Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2008ko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6936

AGINDUA, 2008ko azaroaren 19koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetako ikasleen 2008-2009 ikasturteko eguneroko garraio-gastuak ordaintzeko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Jakina da ikasle askok eta askok egunero beren ohiko bizitokitik unibertsitaterako joan-etorria egin behar izaten dutela ikasketak egin ahal izateko, herri eta hirietatik Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetarako distantzia dela-eta.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero egin izan duen garraiorako laguntzak emateko deialdi honen helburua honako hau da: joan-etorria egunero egin behar duten ikasleen zailtasun ekonomikoak arintzea, baldin eta 2008-2009 ikasturtean zehar sail honek ematen dituen beste beken onuradunak ez badira eta erakunde publiko edo pribatuek horretarako ezarritako beste laguntzarik ez badute.

Horiek horrela, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.­- Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetako ikasleen eguneroko garraio-gastuetarako laguntzetarako deialdia egitea, eranskineko oinarrien arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluaren ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokia eta nahikoa egon behar du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009. urteko aurrekontu orokorretan. Deialdi hau finantzatzeko 157.520 euroko zenbatekoa emango da. Kopuru hori, dena den, aldatu egin daiteke, ebazteke dauden eta emate-proposamena duten eskarien zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste programa batzuen exekuziotik atera daitezkeen aurrekontu-baliabide agortu gabeen arabera, eta eskariei buruzko ebazpena eman baino lehen. Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen batek emango du horren berri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.­- Deialdi honetan jasotzen ez den guztiari dagokionez, 2008-2009 ikasturtean unibertsitateko eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko beka orokorretarako deia egiten zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2008ko ekainaren 11ko Aginduan xedatutakoa ezarriko da (2008ko uztailaren 3ko EHAA).

Bigarrena.-­ Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari baimena eman zaio agindu honetan xedatutakoa burutzeko beharrezko jarraibideak eman ditzan.

Hirugarrena.- Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Laugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria­Gasteiz, 2008ko azaroaren 19a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

OINARRIAK

1. oinarria.­ Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

a) Abenduaren 21eko 1721/2007 Errege Dekretuaren 4.1.d) artikuluan ezarritako baldintzak betetzea. Agindu honek deitutako beka eta laguntzak eskuratzetik kanpo geratuko dira Europar Batasunaz kanpoko ikasle atzerritarrak, baldin eta egonaldian badaude.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldaturik egotea.

c) 2008-2009 ikasturtean unibertsitateko eta goi mailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko beketarako deia egiten zuen Aginduaren I eranskinean 1. artikuluan zehaztutako ikasketaren bat Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxe batean edo goi-mailako zentro batean -Goi-mailako Arte Irakaskuntzak egiten dituzten ikasleen kasuan- egitea 2008-2009 ikasturtean.

d) Ohiko bizilekua duen herritik unibertsitatera egunero joatea.

e) Deialdi honen 3. oinarrian zehaztutako baldintza ekonomikoak betetzea.

f) Agindu honen 4. oinarrian zehaztutako irakasgai edo kreditu kopuruan matrikulatuta egotea.

g) 2008-2009 ikasturterako ikasketa- edo garraio-bekarik edo beste inolako laguntzarik ez eskuratzea.

h) Ikaslea bizi den herritik unibertsitatea dagoen herrira 10 km edo gehiago izatea.

i) Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, amaierako seigarren xedapenean, xedatutakoaren arabera.

2. oinarria.­ Dirulaguntza mota eta horren zenbatekoa.

1.­- Kilometroko 4,4 euroko modulua ezarri da eskatzailearen familia errenta garbia A mugakoa edo hori baino txikiagoa dutenentzat, eta 2,8 eurokoa A eta B mugen arteko familia errenta dutenentzat. Errenta-mugak eranskin honen 3. oinarrian azaltzen dira.

2.­- Ikaslea bizi den herriaren eta ikastetxearen artean errepidez dagoen distantziarik laburrena hartuko da kontuan.

3.­- Gehienez 110 kilometroko distantzia izango da kontuan.

4.­- Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, joan­etorriko bidaian egindako kilometro-kopuruarekin biderkatuko da kasu bakoitzari aplika dakiokeen modulua. Edozein kasutan, dirulaguntzaren gutxienekoa 308 eurokoa izango da A errenta muga baino baxuagoa edo berdina duten eskatzaileentzat eta 196 euro A eta B errenta muga artean duten eskatzaileen kasuan.

