Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2008ko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6930

AGINDUA, 2008ko abenduaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egiten duena.

Maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoaren 3. ataleko 6. gehigarrizko xedapenean finkatutako aurreikuspenekin bat etorriz, urriaren 2ko 2112/1998 Errege Dekretuak (6ko BOE), -azaroaren 28ko 1964/2008 Errege Dekretuak aldatua-, finkatuta uzten du bada, hezkuntza-administrazioek bi urtetik bi urtera egin behar dutela estatu osorako lehiaketetarako deialdia; irakasle funtzionario guztiek parte hartzeko moduan izango da hori, lehiaketarako baldintzak betetzen badituzte, irakasleok bere baitan hartzen dituen hezkuntza administrazioa edo funtzionario egoerara iristeko erabilitako hezkuntza administrazioa edozein izanda ere. Helburu horretarako, egintza bakar baten bidez parte hartu ahal izango dute interesatuek lehiaketa guztietan eta, ondorioz, destino bakar bat lortuko dute kidego bakoitzean, lehiaketak erabakitzen direnean.

Hezkuntza, Gizarte Politika eta Kirol Ministerioaren 2008ko abenduaren 1eko ESD/3473/2008 Aginduaren bidez prozedura-arauak zehazten dira, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak aipatzen dituen irakasleen kidegoetako funtzionarioentzat 2008-2009 ikasturtean deitu behar diren estatu mailako lekualdatze-lehiaketei aplikatzeko. Estatu osorako lekualdatze-lehiaketak koordinazio osoz egiteko beharrezko jardunbide arauak finkatzea da Agindu horren helburua, irakasle funtzionario guztiek baldintza berdinetan parte har dezaketela bermatzeko.

Azaldutako guztiarekin bat etorriz, hauxe,

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Deialdia.

1.- Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egitea.

2.- Deialdi horretako oinarri-arauak onartu egiten dira, eta Agindu honen eranskinean jasota agertzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Bigarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko auzitarako epaitegiari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERANSKINA

HEZKUNTZA-ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUAN DAUDEN IKUSKARIEN KIDEGOKO ETA HEZKUNTZAKO IKUSKARIEN KIDEGOKO IRAKASLE FUNTZIONARIOEN ARTEKO LEKUALDATZE-LEHIAKETAREN

DEIALDIA

OINARRI ARAUAK

Lehenengoa.- Deialdia.

Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko irakasle funtzionarioen arteko lekualdatze-lehiaketaren deialdia egiten da.

Bigarrena.- Deitutako lanpostuak.

Lehiaketari behin-behineko erabakia eman aurretik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da lekualdatze-lehiaketa honetan sartzen diren kidegoei dagozkien lanpostu hutsen zerrenda.

Lekualdatze-lehiaketa honetan sartzen diren lanpostuak hauek dira: bat, deialdia argitaratzerakoan hutsik dauden lanpostuak; bi, 2008ko abenduaren 31 baino lehen sortzen diren hutsak; hiru, lehiaketa erabakitzerakoan sortzen direnak eta, azkenik, gainerako hezkuntza-administrazioek deitutako lekualdatze-lehiaketak erabaki ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko eremuan sortzen diren lanpostu hutsak. Horiez gain, bestalde, derrigorrezko erretiroak direla-eta, 2007-2008 ikasturtea amaitu artean sortzen diren lanpostu hutsak ere gehitu ahal izango dira. Hala ere, lanpostu horiek aurrerantzean ere indarrean jarraituko dutela ohartemanda egon beharko da hezkuntzarako plangintza orokorrean.

Lanpostu hutsak definitzeko akats bat gertatzen bada edo lanpostu horren funtzionamendua estola-plangintzan aurreikusten ez bada, lanpostu huts horiek ezabatuko dira.

Hirugarrena.- Borondatezko parte hartzea.

1.- Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko funtzionarioek.

1.1.- Deialdi honetan eskainitako lanpostuetarako, jarraian aipatutako egoeretakoren batean dauden funtzionarioek parte har dezakete, beren borondatez:

a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetan behin betiko destinoarekin jarduneko zerbitzuan ari diren funtzionarioek, baldin eta azken behin betiko destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

b) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetan zerbitzu berezietako egoeran dauden funtzionarioek, baldin eta azken behin betiko destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

c) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetatik borondatezko eszedentzia egoeran dauden funtzionarioek. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 61. artikuluaren 1.b) idatz-zatian ohartemandako moduan, norbanakoaren interesagatik sortutako borondatezko eszedentzia egoeran badago, funtzionarioa eszedentziara pasatu zenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro badira baino ezingo du parte hartu.

d) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko hezkuntza-ikuskaritza lanpostuetan etenaldi egoeran dauden funtzionarioek, baina soilik etenaldirako disziplina zigorraren denbora bukatu zenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro badira.

