Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2008ko abenduaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7046

207/2008 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Berezia eratu eta arautzen duena.

Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 19.1.b) artikuluan ezarrita dagoenez, langile autonomoek afiliatzeko eta aurretiazko baimenik gabe lanbide-elkarte bereziak sortzeko eskubidea dute. Lege horren 20.3 artikuluak dioenez, langile autonomoen elkarteak erregistro berezi batean inskribatuko dira, eta erregistro horrek ez du zerikusirik izango sindikatuek, enpresaburu-antolakundeek edo bestelakoek dituzten erregistroekin, horretarako ezarritako bulego publikoak erregistra ditzakeenekin. Azkenik, Lan Autonomoaren Estatutuaren Legearen seigarren xedapen gehigarrian eta 20.3 artikuluan aurreikusten denez, autonomia-erkidegoetan lan autonomoko elkarteen erregistro berezi bana eratuko da.

Horregatik, eta langile autonomoek lanbide-elkarteetako kide izateko eskubidea gauza dezaten, dekretu hau eman behar da. Beraz, bere eskumenak betetzeko behar diren zerbitzuak ordenan jarri eta antolatzeko administrazio honi dagokion autoantolatzeko ahalmena erabiltzen da.

Horrenbestez, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeari entzun ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 9an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Dekretu honen helburua Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Berezia sortzea da, hala aurreikusita baitago Lan Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen seigarren xedapen gehigarrian.

2. artikulua.- Izaera.

1.- Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Bereziak administrazio-izaera dauka eta zerbitzu publikoa da, nola herritarrentzat, hala bertara jo nahi duten erakunde publiko eta pribatuentzat.

2.- Erregistro bakarra egongo da Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari atxikita egongo da, haren menpean geratuta.

3. artikulua.- Inskripzioaren izaera.

Lan autonomoko elkarteak erregistro horretan inskribatzea elkarteen eratzearen eta estatutuen berri zabaltzeko baizik ez da izango.

4. artikulua.- Eginkizunak.

1.- Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Bereziak honako eginkizun hauek ditu:

a) Langile autonomoen elkarteak inskribatzeko egiten dituzten eskariak jaso eta izapidetzea.

b) Langile autonomoen elkarteak inskribatzeko egindako eskariak bat ba ote datozen ikustea, hain zuzen ere, elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren printzipioekin, eta bereziki haren estatutuen edukia bat ba ote datorren lege organiko horren II. kapituluan zehaztutako betebeharrekin, bai eta Langile Autonomoaren Estatutuaren uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 20. artikuluan ezarritakoarekin ere.

c) Zaintzea inskribatzeko eskatu duten lan autonomoko elkarteen izena ez dela lehenago inskribatutako antzeko beste lanbide-elkarte batzuena bezalakoa, edo nahasgarri gerta daitekeela, bai eta profesional autonomoa dela argi uztea ere.

d) Eskatzea inskribatze-eskariak izapidetzean behar diren beste txosten, eta batez ere Sailaren zerbitzu juridikoen txostenak.

e) Ebazpenak ematea lan autonomoko elkarteen eskarien, egintzen edo inskriba daitezkeen hitzarmenen inskribatzeari buruz.

2.- Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak du erregistro honetan sartu behar diren administrazio-espedienteak izapidetu eta ebazteko eskumena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretua aldatzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren organoen eta egitekoen egitura finkatzen duen urriaren 18ko 315/2005 Dekretuaren 17. artikuluari z bis) atala erantsi zaio. Honela dio:

«z bis) Lan autonomoarekin zerikusia duten eskumen- eta erakunde-eginkizunak erabiltzea, Euskadiko Lan Autonomoko Elkarteen Erregistro Bereziaz arduratzea ere».

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau betetzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 9an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala