa, alegia. Interakzioek nork bere buruaren benetako irudia lortzea, autonomia, norberaren gaitasunez jabetzea, eta segurtasuna eta autoestimua sustatu behar dituzte. Prozesu horretan haurrengan sortzen diren sentimenduek lagundu egingo dute nork bere buruaren kontzeptu egokitua gauzatzen. Horrek, gero, aukera emango die bere gaitasunen arabera hautemateko eta jarduteko, garapen osorantz eta harmonikorantz aurrera egin dezaten.
Afektibitatea garatzea bereziki garrantzitsua da etapa honetan; irakaspenen oinarria da eta haurraren nortasuna eratzen du. Horretarako, funtsezkoa da haurrak, hasiera-hasieratik, emozioak eta sentimenduak pixkanaka onartu, adierazi eta kontrola ditzan bultzatzea.
Kontuan izan behar da haurrak bere buruaren inguruan egiten duen irudia, hein handi batean, inguruan dituztenek erakusten dioten irudiaren barneratzea dela, bai eta haiengan jartzen duen konfiantzarena ere. Halaber, helduek haurraren ekimenak jasotzeko erabiltzen duten moduak erraztu edo oztopatu egingo du haren garapena.
Etapa honetako haurren garapenaren dimentsio guztiak jolasarekin loturik daude. Haurrek ekintza, objektuak erabiltzea eta ingurukoekin harremanak izatea behar dute, eta hori jolastuz egiten dute. Jolasaren bitartez, haurrak bere ulertzeko moduak antolatzen ditu, bere gaitasunak probatzen ditu, bere esperientzia berregin eta ulergarriago egiten du, bere emozioak menderatzen saiatzen da eta bere burua ezagutzeko bidean aurrera egiten du.
Haur-eskolan oso garrantzitsua da bizi-kalitate hobea izaten lagunduko duten ohiturak eta balioak sustatzea. Nork bere burua zaintzen ikasteak, pixkanaka, jarduteko jarraibide egokiak hartzea eskatzen du, elikadurari, segurtasunari eta higieneari dagokienez. Ohiturak hezi daitezke, eta funtsezkoa da ildo horretan esku hartzea haurrak hezkuntza-komunitatearekin ezartzen dituen lehenengo harremanetatik. Bizitzan aukera osasungarriak hartzen lagunduko dion ezagutza eraiki behar da.
HELBURUAK
«Norberaren ezaguera eta autonomia pertsonala» eremuak, etapan, haurrak honako gaitasun hauek eskura ditzan izango du xede:
1.- Haurrak ingurukoengandik bestelakoa dela ikustea eta nork bere buruaren irudi benetakoa eta positiboa eratzea, autoestimuko eta autonomia pertsonaleko sentimenduak gara ditzan.
2.- Gorputza kontrolatzen aurrera egitea, zentzumen-pertzepzioa garatzeko eta tonua, oreka eta mugimenduaren koordinazioa inguruko ezaugarrietara egokitzeko.
3.- Bere gorputza eta gorputzaren zenbait funtzio ezagutzea eta adieraztea, ekintzarako eta adierazpenerako dituen aukerak eta mugak aurki ditzan.
4.- Beharrak, sentimenduak, emozioak edo lehentasunak identifikatzea, horiek adierazteko, menderatzeko eta ingurukoei jakinarazteko gero eta gaitasun handiagoa izan dezan; eta besteenak identifikatzea eta errespetatzea, arian-arian.
5.- Ongizate emozionalari eta fisikoari loturiko ohiturak eta jarrerak barneratzen aurrera egitea, bere segurtasun pertsonala sendotzeko eta eguneroko egoerez gozatzeko.
6.- Eguneroko bizitzako arazoak konpontzeko ohiko jarduerak eta lan errazak gero eta modu autonomoagoan egitea, nork bere buruarekiko konfiantza eta ekimen-gaitasuna areagotzeko.
7.- Estrategiak garatzea, afektu, jolas, elikadura, mugimendu, azterketa, higiene, osasun eta segurtasuneko oinarrizko beharrak gero eta modu autonomoagoan bete ditzan; eta izandako lorpenekin pozik dagoela adieraztea.
8.- Errespetuzko, laguntzako eta elkarlanerako jarrerak eta ohiturak garatzea, bere jokabidea besteen beharretara eta eskakizunetara egokitzeko; eta mendetasun- edo nagusitasun-jarrerarik ez izatea.
9.- Eginkizun errazak gauzatzeko edo arazoak konpontzeko, norberaren ekintzaren plangintza egitea eta ekintza sekuentziatzea; frustrazio txikiak onartzea, aurkezten zaizkion zailtasunak gainditzera daraman jarrera adieraztea, eta besteengan beharrezko lankidetza bilatzea.
EDUKIAK
LEHENENGO ZIKLOA
1. BLOKEA:
NORTASUN PERTSONALA SORTZEA
- Norberaren gorputzaren eta besteen gorputzen zenbait ezaugarri aztertzea, gero eta hobeto ezagutzea eta haiek identifikatzea, oro har eta zatika.
- Gorputza eta kanpoko errealitatea aztertzean zentzumenak erabiltzea, eta hautematen diren sentsazioak eta pertzepzioak gero eta hobeto identifikatzea.
- Norberaren gorputzarekin esperimentatzea eta hura gero eta hobeto menderatzea: mugimendua, negarra, irribarrea, oihuak, tonua, adierazkortasuna eta keinuak. Ahotsari erreparatzea, eta erabiltzea.
- Norberaren gorputzaren irudia eta nortasuna gero eta hobeto eraikitzea eta onartzea.
- Sentimenduak, emozioak, lehentasunak eta norberaren eta besteen interesak adieraztea, identifikatzea eta arautzen hastea. Enpatia-jarrerak izaten hastea.
- Hurbileko helduen eta beste haur batzuen afektuzko sentimenduak ezagutzea eta onartzea.
- Inguruko pertsonekin harreman afektibo egokiak bilatzea eta ezartzea.
- Segurtasun afektiboa bermatzen duten estrategiak barneratzea (erreferentziazko helduaren begirada bilatzea, harreman afektiboa bilatzea...).
- Gizarte-harremanetako oinarrizko arauak ohiko jokabidean integratzea.
- Jolas-egoeretan eta eguneroko egoeretan norberaren gorputzak dituen mugimen-aukerak eta -mugak aztertzea.
- Gorputza gero eta hobeto koordinatzea eta kontrolatzea gorputz osoaren mugimendua eskatzen duten jardueretan.
- Tonua eta jarrera kontrolatzen eta, orobat, objektuaren, bestearen, ekintzaren, egoeraren eta espazioaren ezaugarrietara egokitzen hastea.
- Norberaren mugimen-aukeretan gero eta konfiantza handiagoa izatea. Ekimena izatea ekintzetan, eta jakin-mina trebetasun berriak ikasteko.
2. BLOKEA:
ONGIZATE PERTSONALA ETA EGUNEROKOTASUNA
- Ohiko eta eguneroko egoeretan oinarrizko beharrak adieraztea, haietaz jabetzea eta haiek arautzen hastea.
- Estimuluak jasotzeko (jarduerauneak) eta baztertzeko (atsedenuneak) gaitasuna garatzea.
- Norberaren erritmo biologikoak egunerokotasuneko sekuentzia sozializatuetara egokitzea, gutxika-gutxika.
- Jakitea eguneroko zein ekintza edo erritu datorren, denboran duten segidari erreparatuta.
- Norberaren jokabidea, ekimena eta autonomia pixkanaka arautzen hastea eguneroko egoeretan eta jolas-egoeretan.
- Helduen laguntzarekin, lankidetzan aritzea eta parte hartzeko interesa izatea eguneroko eginkizunak gauzatzen (higienea, arropa janztea eta eranztea, jostailuak biltzea, kontakizunak entzutea...).
- Jolas sinbolikoko jardueretan parte hartzea.
- Ongizate pertsonalari loturiko oinarrizko ohitura osasungarriak barneratzea.
- Norberaren gaitasunetan konfiantza izatea, laguntzarekin eginkizunak gauzatzeko eta eguneroko zailtasunak gainditzeko. Zenbait arrisku-egoerari antzematen eta horrelako egoerak saihesten hastea.
- Ondoezaz ohartzea eta ondoeza adieraztea, eta horrelako egoeretan, pixkanaka, helduen laguntza onartzea.
BIGARREN ZIKLOA
1. BLOKEA:
GORPUTZA ETA NORBERAREN IRUDIA
- Norberaren gorputza aztertzea eta ezagutzea. Gorputzaren ezaugarriak eta nolakotasunak identifikatzea, bai eta ingurukoekin alderatuz dituzten aldeak eta antzekotasunak ere.
- Norberaren ezaugarriak balioesten eta onartzen joatea, bai eta norberaren aukerak eta mugak ere. Norberaren gaitasunean eta aukeretan konfiantza izatea, eskuragarri dituen eginkizunak eta ekintzak gauzatzeko.
- Gorputzaren oinarrizko beharrak identifikatu, adierazi, arautu eta kontrolatzea. Behar horiek betetzeko norberaren gaitasunetan konfiantza izatea.
- Gorputza eta kanpoko errealitatea aztertzean zentzumenak erabiltzea, eta hautematen diren sentsazioak eta pertzepzioak identifikatzea.
- Gorputz-eskema gero eta errealagoa eta osoagoa egin eta adieraztea.
- Norberaren gorputzari lotuta, espazio-erreferentziak ezartzea.
- Norberaren aldaketa fisikoei hautematea, eta denboraren joatearekin duten loturari.
- Norberaren eta ingurukoen sentimenduak, emozioak, bizipenak, lehentasunak eta interesak identifikatu eta adieraztea. Norberaren sentimenduak eta emozioak pixkanaka kontrolatzen ikastea.
- Ingurukoen nortasuna eta ezaugarriak onartzea, aldeak errespetatzea eta jarrera diskriminatzailerik ez izatea.
