14. zk., 2009ko urtarrilaren 21a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
266
EBAZPENA, 2008ko urriaren 22koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, EB2-1228/06-LC (SD2-13448/03) espedientean Emiliano Pérez García jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.
AURREKARIAK
1.- EB2-1228/06-LC espedientearen babesean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko maiatzaren 12ko Aginduaren bitartez, Bilboko udalerriko Bilbao La Vieja-San Antón aldean babes ofizialeko 85 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesuari hasiera eman zitzaion eta horren inguruko hainbat zehaztasun finkatu ziren.
2.- Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariak, 2008ko abuztuaren 11n emandako ebazpenaren bidez, prozedura horretan onartu eta baztertutakoen zerrendak onartu zituen. Ezarritako gehienezko diru-sarrerak gainditu dituztela-eta baztertutakoen zerrendan agertzen dira Emiliano Pérez García eta M.ª Paz Andrés Ruiz.
3.- 2008ko irailaren 9an, Emiliano Pérez Garcia jaunak ebazpen horren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Bertan, adierazten du ebazpenarekin bat ez datorrela eta alegatzen du bere errenta-aitorpenaren zerga-oinarria 14.454,16 eurokoa dela eta baliaezintasuneko pentsioa gehituta ez dela 33.000,00 eurotara iristen. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatzen du.
Aurrekari horietan oinarrituz, hona hemen
OINARRIAK
1.- Sail honetako Zerbitzu zuzendaria da errekurtso hori ebazteko eskumena duena, horrela xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuan. Errekurtsoa, nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitakoari jarraituz aurkeztu da.
2.- Honakoak dira erabili beharreko arauak: martxoren 4ko 39/2008 Dekretua, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2008ko apirilaren 16ko Agindua, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen duena; eta 2008ko maiatzaren 12ko Agindua, Bilboko udalerriko Bilbao La Vieja-San Anton aldean, babes ofizialeko 85 etxebizitza esleitzeko administrazio-prozedura hasten duena.
3.- 2008ko maiatzaren 12ko Aginduko zortzigarren xedapenean zera eskatzen da: 9.000 eurotik gorako eta 33.000,00tik beherako urteko diru-sarrera ponderatuak egiaztatzea, hain justu ere 2006ko errenta-ekitaldiko zergaldiari dagokionez.
4.- Kontuan hartu beharreko diru-sarrerei dagokienez, martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 21. artikuluaren arabera, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena Euskal Autonomia erkidegoan egin behar duten pertsonentzat, eta, egin behar izan gabe ere, egin dutenentzat, honakoak hartuko dira kontuan: dagokion zergaren gaineko aitorpenaren zerga-oinarria, aurrezki-oinarria eta oinarri orokorra, lan-etekinei aplikatutako hobariak eta, hala badagokio, egon litezkeen zergarik gabeko errentak.
Eskuartean dugun kasuan, espedientea aztertu ondoren ikusi da errekurtsogilearen bizikidetza-unitateak 2006an 33.764,20 euroko diru-sarrera ponderatuak egiaztatu zituela, ezarritako gehienezko diru-kopuruaren gainetik beraz. Horrenbestez, ebazpena zuzenbidearekin bat dator eta berretsi egin behar da.
Azaldutako oinarriak, aipatutako legezko xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainerako xedapen aplikagarriak ikusita, hauxe
EBATZI DUT:
Emiliano Perez García jaunak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtsoa Bizkaiko lurralde-ordezkariak EB2-1228/06-LC espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, eta bere hartan berretsi behar da, zuzenbidearekin bat baitator.
Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 22a.
Zerbitzu zuzendaria,
MIKEL ARANA ECHEZARRETA.