Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2009ko urtarrilaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7

EBAZPENA, 2008ko azaroaren 11koa, Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariarena. Honen bidez ebazten da Unión Farmacéutica Guipuzcoana SAren hitzarmen kolektibo (2008-2011 urteetarako) erregistratu, gordailatu eta argitaratzea (hitzarmen kodearen zenbakia: 8602072).

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2008ko urriaren 22an aipatutako hitzarmen kolektiboari buruzko derrigorrezko dokumentazioa aurkeztu zuten, ordezkaritza honetan, enpresarien zuzendaritzak eta —langileen ordezkapenean— enpresa batzordeak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Langileen Estatutuari buruzko Legeko 90.2 artikuluak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 29ko BOEn argitaratua) aurreikusten duen eskuduntza lan agintaritza honi dagokio, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren egitekoen eta organoen egitura ezartzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuko 17.f) artikuluak (2005eko urriaren 27ko EHAA) xedatutakoaren arabera, eta martxoaren 2ko 39/1981 Dekretuak (1981eko apirilaren 2ko EHAA) eta hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuak (1981eko ekainaren 6ko BOE) xedatutakoaren ildotik.

Bigarrena.- Sinatutako hitzarmen kolektiboak Langileen Estatutuari buruzko Legearen 85., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Honen ondorioz,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Hitzarmena Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailatzeko agintzea, eta aldeei jakinaraztea.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 11.

Lan eta Gizarte Segurantza zuzendaria,

ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.

UNIÓN FARMACEÚTICA GUIPUZCOANA SA ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

1. artikulua.- Aplikazio eremua.

Hitzarmen kolektibo hau Unión Farmacéutica Guipuzcoana SA entitateari eta entitateak Donostian eta Amorebieta-Etxanon dituen lantokiei aplikatuko zaie.

2. artikulua.- Iraupena eta indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia 2008ko urtarrilaren 1etik 2011ko abenduaren 31ra artekoa izango da.

3. artikulua.- Denuntzia eta luzapena.

Hitzarmen honen salaketa bere epemuga baino gutxienez 15 egun lehenago aurkeztu beharko zaio enpresari. Alde bietako batek ere ez badu hitzarmena epe horren barruan denuntziatzen, hitzarmena 6 hilabetez luzatuko da eta soldatak berrikusi egin beharko dira. Soldatak berrikusteko, Estatistikako Institutu Nazionalak sei hilabete horietako bakoitzerako adierazten duen bizi-kostuaren igoera hartuko da kontuan.

Hitzarmena denuntziatuz gero, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, harik eta hitzarmen berriaren testua sinatu arte.

4. artikulua.- Lanaldia.

Hitzarmen honen indarraldian honakoa izango lanaldia:

- 2008an 1.808 ordu egingo dira lanean; 39,73 ordu lantegian, astelehenetik larunbatera arte.

- 2009an 1.796 ordu egingo dira lanean; 39,47 ordu lantegian, astelehenetik larunbatera arte.

- 2010ean 1.784 ordu egingo dira lanean; 39,20 ordu lantegian, astelehenetik larunbatera arte.

- 2011n 1.772 ordu egingo dira lanean; 38,94 ordu lantegian, astelehenetik larunbatera arte.

Era berean, lanaldi etengabean ari direnek, zerbitzuaren beharrek halakorik eskatzen badute, lanaldia zatitu eta lanaldi zatituan aritzeko prest agertuko direla dioen erabakia bere horretan mantentzen da.

Enpresak eskubide hori erabiltzen badu, astebete lehenago emango die horren berri Enpresa Batzordeari eta dagokion langileari.

5. artikulua.- Oporrak.

Legezko oporraldiagatik 30 eguneko soldata erreala ordainduko da, garraio-plusa barne, eta nahitaez hartu beharko dira 26 lanegun.

Opor-egutegia Zuzendaritzaren eta Enpresa Batzordearen artean erabakiko dute.

Lehentasunezko oporraldia honakoa izango da: apirilaren 1etik irailaren 30a arte.

Enpresaren premiak direla-eta langileak bere oporrak lehentasunezko epetik kanpo hartu beharra izango balu, beste lau opor-egun emango litzaizkioke, urtean zehar hartu beharrekoak, eta betiere, lan egiten duen departamenduko jarduerari eragiten ez badio.

Langileak, bere kabuz, aukeratzen badu oporrak urtarrilaren 7tik martxoaren 31ra, maiatzaren 2tik ekainaren 23ra edo azaroaren 1etik azaroaren 31ra bitartean hartu gura baditu, beste bi opor-egun gehiago izango ditu, urtean zehar hartu beharrekoak, eta betiere, lan egiten duen departamenduko jarduerari eragiten ez badio.

Langile batek baino gehiagok epe berean hartu nahi badituzte oporrak, antzinatasun gehien daukan langileak izango du lehentasuna, baina txandaka egin beharko da.

Zuzendaritzak erabakiko du, Enpresa Batzordearekin adostuta, atal bakoitzeko zenbat langilek hartu ahal izango dituzten oporrak batera.

Oporren zerrenda martxoaren 1a baino lehenago aurkeztu beharko da, eta bertan lanpostuen mugikortasuna aurreikusi beharko da. Bestalde, urte bakoitzeko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da hurrengo urteko larunbatetako eta zubi-egunen txanden koadroa.