2. BLOKEA:
JOLASA ETA MUGIMENDUA
- Jolas-egoeretan eta eguneroko egoeretan, norberaren gorputzak eta ingurukoenak dituzten mugimen-aukerak eta -mugak aztertzea eta aintzat hartzea.
- Oinarrizko mugimen-trebetasunak pixkanaka kontrolatzen ikastea (martxa, lasterketa, jauziak, jaurtiketak, oreka...). Trebetasun berriak ikasteko ekimena eta norberaren hobekuntzan aurrera egiteko nahia.
- Espazioaren, erritmoaren eta denboraren lehen nozioak eskuratzea errazten duten mugimenduak erabiltzea.
- Manipulazio-trebetasunak koordinatzea eta kontrolatzea, eta usu baliatzen diren tresnak modu eraginkorrean erabiltzea.
- Jolasaren bitartez ingurunea aztertzea: mugimen- eta zentzumen-jolasak, jolas sinbolikoak eta arauak dituztenak. Jolasa gozatzeko eta ingurukoekin harremana izateko bidetzat hartzea.
- Jolasen arauak ulertzea eta onartzea. Arauak beharrezkoak direla ohartzea eta arautzen parte hartzea.
- Tonua eta jarrera besteen, objektuaren, ekintzaren eta egoeraren ezaugarrietara egokitzea.
- Konfiantza izatea norberak ekintzarako dituen aukeretan; eta parte-hartzea eta ahalegina egitea, nola jolasetan hala ariketa fisikoa egitean.
3. BLOKEA:
JARDUERA ETA EGUNEROKOTASUNA
- Ekimena eta gero eta autonomia handiagoa izatea eguneroko bizitzako berezko jarduerak gauzatzen.
- Jarduera horiek gauzatzean, norberaren eta besteen aukerak eta mugak onartzea.
- Beste hezkuntza-behar batzuk dituzten ikaskideak errespetatzea eta haiei laguntza ematea.
- Ekintzaren plangintza sekuentziatua egitea eginkizunak gauzatzean, eta haien ondorioak egiaztatzea.
- Eginkizun bererako irtenbide bat baino gehiago bilatzeko interesa, eta ikaskideen proposamenak aintzat hartzea.
- Antolakuntzari, konstantziari, arretari, ekimenari eta ahaleginari loturiko ohiturak eta jarrerak garatzen hastea.
- Jarrera positiboa izatea helduekin eta parekoekin, afektuzko eta enpatiazko harremanak ezartzeko.
- Taldeko eginkizunetan, elkarri eragiten eta lankidetzan aritzeko aldeko jarrera izatea, eta ingurukoen zailtasunen aurrean sentikortasuna erakustea.
- Egunerokotasuna arautzen duten taldeko arauak eztabaidatzea, haien inguruko gogoeta egitea, aintzat hartzea eta errespetatzea.
- Ondo egindako lanari garrantzia ematea, akatsak aitortzea eta ekintzak hobetzeko zuzenketak onartzea.
4. BLOKEA:
NORBERAREN ZAINTZA ETA OSASUNA
- Osasunaren alde egiten duten eta norberaren eta ingurukoen ongizatea eragiten duten ekintzak eta egoerak identifikatzea eta aintzat hartzea.
- Ohitura osasungarriak gero eta modu autonomoagoan gauzatzea: gorputzaren higienea, elikadura eta atsedena. Jardute horri loturiko eremuak eta objektuak behar bezala erabiltzea.
- Laguntza behar duten egoeretan laguntza eskatzea eta onartzea. Besteen laguntzeko jarrerari garrantzia ematea.
- Eguneroko jarduerak egiten diren eremuak garbi eta txukun edukitzeko, elkarlanean aritzea eta horretan laguntzea.
- Eguneroko jarduerak -otorduak, atsedena, higienea eta lekualdaketak- arautzeko ezarritako jokabide-arauak onartzea eta balioestea. Arau horiek betetzeko gero eta ekimen handiagoa izatea.
- Osasunean zuzeneko eragina duten arrisku-faktoreei behar duten garrantzia ematea eta ohiko egoeretan prebentzio- eta segurtasun-jokabideak izatea.
- Gaixotasun-egoeretan eta istripu txikiak gertatzen direnean lasai egon eta laguntzea.
- Osasunerako, norberaren eta besteen ongizaterako egokiak eta desegokiak diren jokabide eta jardute sozialak identifikatzea, hitzez adieraztea eta modu kritikoan balioestea.
EBALUAZIO IRIZPIDEAK
Haur Hezkuntzako etaparako ebaluazio-irizpideak, oro har, behatu eta neur daitezkeen jokabideei buruzko adierazleetan zehazten dira.
1.- Norberaren gorputz-eskemaren gero eta ezagutza doituagoa erakustea, eta norberaren sentsazioez eta pertzepzioez jabetzea.
- Ea gero eta gaitasun handiagoa duen bere gorputzeko eta besteeneko atalak ezagutzeko, izendatzeko eta kokatzeko.
- Ea pertsonen arteko aldeak eta antzekotasunak identifikatzen eta deskribatzen dituen, gorputzaren zenbait ezaugarri eta nolakotasun oinarritzat hartuta.
- Ea giza irudia adierazten dakien, haren zenbait ezaugarri fisiko oinarritzat hartuta.
- Ea identifikatzen dituen ezaugarri fisiko bakoitzari loturiko zentzumenak eta sentsazioak.
- Ea ezagutzen eta jakinarazten dituen minaren, gosearen, loguraren eta tenperaturaren sentsazioak.
- Ea loturarik ezartzen duen zentzumenen eta haien xedearen artean.
2.- Mugimen- eta manipulazio-trebetasunak hobetu dituela erakustea, bere gaitasunetan konfiantza izanda.
- Ea bere gorputza gero eta hobeto kontrolatzen duen, bai mugimenduan (lekualdaketak, martxa, lasterketa, jauziak...) bai eta atsedenean ere (oreka, jarreraren kontrola...).
- Ea beste trebetasun batzuk ere eskuratzen ari den, pixkanaka-pixkanaka.
- Ea ekintza berriak hasteko ekimenik baduen, eta lortutiko aurrerapenekin gozatzen duen.
- Eguneroko jarduerak gauzatzean, ea tresnak eta lanabesak koordinazio eta kontrol egokiarekin erabiltzen eta maneiatzen dituen.
3.- Jolasetan parte hartzea, sentimenduak eta emozioak gero eta hobeto erregulatuz.
- Ea jolasetan modu aktiboan parte hartzen duen.
- Ea jolas erraz batzuk zuzentzen dituzten arauak onartzen eta betetzen dituen.
- Ea laguntzazko eta elkarlanerako jarrerarik baduen.
- Ea norberaren sentimenduak eta emozioak identifikatzen dituen eta gero eta hobeto bereizten dituen.
- Ea laguntzarik eskatzen duen beharrak edo nahiak betetzeko, eta ea hitzik gabeko baliabideak erabiltzen dituen, behar duenean, ingurukoek uler diezaioten.
- Era bateko edo besteko hizkuntzak erabiliz, ea adierazten dituen sentsazioak, emozioak eta bizipenak.
- Ea gero eta hobeto lotzen dituen gogo-aldarteak eta horien arrazoiak eta ondorioak.
- Ea sentibera den ingurukoen gogo-aldarte, interes eta lehentasunekiko.
- Ea gero eta estrategia egokiagoak erabiltzen dituen frustrazio-egoerak bideratzeko.
- Ea gero eta hobeto saihesten dituen mendekotasun- edota nagusitasun-jarrerak.
4.- Aurrera egitea oinarrizko beharrak modu autonomoan betetzen, eta norberaren buruaren ongizatearekiko eta zaintzarekiko interesa eta ekimena erakustea.
- Ea oinarrizko beharrak (besteak beste, gosea, egarria edo nekea) zein diren badakien eta helduei adierazten dizkien.
- Ea gero eta autonomia handiagoa duen osasunari eta ongizateari loturiko ohituretan: elikadura, higienea, atsedena...
- Ea parte hartzen duen ingurunea garbi eta gustuko edukitzeko jardueretan.
- Ea arrisku-egoerak zein diren badakien eta saihesten dituen.
5.- Gero eta autonomia handiagoz, egunerokotasunari loturiko arazo errazak ebaztea.
- Eguneroko jardueretan, ea eremuak, materiala eta tresnak behar bezala eta gero eta autonomia handiagoz erabiltzen dituen.
- Helduen laguntzarekin, ea jarduera errazen sekuentzien plangintza egiten duen, agertzen zaizkion arazo txikiei erantzuna emateko.
- Ea laguntzen duen taldeko jardueretan.
INGURUNEAREN EZAGUERA
SARRERA
Esperientzia-eremu hau ingurune naturala, fisikoa eta soziala osatzen duten testuinguruen gaineko ezaguera gero eta doituagoa eraikitzeari dagokio. Ezaguera horrek berekin dakar errealitatearen adierazpen zehatza egitea, ingurunearen zati garen sentimendua garatzea eta ingurunea osatzen duten elementuak errespetatzea, eta haiekiko interesa izatea eta behar bezala balioestea.
Haurraren inguruan dauden eta segurtasun afektiboa ematen dioten helduekiko lotura positiboak ezartzeak lagundu egingo dio haurrari, hark errealitateak nola funtzionatzen duen jakiteko eta ulertzeko jakin-mina erakuts dezan, eta hartara jo dezan. Ingurune fisikoarekiko harremanetan, ingurune fisikoa eratzen duten elementuak aztertzen, behatzen, ikuskatzen, ikertzen eta identifikatzen ditu; haien artean loturak ezartzen ditu; antzekotasunak eta aldeak aurkitzen ditu; bere ekintzek inguruneko elementuetan dituzten eraginak ordenatzen, sailkatzen eta kuantifikatzen ditu eta aurrea hartzen die; eta manipulaziotik adierazpenera eta berbalizaziora eboluzionatzen du.