3. oinarria.­ Baldintza ekonomikoak.

1.­- Dirulaguntza hau eskatu ahal izateko, 2007ko familia errenta garbiak ezin gaindituko ditu ondoren zehazten diren mugak. Familia errenta garbia kalkulatzeko 2008-2009 ikasturtean unibertsitateko eta goi mailako beste ikasketa batzuk egiteko izaera orokorreko beketarako dei egiten duen Aginduaren I eranskinean 22. eta 23. artikuluak hartuko dira kontuan (Agindua, 2008ko ekainaren 11koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Agindu honen bidez, izaera orokorreko beketarako deia egiten da 2008-2009 ikasturtean unibertsitateko ikasketak eta goi-mailako beste ikasketa batzuk egiteko, 2008ko uztailaren 3ko EHAA).

Kide

kontagarriak A

muga B

muga

euroak euroak

1 11.522 14.310

2 18.768 24.427

3 24.647 33.155

4 29.235 39.375

5 33.176 44.010

6 36.982 47.510

7 40.580 50.971

8 44.154 54.416

2.­- 2008-2009 ikasturteko unibertsitate­ikasketetarako izaera orokorreko beketarako deia egiten duen Aginduaren I eranskinean 20. artikuluan zehaztutakoak joko dira kide kontagarritzat.

3.­- Laguntza hauek ez zaizkie emango aurreko idatz-zatian aipatzen den deialdiko I eranskinean 24. artikuluan arabera ezartzen diren mugak gainditzen dituen familiako kide diren ikasleei; horretarako, nahikoa izango da familia osatzen duten kide kontagarri guztien ondarea edo horietakoren batena mugatik gorakoa izatea.

4. oinarria.­ Gutxienezko irakasgai kopurua.

1.­- Dirulaguntza eskatu ahal izateko, gutxienez ondoren adierazten diren irakasgai edo kredituetan matrikulatuta egon beharko du ikasleak 2008-2009 ikasturtean:

a) Kreditutan egituratutako ikasketa-planen kasuan, ikasketa-planaren guztizko kreditu-kopuruaren ehuneko laurogeita bosta zati aurreikusitako iraupen-urteak eginez ateratzen diren kredituetan.

b) Kreditutan egituratu gabeko ikasketa-planen kasuan, eta lehen zikloko lehen mailan lehen aldiz matrikulatzen direnen kasuan, indarrean dagoen ikasketa-planaren arabera kurtsoa osatzen duten irakasgai guztietan egin beharko da matrikula. Ondorengo kurtsoetan, ikasketa-planaren irakasgaien guztizko kopurua zati plan horrek dituen urteen kopurua eginez ateratzen den zenbaki osoa hartuko da kontuan.

c) Gradu eta master ofizialen ikasketarako matrikulatu beharreko kredituen gutxieneko zenbakia 60 izango da.

2.- Indarrean dagoen ikasketa-planaren arabera dagokien ikastetxean kurtso osoan matrikula egin dutenek beka lortu ahal izango dute, nahiz eta kurtso horri dagokion irakasgai kopurua aurreko idatz-zatietan adierazitakoa baino txikiagoa izan.

3.- Ikasketa-planetan urteko eta lauhileko irakasgaiak daudenean, lauhilekoak irakasgai erditzat joko dira. Ikasketa-planak kredituka egituratuta badaude bakoitzak duen balioaren arabera kontatuko dira.

4.- Espezialitate ezberdinei dagozkien irakasgaiak edo titulua lortzeko beharrezkoak ez diren irakasgai edo kredituak ez dira sartuko, inolaz ere, aurreko idatz-zatietan aipatzen den gutxienezko kopuruan, ezta irakasgai edo kreditu konbalidatuak edo egokituak ere.

5.- Salbuespen gisa, ikasketa planaren egitura edo Unibertsitateko berariazko araudia dela-eta, ikasleak matrikulatu ahal duen ikasgai edo kreditu kopurua mugatuta egonez gero, dirulaguntza lortu ahal izango dute ezarritako minimoetara heldu gabe, ikasgai edo kreditu gehieneko kopuruan matrikulatzen diren eskatzaileak, beti ere eguneroko garraio-beharrizana egiaztatzen badute.