1.2.- Idaz-zati honetan aipatutako lehiatzaileek, bestalde, hezkuntzako beste administrazioek egindako deialdietako lanpostuak ere sar ditzakete eskabidean, haien oinarri-arauetan finkatutako baldintzen arabera.

2.- Hezkuntzako beste administrazioen menpeko funtzionarioek:

Hezkuntzako beste administrazioen menpeko funtzionarioek ere deialdi honetako lanpostuak eska ditzakete, Agindu honetan finkatutako betekizunak eta baldintzak betetzen badituzte. Funtzionario horiek parte hartzen duten hezkuntza-administrazioaren kudeaketa-eremuan lortu behar izango dute beren lehenengo behin betiko destinoa.

Deialdi honen zazpigarren oinarri-arauean zehaztutako organoari zuzendu beharko diote parte hartzeko eskabidea lehiatzaile horiek.

Laugarrena.- Parte-hartze behartua.

1.- Lehiaketa honetan parte hartzera behartuta daude jarraian aipatzen diren egoeretakoren batean dauden funtzionarioak:

a) Eszedentziatik edo funtzioen etenaldi egoeratik etorri, behin betiko destinoa galduta, eta jarduneko zerbitzura itzuli diren funtzionarioak, baldin eta, deialdi hau argitaratzen den eguna baino lehenago, itzuleraren indarrez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kudeaketa-eremuan behin-behineko destino bat lortu badute.

Baina, lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, egin arren, lanpostu hutsen kopuru nahikoa ez badute eskatzen, ofizioz esleituko zaie behin betiko destinoa zerbitzuak bete zituzten azken lurralde historikoan kokatutako ikastetxeetan, edo hala badagokio, destinoaren zain geratuko dira.

b) Nahitaezko eszedentzian edo, destinoko lanpostua galdu dutelako, funtzioen etenaldian dauden funtzionarioak, zigorra bete eta gero, behin-behinean itzultzerik lortu ez badute eta egoera hori aitortu bazaie Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko ikastetxeren batean.

Aurreko lerroaldian aipatutako funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute edo, egin arren, ezkuragarri dituzten lanpostuak eskatzen ez badituzte ere, behin betiko destinorik lortzen ez badute, borondatezko eszedentzia egoeran geldituko dira, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 61. artikuluaren 1.b) idatz-zatian ohartemandako moduan.

c) Sententzia betetzetik edo errekurtsoari emandako erabakiaren ondorioz edo, behin betiko izaeraz lanpostu bat bete arren, berariaz lanpostu hori ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu duten funtzionarioak.

Parte hartu behar izan arren ez badute hori egiten, behin-behinean zerbitzuak ematen dituzten lurralde historikoan ofizioz destinatuko dira, eskatutako baldintzak betetzen dituzten lanpostuetarako. Parte hartzeko beharra bete baina eskatutako destinorik ez badute lortzen sei deialditan, ofizioz emango zaie destinoa, behin betiko destinoa galtzea eragin zuen arrazoia gertatu zen momentuan zerbitzuak ematen zituen lurralde historikoan.

d) Behin betiko zeukaten lanpostua galdu eta administrazioko beste lanpostu batzuetara joan diren funtzionarioak, euren kidegoan jardun aktiboaren egoera gorde dutenean, eta lanpostua utzi eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko lanpostuetan behin-behineko destinoa lortu badute.

Idatz-zati horretan aipatutako funtzionarioek lehiaketan parte hartzen ez badute edo, egin arren, nahiko lanpostu huts eskatzen ez badute, libreki esleituko zaie behin betiko destinoa, parte hartzeko eske-idazkian azaldutako lurralde historikoan edo lurraldeetan kokatutako lanpostuetan, eta bertan jarritako lehentasunen hurrenkeran.

Behin betiko destinorik lortzen ez badute, 2008-2009 ikasturtean zerbitzuak betetzen aritu izandako lurralde historikoan geldituko dira behin-behineko destino egoeran.

2.- Hezkuntzako beste administrazio batzuen menpeko funtzionariek ere izango dute Agindu honetan iragarritako lanpostuak eskatzerik; horretarako, deialdi honen zazpigarren oinarri-arauan adierazitako organoari zuzendu beharko diote parte hartzeko eske-idazkia, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Bosgarrena.- Hizkuntza-eskakizunak.

Indarrean daukaten hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea edo martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatutako martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren gehigarrizko xedapenetatik hirugarrenak aipatutako hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), bertan finkatutako baldintza eta betebeharrekin.

Seigarrena.- Eskabideak.

Lehiatzaileek aurkeztu beharreko eske-idazkia, III. eranskina eredutzat hartuta, hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan edukiko dituzte eskuragai. Idazki-eske bakarra aurkeztuko dute.

