Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2009ko urtarrilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa
294

IRAGARKIA, Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako kirola sustatzeko 2009. urtean emango dituen beka eta laguntzen oinarriei buruzkoa.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioa erakundeak araubide juridiko pribatua du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeak araututa dago. Erakunde honen helburua goi mailako euskal kirola bultzatu eta sustatzea da; horrela, nazioarteko goi mailako kiroleko lehiaketetan erruz parte hartu ahal izango da eta, bereziki, goi mailako kirol ekitaldietan. Halaber, lehiaketa horietan euskal kirolariek goi mailako emaitzak izatea da erakundearen beste helburua.

Erakundeak xede duen goi mailako kirolean aritze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuak Euskadi Kirola Bekak ematea onartu du 2009 urterako. Honako oinarri hauek arautuko dute

OINARRIAK

1. artikulua.- Xedea.

Oinarri hauen xedea Fundación Euskadi Kirola Fundazioak 2009rako goi mailako kirolerako emango dituen Euskadi Kirola Bekak arautzea da.

2. artikulua.- Definizioak.

1.- «Euskadi Kirola Bekak» izenaren barruan goi mailako kirolerako hainbat laguntza ekonomiko, tekniko eta biomediko daude, eta oinarri hauetako 4. artikuluan zehazten dira.

2.- Oinarri hauen ondorioetarako, «goi mailako euskal kirola» Euskal Autonomia Erkidegoaren interesekoa den kirola praktikatzea da. Izan ere, hori erkidegoko kirola garatzeko funtsezko faktorea da, eta oinarri-kirola sustatzeko pizgarria izateaz gain, goi mailako kirol-lehiaketetan ordezkariak izateko aukera ere ematen du.

3.- Oinarri hauetan kirolari buruz egiten diren erreferentzia guztiak goi mailako kirolari buruzkoak dira.

3. artikulua.- Beka hauen lehentasunezko xedea.

1.- Beka hauek bereziki kirol-modalitate guztiak eta lehiaketak sustatu eta lagundu nahi ditu Euskal Autonomi Erkidegoan, betiere Nazioarteko Batzorde Olinpikoak eta Nazioarteko Batzorde Paraolinpikoak onartutako kirolak badira.

Salbuespenez, aurreko idatz-zatian adierazita ez dauden beste kirol modalitate eta lehiaketa batzuk izango dira beka hauen onuradunak.

2.- Era berean, beka hauen helburua goi mailako kirol ez-profesionala sustatu eta laguntzea da. Liga profesionalak kirol profesionala dira, hortaz, beka hauetatik kanpo daude.

4. artikulua.- Euskadi Kirola Bekak 2009ren edukia.

«Euskadi Kirola Bekak 2009»-ren barruan Fundación Euskadi Kirola Fundazioak hainbat laguntza mota emango ditu 2009. urtan:

1.- Diru-laguntzak, honako eduki hauekin:

a) Oinarrizko beka: kirolariei diruz laguntzeko bekak, entrenamenduan eta lehiaketan buru belarri jarduten dutela bermatzeko.

b) Helburukako sariak: adostutako eta betetako kirol helburuen araberako sariak. Oinarrizko laguntza edo bekaren onuradun diren kirolariek eta euren teknikariek baino ez dituzte jasoko sari hauek, 11. artikuluan zehazten denarekin bat. Kasuan kasuko kirol helburuak oinarri hauetako 14. artikuluan aipatzen den agirian ezarriko dira.

c) Laguntza osagarriak: aldez aurretik planifikatuko diren diru-laguntzak, kirol-errendimendua hobetzeko eta ez ohiko gastuak ordaintzeko. Aurrekontua itxia izango da (lehiaketetan parte hartzea, kontzentrazio bereziak egitea, e.a.). Laguntza hauek oinarrizko laguntza edo bekaren kirolari onuradunek baino ez dituzte jasoko. Horretarako, eta 5. artikuluan aurreikusi bezala, fundazioak ezarritako eta Ordezko Batzorde Teknikoak onetsitako laguntza osagarria eskatzeko protokoloa aldez aurretik beteko dute kirolari onuradunek.

2.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioak onuradunei hainbat zerbitzu osagarri egitea, kirol prestakuntza optimizatze aldera, hala nola:

a) Laguntza tekniko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

b) Laguntza biomediko espezializatua goi kirol-errendimenduan.

c) Goi mailako kirolarien prestakuntza akademiko eta profesionalerako Programan ezartzea.

5. artikulua.- Bekak kudeatu eta esleitzeko organo eskudunak.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuari dagokio oinarri hauetako beken esleipena ebaztea. Aurrekoa gorabehera, Patronatuak Ordezko Batzorde Tekniko baten esku utziko du eskumen hau. Batzorde honek ebatziko ditu beka-eskaera guztiak, oinarri hauen 12.3 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe.

Ordezko Batzorde Teknikoa honako hauek osatzen dute: Patronatuko idazkaria, fundazioko kudeatzailea eta fundazioko aholkulari juridikoa. Batzorde honek beharrezko diren txosten teknikoak eskatu eta bilduko ditu ebazpenak emateko.

6. artikulua.- Pertsona eta erakunde onuradunak.

1.- Bekak hartzeko onuradunak goi mailako kirolariak, hauen teknikariak eta kirol erakundeak (kirol-elkarteak, kirol-taldeak, kirol-sozietate anonimoak) izango dira. Horiek guztiek oinarri hauen I. eranskinean adierazitako kirol-irizpide teknikoak bete behar dituzte, baita jarraian adierazten diren betekizun eta baldintzak ere.

2.- Goi Mailako kirolariak. «Euskadi Kirolak Bekak» jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte kirolariek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Administrazio mailan, euskal nortasuna izatea, Autonomia Estatutuan adierazitakoarekin bat.

c) Euskal Federazioren batek emandako kirol lizentziarekin lehiatzea.

d) Oinarri hauen 3. artikuluan aurreikusitako kirol motaren batean aritzea, eta 2. artikuluan adierazitako goi kirol maila lortu izana.

e) 2009an kirol hori praktikatzen jarraitzea.

f) Doping kontuak direla eta, administrazio-zehapen irmorik ez izatea.

g) Kirol kontuak direla eta, administrazio- edo diziplina-zehapen irmorik ez izatea, ez larria ez oso larria.

3.- Kirol-teknikariak. «Euskadi Kirolak Bekak» jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte teknikariek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatura edo kirol-titulazioa izatea, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuarekin bat. Dekretu horrek kirol-irakaskuntza berezien antolamendu orokorra arautzen du. Edo, bestela, Errege Dekretu horren aurrekoak baina homologagarriak diren titulazioak.

c) Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera, oinarrizko laguntza edo beka baten onuradun den kirolari baten kirol-prestakuntza teknikoaz arduratzen den pertsona izatea eta kirolariak berak onartua izatea. Kirolari bakoitzak gehienez pertsona bakarra onartuko du prestatzaile gisa.

d) 2009an kirolariaren arduradun teknikoa izaten jarraitzea.

e) Doping kontuak direla eta, administrazio-zehapen irmorik ez izatea.

f) Kirol kontuak direla eta, administrazio- edo diziplina-zehapen irmorik ez izatea, ez larria ez oso larria.

4.- Kirol erakundeak. Halaber, «Euskadi Kirola» bekak jaso ahal izateko honako betekizun hauek beteko dituzte kirol-erakundeek (kirol-taldeak, kirol-elkarteak eta kirol-sozietate anonimoak):

a) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehentasunezko interestzat jotzen dituen kirol-modalitateetako bateko kirol erakundea izatea, oinarri hauen I eranskinean (5 irizpidea) ezarritakoarekin bat.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol-Erakundeen Erregistroan izena emanda egotea.

c) Kirol-modalitate berean gutxienez kirolari bi izatea, oinarrizko beka baten onuradun direnak, betiere oinarri hauen 4. artikuluaren 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

d) Bai kirolariak bai teknikari arduradunak kirol erakundeko partaide izatea.

e) Goi mailako kirola prestatu ahal izateko giza baliabide, baliabide tekniko eta kirol instalazio egokiak izatea.

7. artikulua.- Laguntzak salbuespenez ematea.

Salbuespenez, beka hauek beste zenbait pertsona edo erakunderi eman ahal izango zaizkie: behar bezala justifikatutako kirol arrazoi eta arrazoi teknikoak direla eta, I eranskinean eskatutako kirol-merituak egiaztatu ez baina, urtean zehar, oinarri hauen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8. artikulua.- Eskabideak tramitatzea.

1.- Interesaturik dauden pertsona eta erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundaziora bidaliko dituzte eskabideak. Horretarako, dagokion idazki eredua bete (oinarri hauen II., III. eta IV. eranskinak) eta hurrengo idatz-zatietan adierazten diren agiriekin batera helbide honetara bidaliko dute: Los Chopos etorbidea z.g. 48992-Getxo (Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroa), edo honako e-mail honetara: fundacion-ek@euskalnet.net

2.- Eskabidearekin batera kirolariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan erroldaren ziurtagiria.

c) Euskal Federazioaren Lizentziaren kopia soila.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Kirol-kurrikuluma. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatuko dira, bereziki 2008. urtean lortutakoak.

f) 2009rako kirol-planifikazioa, kirolariak sinatua eta hala badagokio, teknikari arduradunak sinatua. Agiri horretan honako hauek agertuko dira: helburu nagusiak eta bigarren mailako helburuak, non eta noiz egingo diren. Gainera, helburuekin bat datozen entrenamendu saioen deskribapen zehatza egingo da.

g) Egongo balitz, ingurune biomedikoa identifikatzeko zinpeko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak barne daudela.

h) Kirol jarduerak egiteko gai dela egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria.

i) Era gehigarrian, kirol egokituko kirolariek minusbaliotasun maila egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria aurkeztuko dute.

3.- Eskabidearekin batera teknikariek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

c) Ikasketa-tituluen kopia soila, oinarri hauen 6. artikuluko 3.b) idatz-zatian adierazi bezala.

d) Oinarrizko bekaren kirol onuradunak sinatutako zinpeko aitorpena, 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoarekin bat. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela. Kirolari bakoitzak, gehienez ere, pertsona bakarra egiaztatuko du arduradun tekniko gisa.

4.- Eskabidearekin batera kirol erakundeek agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) IFKren kopia.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria.

c) Erakundea eratzeko agiriaren eta estatutuen kopia, kirol-erakundearen legezko ordezkariaren NANaren kopia, eta ordezkatzeko ahalmenaren egiaztatzea, bai ahalordetze-eskrituraren bidez, bai dagokion organoak egindako ziurtagiriaren bidez.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Bekaren onuraduna den kirol erakundeko kirolari guztiak kirolerako gai direla egiaztatzen duten mediku-ziurtagiriak.

f) Kirol erakundeko kirolari guztien euskal federazioaren lizentziaren kopia soila.

g) Deialdi honetan beka jasotzeko aukera duten kirolarien zerrenda, kirol-plantillakoak direnak.

5.- Era gehigarrian, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak behar beste agiri eskatu ahal izango ditu bekak emateko.

6.- Beka eskabidearekin batera erantsiko diren agirien ereduak fundazioaren web orrian daude interesatuen eskuragarri: www.basqueteam.com

9. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea eta akatsak zuzentzea.

1.- Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnetik hasita edonoiz aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak interesaturik dauden pertsonek eta erakundeek eta, betiere, 2009ko abenduaren 10a baino lehen.

2.- Fundación Euskadi Kirola Fundazioak, behin eskabideak eta beharrezko agiriak jasota, banakako espedientea egingo du eskabide bakoitzeko. Espediente hori Ordezko Batzorde Teknikoari bidaliko zaio, oinarri hauetan onartutako irizpideen arabera azter dezan.

3.- Aurkeztu diren eskabidea eta bestelako agiriak aztertuta, akatsik egonez gero edo agiririk falta izanez gero, eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea emango zaio zuzendu ahal izateko. Epea bukatuta, eta zuzenketarik ez badago, uko egintzat hartuko da.

10. artikulua.- Bekak emateko prozedura: kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa.

1.- Ordezko Batzorde Teknikoak espedientea jaso eta oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera aztertu eta balioetsiko du eta, hala badagokio, kirol-auditoretza eta derrigorrezko mediku-azterketa proposatuko ditu. Lan hauek teknikari eta mediku adituek egingo dituzte.

2.- Beka eskatzaileek kirol-auditoretza eta mediku-azterketa egin beharko dute, kirola praktikatzeko gai direla bermatze aldera, Fundación Euskadi Kirola Fundazioak proposatutakoei jarraituz. Eskatzaileak auditoretza eta azterketa egiteari ezetz esaten badio, ukatu egingo zaio eskabidea, besterik gabe.

3.- Ordezko Batzorde Teknikoak, egindako auditoretza, azterketa eta fundazioak duen finantza eta aurrekontua aintzat hartuta, beka emateko edo ukatzeko ebazpen zioduna egingo du eta idatziz jakinaraziko zaio pertsona edo erakunde eskatzaileari.

