243. zk., 2008ko abenduaren 19a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7052
AGINDUA, 2008ko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako Larrialdi Kolektibo eta Ebakuazioaren gaineko II. eskola-lehiaketarako deia egiten da.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak larrialdien arloko eskumenak hartzearen eta EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan autobabeserako planak ezartzeko jarduera-estrategiaren oinarri nagusietako bat langileen parte-hartzea da.
Eskuarki onartzen da prebentziorako politikak, epe laburrera eta luzera eraginkorra izateko, oinarrizko eta hasierako prestakuntza-aldian dauden biztanleen sektore gazteagoenentzako jarraibideak ezarri behar dituela.
Hori dela eta, eta apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna izanik, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoek Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako, Ikasleen Hezkuntzako (IHI) eta Kontserbatorioetako ikasleekin ikastetxeetako larrialdi kolektiboekin eta ebakuazioarekin, eta hauen zergatiarekin loturiko jarduerak egin ahal izatea proposatu da.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitakoak, VI. tituluan jasotako xedapenekin eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenekin bat etorriz, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak hala proposatuta, honakoa
XEDATU DUT:
1. artikulua.- Helburua eta finantzaketa.
1.1.- Agindu honen helburua Larrialdi Kolektibo eta Ebakuazioaren gaineko II. eskola-lehiaketa deitzea da, gerta daitezkeen larrialdi kolektibo eta ikastetxeetako ebakuazio motekin erlazionaturiko lanak gauzatzeko.
1.2.- Agindu honetan adierazitako sariak finantzatzeko zenbatekoa, guztira, 35.000 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko Aurrekontu Orokorren kontura.
2. artikulua.- Parte-hartzaileak.
2.1.- Agindu honetan adierazten den lehiaketan, bakarka edo taldean (gehienez 5 ikasle) parte hartu ahal izango dute EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan 2008-2009 ikasturtean matrikulatutako ikasle guztiek.
2.2.- Hezkuntza-mailen arabera ondoko 7 kategoria hauek ezarri dituzte:
Kategoria Parte-hartzaileak:
ikasleak Informazio gehiago:
A Haur Hezkuntza II. eranskina
B Lehen Hezkuntza III. eranskina
C Bigarren Hezkuntza IV. eranskina
D Batxilergoa V. eranskina
E Lanbide Heziketa VI. eranskina
F Ikasleen Hezkuntza Iraunkorra VII. eranskina
G Kontserbatorioa VIII. eranskina
3. artikulua.- Lanak.
3.1.- Lehiaketan aurkeztuko diren lanak argitaragabeak izango dira eta bertan landutako gaia -kategoria bakoitzaren arabera- ikastetxeetako ebakuazioarekin eta kategoria bakoitzaren eranskinean zehazten diren zergatiekin erlazionatuta egongo da.
3.2.- Lan horien formatua, ezaugarriak eta balorazio-irizpideak aipatutako eranskinetan daude.
4. artikulua.- Lanen aurkezpena.
4.1.- Lanaren atzeko aldean lanaren izenburua adieraziko da. Lan bakoitzarekin batera gutun-azal itxia ekarriko da, kanpoko aldean, aurkeztutako lanaren izenburua eta zein kategoriara aurkezten den idatziak dituela.
Barruan, I. eranskina osatua sartuko da. Baliogabetzat hartuko dira beharrezko identifikazio-datuak ematen ez dituzten lanak.
4.2.- Lanak, gutun-azal itxia eta agindu honen I. eranskina -ikastetxeko zuzendariak behar bezala beteta-, eta Larrialdiei eta ebakuazioari buruzko II. lehiaketa goiburua dutela, honako honi bidaliko dizkiote: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko arduradunari (Lakua II. Donostia kalea, 1.- 01010 Vitoria-Gasteiz), Lurralde Ordezkaritzetako erregistroan aurkeztuko dituzte, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako prozeduretakoren bat erabiliko dute bidaltzeko.
4.3.- Lanak aurkezteko epea 2009ko apirilaren 28an amaituko da, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean.
5. artikulua.- Sariak.
5.1.- Bi sari emango dituzte: ezarritako kategoria bakoitzeko 1.ari eta 2.ari emango dizkiete sariak honako ezaugarriekin:
a) Lehenengo sariak: gehienez 900 euroko balioa duten opariak.
b) Bigarren sariak: gehienez 700 euroko balioa duten opariak.
5.2.- Sariak lan bakoitzeko emango dira, lana egiten parte hartu duen ikasle-kopurua kontuan izan gabe.
5.3.- Era berean, saritu dituzten lanak bideratu dituzten irakasleei, gehienez 800 euroko balioa duen ordenagailu eramangarri bana emango diete. Irakasle batek ezingo du sari bat baino gehiago eskuratu.