Eske-idazkiak izenpetzen dituztenek beren-beregi adierazi beharko dute oinarri-arauetan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean jasotako edozein ikuskaritza-zentrotarako egingo dira.

Nolanahi ere, lehiatzaileek eskatutako lanpostuak eske-idazkian adierazitako kodeei dagozkienak izango dira. Koderik ez badaukate, edo kodeak osorik ez badaude edo lehiatzaileek eskatu ezin dituzten lanpostuei badagozkie eskaerak deuseztatu egingo dira. Aipatutako arrazoi horietako bat dela medio lehiatzaile baten eskaera guztiak deuseztatuko balira lehiatzaile hori destinoen esleipenetik baztertuta geratuko litzateke. Horrek ez du esan nahi deialdi honetan destinoak ofizioz emateko ezarritako egoeretatik kanpo geratuko denik.

Zazpigarrena.- Dokumentazioa aurkeztea.

Eskatutako baldintzak eta azaldutako merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte lehiatzaileek, oinarri-arau hauen eranskin legez datorren baremoan zehaztutako oharpenekin bat etorriz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileek, ordea, ez dituzte 1.1, 2.3. eta 2.4. idatz-zatietan aipatutako merezimenduak egiaztatu behar izango.

Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak lehiatzaileak eurak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago lehiatzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

Eske-idazkiak aurkezteko epean agertutako merezimendu justifikatuak baino ez dira kontuan hartuko.

Bidalitako fotokopia guztiekin batera, erkaketa izapideak aurkeztu beharko dira, ikastetxeetako zuzendariek, hezkuntzako lurralde ordezkaritzek, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko probintzietako zuzendaritzek edo hezkuntza gaietan eskuduntzak dauzkaten autonomia erkidegoetako erakundeek egindakoak. Ez da onartuko erkaketa izapiderik ez daukan fotokopia bakar bate ere.

Administrazioak interesatuak edozein unetan deitzeko eskubidea izango du, zalantzak edo erreklamazioak sortzen dituzten merezimenduak argi ditzaten.

Zortzigarrena.- Eskabideak aurkezteko tokia.

Eske-idazkiak eta aurreko oinarri-arauean aipatutako agiriak honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko eta hezkuntza gaietan eskuduntzak dituzten autonomia erkidegoetako organoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatutako beste edozein bulegotan.

Bai deialdi honetako lanpostuak soilik eskatzen badira, zein gainontzeko hezkuntza administrazioetako lanpostuak sartzen badira ere, eske-idazki bakar bat egingo da eta aurreko puntuan aipatutako organoei zuzenduko zaie, eskatzaile bakoitzak une horretan daukan destinoko ikastetxearen arabera. Jarduneko zerbitzuan egon arren lanpostua gordeta ez daukaten lehiatzaileek edo eszedentzia nahiz eginkizun-gabetze egoeratik etorritakoek, ostera, honako organo honi zuzenduko diote eske-idazkia: irakasleok behin betiko azken destinoa lortu zutenean izan zuten ikastetxe hura bere menpe hartzen duen organoari, hain zuzen.

Bederatzigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eske-idazkiak aurkezteko epea 2008ko abenduaren 15ean hasi eta 2009ko urtarrilaren 2an amaituko da, egun biok barne hartuta. Epe hori amaitu ondoren ez da inolako eske-idazkirik onartuko.

Eske-idazkiak aurkezteko epea amaitu eta gero, ez da beste eske-idazki edo aldaketarik onartuko egindako eskarietan edo aurkeztutako merezimenduei buruzko dokumentaziorik. Hala ere, beren borondatez parte hartzen duten lehiatzaileek uko egin ahal izango diote lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari, behin-behineko erabakiari erreklamazioak aurkezteko jarritako epean, hamaikagarren oinarri-arauaren arabera.

Hamargarrena.- Merezimenduen ebaluaketa.

Lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduak ebaluatzeko, puntuen baremoko 1.3. eta 2.1 idatz-zatietan aipatutakoei dagokienez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du batzorde barematzaile bat, non gizon zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango baitute, horren kontrako oinarri sendoko arrazoirik ez bada adierazten. Batzorde Barematzailea honako kide hauek osatuta egongo da:

Batzordeburua: Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko edo Hezkuntzako ikuskarien kidegoko funtzionario bat.

Kideak: Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko edo Hezkuntzako ikuskarien kidegoko lau funtzionario, jardunean daudenak.

Gorago aipatutako batzorde barematzaileko burua Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du, eta kideak, aldiz, zozketaz aterako dira. Idazkari lanetan arituko den funtzionarioa ere Langileriaren Kudeaketa zuzendariak izendatuko du, zozketaz aukeratutako kideen artetik batzordeko buruak proposatuta.