11. artikulua.- Bekak balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.- Ordezko Batzorde Teknikoak bekak emateko ebazpena egingo du pertsona edo erakunde eskatzaileen merituen eta ezaugarri pertsonalen arabera.

2.- Meritu eta ezaugarri horiek balioesteko Ordezko Batzorde Teknikoak oinarri hauen I eranskinean adierazten diren balioesteko irizpideak aplikatuko ditu nahitaez. Bereziki, irizpideak honela aplikatuko dira:

a) Goi Mailako kirolariak. Goi mailako kirolarien merituak balioestea I eranskinean ezartzen diren balioesteko eta kuantifikatzeko irizpideetan oinarrituz zehaztuko da. Hala badagokio, balioespen horrek oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian adierazitako oinarrizko beka ematea ekarriko du.

b) Kirol-teknikariak. Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian adierazitako oinarrizko beka jasotzeko proposatzen den kirolari bakoitzeko, teknikariari beka arrunta emango zaio, oinarrizko beka gehi kirolariak jasoko dituen sarien batuketaren % 25, hain zuzen ere. Ondorio hauetarako, ez da onartuko 3 kirolaritik gora teknikari bakoitzeko. Halaber, teknikariek beka berezia jaso ahal izango dute, I eranskinean adierazitakoekin bat (F taldea).

c) Kirol-erakundeak. Fundazioak lehentasunezkoak jotzen dituen kirol-modalitateen kirol-erakundeei baino ez zaizkie emango dirulaguntzak, eta kirol-plantillan gutxienez goi mailako kirolari bi dituztenak. Kirolari horiek oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian adierazitako oinarrizko bekaren onuradun dira.

3.- Beka, sari eta laguntza osagarrien zenbatekoa zehazteko aurkeztu eta onartu diren eskabideak eta fundazioak duen finantza egoera hartuko dira kontuan.

4.- Oinarri hauen 4. artikuluko 2. paragrafoan adierazten diren zerbitzu osagarriek ez dute muga kuantitatibo lehenetsirik eta Ordezko Batzorde Teknikoak finkatuko ditu, arrazionaltasun eta aukera irizpideei jarraituta.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Ordezko Batzorde Teknikoak gehienez ere hilabeteko (1) epean ebatzi edo ukatuko du bekak ematea, eskabideak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita.

2.- Ebazpena, edonola ere zioduna dena, bana-banaka jakinaraziko zaie beka eskatzen dutenei.

3.- Ordezko Batzorde Teknikoaren ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daiteke Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren Patronatuko Lehendakariaren aurrean, jakinarazten denetik hasita 15 eguneko epean.

4.- Euskadi Kirola 2009 beka emateko onuradunak Konpromiso Agiria Fundazioarekin sinatu beharko du, oinarri hauen 14. artikuluan adierazitakoarekin bat.

13. artikulua.- Onuradunak onartzea.

Beken onuradun diren pertsona eta kirol-erakundeek, oinarri hauetan arautuak, Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren egoitzara agertu beharko dute, beka ematea jakinarazten denetik gehienez ere 15 eguneko epean, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzeko.

14. artikulua.- Konpromiso Agiria Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin.

Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatuko den Konpromiso Agiria derrigorrezkoa da beken onuradun diren pertsona eta erakundeentzat. Honetara daude behartuta:

a) 2009an zehar goi mailako kirol-jardueran jarraitzea.

b) Agirian ageri den kirol-planifikazioan ezarritako kontrolak betetzea. Kirol-erakundeetako kideei egoera fisikoaren azterketa egingo zaie.

c) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak zehaztuko dituen ikur eta markak eramatea, betiere lehiaketen arautegiak uzten badu.

d) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak antolatzen dituen sustatzeko jardunaldi eta ekitaldietan parte hartzea.

e) Kirol-jarduerari lotutako diru-sarrera guztien berri Fundazioari ematea.

f) Kirol-lehiaketetan eta lehiaketetatik kanpo joko garbia erakustea, mugimendu olinpiarraren printzipioekin bat.

g) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak jarritako antidoping kontrolak egin eta onartzea, lehiaketa barruan eta lehiaketatik kanpo. Doping kontuak direla-eta, indarrean dauden arauak errespetatzeko konpromisoa hartzea.

h) Fundazioari laguntzea enpresa babesleekin dituen publizitate-konpromisoak betetzen.

i) Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin adostu den Konpromiso Agirian ezarritako beste edozein betebehar.