Langileei bi hilabete lehenago jakinaraziko zaizkie oporren datak. Oporretarako data jakin bat hartuta daukan langileren batek, data bere borondatez aldatu nahi badu, libre dagoen data batean hartu beharko ditu oporrak, lankiderik mugiarazi gabe.

Langileren batek gaixotasuneko edo istripuko bajarik badu oporrak hartu aurretik, eta bajaren iraupenagatik ezin baditu oporrak urte naturalaren barruan hartu, langileak aukera izango du oporrak hurrengo urtekoekin batzeko, beti ere hori guztia irailetik aurrera gertatzen bada. Oporrak nahitaez hartu behar dira eta ez dira diruz konpentsatuko.

6. artikulua.- Antzinatasuna.

Ikastaldia ere kontuan hartuko da antzinatasuna ordaintzeko orduan. Antzinatasuna oinarrizko soldataren % 5eko laurtekoen arabera kalkulatuko da.

Antzinatasunagatik egin beharreko aldiroko soldata igoerak laurtekoa betetzen den egunetik aurrera hasiko dira ordaintzen. Plus hori sari bat da langileak enpresarenganako duen loturagatik. Bestalde, sari hori ezin izango da beste kontzeptu batzuen bidez konpentsatu, baina enpresak kontzeptu beragatik dauzkan beste sari batzuekin batera xurgatu ahal izango da.

7. artikulua.- Antzinatasun sariak.

Hona hemen langileak enpresan egoteagatik ezarri diren sariak:

a) Enpresan 25 urte betetzen dituzten langileei haien hileko soldata erdiaren pareko beste bat. Zenbateko hori urtero igoko da, Estatistikako Institutu Nazionalak ezarritako PKIren arabera, gehi puntu bat.

b) Enpresan 40 urte betetzen dituzten langileei haien hileko soldataren pareko beste bat.

8. artikulua.- Aparteko lansariak.

Lau aparteko ordainsari ezarri dira. Laurak izango dira hileko soldataren bestekoak gehi langile bakoitzaren garraio-plusa.

Hona hemen aparteko sariak ordaintzeko datak: Urte bereko

- martxoaren 15a,

- ekainaren 15a,

- irailaren 15a,

- abenduaren 21a.

Aparteko sari hauek ezin izango ditu beste kontzepturen batek xurgatu.

9. artikulua.- Aparteko orduak.

Aparteko orduak kentzea.

Ohiko lanarekin zerikusirik ez duen arrazoiren bat dela eta, enpresak aparteko orduak sartzeko eskatuko balie langileei, Enpresa Batzordeari eman beharko lioke horren berri.

Ordu estrarik eginez gero, atseden egunekin konpentsatuko dira, eta enpresarekin hitzartuko da atseden orduak noiz hartu. Edozelan ere, langileak bere ataleko arduradunaren oniritzia beharko du lehendabizi. Arduradunak aurrez abisatzeko, hau da 48 ordu lehenago abisatzeko, eska diezaioke langileari. Enpresak hilero emango dio Enpresa Batzordeari ordu estren zerrenda. Ordu estra bakoitzeko 1,5 atseden ordu hartu ahal izango dira.

10. artikulua.- Lan-kontratuak.

Langile sartu berriak idazkiz kontratatuko dira, non baldintza guztiak jasoko diren. Baldintza horiek eginkizun berberak betetzen dituzten langileen modukoak izango dira.

Kontratua baliokoa izateko, langileak, enpresak, Enpresa Batzordeak eta langileak nahi duen sindikatuak izenpetuta egon beharko da.

Enpresak aldi baterako laneko enpresa bateko langileren bat kontratatzen badu, horren berri eman beharko dio Enpresa Batzordeari.

Menpekoaren laguntzaile modura langileak ezingo du egon hamabi hiletik gora, non eta ez den hitzartzen interesdunaren eta enpresaren artean.

11. artikulua.- Amaierako kitapena.

Amaierako kitapenak Enpresa Batzordeari jakinarazi behar zaizkio baliokoak izan daitezen, eta gero, enpresak eta langileak izenpetu beharko dituzte.

12. artikulua.- Ordaindutako lizentziak.

Enpresak ordaindutako lizentziak emango ditu, baldin eta justifikatuak badira, behean aipatzen diren kasuetan edo Langileen Estatutuan aurreikusitako bestelako kasuetan, eta halakoetan soldata erreala ordaindu beharko du. Baina ez du produkzio-primarik edo bestelako primarik ordainduko ez dagoelako pizgarririk. Lizentzia horiek ezinbestean hartu beharko dira lizentzia eskatzeko arrazoia gertatu den unean. Hona hemen lizentziak:

A) Ezkontzeagatik: Ordaindutako lizentzia 18 egun naturalekoa da; nahi izanez gero, 10 egun natural gehiago ere har litezke, ordaindu gabeko lizentzia gisa.

Oporraldiarekin batera egokitu arren, lizentzia hori ezin izango da xurgatu, ez osorik, ez zati batean.

B) Emazteak haurra izateagatik: 3 egun, eta horietatik gutxienez 2 lanegunak izan beharko dira. Lizentzia ordaindua beste bi egunez luzatu ahal izango da, erditzea zesareaz izan bada.