Ordezkaritzarik gehien daukaten sindikatuek ordezkari bat izendatu dezakete batzorde bakoitzerako, behatzaile izateko.

Batzorde barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordeburua, kideak eta idazkaria ere izenda daitezke. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako arrazoibideen menpe egongo dira batzordeetako kideak, beraiek uko egin nahiz besteen ezespena jasotzeko.

Batzorde barematzaileak eskatuta, gai horretako aditu bi gehitu ahal izango dizkio batzordeari Langileriaren Kudeaketa zuzendariak, aholkulari lanetarako.

Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren 6 eta 16. artikuluetan ohartemandako ondorioetarako (26ko EHAA), zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak eguneratzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera ordainduko dira bidaia-gastuak (28ko EHAA).

Unitate administratibo egokiek zehaztuko dute baremoko gainerako idatz-zatiengatik lehiatzaileei dagokien puntuazioa.

Hamaikagarrena.- Behin-behineko ebazpena.

Batzorde barematzaileek lehiatzaileei emandako puntuazioekin egindako aktak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jaso ondoren, eta lehiatzaileek egindako eskarien eta aurkeztutako merezimenduen arabera, destinoak esleitzeari ekingo zaio eta lekualdatze-lehiaketaren behin-behineko erabakia argitaratuko da.

Puntuazio guztiak gehitu ondoren berdinketak agertzen badira, baremoaren arlo bakoitzean punturik gehien lortu izana kontuan hartuta erabakiko dira, lehenengo agertzen den arlotik hasi eta azkeneraino jarraituz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiarloetan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, arlo bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan arlo bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiarloen kasuan, azpiarloak sartuta dauden arloak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiarlo bat edo gehiago sartuta dagoen arloaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiarloetan izandako puntuazioak.

Beharrezkoa izango balitz, berdinketa hausteko irizpidea lehiatzen den kidegoan sartzeko oposizioaren urtea izango da. Zaharrenak lehentasuna izango du, eta, urte berekoen artean, prozesu horretan lortutako puntuaziorik altuenak izango du lehentasuna.

Azkenik, berdinketa bere horretan badirau, emakumeak % 40 baino gutxiago diren kidegoetan, desenpaterako irizpide bezala emakumeen lehentasuna erabiliko da. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean -nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik-; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

Hamabigarrena.- Erreklamazioak eta uko egiteak.

Behin-behineko erabakiaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte lehiatzaileek, jendaurrean jartzen denetik 5 egun baliaduneko epean. Beren borondatezko lehiatzaileek, bestalde, epe horretan bertan, uko egin ahal izango diote lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari, eta uko horrek eske-idazkian agertzen diren eskaera guztietan eragina daukala ulertuko da.

Horretarako agerrarazten da behin behineko ebazpenean destinorik lortu ez izanak ez duela suposatzen ezin dela destinorik lortu behin betiko esleipenean.

Hamahirugarrena.- Behin betiko ebazpena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu bidez, urreko oinarri-arauean aipatutako gora-beherak erabaki ondoren, behin betiko bihurtuko da behin-behineko erabakia, izan dituen aldaketak jaso eta gero; eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizakarian argitaratuko da eta horren bidez ulertuko da ohartaraziak izan direla, eragin guztietarako, horiek eragiten dieten lehiakideak.

Lekualdatze lehiaketako behin betiko ebazpenen aurkako helegiteak, parte hartzeko erabili duten hezkuntza Administrazioa kontuan hartu gabe, helegitea xede duen lanpostuari dagokion hezkuntza Administraziora igorri beharko dira eta bertan konpondu.

Hamalaugarrena.- Jarduneko zerbitzura itzultzea.

Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren ikuskariek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte bakoitzaren lurralde ordezkaritzan:

1.- Eszedentziarako aginduaren kopia.

2.- Medikuaren egiaztagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo beste akats fisiko nahiz psikikorik ez duela adierazten duena.

3.- Zinpeko aitorpena edo agindua, disziplina espediente bidez ez dutela ez estatu, ez toki edo autonomia erkidegoko administrazioaren kidego edo eskala batetik ere banatu egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik ez diotela kendu egiaztatzeko.

Dena dela, lehiaketa honen bidez lortutako destinoari dagokion irakaskuntza kidegoa ez den beste irakaskuntza kidegoren batean jarduneko zerbitzuan dauden funtzionarioek ez dituzte agiri horiek aurkeztu behar izango.

Hamabosgarrena.- Lanpostuaz jabetzea.

2009ko irailaren 1ean izango da destino berrien jabetza-hartzea.

Hamaseigarrena.- Destinoei ezin zaie uko egin.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Hamazazpigarrena.- Diru-sariak.

Oinarri-arau hauen babespean araututako deialdiaren bidez jatorrizko lanpostuaren kudeaketa eremurako barik beste baterako behin betiko destinoa lortzen duten funtzionarioek, azkenik, lortutako destinoaren eremuari dagozkion ordain-arauen araberako soldatak jasoko dituzte.

Hamazortzigarrena.- Datu pertsonalen trataera.

Interesatuak ematen dituen datuak, bakar-bakarrik erabiliko dira dagokion prozesuan edo egintzan aurreikusitako helburuetarako.

Datu horiek ez dira erabiliko, inolaz ere, tratamendurako edo hirugarren bati lagatzeko, doakionaren zalantzarik gabeko baimenarekin edo Datu Pertsonalen Babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 6.2. eta 11.2 artikuluetan (1999ko abenduaren 14ko 298. zenbakiko BOEa) ezarritakoari jarraituz ez bada.

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoaren arabera, datu-lagatzaileak edozein momentutan izango ditu sarbide-, zuzenketa-, ezeztapen- eta aurkaritza-eskubideak, arauz ezartzen denari jarraituz.

Fitxategi horren erabilera eta jarduerari dagokionez, datu pertsonalak dituzten herri titulartasuneko fitxategiak babesteko legeriak zehaztutakoari jarraituko zaio, hots, Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari.

II. ERANSKINA

HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUAN DAUDEN IKUSKARIEN KIDEGOAN ETA HEZKUNTZAKO IKUSKARIEN KIDEGOAN ESTATU MAILAKO LEKUALDATZE LEHIAKETEN DEIALDIEK BETE BEHARREKO LEHENTASUNEN BAREMOA

I.- Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) seigarren xedapen gehigarrian, 3 artikuluan, zehazki adierazitako merezimenduak.

MEREZIMENDUAK

BALORAZIOA

EGIAZTAGIRIAK

1.1.- Antzinatasuna (ikusi lehen oharra).

1.1.1.- Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoan edo Hezkuntzako ikuskarien kidegoan karrerako funtzionario modura zerbitzu aktiboan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,16 puntu hilabete osoko.

2,00 puntu

Administrazio-titulua, parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario izendatu zutenetik izandako jabetza eta kargu-uzteen diligentziekin eta, kasua bada, ikuskaritzan egindako zerbitzuen administrazio-titulua, 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

Hezkuntza-administrazioaren zerbitzuan dauden ikuskarien kidegoko eta Hezkuntzako ikuskarien kidegoko antzinatasuna zehazteko, hurrenez hurren aitortuko dira karrerako funtzionario gisa jatorriko ikuskari kidegoetan emandako zerbitzuak eta irakasleak ikuskaritzan sartu zirenetik emandako zerbitzuak, hala ezartzen baitu Funtzio Publikoaren Erreformarako Neurrien abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriak.

1.1.2.- LOGSEk aipatzen dituen kidego eta eskaletan karrerako funtzionario modura zerbitzu aktiboan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,083 puntu hilabete osoko.

puntu 1,00

Administrazio-titulua, parte hartzen duen kidegoan karrerako funtzionario izendatu zutenetik izandako jabetza eta kargu-uzteen diligentziekin eta, kasua bada, ikuskaritzan egindako zerbitzuen administrazio-titulua, 30/1984 Legearen hamabosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz.

1.1.3.- Lurralde-plantila berean edo, hala gertatzen bada, hezkuntza-ikuskaritzak dauzkan lurralde-unitatean, behin betiko destinoarekin funtzionario modura etenik gabe egindako urte bakoitzeko:

Administrazio-titulua jabetzaren diligentziekin edo, kasua bada, Langileen Erregistroan izen-ematearen agiria.

Lehen eta bigarren urteengatik: 2,00 puntu urte

bakoitzeko

Hirugarren urteagatik: 3,00 puntu urte

bakoitzeko

Laugarren eta bosgarren urteengatik: 4,00 puntu urte

bakoitzeko

Seigarren eta hurrengo urteengatik: 5,00 puntu urte

bakoitzeko

Funtzionarioek derrigorrez parte hartu behar izateko honako arrazoiak daude: epaia edo errekurtsoaren erabakia betez behin betiko destinoa galdu izanagatik, derrigorrezko eszedentziatik etortzeagatik, edo, kasua bada, zegokien lanpostua behin betiko ezabatu egin delako. Kasu horietan, atal honetako puntuazioa galdutako lanpostuarena izango da, eta horri pilatuko zaizkio haren ondoren behin-behineko destinoan egindako zerbitzuak.

Era berean, lekualdaketa eta bizileku-aldaketa dakartzan disziplinazko zigorra betetzeko esleitutako destinotik parte hartzen duten funtzionarioei ere irizpide bera aplikatuko zaie.

1.1.4.- Destinoaren zain dauden karrerako funtzionarioak eta, lehenengo aldiz borondatez parte hartzen dutenek 1.1.3. atalaren ordez atal honetakoa aukeratzen badute eske-idazkietan.