15. artikulua.- Euskadi Kirola Bekak ordaintzea.

1.- 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusita dauden oinarrizko laguntza edo bekak hilero ordainduko dira, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin Konpromiso Agiria sinatzen denetik hasita.

2.- 4. artikuluko 1.b) idatz-zatian aurreikusita dagoen helburukako sari-ordainketa era bakarrean egingo da, Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatutako Konpromiso Agirian adierazten den kirolari bakoitzarentzako helburua bete dela egiaztatu eta gero.

3.- 4. artikuluko 1.c) idatz-zatian aurreikusita dauden laguntza osagarriak ordaintzea Ordezko Batzorde Teknikoak baimenduko du, kasuan kasuko eskabideak eta inguruabarrak kontuan hartuta. Aldez aurretik oinarrizko bekaren onuradunak eskatuko du, fundazioaren administrazio sailak adierazitako eskabide-protokoloari jarraituz (laguntza osagarriak eskatzeko ereduak eskuragarri jarriko dira fundazioaren web orrian: www.basqueteam.com).

16. artikulua.- Beken bateragarritasuna.

Bateragarri dira batetik oinarri hauetan araututa dauden bekak, sariak eta laguntzak eta, bestetik, beste edozein erakunde publiko edo pribatuk, helburu berarekin, onuradun berari eman ahal dion edonolako laguntza.

17. artikulua.- Ez betetzeak.

Beken onuradun diren pertsonek edo erakundeek hartutako betebeharrak ez betetzeak kontratua ez betetzea ekarriko du, eta horrela dago jasota 11. artikuluan aurreikusitako Konpromiso Agirian. Fundación Euskadi Kirola Fundazioari jasotako zenbateko osoa edo zati bat itzultzea ekar dezake.

Bereziki, doping kontuak direla-eta zehapen irmoa jaso duten kirolariek hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

I. ERANSKINA

KIROL MERITUAK

BALIOESTEKO IRIZPIDEAK

«Euskadi Kirola 2009» bekak oinarri hauek eskatzen dituzten baldintzak bete eta kirol-merituak egiten dituztenei emango zaizkie. Meritu horiek honako balioesteko irizpide tekniko hauen arabera haztatu eta balioetsiko dira:

1. irizpidea.- 2008an Euskadi Kirola beka baten onuradun izan diren kirolari eta kirol-erakundeek Fundación Euskadi Kirola Fundazioak ematen dituen zerbitzu osagarriak erabiltzeko eskubidea izango dute 2009an, oinarri hauen 4. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitakoarekin bat.

Era gehigarrian, 2008ko Beijingo Joko Olinpiarretan edo Joko Paraolinpiarretan parte hartu zuten kirolariek oinarrizko beka erabiltzeko eskubidea izango dute, oinarri hauen 4. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitakoarekin bat.

2. irizpidea.- Aurrekoaren kalterik gabe eta oro har, oinarrien 4. artikuluan aurreikusitako laguntzak emateko kategoria absolutuan lortutako kirol-emaitzak hartuko dira aintzat, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera. Kirol-emaitza bat baino gehiago egiaztatzen badira pertsona edo erakunde eskatzaileari mesede gehien egiten dion emaitza hartuko da aintzat. Oinarri hauen ondoreetarako, kategoria absolutua honako hau da: kirol-modalitate bakoitzaren maila goreneko kirol lehiaketa egiten den adin kategoria.

3. irizpidea.- Kirol egutegian errotuta dauden lehiaketetan lortutako kirol-emaitzak balioetsiko dira soil-soilik. Kirol egutegian errotuta dauden lehiaketak gutxienez 10 ekitaldi egin dituztenak dira, edo jarraian, ez urtero derrigorrean, azken 10 urteotan egin direnak. Salbuespenez, azken 5 urteotan egin diren lehiaketetan lortutako kirol-emaitzak ere aintzat hartuko dira, edo gutxienez 5 ekitalditan, soil-soilik garatzeko bidean dauden kirolak edo ezarri berriak badira.

4. irizpidea.- Ez dira aintzat hartuko Egitarau Olinpiarretan jasota ez dauden taldekako lehiaketetan lortutako emaitzak, banakako probei dagozkienak.