5. oinarria.­ Eskabideak aurkezteko epea eta tramitazioa.

1.­- Ikasketak egiten ari den ikastetxean eskura daitezkeen inprimaki normalizatuen bidez eskatu behar du beka ikasleak. Inprimaki honen eredua II. eranskinean atxikitzen da.

2.­- Eskabide-orria eskatzaileak ikasketak egiten dituen unibertsitate-ikastetxean aurkeztuko da, behar bezala bete eta izenpetu ondoren, oinarri honen 4. lerroaldean aipatzen diren agiriekin batera. Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea eta 2009ko urtarrilaren 30 arte (egun hori barne) luzatuko da.

3.-­ Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluak aipatzen dituen edozein tokitan ere aurkez daitezke.

4.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoa betez, inprimakian adierazten diren datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan erantsiko dira.

Eskaera sinatu duten pertsona fisikoak ez diren beste pertsona batzuen datu pertsonalak fitxategi automatizatu berean erantsiko dira; hortaz, horiek ere hala izango dela jakin beharko dute, beren datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko, horien aurka egiteko eskubideak, eta pertsona fisikoei indarrean dagoen araudiak aitortzen dizkien beste edozein eskubide erabili nahi izanez gero, helbide honetara jo behar duzu: Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea, 1- PK: 01010 - Vitoria-Gasteiz.

5.­- Eskabide-orriarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, kasuen arabera:

a) Administrazio-egoitzaren edo erroldaren ziurtagiria. Ziurtagiri horretan bizi lekuan bizi diren pertsona guztien zerrenda jasoko da.

b) Eskatzailearen eta kide kontagarri guztien nortasun agiri nazionalaren fotokopia, baldin eta 14 urtetik gora badute, eta 14 urtetik beherako kideen familia-liburuaren orrialdearen fotokopia (Atzerritarren kasuan legeztatutako egoitzaren dokumentu akreditatzailea).

c) Egunero joan-etorria egiten duela ziurtatzen duen agiria.

d) 2008-2009 ikasturteko matrikula-gordekinaren fotokopia; zehaztu egin behar da zenbat irakasgai edo kreditutan matrikulatu den, eta lauhilabetekoak ala kurtso osokoak diren.

e) Familiako sostengatzaile nagusiaren eta, hala behar izanez gero, gainontzeko kide kontagarrien 2007. urteari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko aitorpenaren fotokopia osoa edo Foru-ogasunaren egiaztagiria, aitorpena aurkeztu beharrik ez dutela adierazten duena.

f) Lan etekinen egiaztagiria (10T)edo beste edozein kontzeptuagatik jasotako diru-sarrerena, 2007an Pertsona Fisikoen gaineko Zergari buruzko aitorpena aurkeztu beharrik ez zuten familia unitate/kide kontagarrien kasuan, edo aurkeztu dutenen kasuan aitorpenean agertzen ez direnak.

g) Beka ordaintzeko bankuaren edo kutxaren kodea, bulegoaren kodea, kontrol-digitua eta kontu zenbakia agertuko den kontu korrontearen edo aurrezki-libretaren orriaren fotokopia. Eskatzaileak kontu horren titularra edo titular-kidea izan beharko du.

h) Ohizko etxebizitza ez den hiriko eta landa-lurretako Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko erreziboen fotokopia (2007. urteko kontribuzio erreziboak).

i) Familia eta ekonomia aldetiko independentzia egiaztatzen duten agiriak

j) 2008-2009 ikasturterako unibertsitate-ikasketak egiteko izaera orokorreko dirulaguntzen deialdiaren Aginduaren I eranskinaren 23. artikuluan zehaztutako egoeren dokumentazio akreditatzailea familia errenta netoa kalkulatzeko aplika daitezkeen dedukzioei buruzkoak (familia ugarien tituluak, elbarritasunei buruzkoak, ...).

k) Zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: Zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ez egotea ere. Halaber, ezin izango da sexu arrazoiengatik diskriminaziorik gertatu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

l) Eskatzaileak ongi deritzon beste edozein agiri.