Eremu honi dagozkion edukiek honako gai hauek hartzen dituzte, nagusiki: hurbileko ingurune naturalak eta sozialak, haietako elementu fisikoak eta haien arteko harremanak, bai eta haietan gertatzen diren antolaketak, eginkizunak eta gizarte-harremanak ere. Halaber, haurrei gizarteko komunikabideen bidez edota bidaien eta antzekoen bitartez iristen zaizkien urrutiko inguruneak ere eremu honi dagozkio; urrutiko ingurune horiek haurren arreta erakartzen baitute, eta horiek ezagutzeko interesa sorrarazten die.
Proposamen honen oinarrian haur-eskolen honako kontzeptu hau dago: ingurunera irekia, haurrek eskolaz kanpo bizi dituzten esperientzien ezaguera hartzen duena, inguruan gertatzen den guztiarekiko sentikorra, kanpoko errealitatea eskolan sartzeko aukera ematen duena eta eskolari inguruan duen errealitate sozialean eta naturalean bere ekarpenekin eragiteko aukera ematen diona.
Ingurune naturala eta ingurune hori eratzen duten izakiak eta elementuak dira haurren jakin-min eta interes nagusia. Naturako elementuei loturik dituzten bizipenek eta haien gaineko gogoeta gidatuak hainbat fenomeno, eta haien agerraldiak eta ondorioak aztertzera eramango dituzte haurrak, helduen laguntza eta babesarekin. Halaber, izaki bizidunak, haien artean ezartzen diren harremanak, haien ezaugarriak eta haien zenbait funtzio ezagutzera eramango dituzte, pixkanaka.
Ingurune soziokultural hurbilena estimulu-iturri da adin horretan; estimulu horiek haurren arreta berenganatzen dute, eta interes nagusi bihurtzen dira laster. Etapan zehar, haurrek familiako eta eskolako kide direla ikusiko dute; azken batean, hazten ari diren ingurune sozialeko kide direla ohartuko dira.
Eskola-bizitzak berekin dakar gero eta esperientzia zabalagoak izatea. Esperientzia horiek pertsonak eta pertsonen arteko harremanak ezagutzeko aukera emango die, loturak sortuko dituzte eta zenbait jarrera garatuko dituzte, hala nola konfiantzazkoak, enpatiazkoak eta atxikimenduzkoak. Jarrera horiek haurren sozializazioaren oinarria izango dira. Gizarte-harremanak lankidetzakoak izaten dira maiz, baina gatazkatsuak ere bai, alditan. Hala ere, esku-hartze egokiaren laguntzarekin, beti egingo dute gizarte-ikaskuntzaren, pertsonen arteko garapenaren eta bizikidetzaren alde.
Kultura-aniztasunak haurrak gizarte-ohituretara eta -usadioetara hurbiltzea gomendatzen du, bai eta beren inguruko kultura-eremuetara hurbiltzea ere. Eta, hori guztia, gizartean dauden askotariko modu eta adierazpen kulturalak ezagutzeko aukera emango dien ikuspegi ireki eta integratzailetik. Horrela, haiekiko errespetua izango dute eta estimatu egingo dituzte.
HELBURUAK
«Ingurunearen ezaguera» eremuak, etapan, haurrek honako gaitasun hauek eskura ditzaten izango du xede:
1.- Ingurune fisikoa, naturala eta soziala modu aktiboan aztertzea eta esploratzea, eta ingurune horiek ezagutzeko interesa erakustea, ingurune horietako kide diren sentipena garatzeko eta haietara nolabaiteko segurtasunez eta autonomiaz moldatzeko.
2.- Portaera sozialeko oinarrizko arauak arian-arian barneratzea, eta beren jokabidea arau horietara egokitzea, gero eta modu orekatuagoan eta hobean.
3.- Beren esperientziaren hurbileko hainbat gizarte-talde, haien zenbait ezaugarri, ekoizpen kultural, balio eta bizimodu identifikatzea eta haiek ezagutzera hurbiltzea, konfiantza-, errespetu- eta estimazio-jarrerak sortze aldera.
4.- Ingurune fisikoa ikertzea eta bertako zenbait elementuren ezaugarriak identifikatzea, haietan jarduteko eta haietan eraldaketak sortzeko gaitasuna garatze aldera.
5.- Elementuen eta bildumen tasunak identifikatzea eta taldekatze-, sailkatze-, ordenatze- eta kuantifikatze-harremanak ezartzea, pentsamendu logiko-matematikoa garatzeko eta horren adierazpideak ikasten hasteko.
6.- Naturako animaliak, landareak, elementuak eta fenomenoak aztertzea eta ezagutzea, eta haiei buruzko saiakuntzak egitea eta hitz egitea, ingurune naturalaren gaineko interesa erakusteko eta jakin-mina eta errespetua garatzeko.
Ingurune naturaleko oinarrizko osagaiak eta haien zenbait harreman, aldaketa eta eraldaketa ezagutzea eta aintzat hartzea, haiek babesteko zaintza, errespetua eta erantzukizuna garatzeko.
7.- Inguruko jai, tradizio eta ohituren berri izatea eta haietan parte hartzea, haietaz gozatzeko eta aintzat hartzeko, nortasun-ezaugarri baitira.
EDUKIAK
LEHENENGO ZIKLOA
1. BLOKEA:
INGURUNE FISIKO ETA NATURALAREKIKO INTERAKZIOA
- Zenbait eremu eta haietan dauden objektuak ekintzen bidez aztertzea eta esploratzea (laztandu, jo, bildu, herrestatu, kiribildu, ireki, putz egin...). Eremu eta objektu horiek aurkitzeak sortzen dituen sentsazio, ezaugarri eta baliagarritasunei buruz hitz egitea.
- Jolasa baliabide modura erabiltzea, ingurune fisikoa aztertzeko. Ingurunearen gaineko ekintzaren bidez, esanahiak eta ezagutza eraikitzea.
- Naturako elementuak eta zenbait fenomeno natural aztertzeko interesa izatea. Haien zenbait ezaugarri identifikatzea.
- Animaliekiko eta landareekiko jakin-mina eta errespetua izatea eta haiek zaintzea; giza ekintzek animaliengan eta landareetan dituzten zenbait eragin aurreratzea.
Aire zabalean eta naturan jarduerak egiteko interesa, eta ingurunea babesteko eta zaintzeko jarrerak garatzea.
- Hainbat elementu eta materia aztertzea (ura, hondarra...) eta haien zenbait berezitasun eta ezaugarri ikustea.
Objektuak ezaugarri jakin batzuen arabera sailkatzea eta ordenatzea. Taldekatze-irizpidea hitzez adieraztea.
- Elementuak eta bildumak elkarrekin lotzea eta zenbakizkoa ez den zenbaketa (asko, gutxi, zenbait...) eta zenbakizkoa erabiltzen hastea.
- Ohiko eremuetan orientatzea eta, norberaren edo objektuen kokalekua azaltzeko, zenbait espazio-nozio hitzez adieraztea.
- Eguneroko jarduerek denboran duten segidaz jabetzea eta jardueren iraupena intuizioz kalkulatzen hastea.
2. BLOKEA:
BIZITZA INGURUKOEKIN
- Kide diren lehenengo gizarte-taldeak (familia eta eskola) identifikatzea eta bereiztea.
- Helduekin eta eskola-inguruneko ikaskideekin lotura afektiboak ezartzea.
- Gizarte-ingurunea aztertzea eta haren ezaugarriak, jokabideak eta funtzioak identifikatzea.
- Gizarte-harremanetako oinarrizko arauak barneratzea (txandari itxarotea, ez hartzea berarentzat bakarrik heldua eta eremuak eta materiala...). Zenbait arau onartzea eta norberaren ohiko jokabidean txertatzea.
- Pixkanaka, erantzukizun txikiak bere gain hartzea. Konfiantzaz eta segurtasunez jarduteko, beharrezko laguntza bilatzea eta onartzea.
- Jolas sinbolikoko jardueretan parte hartzea eta zenbait rol jokatzea, bere gizarte-ingurunea ulertzen hasteko.
- Jolasetan parte hartzea eta ekimena izatea.
- Gizarte-inguruneko kultura-adierazpenekiko jakin-mina eta errespetua izatea eta haietan parte hartzea.
BIGARREN ZIKLOA
1. BLOKEA:
INGURUNE FISIKOA: ELEMENTUAK, HARREMANAK ETA NEURRIA
- Ingurunean dauden objektuak eta materiak, haien funtzioak eta eguneroko erabilerak aztertzea. Norberaren eta besteen objektuak errespetatzea eta zaintzea.
- Objektuen eta materiaren zenbait berezitasun bereiztea: kolorea, itxura, funtzioa... Objektuen arteko antzekotasunak eta aldeak hautematea.
- Elementuak sailkatzea. Multzo batekoa izatea eta ez izatea.
- Ezaugarriak (tamaina, kopurua...) eta ezaugarrien mailak (gutxi, asko, txikia, ertaina, handia...) identifikatzea.
- Elementuak mailaz maila ordenatzea. Lehenengo zenbaki ordinalak testuinguruan erabiltzea.
- Bildumak zenbakiak erabili gabe zenbatzea (asko, gutxi...).
- Objektuen bildumak kuantitatiboki alderatzea.
- Berdintasunak eta desberdintasunak egitea (beste, baino gehiago, baino gutxiago...).
- Bilduma bat osatzen duten elementuen kalkulu zehatza egitea. Maneiagarri diren kopuruen zenbaki kardinalak erabiltzea. Kontatzeko zenbaki-segida ahoz erabiltzea.
- Eguneroko bizitzan zenbakiek duten balio funtzionala eta zenbakien baliagarritasuna aztertzea eta horretaz jabetzea.
- Eragiketa errazak egitea eskatzen duten problemak ebaztea (kendu, gehitu, banatu...).
- Neurtzea eskatzen duten egoerak identifikatzea.
- Hastapen gisa, ohikoak eta ez-ohikoak diren zenbait neurri eta neurtzeko tresna ezagutzea eta erabiltzea.