5. irizpidea.- Beka 2009 hauek jasotzeko Fundación Euskadi Kirola Fundazioaren lehentasunezko kirol-modalitateak honako hauek dira: emakumezkoen belar gaineko hockey-a, emakumezkoen judoa, emakumezkoen eskubaloia, pistako ziklismoa, slalom-piraguismoa eta bela olinpiarra.

6. irizpidea.- Oro har, kirol-emaitzak balioesteko dopingaren aurkako kontrol-sistema bat egotea aintzat hartuko da, eta kirol-lehiaketaren antolatzailearen ardurapean egongo da.

7. irizpidea.- 1. irizpidean ezarritakoaren kalterik gabe, beka hauen onuradun izateko, pertsona eskatzaileek jarraian aipatzen diren kirol-merituren bat egiaztatu beharko dute eskabideetan.

KIROL MERITUAK

Pertsona eta kirol erakunde eskatzaileen kirol merituak haztatu egingo dira, honako talde hauetako batekoak diren aztertuta:

A Taldea.- Banakako kiroletako kirolari olinpiarrak.

Kirol olinpiarreko banakako kirolarien kirol-potentzialean balioetsiko dira, modalitate olinpiarra egiten badute, honako balore taulari jarraituz:

Kirol potentziala puntakoarekin aldea Lehiaketa-balioa Olinpiarra / Ez olinpiarra 60

Kontinenteak

Herrialdeak

Lortutako postuaren balioa

Hobetzeko erreserba Adina 18 40

Zenbat urte lehiatzen 12

Kirol-ibilbidea 6

Biotipoa 4

Guztira 100

Kirolari bakoitzaren «kirol-potentziala» kontzeptua 0tik 100 puntura balioetsiko da. Kontzeptu horrek bi azpikontzeptu ditu: «puntakoarekin aldea» (guztizkoaren % 60ko balioa du edo 60 puntu) eta «hobetzeko erreserba» (guztizkoaren % 40ko balioa du, edo 40 puntu).

«Puntakoarekin aldea» azpikontzeptua lortutako kirol-emaitzaz ari da eta, aurreko taulan grafikoki adierazi bezala, beste bi baliotan banakatzen da: «lehiaketa-balioa» eta «lortutako postuaren balioa»

- «lehiaketa-balioa» nazioarteko lehiaketaren kategoria haztatzea da. Horretarako, zenbait arlo hartzen dira kontuan, hala nola, modalitate olinpiarra den ala ez, zenbat kontinentek eta herrialdek hartzen duten parte.

- «lortutako postuaren balioa» aztertzen den lehiaketaren azken sailkapenean eskatzaileak lortutako postua haztatzea da. Haztapena horrela egiten da: koefiziente zuzentzailea «lehiaketa-balioan» aplikatu, goranzko edo beheranzko joera duena, betiere kirolariak sailkapenean lortu duen posizio erlatiboaren arabera.

Bestalde, «hobetzeko erreserba» azpikontzeptuak kirolariaren inguruabarrak eta ezaugarriak balioesten ditu, kirol-jarduerari zuzenean loturik daudenak eta, taulan adierazi bezala, beste lau baliotan banakatzen da: kirolariaren adinaren haztapena, zenbat urte eman duen lehian, kirolariaren biotipoa eta kirol-ibilbidea.

A Taldeko kirolariei eskatzen zaizkien kirol-merituak: beka hauen onuradun izateko, A Taldeko kirolariek honako baldintzak bete behar dituzte:

a) Inguruabar pertsonalak direla eta, kirolariak «hobetzeko erreserba» kontzeptuan 30 puntutik behera lortzen baditu, aurreko taulan adierazitakoari jarraituz balioetsi dena, kirolariak gutxienez 60 puntu atera beharko ditu kirol-potentziala balioestean. 60 puntu horietatik, gutxienez 40, «puntakoarekin aldea» kontzeptuari dagozkio.

b) Inguruabar pertsonalak direla eta, kirolariak «hobetzeko erreserba» kontzeptuan 30 puntutik gora lortzen baditu, aurreko taulan adierazitakoari jarraituz balioetsi dena, kirolariak gutxienez 65 puntu atera beharko ditu kirol-potentziala balioestean. 65 puntu horietatik, gutxienez 35, «puntakoarekin aldea» kontzeptuari dagozkio.

B Taldea.- Banakako kirolariak, baina modalitate ez olinpiarretan.