C) Ezkontidearen, seme-alaben, gurasoen, anai-arreben, biloben edo aitona-amonen gaixotasunagatik: 2 lanegun edo 4 lanaldi erdi jarraian. Lizentzia hilabetez luza daiteke, baina ordaindu gabe.

Gaixotasun larriak segitzen badu, eta gaixorik dagoena langilearekin bizi den ezkontidea, seme-alaba, guraso edo anai-arrebaren bat bada, langileak ordaindutako bigarren lizentzia eskatzeko eskubidea izango du. Baina, lehenengo lizentzia bukatu zenetik 30 pasatu behar dira segidan. Kasu honetan ez da aplikatuko joan-etorriengatik egiten den luzapena.

Aurreko lizentzia bukatzen denetik 30 egun segidan pasatzen diren bakoitzean, ordaindutako eta iraupen bereko beste lizentzia bat hartzeko eskubidea izango du langileak, baina joan-etorriengatik egiten den luzapenik gabe.

Atal honetan jasotakoaren ondorioetarako, gaixotasun bat larritzat jotzeko, dagokion medikuak eman beharko dio kalifikazio hori, eta hasieran aurkeztutako ziurtagirian emango du edo aldeetako edozeinek geroago eskatuta emango du. Zalantzarik egonez gero, Interpretazio Batzorde Mistoak egingo du ebazpena, eta honako irizpideak kontuan hartuta ebatziko du: ospitalizazio beharra, interbentzio kirurgiko larri samarra, laguntasunaren beharra, eta abar.

D) Lehen zerrendatu diren senideen heriotzagatik: hiru (3) egun natural. Izeba-osaben edo loben heriotzagatik: egun natural bat (1).

E) Anai-arreben, seme-alaben edo gurasoen ezkontzagatik: egun natural bat (1).

B, C eta D kasuetan, baldin eta 150 km-tik gora egin behar badira, beste hiru egun natural gehiagoko baimena emango da, izeba-osaben eta iloben ezkontzak izan ezik.

F) Ohiko etxebizitzaz aldatzeagatik: egun natural bat (1).

G) Langilea edozein mediku kontsultara joateko beharrezko denbora. Langileak medikuaren kontsultan egon dela ziurtatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dio enpresariari.

Edozelan ere, medikuaren kontsultara —nahitaez bete beharreko arrazoi pertsonalak direla eta— joateko 25 ordu ordainduko dira gehienez urtean, eta egiaztatu egin beharko dira.

Gainerako kasuetan, eta urtean 25 orduko mugaren barruan, ezkontideari, 15 urtetik beherako seme-alabei eta gurasoei medikuaren kontsultara laguntzearen ondoriozko absentziak, betiere behar bezala justifikatuta badaude.

H) Era berean, langileek bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur bat badute, edoskitzeagatik lanetik ordubete irteteko eskubidea izango dute, ordu hori bi zatitan erdibitzea izango dutela. Gizonezkoak zein andrazkoak eurek hala gura badute eskubide horren ordez ordu batez murriztu dezakete lanaldia, lehenengo edo azkeneko ordua hartuz. Gizonezkoak zein andrazkoak, halaber, lan-egun bakoitzeko ordu hori pilatu egin dezakete, langile andrearen lan-egutegiaren arabera, jaiotza egunetik urtebete igaro arte.

Bestalde, C), D) eta E) ataletan jasotako lizentziak hartu ahal izango dira gradu bereko edozein ezko-senideak badira (izeba-osaben eta loben kasuan izan ezik). Horrez gain, aitatasuna edo amatasuna onartu egingo da aurreko ondorio guztietarako, nahiz eta ezkonduta ez egon, baina behar beste agiri bidez egiaztatu beharko da.

Hitzarmen hau izenpetzen den unetik aurrera enpresak amatasun-eszedentziak ematen dituenean, langilea automatikoki itzuliko da lanera eszedentzia bukatzean eta betiko lanpostua gordeko zaio, baldin eta honako baldintzak bete badira:

1.- Amatasun-eszedentzia eskatzen den lehen aldia izatea.

2.- Eskatutako eszedentzia urte bete baino gehiagokoa ez izatea.

3.- Plantillaren % 2 baino gehiago ez egotea amatasun-eszedentzian aldi berean.

Ama eta aita biak lanean ari badira, batek bakarrik eskatu ahal izango du eszedentzia.

4.- Elkarrekin bizi direla egiaztatu duten bikoteak ezkondutzat joko dira 12. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako.

Langileak, enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna badu, eskubidea izango du borondatezko eszedentzian egoteko aukera aitor diezaioten; eszedentzia hori ez da lau hilekoa baino txikiagoa izango, ezta bost urtekoa baino luzeagoa ere. Langile bera berriz ere eskubide horretaz baliatu ahal izateko, aurreko eszedentzia bukatu zuenetik lau urte igaro beharko dira nahitaez.

13. artikulua.- Laneko jantziak.

Enpresak laneko 2 janzki-ekipo standard —lan mota bakoitzari egokitutakoak— esleituko dizkie langileei urtero.

Biltegian edo gidarien departamentuan lan egiten duen enplegatu bakoitzak bere kontura zapata edo zapatilla pare bat erosteko eskubidea du. Enpresak urtero 40,00 euro ordainduko dizkio, eta zenbateko hori urtero eguneratuko da KPIren arabera.

14. artikulua.- Ezgaitasunak.