Egindako urte bakoitzeko:

puntu 1,00

Administrazio-titulua, karrerako funtzionario izendatu zutenetik izandako jabetza eta kargu-uzteen diligentziekin eta, kasua bada, Langileen Erregistroan izen-ematearen agiria.

1.2.- Merezimendu akademikoak

Gehienez 10,00 puntu

1.2.1.- Doktoradutza eta aparteko sariak:

- Lehiaketan parte hartzen den kidegoan sartzeko edo bere garaian hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetara sartzeko aurkeztutako tituluan Doktore gradua lortu izanagatik.

5,00 puntu Kidegoan sartzeko edo bere garaian ikuskaritzako egikizunari atxikitzeko aurkeztutako titulua, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko EAO) ezarritakoaren arabera, tituluaren eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiria.

- Lehiaketan parte hartzen den kidegoan sartzeko edo bere garaian hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetara sartzeko alegatutako titulazio Doktoradutzan izandako aparteko sariagatik. puntu 1,00

Horren egiaztagiria.

- Lehiatzen deneko kidegoan sartzeko edo bere garaian hezkuntza-ikuskaritzako lanpostuetara sartzeko aurkeztutako titulazioan aparteko saria lortu izanagatik.

0,50 puntu

Horren egiaztagiria.

- Beste lizentziatura batzuetan Doktore titulua izateagatik.

3,00 puntu

Horren egiaztagiria.

- Beste Doktoradutza batean aparteko saria lortu izanagatik.

0,50 puntu

Horren egiaztagiria.

- Beste lizentziatura batean aparteko saria lortu izangatik.

0,25 puntu

Horren egiaztagiria.

1.2.2.- Unibertsitateko beste titulu batzuk.

Unibertsitateko tituluen zerrenda ofizialean dauden titulazioak, parte hartzen den kidegoan sartzeko baldintza modura aurkeztu zirenak ez badira, honela baloratuko dira:

Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo legez ondorio guztietarako horien parekotzat jo diren titulu bakoitzeko.

3,00 puntu

Kidegoan sartzeko aurkeztutako titulua, eta merezimendu modura aurkezten dituen beste guztiak edo, kasua bada, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko EAO) ezarritakoaren arabera, tituluaren eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiria.

Diplomatura, Ingenieritza Tekniko, Arkitektura Tekniko edo legez ondorio guztietarako horien parekotzat jo diren titulu bakoitzeko, eta Lizentziatura, Arkitektura edo Ingeniaritza bateko lehen zikloko ikasketengatik.

Kidegoan sartzeko aurkeztutako titulua lortzeko balio izan duten ikasketak edo aurreko atalean barematutako tituluak ez dira atal honetan barematuko.

3,00 puntu

Kidegoan sartzeko aurkeztutako titulua, eta merezimendu modura aurkezten dituen beste guztiak edo, kasua bada, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko EAO) ezarritakoaren arabera, tituluaren eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiria.

1.2.3.- Erregimen bereziko irakaskuntzen tituluazioak.

Hizkuntza-eskola ofizialek eta Musika edo Dantza kontserbatorioek emandako erregimen bereziko titulazioak honela baloratuko dira:

Kidegoan sartzeko aurkeztutako titulua, eta merezimendu modura aurkezten dituen beste guztiak edo, kasua bada, 1988ko uztailaren 8ko Aginduan (13ko EAO) ezarritakoaren arabera, tituluaren eskubideak ordainduta izanaren egiaztagiria.

- Musika eta Dantzako Irakaskuntza Profesionalak: Puntu 1,00

- Hizkuntza-eskola ofizialak:

Oinarrizko zikloa edo Tarteko mailaren ziurtagiria.

Puntu 1,00

Goi-mailako zikloa edo Goi mailaren ziurtagiria.

Puntu 1,00

Hizkuntza Eskola Ofizialeko Gaitasun Agiria izateak bi zikloak hartzen ditu.

Espainian balio ofiziala daukaten tituluak baino ez dira baloratuko.

1.3.- Prestakuntza eta hobekuntza.

1.3.1.- Irakaskuntza eta ikuskaritzarekin lotutako ikastaroak gainditu izanagatik, ikastaro horiek hezkuntza arloan dituzten eskuduntzak erabiltzen dituzten hezkuntza administrazioek, administrazio horiek homologatu eta onartutako irabazte xederik gabeko erakundeek, Hezkuntza, Zientzia-Politika eta Kirol Ministerioak eta unibertsitateek antolatu badituzte:

Gehienez 5,00 puntu

4,00 puntura arte

Horiei buruzko egiaztagiria, ikastaroen iraupen-orduak beren-beregi adierazita. Irabazte xederik gabeko erakundeek antolatutakoetan, onarpena edo homologazioa era sinesgarrian egiaztatu beharko da.