Kirol ez olinpiarreko edo kirol olinpiarreko modalitate ez olinpiarreko banakako kirolariak «puntakoarekin aldea» azpikontzeptuaren bidez soilik balioetsiko dira, A Taldearentzat aplikagarri den taulan adierazitakoei jarraituz.

B Taldeko kirolariei eskatzen zaizkien kirol-merituak: beka hauen onuradun izateko, B Taldeko kirolariek gutxienez 40 puntu atera beharko dituzte, 60 puntutik, «puntakoarekin aldea» azpikontzeptuan, A Taldearentzat aplikagarri den taulan adierazi bezala.

C Taldea.- Taldekako kiroletako kirolariak, modalitate olinpiarretan.

Beka hauen onuradun izateko, taldekako kiroletako kirolariek modalitate olinpiarretan dagokion kiroleko Munduko Txapelketan edo Europako Txapelketan parte hartu izana egiaztatu beharko dute, gutxienez behin eta 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera.

D Taldea.- Taldekako kiroletako kirolariak, modalitate ez olinpiarretan.

Taldekako kiroletako kirolariak, modalitate ez olinpiarretan, «puntakoarekin aldea» azpikontzeptuaren bidez soilik balioetsiko dira, A Taldearentzat aplikagarri den taulan adierazitakoei jarraituz.

D Taldeko kirolariei eskatzen zaizkien kirol-merituak: beka hauen onuradun izateko, D Taldeko kirolariek gutxienez 40 puntu atera beharko dituzte, 60 puntutik, «puntakoarekin aldea» azpikontzeptuan, A Taldearentzat aplikagarri den taulan adierazi bezala.

E Taldea.- Goi Mailako kirolari egokituak.

Beka hauen onuradun izateko, kirol egokituetako kirolariek honako bi baldintza hauek bete behar dituzte:

a) 2008ko Beijingo Joko Paraolinpiarretan parte hartu izana.

b) 2009an dominaren bat lortzea, Munduko Txapelketan edo Europako Txapelketan.

F Taldea.- Kirol teknikariak.

Beka arrunta: Beka arrunta eskuratzeko, kirol teknikariek A, B, D edo E Taldeetako kirolariren baten prestakuntzaren arduradun nagusiak direla egiaztatu behar dute. Kirolari horiek, gainera, oinarrizko beka baten onuradun dira, oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian adierazitakoekin bat.

Beka arruntak honako zenbateko hau jasotzeko eskubidea ematen du: oinarrizko bekaren batuketaren % 25 eta kirolariak edo kirolariek lortutako sariak. Beka arrunta kalkulatze aldera, ez dira teknikari bakoitzeko 3 kirolari baino gehiago zenbatu edo neurtuko.

Beka berezia: Beka berezia eskuratzeko, kirol teknikariek honako baldintzetariko bat bete behar dute:

a) Beka hauen onuradun den kirol erakunde bateko arduradun tekniko nagusia izatea, oinarri hauen 6. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitakoekin bat.

b) Fundación Euskadi Kirola Fundazioak lehenesten dituen modalitateetako banakako bi kirolari edo gehiagoren arduradun tekniko nagusia izatea. Oinarri hauen 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusitako oinarrizko beka baten onuradun dira kirolari horiek.

Beka bereziaren bidez, teknikariak oinarrizko beka eta helburukako sariak eskuratuko ditu, kirolariek jasotzen dituztenak ez bezalakoak. Beka berezi hori goi mailako entrenamenduari ekiteko ematen da eta teknikariak lehentasunezko dedikazioa eman behar dio jarduera horri. Hau guztia Fundación Euskadi Kirola Fundazioarekin sinatutako Konpromiso Agirian jasoko da, oinarri hauen 14. artikuluan aurreikusi bezala.

Teknikariei beka berezi bakarra esleituko zaie, kirol modalitate bakoitzeko.

Inongo teknikarik ezingo ditu aldi berean jaso oinarri hauetako beka arrunt bat eta beka berezi bat.

G Taldea.- Goi Mailako Kirol-Erakundeak.

Beka hauek eskuratzeko, euskal kirol-erakundeek oinarri hauen 6. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

Goi mailako kirol-erakundeei beka bakarra esleituko zaie, kirol modalitate bakoitzeko.

