Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

1. zk., 2009ko urtarrilaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Osasun Saila
5

4371/2008 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Donostia Ospitaleko Erizaintzako zuzendari lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Donostia Ospitaleko Erizaintzako zuzendari lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du zuzendaritza nagusi honek. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.- Donostia Ospitaleko Erizaintzako zuzendari lanpostua betetzeko deialdian —ebazpen honen bitartez egiten da deia—, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoek parte har dezakete (funtzionarioek, estatupekoek nahiz lan-kontratuko langile finkoek), bai eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta horko erakunde autonomoetako funtzionarioek eta beste langile batzuk ere. Hauek dira bete beharko dituzten baldintzak:

1.- B1 taldeko Erizaintzako diplomatura titulazioa eduki beharko dute.

2.- Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izan beharko dute.

Bigarrena.- Interesdunek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez ditzakete eskabideak.

Hirugarrena.- Deialdi honetan parte hartu nahi dutenek Curriculum Vitaea aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera, honako hauek adierazteko:

- Ikasketa-tituluak.

- Betetako lanpostuak.

- Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan duten esperientzia.

- Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta adierazteko modukotzat duten beste edozein merezimendu.

Eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egoki deritzoten beste edozein agiri aurkez dezakete.

Laugarrena.- Deialdi hau Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.- Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari. Horretarako, hilabeteko epea emango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 9a.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,

GLORIA QUESADA MENÉNDEZ.


Azterketa dokumentala