Lan istripu edo gaixotasun profesional baten ondorioz, langileren batek ezgaitasunen bat badu, osasun egoera berriarentzat egokia den lanpostu baterako eskubidea izango du, eta lehengo lanpostuko soldata eta antzinatasuna gordeko zaizkio.

15. artikulua.- Aseguru poliza.

Enpresak langile guztientzako aseguru poliza bat kontratatu eta burutuko du, hau da, langileak ezintasun absoluturen bat badu edo hiltzen bada, langilearen sendiak 35.258,40 euroko indemnizazioa jasoko du heriotza naturala izan bada, eta 83.168,45 euro jasoko du heriotza edo ezintasun absolutua laneko istripuagatik gertatu bada. Indemnizazioen zenbatekoa automatikoki eguneratuko da urtero urtarrilaren batetik aurrera, Estatistikako Institutu Nazionalak ezartzen duen KPI kontuan hartuta, gehi puntu bat.

16. artikulua.- Erregulazio espedienteak.

Langileei laneko iraizpenaren berri eman aurretik, nahiz eta arrazoi objektiboengatiko iraizpena izan eta indarrean dagoen legedian araututa egon, eta enplegua erregulatzeko espedientearen eskabidea laneko agintariei aurkeztu aurretik, enpresak honakoak egin beharko ditu nahitaez:

A) Enpresa Batzordeari jakinarazi idatziz erregulazio espedientea, espedientearen oinarria eta enpresaren asmoa justifikatzen duten agiriak.

B) Hirurogeita hamabi (72) orduko epea ematea jakinarazpena egiten denetik, Enpresa Batzordeak txostena egin dezan. Txostena ez da izango loteslea.

Enpresak ez baditu betekizun formal horiek betetzen, iraizpena edo espedientea deuseztatu egingo da.

Epai batek adierazten badu iraizpen bat bidegabea edo baliogabea dela, ezinbestekoa izango da horren berri Enpresa Batzordeari ematea, interesatuari jakinarazi baino lehen. Plantillak murrizteko espedientea badago, eta enpresa eta langileak ados badaude, baina beti ere adostasun horrek zuzenean badakar murrizketa egiteko baimena, indemnizazioa ezingo da izan zerbitzuan egindako urteko 1,5 hilabete baino txikiagoa eta gehienez 12 urteko antzinatasuna hartuko da kontuan. Ordainketa-etendura edo kiebra aitorpena duten enpresak salbuetsita daude.

Arrazoi objektiboengatiko iraizpenak badira, enpresariak derrigorrean ordaindu beharko die iraitzitako langileei honako indemnizazioa: 30 laneguneko soldata lanean emandako urte bakoitzeko edo urte zatiko, betiere langileak bere adostasuna agertzen badu ebazpenarekiko.

Edozelan ere, gehienez 12 hileko indemnizazioa eman ahal izango da.

17. artikulua.- Sindikatu-atalak.

Langileek enpresako sindikatu-atal bat eratu ahal izango dute legez eratutako sindikaturen bateko afiliatuak badira.

Sindikatu-atalek honako bermeak izango dituzte:

a) Laneko gaiei eta gai sindikalei buruzko argitalpenak eta abisuak zabaltzea enpresako lokaletan. Afiliatuen kotizazioak bildu ahal izango dituzte eta ezin izango zaie trabarik jarri sindikatu-afiliazio arloko zereginak egiten diharduten bitartean; baina eskubide horiek ezin izango dute lana edo ekoizpenaren ohiko martxa oztopatu.

b) Enpresa Batzordeko postuetarako hautagaiak proposatzea hauteskundeetan.

c) Sindikatuetako ordezkariak proposatzea, enpresariaren aurrean sindikatu-ataleko afiliatuen ordezkari izateko.

d) Hitzarmen kolektibo, soldata berrikuste, erregulazioko espediente eta antzeko gaietan, sindikalista adituak, ekonomilariak, abokatuak eta abarren zerbitzuak erabiltzeko aukera eta horiek enpresako lokaletara sartzeko aukera. Edozelan ere, lehendabizi enpresari jakinarazi behar zaio eta enpresaren baimena beharko da.

e) Enpresak baimena emango die enpresako sindikatu-atal bateko afiliatuei enpresako lokaletan bilerak egiteko, baina lanorduetatik kanpo.

f) Afiliatutako edozein langileren aurkako diziplinako neurririk hartuz gero, arau-hauste larriak egiteagatik, enpresak interesatuari egiten dion idazki arrazoituaz gainera, afiliatuaren sindikatu-atalari ere kopia bat emango dio.

g) Gutxienez plantillako afiliazioaren % 20 duten enpresako sindikatu-atalek urtean gehienez bost egunera arteko lizentzia izango dute afiliatu guztientzat (ez bakoitzarentzat) prestakuntza sindikaleko ikastaroetara, sindikatuaren beraren kongresuetara eta antzeko beste jarduera batzuetara joateko. Lizentzia egun horiek hartu ahal izateko, sindikatuak 48 ordu lehenago jakinarazi beharko du, ordaindutako lizentziako egun bat baino ez bada erabili nahi, eta 72 ordu lehenago jakinarazi beharko du, egun bat baino gehiago erabili nahi badira.

18. artikulua.- Sindikatu-ataleko ordezkariak.