II. ERANSKINA

«EUSKADI KIROLA 2009 BEKA»

ESKATZEKO EREDUA

(KIROLARIAK)

Izen-abizenak:

NAN:

Helbidea:

Telefonoak:

E-maila:

Egiten duen kirol modalitatea:

ADIERAZTEN DU

Goi mailako euskal kirolari laguntzeko bekak emateko oinarriek eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituela, 2009. urterako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak argitaratu dituenak eta beraz,

ESKATZEN DU

Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako euskal kirola sustatzeko «Euskadi Kirola 2009» beka ematea. Horretarako, honako agiri hauek aurkezten ditu:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan erroldaren ziurtagiria.

c) Euskal Federazioaren Lizentziaren kopia soila.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Kirol-kurrikuluma. Bertan nazioartean lortu diren kirol emaitzarik nabarmenenak deskribatzen dira (Hala badagokio, garrantzitsua da selekzio absolutuarekin nazioartean lehiatu den lehenengo urtea adieraztea).

f) 2009rako kirol-planifikazioa, kirolariak sinatua eta, hala badagokio, teknikari arduradunak sinatua.

g) Ingurune teknikoa eta biomedikoa identifikatzeko zinpeko aitorpena, kirolariak sinatua, ingurune horretan sartuta dauden pertsonen kualifikazioak eta akreditazioak barne daudela.

h) Era gehigarrian, kirol egokituko kirolariek minusbaliotasun maila egiaztatzen duen mediku-ziurtagiria aurkeztuko dute.

_______-(e)n, _______ko _______aren _______(e)(a)n.

Sin.: Kirolaria

III. ERANSKINA

«EUSKADI KIROLA 2009 BEKA»

ESKATZEKO EREDUA

(TEKNIKARIAK)

Izen-abizenak:

NAN:

Helbidea:

Telefonoak:

E-maila:

Kirol modalitatea:

ADIERAZTEN DU

Goi mailako euskal kirolari laguntzeko bekak emateko oinarriek eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituela, 2009. urterako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak argitaratu dituenak eta beraz,

ESKATZEN DU

Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako euskal kirola sustatzeko «Euskadi Kirola 2009» beka ematea. Horretarako, honako agiri hauek aurkezten ditu:

a) NANaren edo pasaportearen kopia.

b) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

c) Ikasketa-tituluen kopia soila, oinarri hauen 6. artikuluko 1-a) idatz-zatian adierazi bezala.

d) Oinarrizko bekaren kirol onuradunak sinatutako zinpeko aitorpena, 4. artikuluko 1.a) idatz-zatian aurreikusitakoarekin bat. Bertan adierazten da kirol teknikari gisa beka eskatzen duena kirolariaren prestatzaile nagusia dela.

_________-(e)n, _______ko ______aren _______(e)(a)n.

Sin.: Teknikaria

IV. ERANSKINA

«EUSKADI KIROLA 2009 BEKA»

ESKATZEKO EREDUA

(KIROL-ERAKUNDEAK)

Izen-abizenak:

NAN:

Erakundearen izenean eta ordezkapenean:

Erakundearen helbidea:

Telefonoak:

E-maila:

Kirol modalitatea:

ADIERAZTEN DU

Ordezkatzen dudan erakundeak goi mailako euskal kirolari laguntzeko bekak emateko oinarriek eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen dituela, 2009. urterako Fundación Euskadi Kirola Fundazioak argitaratu dituenak eta beraz,

ESKATZEN DU

Fundación Euskadi Kirola Fundazioak goi mailako euskal kirola sustatzeko «Euskadi Kirola 2009» beka ematea ordezkatzen dudan erakundeari. Horretarako, honako agiri hauek aurkezten ditu:

a) Kirol-erakundearen IFKren kopia.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Kirol Erakundeen Erregistroan izena emanda dagoela adierazten duen ziurtagiria.

c) Erakundea eratzeko agiriaren eta estatutuen kopia, kirol-erakundearen legezko ordezkariaren NANaren kopia, eta ordezkatzeko ahalmenaren egiaztatzea, bai ahalordetze-eskrituraren bidez, bai dagokion organoak egindako ziurtagiriaren bidez.

d) Zerga betebeharrak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria.

e) Kirol erakundeko kirolari guztiak kirolerako gai direla egiaztatzen duten mediku-ziurtagiriak.

f) Kirol erakundeko kirolari guztien euskal federazioaren lizentziaren kopia soila.

g) Deialdi honetan beka jasotzeko aukera duten kirolarien zerrenda, kirol-plantillakoak direnak.

__________-(e)n, _______ko ________aren _____(e)(a)n.

Sin.: Erakundearen ordezkaria


Azterketa dokumentala