- Zenbait eginkizunek eta ziklok duten iraupena kalkulatzea denbora-unitatetan (eguna, astea, urtaroak, urteak...), eta eguneroko jarduerak denboran kokatzea (eguna, gaua, goiza, arratsaldea, astea, jaieguna...).
- Norberak eta objektuek espazioan duten kokalekua. Posizio erlatiboak.
- Irudi lauak eta hiru dimentsiokoak identifikatzea inguruneko elementuetan. Oinarrizko zenbait gorputz geometriko aztertzea.
- Oinarrizko nozio topologikoez jabetzea (irekita, itxita, barruan, kanpoan, hurbil, urrun, barnekoa, kanpokoa...) eta lekualdatze ondo orientatuak egitea.
2. BLOKEA:
NATURA EZAGUTZEN HASTEA
- Naturan dauden izaki bizidunak eta beste elementu batzuk identifikatzea: eguzkia, harriak, hodeiak, ibaiak...
- Animaliak eta landareak aztertzea, bereiztea eta ezaugarri fisiko eta/edo funtzional jakin batzuen arabera sailkatzea.
- Izaki bizidunetan zenbait jokabide, funtzio, ezaugarri eta aldaketa identifikatzea. Bizi-zikloa, jaiotzatik heriotzarakoa, ezagutzen hastea. Izaki bizidunei buruzko usteak adieraztea.
- Naturarekiko eta izaki bizidunekiko jakin-mina, interesa eta errespetua izatea. Pertsonok natura eta izaki bizidunak zaintzeko dugun erantzukizunaz jabetzea, eta jarrera kritikoa izatea ingurunea kaltetzen duten ekintzekiko.
- Ingurune naturaleko fenomenoak aztertzea (egunaren eta gauaren txandakatzea, euria...) eta gizakion bizitzan duten eraginaz jabetzea.
- Hurbileko ingurune naturala aztertzea eta haren zenbait ezaugarri identifikatzea: paisaia, izaki bizidunak, fenomeno atmosferiko ohikoenak...
- Naturarekin harremanean dauden jarduerak egiteko interesa izatea. Horrek osasunerako eta ongizaterako duen garrantziaz jabetzea.
3. BLOKEA:
KULTURA ETA BIZITZA GIZARTEAN
- Kide garen lehenengo gizarte-taldeak identifikatzea: familia eta eskola. Era askotariko familia-ereduak, senidetasun-harremanak, familiako kideak...
- Talde horietan ezartzen diren harreman afektiboek duten garrantziaz jabetzea.
- Komunitatearen berezko zenbait beharrez, egitekoz eta zerbitzuz jabetzea eta horiek aztertzea.
- Etxean eta eskolan, eguneroko eginkizunetan parte hartzeko eta laguntzeko interesa izatea.
- Portaerazko jarraibide egokiak eta bizikidetzako oinarrizko arauak arian-arian eta modu aktiboan barneratzea. Gatazkak elkarrizketaren bitartez konpontzeko bidean, parte-hartze gero eta handiagoa izatea.
- Mutikoen eta neskatilen artean harreman orekatuak ezartzea. Zenbait estereotipo eta aurreiritzi sexista identifikatu eta gaitzestea.
- Norberaren kultura-nortasuneko eta inguruko kultura-nortasuneko zenbait nortasun-ezaugarri (hizkuntzak, ohiturak, tradizioak) ezagutu eta aintzat hartzea.
- Inguruan dauden gizarte- eta kultura-jardueretan parte hartzea, haiekiko interesa izatea eta daukaten garrantzia ematea.
- Denboraren joanean bizimoduan eta ohituretan gertatu diren zenbait aldaketa identifikatzea.
- Kultura desberdineko jendearekin errespetuzko, afektuzko eta elkarrenganako harremanak ezartzeko interesa eta aldeko jarrera izatea.
EBALUAZIO IRIZPIDEAK
- Haur Hezkuntzako etaparako ebaluazio-irizpideak, oro har, behatu eta neur daitezkeen jokabideei buruzko adierazleetan zehazten dira.
1.- Ingurunea ezagutzeko jakin-mina erakustea, bertako elementuen behaketaren, manipulazioaren eta miaketaren bitartez.
- Ea identifikatzen eta bereizten dituen ingurunean dauden objektu fisikoen zenbait ezaugarri eta berezitasun.
- Ea loturarik ezartzen duen objektuen ezaugarrien (itxura, kolorea, tamaina, pisua...) eta haien jokabide fisikoaren (erori, piritan joan, ur gainean egon, irristatu...) artean.
- Ea neurtzen dituen eremuak eta objektuak, konbentziozkoak ez diren baliabideak (arra beteak, oinak...) eta konbentziozkoak erabiliz.
- Ea elementu edo material jakin batzuen jokabideari buruzko hipotesiak egin eta egiaztatzen dituen (ur gainean geratuko da, hondoratu egingo da...).
- Ea inguruan dauden elementuekin sailkapenak eta serieak egiten dituen eta erabilitako irizpidea hitzez adierazten duen.
- Ea erabiltzen duen materia jarraituei dagokien zenbatzailerik (asko, nahiko...).
- Ea erabiltzen duen zenbaki-segida elementuak zenbatzeko.
- Ea erabiltzen duen zenbatespena zenbatzeko baliabide gisa.
- Ea modu funtzionalean erabiltzen duen zenbaki-segidari dagokion grafia.
- Ea jolasetan eta egunerokotasuneko egoeretan zenbaki kardinalak eta ordinalak funtzionalki erabiltzen dituen.
2.- Normalean ibiltzen den eremuetan orientatzea eta kokatzea, oinarrizko espazio-nozioak behar bezala erabiliz.
- Ohiko eremuetan, ea, nolabaiteko autonomiarekin, ibilbiderik eta jarduerarik egiten duen.
- Ea erabiltzen dituen espazio-nozioak bere burua eta objektuak kokatzeko.
3.- Eguneroko jarduerek eta gizarteko gertakizun garrantzitsuek denboran duten segida identifikatzea eta aurrez adieraztea, eta, horretarako, oinarrizko denbora-nozioak behar bezala erabiltzea.
- Ea aurrez adierazten dituen eskola-jarduera antolatzen duten ohiturak.
- Ea erabiltzen dituen oinarrizko denbora-nozioak bere jarduera antolatzeko eta gertakarien segida aipatzeko.
- Ea erabiltzen duen egutegia denbora adierazteko eta neurtzeko tresna gisa.
4.- Ingurune naturala ezagutzeko jakin-mina adieraztea, eta ingurune naturaleko elementuen arteko elkarmendekotasun-harremanak ezartzen hastea.
- Ea identifikatzen dituen ingurune hurbileko eta urruneko berezko zenbait animalia eta landare, bai eta haien ezaugarri batzuk ere.
- Ea identifikatzen dituen ohiko fenomeno naturalak eta atmosferikoak, eta ea harremanik ezartzen duen fenomeno horien eta pertsonen bizitzaren artean.
- Ea identifikatzen eta bereizten dituen izaki bizidunen berezko eginkizun eta jokabide batzuk.
- Ea identifikatzen dituen izaki bizidunek beren bizi-zikloan izaten dituzten zenbait aldaketa.
- Ea dakien izaki bizidunei oinarrizko beharrak ukatzeak (argia, ura, elikagaiak...) haiengan zer ondorio dituen.
- Ea parte hartzen duen eskolan animalia edo landareren bat zaintzen.
- Ea hitzez adierazten duen ingurumena errespetatzea eta zaintzea beharrezkoa dela adierazten duten arrazoi batzuk.
5.- Gizarte-ingurunea ezagutzeko jakin-mina erakustea, eta, horretarako, erreferentziazko gizarte-taldeetan modu aktiboan parte hartzea.
- Ea identifikatzen dituen kide deneko gizarte-taldeen ezaugarriak.
- Ea kortesia-arauetariko batzuk errespetatuz parte hartzen duen gizarte-harremanetan (agurtu, hizketan ari denari begiratu, txandari itxaron...).
- Ea onartzen duen bizikidetzako zenbait arau ezartzea beharrezkoa dela.
- Ea ingurukoengan emoziorik eta sentimendurik identifikatzen duen, eta bere bizipenekin lotzen dituen.
- Ea parte hartzen duen era bateko eta besteko kultura-tradizioko jardueretan, eta ea identifikatzen dituen jarduera horien bereizgarri diren zenbait ezaugarri.
- Ea identifikatzen dituen inguruan berezkoak diren zenbait adierazpen kultural.
HIZKUNTZAK: KOMUNIKAZIOA ETA ADIERAZPENA
SARRERA
Eremu honek banakoaren eta ingurunearen arteko harremanak zabaltzen laguntzea du xede. Hizkuntzak barneko munduaren eta kanpokoaren arteko lotura dira, tresna egokia baitira errealitatea adierazteko, norberaren jokabidea arautzeko, harremanetarako, eta pentsamenduak, sentimenduak, bizipenak eta abar adierazteko.
Haurrek eremu honetan bildutako edukietan aurrera egin ahala, komunikatzeko eta adierazteko dituzten tresnak hobetuko dituzte. Horrek norberaren, gizarte-ingurunearen eta ingurune fisikoaren ezagutzan aurrera egitea dakar.
Haur Hezkuntzako etapan hasten, zabaltzen eta dibertsifikatzen dira haurrek jaiotzen direnetik izan eta lantzen dituzten bizipenak eta komunikatzeko eta adierazteko moduak. Lehendabizi, gorputzaren eta keinuen bidezko komunikazio modua erabiltzen dute, harreman- eta orientazio-behar oinarrizkoak asetzeko, eta hortik hizkuntza guztiak garatzera pasatzen dira, ahozko hizkuntza bereziki, helduekiko harremanei esker.
Etapak aurrera egin ahala, haurrak inguruarekin duen harremana aberastu eta sakondu egiten da, beste adierazpen-bide batzuk ezagutzen ditu eta parekoen taldearekin eta helduekin komunikaziozko harremanak sendotzen ditu. Komunikazioetan gero eta eduki landuagoak sartzen dira eta adierazpen konplexuagoak egiteko aukera emango dioten kontzeptuak, trebetasunak eta jarrerak barneratuko ditu.