5.­- Unibertsitateko gerentziek jasotako eskabideak 2009ko otsailaren 13a baino lehen bidaliko dituzte Unibertsitate Zuzendaritzara, eskatzaileen zerrendarekin batera.

6. oinarria. Hautespen- eta adjudikazio-prozedura.

1.­- Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleak honela sailkatuko dira: familia-errenta garbia (2008-2009 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiteko izaera orokorreko beketarako deia egin duen Aginduaren I. eranskineko 22. eta 23. artikuluek ezarri dutenaren arabera kalkulatuak) kide kontagarrien kopuruarekin zatikatzeak emandako modulu ekonomikoa txikienetik handienera ordenatuz.

2.­- Behin laguntzen zenbatekoak bigarren oinarrian ezarritakoaren arabera kalkulaturik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak horretarako izendatutako dirua agortu arte emango dira laguntzak, eta gainerako eskaerak ukatu egingo dira.

7. oinarria.­ Hautespen-organoa.

1.­- Hautespen-epaimahaia eratuko da espedienteak aztertu eta horiekiko erabaki­proposamenak emateko. Unibertsitate-zuzendaria izango da epaimahaiburu, eta mahaikideak, berriz, Unibertsitate Zuzendaritzako honako administrazio-atal hauetako ordezkari bana: Ikastetxeak eta Zuzendaritzaren Laguntza Teknikoa, Unibertsitate Antolamendua eta Ikasleentzako Laguntza.

2.­- Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. kapituluaren II. atalburuan ezarritakoaren arabera jardungo du hautespen-epaimahaiak.

3.­- Epaimahaiak agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei espedienteak erabakitzeko beharrezkoa baderitzo.

8. oinarria.­ Eskabideen ebazpena.

1.- Unibertsitate-zuzendariak prozedura ebatziko du eta eskatutako beka eman zaien ala ez banan-banan jakinaraziko die interesatuei, 6 hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango den Ebazpen horren bidez emango da beka eman ala ukatu zaien izangaien zerrendak tokian tokiko unibertsitateetako kudeaketa-unitateetan argitaratzeko agindua. Epe horretan ebazpena eman eta jakinarazi ezean, interesatuek eskaera atzera bota dela interpretatu behar izango dute.

2.­- Ordainketa bakar batean emango da adjudikatutako dirulaguntza, erabakia ematen denetik hasi eta hilabeteko epearen barruan.

9. oinarria.- Errekurtsoak.

Unibertsitate-zuzendariaren behin-betiko ebazpenak ez du amaituko administrazio-bidea, eta horren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek. Errekurtsoa Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari zuzenduko zaio, eta horretarako hilabeteko epea izango dute, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

10. oinarria.- Onuradunen betebeharrak eta laguntzen kontrola.

2008-2009 ikasturteko unibertsitate-ikasketetarako izaera orokorreko beketarako deia egiten duen Aginduaren I eranskinaren 50. artikuluan zehazten diren betebeharrak bete beharko ditu onuradunak.

11. oinarria.- Dirulaguntzak indargabetzea.

1.­- Honako hauek izango dira ohiko joan-etorrietarako ohiz kanpoko laguntzen adjudikazioak indargabetzeko arrazoiak: datuak ezkutatu edo gaizki ematea; beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek emandako honelako beste laguntza batzuekin bateraezinak izatea; emandako dirua finkatutako xederako ez dela bideratu frogatzea; baldintzaren bat bete ez edo behar den moduan ez dela egiaztatu konturatzea eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat gertatzea. Aurreko kasu guztietan interesdunek bidegabe jasotako dirua itzuli egin beharko dute, horiei dagozkien legezko korrituak gehituz. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Lege-Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2.­- Ezin izango da laguntza indargabetzeko erabakia eman, aldez aurretik interesdunari espedientea ikusteko eta horri buruzko alegazioak aurkezteko aukera eman gabe. Unibertsitate zuzendariak itzulketa­jardunbidea noiz hasten den eta arrazoiak zeintzuk diren jakinaraziko dizkio onuradunari, 15 eguneko epean egoki deritzon alegazioak aurkez ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zuen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren idazpuruko 5.1. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.­- Indargabetzeko erabakiak agintari fiskal, akademiko edo judizialei bidali ahal izango zaizkie, dagokionari dagokiona, horren ondorioz sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.


Azterketa dokumentala