Lantokiko plantilla osotik gutxienez lantoki bakoitzeko afiliatu guztien % 20ko afiliazioa duten sindikatu-atalen ordezkariek soldata errealaren arabera ordaindutako hamar (10) orduko eskubidea izango dute gehienez hilean.

Artikulu honetan ezarri den afiliatu kopuruaren gaineko betekizuna betetzen duten sindikatu-ataleko ordezkariek langileen eta Enpresa Batzordearen ordezkariei bileretarako dei egin ahal izango diete, azken horiek ordainduta dauzkaten orduen barruan, eta hori egiteko, ohiko bileretarako ezarrita dauzkaten betekizun eta aurre-abisu berak izango dituzte. Artikulu honetan ezarri den afiliatu kopuruaren gaineko betekizuna betetzen duten sindikatu-ataleko ordezkariek enpresak hartu nahi dituen era honetako neurrien jakitun egon beharko dute:

1.- Enplegua erregulatzeko espedienteak.

2.- Enpresa osoaren edo zati baten lekualdatzeak.

3.- Lan sistema berriak edo pizgarri berriak sartzea.

4.- Lanaren antolaketari asko eragiten dioten erabakiak. Artikulu honetan ezarri den afiliatu kopuruaren gaineko betekizuna betetzen duten sindikatu-ataleko ordezkarien bileretara sindikatuko arduradun bat ere joan ahal izango da, baina lehendabizi horren berri eman beharko diote enpresari eta enpresaren baimena beharko da. Enpresak bilerak egiteko lokalak utziko ditu, enpresak dauzkan aukeren arabera.

Enpresako Zuzendaritza edo Zuzendaritzak eskuordetutako pertsona eta artikulu honetan ezarri den afiliatu kopuruaren gaineko betekizuna betetzen duten sindikatu-ataleko ordezkariak hiru hilean behin bilduko dira egoera orokorraren eta enpresaren martxaren berri emateko.

19. artikulua.- Langileen ordezkariak eta Enpresa Batzordea.

Langileen ordezkariak eta Enpresa Batzordea langileen ordezkaritzako organoak dira. Une bakoitzean indarrean dagoen legediak ezarritako bermeak eta osaketa izango dute, bai eta hitzarmen honetan ezarritakoak ere.

Langileen ordezkarien eta Enpresa Batzordeko kideen zereginetarako ordaindutako orduak honako hauek izango dira: 25 ordaindutako ordu Enpresa Batzorderentzat. Langileen ordezkarien eta Enpresa Batzordeko kideen orduak kide baten edo gehiagorengan pilatu ahal izango dira hilean, baina ordezkari bakoitzak gehienez ere 20 ordu pilatu ahal izango ditu.

Aurreko paragrafoan ezarritako pilaketez aparte, Enpresa Batzordeko kideek jarduera sindikaletarako dauzkaten ordaindutako orduekin ezin izango bestelako pilaketarik egin, Enpresako Zuzendaritzarekin berariaz adostutako kasuetan izan ezik.

Organismo horietako kideentzako ezarrita dauden ordaindutako orduak honako bilera hauetarako ere badira: ohiko bilera baterako hilean behin Enpresako Zuzendaritzarekin eta Enpresako Zuzendaritzak ordezkariek eskatuta deitutako bileretarako. Baina ordu horietatik kanpo geratzen dira Enpresako Zuzendaritzak deitutako gainontzeko bilerak.

20. artikulua.- Batzarrak.

Lanorduetan edo lanorduetatik kanpo batzar ordainduak egiteko baimena emango du enpresak. Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartea, gehienez ere 14 batzar eta 10 ordu izango dira.

Batzarretarako deia Enpresa Batzordeak egingo du, sindikatu-ataleko ordezkariak eskatuta edo haren ekimenez, eta honako baldintzak bete beharko ditu:

Enpresa Batzordeek nahitaez egin beharko dute batzarretarako deia -goiko paragrafoan adierazitako dei kopurua gehienez ere-, baldin eta enpresako sindikatu-ataleko ordezkariak eskatzen baldin badie batzarrerako deia egiteko, eta baldin eta sindikatu-ataleko afiliatu kopurua enpresako plantilla guztiaren % 33 bada gutxienez.

Gutxienez 48 ordu lehenago eman beharko zaio Enpresako Zuzendaritzari Batzarretarako deien berri. Horrez gain, batzarraren eguna eta gai zerrenda ere jakinarazi beharko zaizkio. Batzarra egiteko orduan Zuzendaritzarekin adostu beharko da.

Enpresak aukera izango du batzarraren eguna aldatzeko, ezohiko eta garrantzi handiko arrazoiren bat izanez gero horretarako. Langileen ordezkariek ere aukera izango dute aurre-abisua 24 ordura arte murrizteko. Batzar hauek soldata errealaren arabera ordainduko dira, beti ere batzar kopurua lehen adierazitakoa bada gehienez ere; baina ez da ordainduko produkzio-primarik edo bestelako primarik, pizgarririk ez dagoelako.

Ordaindu gabeko batzarrak lanorduetatik kanpo egingo dira, eta lehen adieraziotakoaren arabera egingo dira.

21. artikulua.- Enpresa Batzordearen eta langileen ordezkarien eginkizunak.

Hona hemen Enpresa Batzordearen eta langileen ordezkarien eginkizunak:

a) Enpresarentzako indarrean dauden lan-arauak, laneko segurtasun eta higieneko arauak eta gizarte segurantzako arauak bete egiten direla ziurtatzea, eta egon daitezkeen arau-hausteen berri ematea enpresari, bai eta egin beharreko erreklamazio guztiak egitea, arauok bete daitezen.

b) Lanbide-sailkapeneko administrazio-espedienteetan gaineko txostenak egitea, bai eta legez egin beharreko bestelako espedienteen gaineko txostena ere.

c) Enpresak bete nahi dituen lanpostuen berri izatea behar adinako aurrerapenarekin, bai eta kontratu berrien baldintza orokorren berri ere izatea.

d) Enpresako segurtasun eta higiene egoeraren berri izatea urtero, bai eta egoera hobetzeko hartuko diren neurrien berri ere izatea.

e) Langileei eragiten dieten neurri guztien berri izatea eta horien gaineko iritzia ematea, bereziki honako neurriak badira:

- Enplegua erregulatzeko espedientea.

- Enpresa osoaren edo zati baten lekualdatzeak.

- Lan sistema berriak edo pizgarri berriak sartzea.

- Lanaren antolaketari asko eragiten dioten erabakiak. Atal honetan aipatu diren gaien gainean enpresak izan ditzakeen egoerak baliokoak izateko, ezinbesteko baldintza izango da aldez aurretik horien berri ematea eta horien gainean iritzia eskatzea.

f) Ekoizpena hobetzeko edo hobekuntza teknikoak egiteko egoki iruditzen zaizkion neurriak proposatzea enpresari.

Enpresak aldiro aldiro emango die enpresaren martxa orokorraren berri Enpresa Batzordeari eta langileen ordezkariari.

Enpresa Zuzendaritzak Enpresa Batzorderekin dituen bileretan ematen duen informazioa isilpekoa izango da. Enpresa Batzordeko kideek eta langileen ordezkariek isilpen gorde beharko dute bileran esandakoa eta ezin izango diete enpresako gainontzeko langileei esan.

Enpresak langile bati ezarri ahal dizkion diziplinako neurri larri edo oso larrien berri izan beharko dute langileen ordezkariak eta Enpresa Batzordeak, eta biek izango dute neurri horien gaineko iritzia emateko aukera.

22. artikulua.- Langileen ordezkarien, Enpresa Batzordearen eta sindikatu-ataleko ordezkarien bermeak:

Hona hemen langileen ordezkarien, Enpresa Batzordearen eta sindikatu-ataleko ordezkarien bermeak:

a) Iragarki-ohol bat erabili ahal izatea laneko gaiei edo gai sindikalei buruzko komunikazioak ipintzeko. Zuzendaritzak horren berri izango du aldez aurretik.

b) Enpresarengandik bilerak egiteko lokalak jasotzea, enpresak dauzkan aukeren arabera.

Enpresa Batzordearen bilerak gutxienez 24 ordu lehenago abisatu beharko dira, nahiz eta presazko kasuetan edo behar bezala arrazoitutako kasuetan aurre-abisua laburragoa izan daitekeen. Ahaleginak egingo dira Enpresa Batzordearen bilerak nahikoa aurrerapenarekin antola daitezen.

c) Diziplinako neurri larri edo oso larriren bat hartu aurretik, eta neurriok baliokoak izan daitezen, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaie honako hauei zigor-proposamena:

Langileen ordezkariak badira, Enpresa Batzordeari. Sindikatu bateko ordezkaria bada, ordezkari horri dagokion tokiko edo probintziako sindikatuari.

Hurrengo 48 orduen buruan organismo horiek txosten bat egin beharko dute eta enpresak egoki ikusten duen zigorra ezarri ahal izango du zuzenean. Organismoen txostena ez da loteslea izango.

Berme honek agintaldia bukatu eta hurrengo bi urteetan ere iraungo du.

Jarduera sindikaletarako erabiltzen diren ordaindutako orduak gutxienez 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaizkio Enpresako Zuzendaritzari. Jarduera sindikalek ez dute gainontzeko ekoizleengan eragingo, ez eta ekoizpenaren martxa orokorrean ere. Langileren batek ordezkariengana edo sindikatu ordezkariengana jo nahi badu, lanorduetatik kanpo egin beharko du.

Enpresak eskumena izango du zeregin sindikaletan ari diren ekoizleak aldi baterako eta agintaldiak irauten duen bitartean lanpostuz aldatzeko, baldin eta zeregin sindikaletan aritzeagatik enpresaren ohiko martxari kalte egiten badio. Lekualdatzea Enpresa Batzordeari jakinarazi beharko zaio lehendabizi, bai eta horren gaineko iritzia eskatu ere. Bestalde, lekuz aldatutako langileari ezin zaio kalterik egin diru aldetik, eta leku aldaketak ezin izango die kalterik egin haren zeregin sindikalei. Lanpostu berria lehengoaren antzekoena izan beharko da, beti ere enpresak dauzkan aukeren arabera.

Jarduera sindikaletan aritzeko ordaindutako orduak enpresa barruan zein kanpoan erabili ahal izango dira. Edozelan ere, langileek justifikatu egin beharko dituzte ordu horiek, baina ordu horiek justifikatzeko ez da beharrezkoa izango gai-zerrenda edo aztertu beharreko gainontzeko gaiak aurkeztea.

23. artikulua.- Mediku-azterketa.