Komunikazio-trebetasunak ikasteko, mezuak jasotzeari eta interpretatzeari loturiko gaitasunak indartu behar dira, bai eta mezuak igortzea edo ekoiztea helburu dutenei loturikoak sendotu ere. Horrela, mundua hobeto ulertzen eta modu originalean, irudizkoan, sortzailean eta funtzionalean adierazten laguntzen du.
Hauek dira eremu honetan biltzen diren hizkuntzak: hitzezkoa, artistikoa, gorputz-hizkuntzarena, ikus-entzunezkoa eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiena. Askotariko adierazpen modu horiek garatzean, esanahiak negoziatzearen bitartez, haurrek aurrera egin, eta gizarteko arauen kodeak modu esanguratsuan eta funtzionalean eskuratuko dituzte.
Haur Eskolak komunikazio-eremua izan behar du, haurrei esanahietan aberatsa, argia eta ondo egituratua den hizkuntza-eremua eskainiko dien topalekua. Baina, batez ere, elkarrizketa egiteko aukera asko eskaini beharko dizkie; hezitzaileekin zein parekoekin elkarrizketan jarduteko aukera asko, hipotesiak probatu eta beren burua zuzendu dezaten. Haurren ekoizpenetan sor daitezkeen akatsak hizkuntza eraikitzeko prozesu aktiboaren seinaletzat hartu behar dira.
Idazketa haurraren inguru hurbileko beste elementu bat da. Haurraren arreta erakartzen du eta, helduek egiten duten bezala, idazketarekin interakzioan jarduteko nahia pizten du haiengan. Ikasgelan irakurketa eta idazketa modu funtzionalean eta esanguratsuan erabiltzeak, hezkuntzako esku-hartze egokiarekin, aukera emango die testu idatzien zenbait bereizgarri ezagutzen hasteko, bai eta testu idatzien ohiko ezaugarriak ezagutzen hasteko ere. Ezagutza hori Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan osatu behar da.
Plastika-hizkuntzaren bitartez, haurrek errealitatea aztertzen dute, errealitatearen inguruan duten ezaguera islatzen dute, beren burua adierazten dute, eta pizgarria da trebetasun eta gaitasun berriak eskuratzeko, bai eta sentikortasun estetikoa eta sormena pizteko ere.
Musika-hizkuntzak pertzepzioari, erritmoari, kantuari, soinudun objektuak eta instrumentuak erabiltzeari, gorputz-mugimenduari eta sorkuntzari loturiko gaitasunak garatzeko aukera ematen du. Hori, besteak beste, arretaz entzutetik, aztertzetik, manipulaziotik eta soinuekin eta musikarekin jolastetik sortzen da.
Gorputz-hizkuntzak adierazpenezko dimentsioan sartzeko aukera ematen du, jarrerek, keinuek, harreman tonikoak, begiradek eta antzekoek osatutako adierazpidean, hain zuzen. Halaber, haurraren bizipen emozionalak kanporatzen ditu, eta haurra gero eta hobeto egokitzen da inguruarekiko harremanean bizitako egoeretara. Objektuekin egiten duen jolas horren bitartez, eta niaren eta munduaren arteko etengabeko dialektikan, bere gorputzaz jabetzen hasten da haurra, errealitatearekin harremanetan jartzeko bitartekoa baita hura, eta bere jarduera gero eta zehatzago erregulatzea lortzen du.
Haurren bizitzan dauden ikus-entzunezko hizkuntzak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietako hizkuntzak hezkuntzazko trataera berezia eskatzen dute, haurrak haiek egoki eta dagokien garrantziaz erabiltzeko. Hezkuntzazko trataera horren bidez, haurrak ikus-entzunezko mezuak interpretatzen eta ulertzen has daitezen eta modu egokituan eta sormenez erabil ditzaten lortu nahi da.
Hizkuntza horien guztien bidez eginiko komunikazioa kultura aberasteko tresna da. Komunikazio horren bitartez heltzen dira haurrengana inguruko berezko tradizioak, edukiak eta adierazpen moduak, bai eta urrutitik datozen hainbat eta hainbat kultura-adierazpen ere.
HELBURUAK
- «Hizkuntzak: komunikazioa eta adierazpena» eremuak, etapan, haurrek honako gaitasun hauek eskura ditzaten izango du xede:
1.- Hizkuntza horiez guztiez jabetzea pixkanaka, beharrak, lehentasunak, sentimenduak, esperientziak eta errealitatearen errepresentazioak adierazteko.
2.- Gorputz-, plastika-, musika- eta teknologia-hizkuntzekin saiakuntzak egitea, haiekiko interesa erakustea eta erabiltzea, hartara, bai egoerak, bizipenak, beharrak eta inguruko elementuak adierazteko, bai eragin estetikoak eragiteko eta gozatzeko ere.
3.- Hizkuntza, ideiak eta sentimenduak adierazteko asmoz, komunikatzeko, irudikatzeko, ikasteko eta gozatzeko tresna gisa erabiltzea.
4.- Arian-arian, ahozko hizkera norberaren jokabidea eta bizikidetza arautzeko erabiltzea, eta horretarako garrantzitsua dela ohartzea.
5.- Beste haurren eta pertsona helduen mezuak ulertzea era askotariko hizkuntza-testuinguruetan; eta harreman horiek zuzentzen dituzten arauak ezagutzea, komunikazio-asmoak egoki interpretatzeko.
6.- Komunikazioaren aldeko jarrera erakustea, bai hizkuntza ofizialetan, bai atzerriko hizkuntzetan komunikatzean, bestelako errealitate eta kultura batzuk ere ezagutzeko.
7.- Kultura-tradizio desberdineko zenbait literatura-testu ulertzea, ozen irakurtzea, kontatzea eta berregitea, haiekiko interesa izan, balioetsi eta haiez gozatzeko.
8.- Plastikako, ikus-entzunezko, teknologiako, antzerkiko, musikako eta gorputzaren inguruko ekoizpenetan modu sortzailean parte hartzea hainbat teknika erabiliz, komunikazio-aukerak zabaltzeko eta kultura-egitatea ulertzen hasteko.
9.- Hizkuntza idatziaren gizarteko erabilerak ezagutzen hastea, hizkuntza idatziaren funtzionamendua aztertzeko, eta komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko tresna gisa balioesteko.
10.- Komunikatzeko asmoa helburu, atzerriko hizkuntza bat ahoz erabiltzen hastea komunikatzeko asmoarekin, ikasgelako ohiko egoeretan parte hartzeko.
11.- Teknologiako tresnak erabiltzen hastea eta tresna horiek komunikatzeko duten gaitasuna aintzat hartzea, arian-arian informazio- eta ikaskuntza-iturri gisa erabiltzeko.
EDUKIAK
LEHENENGO ZIKLOA
1. BLOKEA.
HITZEZKO KOMUNIKAZIOA
Ohiko komunikazio-egoeretan, ahozko hizkuntzaren ulermena eta adierazpena pixkanaka garatzea, bide gisa honetarako: errealitateaz jarduteko, beharrak eta sentimenduak adierazteko, esperientziak gogorarazteko eta norberaren eta besteen jokabidea arautzeko.
Norberaren eta besteen komunikazio-asmoetara gero eta gehiago egokitzea.
Hizkuntzaz kanpoko zeinuak ezagutzea eta, pixkanaka, haiek erabiltzea (intonazioa, keinuak, aurpegi-adierazpena), komunikazioaren esanahia sendotzeko.
Ahozko adierazpenarekiko eta norberaren hizkuntza-ekoizpenak hobetzeko interesa eta ekimena (lexikoa, perpausak, komunztadura...).
Komunikazio-trukea zuzentzen duten oinarrizko arauak erabiltzen hastea (hizketan ari denari begiratzea, txandari itxarotea, arretaz entzutea...).
Era bateko edo besteko euskarritan idatzitako testuak erabiltzeko interesa eta ekimena (ipuinak, aldizkariak, liburuak, horma-irudiak, egunkariak...).
Irudiak interpretatzea eta adierazpen grafikoko moduak bereizten hastea (marrazkiak, zenbakiak, idatzizko hizkuntza...).
Hainbat testu mota (ipuinak, olerkiak, abestiak, errimak, aho-korapiloak, asmakizunak, deskribapenak...) arretaz entzuteko eta gogora ekartzeko interesa izatea.
Kultura-tradizioko testu errazak ezagutzea eta gogora ekartzea.
2. BLOKEA.
KOMUNIKATZEKO BESTE MODU BATZUK: PLASTIKAKOA, MUSIKAKOA ETA GORPUTZAREN BIDEZKOA.
Zentzumenak aztertzea eta plastikako ekoizpenetarako berariazkoak zein berariazkoak ez diren materialak eta tresnak erabiltzea. Material eta tresna horien ezaugarri batzuk aurkitzea.
Plastika-adierazpenarekiko interesa eta norberaren eta besteen ekoizpenekiko errespetua.
Oinarrizko trebetasunak eta teknikak erabiltzen hastea. Manipulazio-trebetasun finak koordinatzen eta kontrolatzen hastea. Materiala eta tokiak zaintzen parte hartzea.
Norberaren gorputzak dituen adierazteko eta komunikatzeko aukerez jabetzea eta haiekin saiakuntzak egitea.
Ahotsaren, norberaren gorputzaren, eguneroko objektuen eta musika-tresnen soinu-aukerak aztertzea.
Zenbait soinu eta kontraste entzumenaren bitartez bereizten hastea: zarata/isiltasuna, luzea/motza, gogorra/leuna...
Dramatizazio-, imitazio- eta dantza-jardueretan eta gorputz-adierazpeneko bestelako jolas batzuetan parte hartzeko interesa.
Taldeko proiektuak egiten parte hartzea eta inguruan dauden era bateko eta besteko ekoizpen artistikoekiko interesa.