- Gainditu eta egiaztatzen diren ikastaroetako 10 orduko 0,10 puntu emango dira. Horretarako, ikastaro guztietako orduak gehituko dira; gainerako orduak 10etik beherakoak badira ez dira kontatuko. Ikastaroak kreditutan adierazi badira, kreditu bakoitza 10 ordu direla ulertuko da.

1.3.2.- Hezkuntza-programen zuzendaritzan edo gauzatzean parte hartzearren, edo Hezkuntza eta Zientzia-Politika eta Kirol Ministerioak edo Hezkuntza Administrazioek deitutako eta/edo baimendutako hobekuntza ikastaroak ematearren.

puntu 1,00era arte

Dagokion Zuzendaritza Nagusiaren edo Lurralde Zuzendaritzaren egiaztagiria edo txostena.

II.- Beste merezimendu batzuk.

Gehienez 20,00 puntu

2.1.- Argitalpenak.

Gehienez 5,00 puntu

Irakaskuntzarekin zuzenean lotuta dauden eta izaera didaktikoa edo zientifikoa daukaten argitalpenengatik.

Azaroaren 2ko 2984/1972 Dekretuan ezartzen denaren arabera ISBN, edo hala balegokio ISSN edo ISMN, azaltzera behartuta dauden baina halakorik ez daukatenak ez dira baloratuko, baita egilea aldi berean argitaratzailea den argitalpen horietan ere.

Liburuen kasuan, dagozkion aleak, baita liburu horiek liburu-dendetan saltzen direla adierazten duen ziurtagiria, argitaletxeak egina.

Unibertsitate, Erakunde edo Entitate Publikoek argitaratutako liburuak balioesteko, liburu horien banaketa eta helburuak biltzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Bakarrik formatu elektronikoan datozen argitalpenen kasuan, txosten ofizial bat aurkeztuko da eta berorretan organismo emaileak argitalpena datu bibliografikoen basean agertzen dela ziurtatuko du. Agiri honetan datu-basea, argitalpenaren izenburua, egileak, aldizkaria, tamaina, urtea eta hasiera eta bukaerako orria adieraziko ditu.

Aldizkarien kasuan, honako datu hauek biltzen dituen ziurtagiria: ale kopurua eta aldizkariak banatu eta saltzen diren tokiak, edo aldizkariari dagokion legez eratutako elkarte zientifiko edo didaktikoa.

Argitaletxea edo elkartea desagertu badira, zuzenbidean onargarria den edozein frogabideren bitartez justifikatu beharko da desagertu izana.

2.2.- Betetako lanen balorazioa. (Ikusi laugarren oharra).

Gehienez 10,00 puntu

2.2.1.- Hezkuntzako Ikuskaritzako zuzendariorde nagusi, estatuko Oinarrizko Hezkuntza, Batxilergo edo Hezkuntza Ertaineko Ikuskaritza Zentraleko ikuskari nagusi edo ikuskari buru, Lanbide Heziketako koordinatzaile nagusi edo deialdia egiten duten administrazioen menpeko pareko lanpostuetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko:

1,50 puntu

Izendapenaren akordioa, jabetze eta kargu-uztearen diligentziarekin eta, kasua bada, oraindik karguan dagoela egiaztatzen duen agiria.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,125 puntu hilabete osoko.

2.2.2.- Ikuskari zentral, estatuko Oinarrizko Hezkuntza, Batxilergo edo Hezkuntza Ertaineko ikuskari zentral, Lanbide Heziketako koordinatzaile zentral, Ikuskaritza Zentraleko idazkari edo administratzaile, Hezkuntzako Ikuskaritzako Zuzendaritzaordetza Nagusiko ikuskari edo deialdia egiten duten administrazioen menpeko pareko lanpostuetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko.

puntu 1,00

Izendapenaren akordioa, jabetze eta kargu-uztearen diligentziarekin eta, kasua bada, oraindik karguan dagoela egiaztatzen duen agiria.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,083 puntu hilabete osoko.

2.2.3.- Oinarrizko Hezkuntzako Lurraldeko ikuskari buru, estatuko Batxilergo edo Hezkuntza Ertaineko Barrutiko ikuskari buru, Lanbide Heziketako Lurraldeko koordinatzaile buru, Hezkuntzako Ikuskaritza Teknikoko Lurraldeko zerbitzuburu edo deialdia egiten duten administrazioen menpeko pareko lanpostuetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko:

0,75 puntu

Izendapenaren akordioa, jabetze eta kargu-uztearen diligentziarekin eta, kasua bada, oraindik karguan dagoela egiaztatzen duen agiria.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,062 puntu hilabete osoko.

2.2.4.- Barrutiko ikuskari buru, alboko buru, talde-koordinatzaile sektorial, mugapen-koordinatzaile edo deialdia egiten duten administrazioen menpeko pareko lanpostuetan egindako zerbitzu-urte bakoitzeko.