Enpresako osasun zerbitzuetako medikuek urtean behin azterketa egin beharko diete langile guztiei, eta azterketa egiteko behar diren bitartekoak zehaztuko dituzte, baldin eta enpresak berak ez badu zerbitzu medikurik. Gaixotasun profesionalen bat izateko arrisku gehien duten lanpostuetan gutxienez sei hilabetean behin egin beharko da medikuaren azterketa. Azterketa lanorduetatik kanpo eginez gero, azterketa egiteko erabili den denbora ez da ordainduko.

Urteko arakatze medikoa borondatezkoa izango da, nahiz eta enplegatuek, euren kabuz ez badute parte hartzen arakatzean, agiri bat izenpetu beharko duten, horren berri emanaz. Odol- eta gernu-arakatzea egingo da. Lanbide gaixotasuneko arriskua beren beregikoa duten lanpostuetan (gorreria, dermatosia, ikusmena galtzea, bizkarrezurreko arazoak) bidezkoak diren arakatzeak egingo dira. Horrelakoetan (gaixotasun profesionalen bat izateko arrisku gehien duten lanpostuetan) azterketa urtean bitan ere egin ahal izango da: azterketa bat enpresak esaten duenean eta bestea langileak premia duenean.

Beharrezkoa bada, bai Zuzendaritzak bai langileen ordezkaritzak horretan espezializatutako erakunde ofizialen aholkularitza eta esku hartzea eskatu ahal izango dute erakunde horrek arrisku maila edo eragile kaltegarrien kontzentrazio erreala iker dezan. Baina, hori eskatzeko, lehendabizi alde biak ados agertu beharko dira.

Edozelan ere, alde biek onartu egin beharko dituzte erakunde horrek egindako neurketen emaitzak eta ikerketaren txostenek proposatzen dituzten neurri zuzentzaileak eta aginduak ere martxan jarri beharko dituzte.

Langile bakoitzak izango du berari eragiten dioten istripuen gaineko ikerketen emaitzak edo neurketa higienikoen gaineko emaitzak jakiteko eskubidea. Era berean, mediku azterketen emaitzen berri izateko eskubidea ere izango du.

Bestalde, langileak derrigorrean bete beharko dituzte Segurtasun eta Higienearen gaineko arau eta jarraibideak, eta bereziki bete beharrekoa izango da pertsonentzako babes-jantziak erabiltzea.

24. artikulua.- Langileak lekuz eta eginkizunez aldatzea.

Langileen funtzioak aldatu nahi izanez gero edo langileak lekuz aldatu nahi izanez gero, ezinbestean eman behar zaio horren berri Enpresa Batzordeari eta interesatuekin negoziatu beharko da.

25. artikulua.- Garraioa.

Garraio plusari buruz jasotakoaz gain, Errege Katolikoetatik Igararainoko langileak garraiatzea eta itzultzea, baldin eta enpresan 2000ko martxoaren 1a baino lehenagotik badago lanean, enpresak jarritako baliabide propioekin egingo da, eta horrek ez du murrizketarik ekarriko plus hori kobratzerakoan. Bestalde, enpresak ohiko lanorduetatik kanpo premiaren bat izanez gero, enpresak berak antolatuko du behar diren langile guztientzako garraiobidea, edo, bestela, kilometroak ordaindu beharko dizkio bere kabuz mugitzen den langileari.

26. artikulua.- Atsedenaldiak eta lanaldiaren murrizketa.

Artikulu honi buruzko gora behera guztiak hitzarmeneko 12., 17.,18., 19. eta 20. artikuluetan daude jasota.

27. artikulua.- Asistentzia medikoa.

Artikulu honi buruzko gora behera guztiak hitzarmeneko 12. eta 23. artikuluetan daude jasota.

Enpresak sistema publikoan mantenduko ditu ohikoak diren aldi baterako ezintasunak, hau da, gaixotasun arruntak eta lanekoak ez diren istripua, bai eta gertakari horien gaineko alta eta bajen kontrola ere. Eta ez du halakorik estaltzeko, Gizarte Segurantzaren entitate laguntzailerik erabiliko (Laneko istripuen eta lanbideen entitateen mutuak -MATEP).

28. artikulua.- Langileen sailkapena

Kategoriak bi urtean behin berrikusiko dira, eta ez da halakorik egin beharko gaitasun handiagoa egiaztatzen duten lanbide ikasketen kasua.

Maila-igoerak kategoria guztientzat eta baldintza berdinekin izango dira, eta honako betekizunak bete beharko dira:

a) Bi urtean behin berrikustea.

b) Lanpostu hutsik egonez gero, honako arauak beteko dira: antzinatasunaren araberako txanda, gaitasun proba eta beheko mailen lehiaketa.

c) Langileen ordezkarien eta Enpresa Batzordeak eta Enpresako Zuzendaritzak ebatziko dituzte erreklamazioak.

29. artikulua.- Bidegabeko iraizpenak.

Agintari eskudunek baliogabekotzat edo bidegabekotzat jotzen dituen iraizpenik egonez gero, enpresak berriro hartu egin beharko du nahitaez langilea, eta enpresak iraitzi aurretik zeukan lanpostura itzuliko da langilea, eta lehendik zeuzkan baldintzak eta egoera izango ditu. Klausula hau ez da aplikatuko, ordea, bi milako martxoaren bataz geroztik izenpetutako kontratu finkoen kasuan; izan ere, kasu horietan enpresak ez du langilea berriro hartu beharrik izango, ez eta lehengo lanpostura itzularazi beharrik izango ere.