BIGARREN ZIKLOA
1. BLOKEA:
HITZEZKO HIZKUNTZA.
ENTZUTEA, HITZ EGITEA ETA BERBETAN ARITZEA.
Ahozko testu errazak ulertzea: deskribapenak, kontakizunak, ipuinak, abestiak, errimak, atsotitzak, asmakizunak...
Eguneroko egoeretako helduen eta beste haur batzuen komunikazio-asmoak ulertzea.
Eguneroko testuinguruetan, informazioari, beharrei, emozioei eta nahiei dagozkien ahozko mezuak ekoiztea.
Ahozko testuak ekoiztean, gero eta egokiago erabiltzea lexikoa eta sintaxi-egiturak, intonazioa eta ahoskera.
Eguneroko bizitzako gertakariak, kontuak eta gorabeherak, denborari dagokionez, modu ordenatuan gogoratzea eta kontatzea.
Hizkuntzaz kanpoko zeinuak (keinuak, tonua...) erabiltzea, igortzen diren mezuen esanahia indartzeko.
Ohiko komunikazio-egoeretan parte hartzea eta modu aktiboan entzutea.
Hizketaldiak eta elkarrizketak hasteko eta haiei eusteko estrategia egokiak erabiltzea (apelazioak, esku-hartzeetan txandakatzea, ikusizko harremana...).
Ikus-entzunezko bitartekoek igortzen dituzten mezuak interpretatzen hastea.
Ahozko hizkuntza komunikaziorako tresna gisa eta norberaren eta besteen jokabidea arautzeko laguntza gisa hartzea eta balioestea.
Hizkuntzak eta dialekto-aldaerak erabiltzeko interesa izatea eta errespetatzea.
Komunikazioko ohituretan eta ohiko egoeretan atzerriko hizkuntzan ahozko harremanetan parte hartzeko interesa izatea.
Hizkuntza idatzira hurbiltzen hastea.
Hizkuntza idatzira hurbiltzen hastea, komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko bide gisa.
Testu idatzietan izaten diren irudiak manipulatu eta interpretatzea, eta irudien eta testuen artean esanahi-harremanak ezartzea.
Idatzizko moduak eta adierazpen grafikoko bestelako modu batzuk (marrazkiak, grafikoak, zenbakiak...) bereiztea.
Ohiko euskarrietan dauden testu idatzi esanguratsu batzuk interpretatzea.
Hizkuntza idatziko hainbat euskarri gero eta modu autonomoagoan erabiltzea; besteak beste, liburuak, aldizkariak, egunkariak, ordenagailuak, horma-irudiak, etiketak...
Kode idatzia zuzentzen duten arauak aztertzen hastea. Hainbat hitz idatziren arteko aldeak eta antzekotasunak hautematea.
Helduek edota haurrek beraiek irakurritako testuak ulertzeko interesa izatea.
Idazketa benetako helburuak betetzeko erabiltzen hastea.
Gero eta irakurgarriagoak eta hizkuntza idatziko arauetara gero eta egokituagoak diren testuak ekoizteko interesa izatea.
Literatura aztertzen hastea.
Literaturako testu errazak entzutea eta ulertzea, bai tradizionalak bai eta gaur egungoak ere, plazer- eta ikaskuntza-iturri gisa.
Kultura-tradizioko zenbait literatura-testu ozen esan-irakurtzea, eta haien erritmo, errima eta hitz-jokoei erreparatzea.
Hizkuntza-jokoetan modu sortzailean parte hartzea, dibertitzeko eta ikasteko.
Literaturako testu errazak dramatizatzen parte hartzea.
Kultura-tradizio bateko eta besteko literatura-testuak ezagutzeko interesa eta jakin-mina.
Liburutegia erabiltzen hastea eta liburutegiak informazioa jasotzeko, ikasteko, entretenitzeko eta gozatzeko duen garrantzia aintzat hartzea.
Atzerriko hizkuntza bateko abestien, ipuinen, olerkien eta errimen zatiak entzutea, oro har ulertzea, buruz ikastea eta ozen esatea.
2. BLOKEA:
IKUS-ENTZUNEZKO HIZKUNTZA ETA INFORMAZIOAREN ETA KOMUNIKAZIOAREN TEKNOLOGIAK.
Tresna teknologikoak erabiltzen hastea; besteak beste, ordenagailua, unitate periferikoak, soinu- eta irudi-erreproduzitzaileak edo kamerak, irakaskuntza eta komunikazioa errazteko tresna baitira.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak behar bezala eta modu esanguratsuan erabiltzeko beharraz jabetzen joatea.
Ikus-entzunezko ekoizpenak ikustea, hala nola filmak, bideoak edo irudien aurkezpenak. Horien edukiei eta estetikari buruzko balioespen pertsonala egitea.
Errealitatea eta ikus-entzunezko adierazpena bereizten ikastea pixkanaka.
Ikus-entzunezko ekoizpenak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea bi hizkuntza ofizialak finkatzeko eta atzerriko hizkuntzara hurbiltzeko.
3. BLOKEA:
ARTE HIZKUNTZA.
Plastikako ekoizpenak egitea hainbat material eta teknika erabiliz.
Plastika-hizkuntza osatzen duten zenbait elementuren berri izatea (lerroa, itxura, kolorea, ehundura, espazioa...) eta horiekin saiakuntzak egitea.
Gertakariak, sentimenduak eta emozioak, bizipenak edota fantasiak marrazkien eta plastikako ekoizpenen bitartez adieraztea eta komunikatzea.
Plastikako hainbat lan mota gero eta modu doituagoan interpretatzea eta balioestea.
Ahotsaren, norberaren gorputzaren, materialen, eguneroko objektuen eta musika-tresnen soinu-aukerak aztertzea.
Soinu eta erritmo errazak ekoiztea, melodiak interpretatzeko edo bestelako ekoizpen batzuen akonpainamendua egiteko: testuak, irudiak...
Mugimenduaren eta soinuaren arteko, eta hitzaren eta soinuaren arteko koordinazioa, jolasak, abestiak, errimak eta ipuinak abiapuntu hartuta.
Ingurune naturaleko eta sozialeko soinuak ezagutzea: animaliak, telefonoa, sirenak...
Soinuen zenbait ezaugarri bereizgarri eta oinarrizko kontraste entzumenaren bitartez bereiztea (zarata/isiltasuna, luzea/motza, gogorra/leuna, altua/baxua).
Hainbat genero eta estilotako zenbait musika-lan arretaz entzutea.
Kultura-inguruneko folklorea eta bestelako adierazpen artistiko batzuk aintzat hartzea eta haiekiko interesa izatea.
Ekoizpen artistikoko talde-proiektuetan parte hartzeko ekimena eta interesa izatea.
4. BLOKEA:
GORPUTZ HIZKUNTZA.
Adierazpen-baliabide gisa, norberaren gorputzak dituen komunikatzeko aukerak aztertzea, horietaz jabetzea eta erabiltzea.
Objektuak harremanetako eta adierazpenetako bitarteko gisa erabiltzea.
Adierazpen- edo komunikazio-xedearekin, gorputza eta mugimenduak era bateko edo besteko ezaugarriak dituzten beste pertsona, espazio, denbora eta objektu batzuetara doitzea.
Jolas sinbolikoen bidez, pertsonaiak eta egoera errealak edo irudimenezkoak antzeztea.
Dramatizazio-, imitazio- eta dantza-jardueretan eta gorputz-adierazpeneko bestelako jolas batzuetan parte hartzea.
Besteen adierazpen, errepresentazio eta dramatizazioekiko interesa eta errespetua izatea.
EBALUAZIO IRIZPIDEAK
Haur Hezkuntzako etaparako ebaluazio-irizpideak, oro har, behatu eta neur daitezkeen jokabideei buruzko adierazleetan zehazten dira.
1.- Komunikazio-egoeretan parte hartzea elkarrizketen bitartez, txanda-sistemaren bitartez eta harreman sozialeko jolasen bitartez.
Ea gai den komunikazio-egoeretan gero eta aldi luzeagoetan arretari eusteko.
Ea harremanetako komunikazio-egoeretan gero eta erantzun zabalagoak eta egokiagoak ekoizten dituen.
Ea modu bateko edo besteko komunikazio-estrategiarik erabiltzen duen bere beharrak, sentsazioak edo nahiak adierazteko.
Jolas-egoeretan, ea ulertzen dituen helduen komunikazio-asmoak.
2.- Parekoekiko eta helduekiko harremanetan, komunikazio-asmoak kontuan izanik erabiltzea ahozko hizkera, eta arretazko eta errespetuzko jarrera erakutsiz entzutea.
Ea baliatzen den ahozko hizkuntzaz nolanahiko egoeretan eta nolanahiko solaskidearekin komunikatzeko, eta ea gizarteko zenbait konbentzio erabiltzen dituen (entzutea, hizketakideari begiratzea, hitz egiteko txandari itxarotea...).
Ea entzun eta ulertzen dituen Hainbat motatako ahozko testuak (mezuak, kontakizunak, literatura-ekoizpenak, deskribapenak, azalpenak, informazioa...).
Ea parte hartzen duen ahozko hizkuntzari loturiko jardueretan: asmakizunak asmatzen, olerkiak ozen esaten, erretolika baten zatiak errepikatzen, ipuinen bukaera aurresaten...
Ea ulermena hobetzea helburu duen galderarik egiten duen.
Ea arretaz eta errespetuz entzuten duen beste solaskide batzuek beste hizkuntza edota dialekto-aldaera batzuetan adierazten dutena.
Ea denboran gero eta modu ordenatuagoan kontatzen dituen eguneroko gertakizunak eta bizipenak.
Ea egoera-aldarteen, lehentasunen eta sentimenduen berri ematen duen. Ikasgelan, ea parte hartzen duen atzerriko hizkuntza erabiltzen den egoeretan.
3.- Ikasgelan proposatzen diren irakurketa- eta idazketa-egoeretan interesa izatea eta parte hartzea, eta testu idatziak erabiltzen, haien helburuak ulertzen eta kode idatziaren zenbait ezaugarri ezagutzen hastea.
Ea bereizten dituen idatzizko moduak eta adierazpen grafikoko beste modu batzuk (ikurrak, irudiak, zenbakiak...).
Ea parte hartzen duen ikasgelan sortzen diren irakurketa- eta idazketa-proposamenetan.
Komunikatzeko, informatzeko eta gozatzeko, ea hizkuntza idatziko euskarri batzuk (liburuak, aldizkariak, egunkariak, ordenagailuak, horma-irudiak eta abar) gero eta modu autonomoagoan erabiltzen dituen.
Ea hizkuntza idatzia erabiltzen den egoera esanguratsuei loturiko testu errazik ekoizten duen, eta ea egokitzen dituen ohiko idazketa-sistemara.
4.- Arte-, teknologia- eta ikus-entzunezko hizkuntzetako berezko bitartekoak, materiala eta teknikak erabiliz adierazten jakitea eta komunikatzea, eta baliabide horien aukerak aztertzeko, horien ekoizpenekin gozatzeko eta ingurukoekin esperientzia estetikoak eta komunikaziozkoak izateko interesa erakustea.
Ea saiakuntzarik egin eta aztertzen dituen musika-, teknologia-, ikus-entzunezko, plastika- eta gorputz-hizkuntzan berezkoak diren materialek, tresnek eta teknikek adierazteko dituzten aukerak.
Ea parte hartzen duen, bai banaka, bai eta taldeka ere, musikako, gorputz-adierazpeneko eta adierazpen plastikoko jardueretan.
Ea arreta eta interesik erakusten duen ikusle gisa izaten den kultura-adierazpenekiko eta besteen ekoizpenekiko.
ORIENTABIDE METODOLOGIKOAK ETA EBALUAZIORAKO ORIENTABIDEAK
Alde batetik, Haur Hezkuntzaren hezkuntza-xedea, eta bestetik, helburuetan ezarritako gaitasunak garatzea dira irakasle-talde bakoitzaren erreferenteak ikasleengan ikaskuntza esanguratsuak sustatuko dituzten irakaskuntza-prozesuak zehazteko eta haiek abian jartzeko.
Metodologia funtsezko curriculum-elementuetako bat da hezkuntzako asmoak betetzeko. Metodologian adierazten da hezkuntza-jardueraren berri ematen duen eta jarduera hori zehazten duen erabaki multzoa.
Irakasle-taldeak erabaki beharko du nola heldu irakaste- eta ikaste-prozesuan esku hartzen duten aldagaiei, eta, hartara, banakako eta taldeko ezaugarriei hobekien erantzungo dieten jardute didaktikoak aukeratu beharko ditu. Halaber, oinarrizko gaitasunak pixkanaka garatzeko aukera emango duten hezkuntza-proposamenak diseinatu beharko ditu.
Haurrek adin horietan nolakoak diren eta nola ikasten duten erakusten duen gaur egungo ezagutzaren oinarria abiapuntu hartuta, esku-hartze pedagogikoak honako printzipio metodologiko hauek izan beharko ditu erreferentetzat:
1.- Aniztasunaren trataera.
Aniztasunari erantzuteak haur bakoitzaren motibazioei, beharrei, interesei eta ezaguera-estiloari egokitutako erantzuna eskaintzea dakar berekin. Banako bakoitzak gaitasun batzuk ditu, bere garapen-erritmoa du eta bere ezaugarriak modu pertsonalean eta dinamikoan eraikitzen ditu, bizitzen dituen esperientzien, bere jatorri sozial, ekonomiko eta kulturalaren eta, nagusiki, prozesu horretan ematen zaion laguntzaren arabera. Eskolak, ildo beretik, egon litezkeen abiaburuko aldeak orekatu behar ditu. Horretarako, ikasleek garapen bidezkoa, orokorra eta harmonikoa izan dezaten ahalbidetuko duten hezkuntza-esperientziak, esperientzia kulturalak, teknologikoak eta antzekoak eskaini behar ditu.
Irakasle-taldeak haurren alde pertsonalak kontuan hartu eta errespetatu egin behar ditu, eta zenbait programazio eta proposamen ireki egin beharko ditu. Programazio eta proposamen horiek, gauzatzen direnean, irakaskuntza-prozesua ikasle bakoitzaren behar pertsonaletara egokitzeko aukera eman behar dute. Ondorioz, jarduera estandarizaturik ez da egin behar besterik gabe, ezta taldean aldi berean gauzatzekoak ere, eta ezta guztientzat betekizun berak eskatzen dituzten emaitza bakarrak dituztenak ere. Horien ordez, denen interesei erantzungo dietenak eta, talde txikitan, ikasgelaren barruan hainbat mailatan lan egiteko aukera emango dutenak egin behar dira.
Haurren parte-hartze aktiboaren alde egiten duen Haur Eskolan askotariko kultura-adierazpenak azaleratzen dira. Hainbat jatorri geografiko eta kulturaletako haurrak izateak integrazio-prozesua erraztuko du, eta errespetua eta talde bakoitzak dakartzan balio positiboen trukea izango da nagusi.
Berariazko arreta merezi dute hezkuntza-premia bereziak dituzten haurrek. Funtsezkoa da behar horiei garaiz antzematea eta arreta goiztiarra ematea, gizarte-zerbitzuetako, hezkuntzako eta osasuneko profesionalekin koordinatuta.
Ikusmolde globala. Hezkuntzako etapa honetako alderdirik nabarmenetariko bat zera da: adin horretan, haurrek modu globalean adierazten dituztela gauzak, izaten dituztela harremanak eta ikasten dutela. Beren adierazkortasunean, egoteko moduan eta inguruan duten munduarekin elkarrekintzan jardutean erakusten dute haurrek beren izaeraren osotasuna eta, era berean, garatu ere egiten du. Eta izaeraren alderdi afektibo-emozionala, zentzu-mugimenezkoa, harremanetarakoa eta soziala, eta kognitibo-hizkuntzazkoa sakon loturik daude eta ezin dira bereizi.
Globala izatearen printzipioak esan nahi du ikaskuntza hainbat loturaren emaitza dela, ikaskuntza berrien eta dagoeneko ikasita dutenen arteko harremanen emaitza, alegia. Gizabanakoak ezagutu nahi duen errealitatera hurbiltzeko prozesu globala da, eta prozesuak emaitza onak izango ditu, aukera ematen badu ezartzen diren harremanak eta eratzen diren esanahiak zabalak eta dibertsifikatuak izan daitezen.
Ikaskuntza-egoeretan haurren interesek izan behar dute abiapuntu, eta zenbait estrategia erabili behar dira interes horiek identifikatzeko: haurren jolasak eta jarduerak aztertzea egoera naturaletan, taldeari motibazio berezia eragingo dioten gertakariak identifikatzea, haurren lehentasunak ikertzea...
Lan globalizatuak hainbat modalitate har ditzake (hala nola lan-proiektuak, ikaskuntza-testuinguruak...), ikasleen adina eta egoera espezifikoa zein den.
2.- Ikaskuntza esanguratsua.
Haurrek modu esanguratsuan ikasteko aukera izan dezaten, Haur Eskolak haurraren bizitzan garrantzi handia eta zentzu afektiboa duten esperientziak eta jarduerak sustatu behar ditu. Hau da, ikasleek errealitateko edozein alderdiri buruz zer dakiten eta zer pentsatzen duten abiapuntu hartuta, hezitzaile-taldeak ikasleen interesekin eta beharrekin bat egingo duten ikaskuntza-egoerak proposatu beharko ditu, helburu eta erabilgarritasun argia dutela betiere.
Labur esanda, Haur Eskolan esperientziak elkarrekin trukatzen dira, bizi eta gozatu egiten da, ikasi eta ulertu egiten dira, baldin, haiek, betiere, haurrentzat zentzua eta esanahia badute.
Jolasa eta haurren jarduera. Haur Hezkuntzan, ekintza da garapen- eta ikaskuntza-prozesuaren ardatza eta eragile nagusia. Haurrek, pertsonekin eta objektuekin izaten dituzten harremanezko esperientzietan, haien ezaugarriak, nolakotasunak eta aldeak aurkitzen dituzte, bai eta haien artean dauden harremanak ere. Gero, elementu eta harreman horiek buruan irudikatzen dituzte. Horrela, ekintza eta esperimentazioa abiapuntu hartuta, haurrak bere nortasuna eta mundua eratzen du, eta ekintzarako eta interpretaziorako bere eskemak egiten ditu, zuzen edo ez hain zuzen.
Bakoitzaren esperientzia pertsonalak eta gaitasunak eta ekarpenak lantzen diren ekintzazko eta parte-hartzeko testuinguruetan, haurrak bere gaitasunetan duen konfiantza, jakin-mina eta ekimena garatzen ditu. Erabakiak hartzea eta jarduera autonomoa izatea ere sendotzen dute testuinguru horiek.
Hezkuntza-etapa honetan, jolasak, ikasteko tresna pribilegiatua denez, jarduera nagusia izan behar du, eta hainbat egoera, bizipen, ezagutza eta gaitasun bateratzeko gai.
Jolasak, bere aldaera guztietan (heuristikoa, soziala, psikomotorra, sinbolikoa...), jarduera atsegingarri eta berez motibatua denez, eremu aproposa sortzen du haurrek beren ekiteko gaitasuna garatzeko, arriskuei aurre egitekoa indartzeko, eta jarduteko modu berriak bilatzeko, porrotaren edo akatsen beldurrik gabe.
Ekintza bakoitzak eragiten duen asebetetzeak berriz egitera bultzatzen ditu haurrak, eta horrek aukera ematen dio horretan parte hartzen duten eskema kognitiboak finkatzeko, bai eta mugimen-garapena eta gorputzaren kontrol gero eta handiagoa eta asebetegarriagoa lortzeko.
3.- Eskola-giroa: ongizate-, afektu- eta estimulu-eremua.