5.4.- Badago saria eman gabe uzterik edo hainbat lanen artean banatzerik ere; horrek ez du, ordea, zertan aldatu sariaren zenbateko osoa.
5.5.- Agindu honetan aurreikusitako sariak ezin izango zaizkie eman Gizonen eta Emakumeen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan xedatutako auzietakoren baten pean daudenei.
6. artikulua.- Balorazio-irizpideak.
Lanak aukeratzeko balorazio-irizpideak kategoria bakoitzari dagozkion eranskinetan zehazten dira.
7. artikulua.- Balorazio-batzordea.
Aurkeztutako lanak ebaluatzeko Balorazio-batzordea eratuko da. Honako hauek osatuko dute batzorde hori:
- Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko arduradunak, batzordeburu gisa jardungo du.
- Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko bi teknikarik, Zerbitzuak berak hautatutakoak.
- Idazkari-lanetan, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko arduradunak aukeratutako teknikari bat arituko da; hala ere, aholkulari-lanetan bi teknikari egon daitezke: larrialdi-gaietan esperientzia duen teknikari bat, eta behar den kasuetan, eskatutako formatuarekin (musika, argazkigintza, eta abar) lotutako beste teknikari bat.
8. artikulua.- Ebazpena.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak, Balorazio Batzordearen proposamenez, agindu honi dagozkion sarien ebazpena eta EHAAn argitara emango du, argitaratu eta hurrengo sei hilabeteetan. Aipatutako ebazpena, era berean, aurreko epe berberean banan-banan interesdunei jakinaraziko zaie.
Aipatutako epean ebazpenik ez bada argitaratzen edo jakinarazten, interesdunek ondoriozta lezakete beren lanak ez direla sarituak izan.
Aipatutako ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
9. artikulua.- Lanak erabiltzea eta itzultzea.
9.1.- Lehiaketa honetan parte-hartzeak berekin dakar Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta bere autonomia-erakundeei lanen erreprodukzio-eskubideak doan lagatzea. Jabetza eta lanen autoretzari atxikitako gainerako eskubideak egileen esku egongo dira.
9.2.- Lanak haiei itzultzea nahi duten parte-hartzaileek, eskabidea idatziz egingo dute ebazpenetik bi hilabeteko epean.
10. artikulua.- Bateragarritasuna.
Agindu honetan aurreikusitako sariak, helburu berberarekin beste edozein erakunde publiko zein pribatuk dei ditzakeen sariekin bateragarriak izango dira.
11. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan adierazitako sarien irabazleek, edozein kasutan, honako obligazio hauek bete beharko dituzte:
a) Emandako saria onartzea. Era honetan, hamabost eguneko epean, ebazpenaren berri eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, ez bada berariaz uko egiten, saria onartu dela ulertuko da.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen ondorioz jasotako sariei buruz beren funtzioak betetzeagatik eskatzen zaien informazioa ematea.
12. artikulua.- Ez-betetzeak.
Saria ematea eragin duten baldintzak ez betetzea gertatzen dela egiaztatzeak, jasotako diru-kopurua eta dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko beharra ekarriko du. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta bertan ezarritako zehaztapen eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
13. artikulua.- Kudeaketa-organoa.
Deialdi honetan aurreikusitako sarien kudeaketa-lanak egitea Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari dagokio.
14. artikulua.- Sariak ematea.
Sariak banatzeko ekitaldia 2009ko ekainaren 4an egingo da, Lakua II-ko ekitaldi-aretoan, goizeko 11:00etan.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzak emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009ko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egon beharko da.
Bigarrena.- Izaera Pertsonaleko Datuen Babeserako Lege Organikoak xedatutakoa berez, agindu honetako lehiaketan parte hartzeak interesdunaren baimena ematea dakar bere datuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetan sartzeko. Aipatutako legean aurreikusitako sartze-, zuzenketa-,ezeztapen- eta oposizio-eskubideak Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren aurrean gauzatu ahal izango dira.
Halaber, deialdi honetan parte hartu dutenek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute—deialdi honen xede bererako bakarrik—eta, Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Prozedura alorrean agindu honek aurreikusitako guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
Bigarrena.- Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, aipatutako EHAAn argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Hirugarrena.- Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Laugarrena.- Agindu hau ezartzeko behar diren argibideak eman ahal izango ditu Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 2a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
A KATEGORIA - HAUR HEZKUNTZA
Gaia: ikastetxeetako ikasgeletan sutea eragin dezaketen zergatiak eta ikasgelen ebakuazioa.
Formatua: gehienez 60 X 45 cm-ko neurriko kartela. Teknika librea. Marrazkiak orriaren alde bakarrean aurkeztuko dituzte, eta atzealdean material gogor bat itsatsiko diete erakusketa errazteko.
Balorazio-irizpideak:
a) Sutea sortzeko zergatiak eta ikasgela ebakuatzeko simulakroan nola jardun behar den adieraztea. Informazio gehiago: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/r43-sprlcont/es/contenidos/informaci on/emergencias/es_sprl/indice.html. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Larrialdi-seinaleen aipamena. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Jarrera solidarioa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
III. ERANSKINA
B KATEGORIA - LEHEN HEZKUNTZA
Gaia: ikastetxeetako sukaldean eta jangelan sutea eragin dezaketen zergatiak eta leku horien ebakuazioa.
Formatua: gehienez 60 X 45 cm-ko neurriko kartela. Teknika librea. Marrazkiak orriaren alde bakarrean aurkeztuko dituzte, eta atzealdean material gogor bat itsatsiko diete erakusketa errazteko. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du.
Balorazio-irizpideak:
a) Sutea sortzeko zergatiak eta ebakuazio-simulakroan nola jardun behar den adieraztea. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Larrialdi-seinaleen aipamena. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Jarrera solidarioa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
IV. ERANSKINA
C KATEGORIA - BIGARREN HEZKUNTZA
Gaia: ebakuazioa ikastetxetan.
Formatua: logotipoa, ikastetxetan eman daitekeen edozein larrialdi-motak eragindako ebakuazioko simulakro-ariketa erakutsiko duen irudiz eta slogan batez osatutako seinalea.
Lehiakide bakoitzak gehienez hiru logotipo (irudia eta slogana) aurkeztu ahal izango baditu ere, finalean lan bakar bat baino ezingo du izan.
Bazterrean utziko dituzte konnotazio erasokorrak dituzten edo gizartearen sentsibilitatea kaltetuko duten lanak.
Logotipoa euskarri zurrun batean muntatu behar da. Euskarri horren neurriak hauek izango dira: 30 X 30 cm.
Sloganak gehienez 5 hitz izango ditu (elebiduna: euskaraz eta gaztelaniaz).
Lanarekin batera memoria laburra aurkeztu beharko dute ikasleek. Memoria horrek gehienez orrialde bat izango du, eta bertan slogana eta logotipoa zergatik aukeratu dituzten adierazi beharko dute.
Balorazio-irizpideak:
a) Emaitza deialdiaren helburura egokitzea: ikastetxeetan ebakuazio-simulakroa irudikatzea. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Kalitate artistikoa eta originaltasuna: sinplea, gogoratzeko erraza, interesa eragin behar du, kopiatzeko erraza... 0 eta 20 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Lanaren elaborazio teknikoa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
V. ERANSKINA
D KATEGORIA - BATXILERGOA
Gaia: laborategietan sutea eragin dezaketen zergatiak eta laborategien ebakuazioa. Adibideak:
- Sutze-iturriak: sugarra duten tresnak, Bunsen metxeroak, bainu beroak eta berotzeko bestelako gailuak, berogailuak, gasezko botilak...
- Prozedura arriskutsuak laborategiko praktiketan.
- Produktu kimiko sukoiak biltegiratzea eta manipulatzea.
Formatua: deialdiaren gaiarekin loturiko istorio osoa irudikatuko duen komikia. Komikiko pertsonaiak originalak, egileek asmatuak eta argitaragabeak izango dira.
Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango baditu ere, finalean lan bakar bat baino ezingo du izan.
Bazterrean utziko dira konnotazio erasokorrak dituzten edo gizartearen sentsibilitatea kaltetzen duten lanak.
Lanek gehienez lau orrialde izango dituzte, eta orrialde-zenbakiak argi adierazita, koloretan edo zuri-beltzean, edozein teknika erabilita eta DIN-A4 neurrian aurkeztuko dituzte. Testurik agertzen bada, euskaraz edo gaztelaniaz.
Obra originala aurkeztu behar dute (ez dira kopiak onartuko). Marrazkiak orriaren alde bakarrean eta paper gogorrean aurkeztuko dituzte, lanaren erakusketa errazteko.
Balorazio-irizpideak:
a) Emaitza deialdiaren helburura egokitzea: laborategietan sutea eragin dezaketen zergatiak eta laborategien ebakuazioa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Segurtasun-fitxak, piktogramak, larrialdiko seinaleak aipatzea, eta ebakuazio-simulakroan nola jardun behar den adieraztea. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Lanaren elaborazio teknikoa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
VI. ERANSKINA
E KATEGORIA - LANBIDE HEZIKETA
Gaia: lantegietan sutea eragin dezaketen zergatiak eta lantegien ebakuazioa. Kausa posibleak:
- Sutze-iturriak: laneko ekipo desegokiak, sugarra duten tresnak, arrazoi elektrikoak, gasezko botilak, makinen prebentziorako mantentze-lanak egin gabe egotea...