30. artikulua.- Berme pertsonalak.

Ez dira enpresako plantillan baja izango, ondorio ekonomikoetarako salbu, manifestazioetan eta greba legaletan parte hartzeagatik edo bestelako arrazoi politikorengatik atxilotu egin dituztelako lantokira ez datozen langileak. Langile horiek automatikoki itzuliko dira betiko lanpostura. Delitu arruntak salbuespena izango dira.

31. artikulua.- Aldi baterako ezintasuna.

Enpresak, langileak gaixotasunagatik baja hartuz gero, soldata errealaren % 100 ordainduko dio aldi baterako ezintasunak dirauen artean.

32. artikulua.- Ordainsariak.

Hitzarmen hau indarrean dagoen artean soldatak era honetan gehituko dira:

- 2008. urteko gehiketa KPI + % 1,5 finkoa-metagarria + % 0,5 aldakorra-ez metagarria, baremo hau kontuan hartuz: % 0,25, baldin eta onura —zergak ordaindu ondoren— 500.000 euro eta 1.000.000 eurora artekoa bada; eta % 0,5, baldin eta onura —zergak ordaindu ondoren— 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

- 2009., 2010. eta 2011. urteetako gehiketa KPI + % 1 finkoa-metagarria + % 0,5 aldakorra-ez metagarria, baremo hau kontuan hartuz: % 0,25, baldin eta onura —zergak ordaindu ondoren— 500.000 euro eta 1.000.000 eurora artekoa bada; eta % 0,5, baldin eta onura —zergak ordaindu ondoren— 1.000.000 eurotik gorakoa bada.

Soldata gehiketa hori 2007ko abenduaren 31n indarrean zeuden taulen gain ezarriko da.

33. artikulua.- Laneko segurtasuna eta osasuna.

Enpresako Zuzendaritzak eta langileek onartu egiten dituzte indarrean dagoen legediak eta hitzarmen honetan jasotako xedapen bereziek laneko segurtasun eta osasunaren arloan zehazten dituzten elkarrenganako erantzukizun eta eskubideak.

34. artikulua.- Errelebo-kontratua.

Unión Farmacéutica Guipuzcoana SAko Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak erabaki bat izenpetu dute plantillak ordezkatu eta eraberritzeari buruz, 15/1998 Errege Dekretu Legean, 144/1999 Errege Dekretuan eta 2008ko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen 40/2007 Legean ezarritakoaren arabera.

- Indarreko arauetan eskatutako adina betetzean, Enpresako langile guztiek izango dute eskubidea erretiro partziala hartzeko eta lanaldi partzialeko kontratua egiteko, 15/1998 Errege Lege-Dekretuaren, 144/1999 Errege Dekretuaren eta 40/2007 Legearen arabera.

- Horretarako, langileak Enpresako Zuzendaritzari erretiro partziala hartzeko asmoa duela adieraziko dio.

- Langileak ahal den erretiro partzial handiena hartuko du eta, aldi berean, lanaldi partzialeko kontratua sinatuko du enpresarekin, hain zuzen ere, indarreko arauetan ezarritako lanaldiko portzentajearekin. Unión Farmacéutica Guipuzcoana SAk, bestalde, errelebo kontratua izenpetuko du kasu bakoitzean ezarritako legezko baldintzak betetzen dituen pertsonarekin.

- Erretiro partziala eta, ondorioz, lan-harremana, 144/1999 Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera amaituko da.

- Erretiro partziala hartu duen langileak dagokion pentsioa jasoko du Gizarte Segurantzatik, bere egoerari aplika dakiokeen indarreko araudiaren arabera. Unión Farmacéutica Guipuzcoana SAk denbora partzialeko kontratu berriari dagozkion soldatak ordainduko ditu lanaldian ezarritzako portzentajearekin.

Interpretazio Batzorde Mistoa:

Bi aldeek bina kide izendatuko dituzte. Batzordearen eginkizunak izango dira hitzarmen kolektiboaren testuko baldintzak interpretatzea eta bitartekari lanak egitea, halakorik egin beharra ikusten bada.

Hitzarmen honetan negoziatu ez den guztia 1994-12-31n indarrean zegoen Merkataritza Antolaketaren arloan legislatuta zegoena hartuko da kontuan, nahiz eta indargabetuta egon.

Soldata taulak

Kategoria Hileko soldata (euroak) Urteko soldata (euroak)

Pertsonal Tekniko Titulatua 2.334,79 37.356,58

Buruak 1.866,74 29.867,78

Atalburuak 1.579,08 25.265,34

Ofizioko profesionalak/dendariak 1.380,32 22.085,04

Ofizioko profesionalak/gidariak 1.380,32 22.085,04

Ofizioko profesionalak/saltzaileak 1.380,32 22.085,04

Ofizioko profesionalak/ofizial administrariak 1.380,32 22.085,04

Ofizioko profesionalak/kontabilitate-makinako langileak 1.380,32 22.085,04

Garbitzaileak 1.380,32 22.085,04

Laguntzaileak 1.074,92 17.198,66

Laguntzaileak 1.074,92 17.198,66

Taularen balio-epea: 2008ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra arte.


Azterketa dokumentala