Afektua jasotzeko beharra lehen mailako beharra da, jateko edo babesa izateko beharra bezain oinarrizkoa. Haurrek harreman egonkorra eta jarraitua izatea behar dute, dauzkaten zaintza-, babes-, miaketa- eta jolas-beharrak asebetetzen dituzten pertsonekin. Harreman horiek ongizatea, konfiantza eta segurtasuna eragiten diete, eta atxikimendu-irudiak ezartzea eragiten dute. Atxikimendu-irudi horiek beti eta baldintzarik gabe eskura edukiko dituztela uste dute haurrek.
Atxikimendu-irudiek eragin erabakigarria dute garapen sozialean. Irudi horiekiko harremana abiapuntu hartuta, haurrak ingurukoekin komunikatzen ikasten du, eta baita bere jokabidea kontrolatzen eta gizarte-balioak, -arrazoiak eta -arauak barneratzen ere. Halako irudirik ez badago, haurrak segurtasunik gabe eta babesgabe sentitzen dira. Alderdi hori oso kontuan izan behar da Haur Eskolako egokitze-aldietako familiaren eta eskolaren arteko plangintza bateratuan.
Oro har, familia izaten da atxikimendu-lotura egokiak bermatzen dituena, eta eskolak lotura horiei lagundu behar die. Halaber, haurrei harrera beroa eta errespetuzkoa egitea ahalbidetuko duen egitura eskaini behar die, haur bakoitzaren erritmoak kontuan izanik.
Haur Eskolako irakasle-taldearen eginkizun garrantzitsuenetako bat konfiantzazko eta segurtasunezko giroa sortzea da, haurra giro horretan babestua eta onartua senti dadin. Horrek aukera emango dio bere buruan konfiantza sortzeko, bere ingurua arian-arian ezagutzeak sortzen dizkion erronkei aurre egiteko, eta baita ezagutza hori lortzeko tresnak eta estrategiak eskuratzeko ere.
4.- Eremuen, denboraren eta baliabide materialen antolaketa.
Haurrek, oso adin txikia izanik, erritmo, interes eta behar desberdinak dituzte. Desberdintasun horiek errespetatu eta kontuan hartu behar dira, bai ikasgelako espazioaren eta denboraren antolakuntza planifikatzeko, bai eta eskolako jardueraren plangintza egiteko ere.
Zenbait jarduera-eremu antolatu beharko dira, haurrek zer egin, nola egin eta norekin egin nahi duten aukeratu ahal izan dezaten. Horrela, ekimena eta autonomia garatzen lagunduko da.
Funtsezkoa da espazioa ulertzeko modu dinamikoa eta esanguratsua izatea, eta norbanako bakoitzaren esperientziekin eta ekarpenekin eraikitzen eta bilakatzen joatea espazio hori.
Halaber, hezitzaile-taldeak kontuan izan beharko du talde- jardueretako denbora eta banakako jardueretako denbora txandakatu egin behar direla, eskakizun-maila handiko jarduerak eta espontaneotasun bizikoak orekatu egin behar direla, eta denbora-sekuentzia bat planifikatu behar dela, egunak erreferentzia seguruekin egin dezan aurrera, haurrari laguntzeko parte hartzen, aurresaten eta bere jarduera berak arautzen.
Espazioaren eta denboraren plangintza egitean kontuan izan beharreko beste alderdi bat ere bada: alde batetik, hezitzaileak taldearen begi-ikuspegi osoa izan behar du, eta, bestetik, haurrak erraz ikusi behar du heldua.
Baliabide materialek estimulu ugariko giroa ekarri behar diote hezkuntza-prozesuari: harremanak erraztuko dituena, haurren jakin-min agortezina suspertuko duena eta, esperientzia esanguratsuak ekarriko dituen heinean, haurren garapen-aukerak handituko dituena. Ikastetxeek, estereotipoetatik ihesi, eskola-giroko berezko jostailuak, tresnak eta baliabide didaktikoak erabil daitezen sustatuko dute. Era berean, pertsona- eta jokabide-eredu ez-estereotipatuak edo ez-sexistak dituzten eta kultura desberdinetako haurren arteko bizikidetza sustatuko duten material didaktikoa aukeratuko da.
5.- Haur Hezkuntzako ikastetxea: bizikidetzarako tokia.
Haur Hezkuntzako ikastetxeak haurrari garapenerako esperientzia-iturri ezin aberatsagoa ematen dio: beste haur batzuekin elkartzea. Eskolan sortzen diren harremanek, lankidetzak, gatazka txikiek eta berregokitzeek erraztu egiten dute haurren garapen intelektual, afektibo eta soziala. Prozesu horretan laguntzeko, era askotako taldekatzeak eskatzen dituzten jarduerak sustatu beharko dira: talde handiak, talde txikiak, binaka...
Arauek eta mugek, haurrei, beraiengandik zer espero den jakiten, eta zer egin behar duten, eta zer ez, jakiten lagundu behar diete. Ikasgelako harreman-giroari segurtasuna ematen eta autonomia garatzen ere lagundu behar dute. Arau horiek argiak, malguak, egoerari egokituak, afektuzko giroan biziak eta gero eta bateratuagoak eta landuagoak izan behar dute.
Eskolak, era berean, esperientziak bizitzeko eta bere buruaren irudi positiboa egitea ahalbidetuko dioten proposamenak egiteko aukerak eman behar dizkio haurrari, bere gaitasunetan konfiantza izanik, pertsona gai gisa eta ikasteko aukerak dituen ikasle gisa ikusteko eta aintzakotzat hartzeko bere burua.
Hezitzaile-taldeak haurraren irakas- eta ikas-prozesuari lagundu egin behar dio, eta hura sendotu, eta aintzat hartu ahalegina egitea eta zailtasunak gainditzea, bai eta haurraren lorpenak ere.
6.- Haur Hezkuntza: denon eginkizuna.
Haur Hezkuntzako hezkuntza-proiektua egitea, garatzea eta ebaluatzea irakasle-taldearen funtsezko eginkizunetako bat da. Planifikatzen diren programazioetan, bai eta proposamenetan ere, beharrezkoa izango da hezteko zeregina duten profesional guztien esku-hartzea eta koordinazioa, esku hartzeko jarraibide bateratuak hartzeko eta jarduera koherentea bermatzeko. Plangintza didaktikoak kontuan hartu beharko du, era berean, ikasleen aniztasunaren trataera, guztiek beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko aukera izan dezaten.
Haur Hezkuntzako ziklo bakoitzean lanean diharduten hezitzaile-taldeen arteko koordinazioa eta horien eta Lehen Hezkuntzakoen arteko koordinazioa izateak jarraipena eta koherentzia emango die planteamendu didaktikoei, eta ikasitakoa sendotuko eta finkatuko dute.
Familiaren eta eskolaren arteko interakzioa egoki finkatzea da kalitatezko Haur Hezkuntzaren funtsezko beste oinarri bat. Inguru bakoitzak bere protagonismoa eta egiteko modu bereziak ditu, baina biek dute helburu bera: haurren garapen osoan alderdi aktiboa izatea.
Heziketa-lana familian hasten da beti. Hezitzaileek eta irakasleek familiarekin banatu behar dute erantzukizun hori, eta haurrek familia-esparruan eskuratu dituzten prestakuntza-esperientziak osatu eta zabaldu behar dituzte.
Funtsezkoa da familiekin etengabeko komunikazioa izatea, bai eta familiek eskolan esku hartzeko bideak eta moduak ezartzea ere, hezkuntzako balioak eta irakaspenak haurren bizitzan sendoki sar daitezen.
Azkenik, adierazi behar da hezkuntza-jarduera eskola-esparrutik haratago doala, eta erakundeekin, elkarteekin eta gizarteko beste talde batzuekin banatutako erantzukizun bihurtu beharko lukeela. Eskolak lagundu egin beharko luke gizartearekiko irekia izate hori, hezkuntza denon eginkizuna bihur dadin.
7.- Ebaluazioa: prozesuen behaketa.
Ebaluazioa hezkuntza-prozesuaren zati da, eta hezkuntza-prozesua eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzea du helburu. Horretarako, honako hauek hartzen ditu erreferentziatzat: ume bakoitzaren egoera, hezkuntza-sistemaren eta ikastetxearen xedeak eta helburuak, eta, hezkuntza-lana zein errealitatetan garatzen den, errealitate horren ezaugarriak. Hori dena hartzen du kontuan, eskolatutako haurrek ahalik eta gehien gara ditzaten beren ahalmenak modu oso eta orekatuan.
Ebaluazioa, taldearen aurrerapenak ere aztertzen dituen arren, banakatu egin behar da eta prozesu jarraitu eta etengabeko gisa planteatu behar da. Eta, ikaskuntzako eremu guztietan, haurren garapenari buruzko datu kualitatiboak eta adierazgarriak eman behar ditu. Orobat, esku-hartze didaktikoa egokitzeko aukera eman behar digu, hau da, prozesuko ondoz ondoko faseetan zenbait alderdi aldatzeko, onbideratzeko edo haiei berriz ekiteko aukera eman behar digu.
Hezitzaile-taldeak hasierako ebaluazioa hartu behar du abiapuntu. Ebaluazio horrek ikasle bakoitzaren egoera pertsonalei eta sozialei dagozkien informazioa bildu behar du, bai eta haren aurrerakuntza bultzatuko duten esku-hartzeen plangintza egiten lagunduko duten datu guztiak ere.
Etapa honetarako, ebaluatzeko teknika egokiena haurraren behaketa zuzena eta sistematikoa da. Garrantzitsua da irizpide argiak izatea, behagarriak eta erregistra daitezkeenak. Irizpide horiek ikaskuntza-estrategiak eta -prozesuak diseinatzeko, egokitzeko eta banakatzeko aukera eman behar dute.
Familiekin elkarrizketa egitea eta elkarrizketa horretan gertatzen den informazio-trukea dira ebaluazioan laguntzen duten beste elementu batzuk.