- Prozedura arriskutsuak lantegiko praktiketan.
- Ordena eta garbiketa desegokiak, hondakinak eta erabiltzen ez diren materialak metatzea.
- Erregarriak, substantzia kimiko sukoiak biltegiratzea, manipulatzea: pinturak, bernizak, disolbatzaileak...
Formatua: deialdiaren gaia irudikatuko duten 1, 2 edo 3 argazkiz osatutako lana. DIN-A4 neurria. Argazkiak digitalki landuak egon daitezke.
Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango baditu ere, finalean lan bakar bat baino ezingo du izan.
Lanak euskarri gogor bati itsatsiak aurkeztuko dituzte erakusketa errazteko. Gainera, formatu digitalean -jpg formatua- ere aurkeztu behar dituzte CD batean grabatuta.
Balorazio-irizpideak:
a) Emaitza deialdiaren helburura egokitzea: lantegitan sutea eragin dezaketen zergatiak eta lantegien ebakuazioa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Segurtasun-fitxak, piktogramak eta larrialdiko seinaleak aipatzea, eta ebakuazio-simulakroan nola jardun behar den adieraztea. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Lanaren elaborazio teknikoa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
VII. ERANSKINA
F KATEGORIA - IKASLEEN HEZKUNTZA IRAUNKORRA (IHI)
Gaia: ikastetxeen ebakuazioa eragin dezaketen zergatiak. Gerta daitezkeen larrialdien adibideak:
- Erabiltzen ez diren materialak metatzeagatik sutea galdaretan, arrazoi elektrikoen ondorioz sutea ordenagailu-gelan, berogailuek eragindako sutea...
- Ikastetxearen ingurutik igarotzen den ibaiak gainezka egin ondoren uholdeak gertatzea.
- Ikastetxearen inguruko industrietan ihes toxikoa egotea.
Formatua: deialdiaren gaiarekin lotutako irudimeneko edo benetako gertakarien kontaketa laburra edo ipuina.
Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango baditu ere, finalean lan bakar bat baino ezingo du izan.
Bazterrean utziko dira konnotazio erasokorrak dituzten edo gizartearen sentsibilitatea kaltetzen duten lanak.
Lanek gehienez 1.000 karaktere izango dituzte (3 orrialde). Ale bat inprimatua igorri behar dute, orrialdeak zenbatuta, 12 tamainako Arial letrarekin, Microsoft Word testu-prozesadorean egina, espazio eta erdiko tartearekin, orriaren alde batean bakarrik idatzia, eta ezkerraldean grapaz josia, euskaraz edo gaztelaniaz.
Paperezko alearekin batera CD euskarri informatikoan lanaren kopia bat aurkeztu behar da.
Balorazio-irizpideak:
a) Emaitza deialdiaren helburura egokitzea: ikastetxeen ebakuazioa eragin dezaketen zergatiak. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Segurtasun-fitxak, piktogramak, larrialdiko seinaleak aipatzea, eta ebakuazio-simulakroan nola jardun behar den adieraztea. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Lanaren elaborazio teknikoa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
VIII. ERANSKINA
G KATEGORIA - KONTSERBATORIOAK
Gaia: ebakuatzeko zergatia eragin duen larrialdia edozein izanda, ikastetxe bat ebakuatzeko alerta-deia.
Formatua: gehienez 3 minutu iraungo duen edozein motatako soinu-zati bat konposatzea.
Egile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango baditu ere, finalean lan bakar bat baino ezingo du izan.
Soinu-zati hori instrumentu tradizionalekin eta/edo elektroakustikoekin egin ahal izango dute. Originala, argitaragabekoa eta deialdi honetarako espresuki sortutako lana izan behar du.
Emaitzaren grabaketa CD audio (44.1 khz eta 16 bit) batean aurkeztu behar da.
Grabaketarekin batera egindako lana azaltzeko memoria laburra (partitura, erabilitako baliabideak...) aurkeztu behar da.
Balorazio-irizpideak:
a) Emaitza deialdiaren helburura egokitzea: ikastetxeetan ebakuatzeko alerta-deia ezartzea. 0 eta 20 puntu arteko puntuazioa emango da.
b) Kalitate artistikoa eta originaltasuna. 0 eta 30 puntu arteko puntuazioa emango da.
c) Azalpen-memoriaren balorazioa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.
d) Lanaren elaborazio teknikoa. 0 eta 10 puntu arteko puntuazioa emango da.