0,50 puntu

Izendapenaren akordioa, jabetze eta kargu-uztearen diligentziarekin eta, kasua bada, oraindik karguan dagoela egiaztatzen duen agiria.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,041 puntu hilabete osoko.

2.2.5.- Hezkuntza administrazioko lanpostuetan aritutako zerbitzu-urte bakoitzeko, lanpostu horien destino-osagarria parte hartzen dueneko kidegoak daukanaren berdina edo altuagoa denean, eta eranskin honetako 2.2.1. eta 2.2.4. ataletan jasotakoak ez direnean.

0,75 puntu

Izendapena egiaztatzeko agiria, jabetze eta kargu-uztearen diligentziarekin eta, kasua bada, oraindik karguan dagoela egiaztatzen duen agiria.

Urte-zatiak honela zenbatuko dira: 0,062 puntu hilabete osoko.

2.3.- Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntzen Estola Ofizialeetako eta Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradun Kidegoetako funtzionario izatearren.

3,00 puntu

Titulu administratiboa edo egiaztagiria, edo, hala badagokio, izendapena agertzen den Boletina edo Aldizkari Ofiziala.

2.4.- Bigarren Hizkuntza Eskakizuna izan eta derrigorrezkotasun-egunik ez duten lanpostuetan, euskararen ezagutza meritu bezala baloratuko da, ondoren azaltzen den moduan:

EGIAZTATUTAKO H.E. LANPOSTUAREN H.E.

1. HE 2. HE atzeratua 2,50 puntu

2. HE 2. HE atzeratua 2,50 puntu

OHARRAK:

Lehenengoa.- Antzinatasunaren balorazioa.

Baremoko 1.1. paragrafoaren ondorioetarako, aurtengo ikasturtea ikasturte osoa legez hartuko da. Era berean, 1.1.2. paragrafoan aipatutako zerbitzuak ez dira kontuan hartuko 1.1.1., 1.1.3. edo 1.1.4. paragrafoetan aipatutako zerbitzuekin aldi berean egin diren urteetan.

1.1.1., 1.1.2. eta 1.1.3. idatz-zatietako ondorioetarako, zerbitzu berezietan egin diren zerbitzuak hartuko dira kontuan, berariaz horrela aitortuak direnak apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 87 artikuluan, bai eta Lege honen aurreko xedapenetan ezarritako izaera bereko egoeretan egindako zerbitzuak ere. Era berean, ondorio hauetarako, ahaideak zaintzeko hartutako lan-utzialdiaren lehenengo eta bigarren urteak ere kontuan hartuko da, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluaren arabera adierazitakoa denean.

Bigarrena.- Euren borondatez lehenengoz parte hartzen duten karrerako funtzionarioak.

Funtzionario horiek, eske-idazkian hala adieraziz, baremo honetako 1.1.3. paragrafoko puntuazioa edo 1.1.4. paragrafoko puntuazioa aukeratu ahal izango dute.

Baremoko 1.1.4. paragrafoa aukeratzen badute, destinoaren zain dagoen karrerako funtzionario modura egindako zerbitzu-urteez gain, behin betiko destinoarekin parte hartzen duten lanpostuan egindako zerbitzuak puntuatuko zaizkie paragrago horretan.

Eske-idazkian ez bada aukerarik egiteko, 1.1.3. paragrafoko puntuazioa aukeratu dela ulertuko da.

Hirugarrena.- 2.2.5. paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 2.2. paragrafoko beste edozein azpiatalarekin aldi berekoak direnean.

Laugarrena.- Egin den lanaren balorazioa.

Karrerako funtzionario modura egindako lana baino ez da baloratuko.

IV. ERANSKINA

HEZKUNTZA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUAN DAUDEN IKUSKARIEN ETA HEZKUNTZAKO IKUSKARIEN ARTEKO LEKUALDATZE LEHIAKETA, 2008-2009 IKASTURTEA

ESKABIDEA BETETZEKO ARGIBIDEAK

1.- Argibide hauez gain beharrezkoa da eskatzaileek lehiaketa honen deialdia irakurtzea, EHAAn argitaratu zena.

2.- Eskatzaileari, bere mesederako, orria oso-osorik eta zuzen betetzen ahalik eta arretarik handiena erabil dezala eskatzen diogu.

3.- Eskabidea inprentako hizkiekin bete, mesedez, laukitxoak dituzten ataletan haiek errespetatuz.

4.- ESKAERA BAKARRA aurkeztu beharko da, nahiz eta hezkuntza-administrazio bat baino gehiagoko lanpostuetara aurkeztu.

5.- NANren zenbakia eskuinera lerratuta bete beharko da.

Adibidez: eskatzailearen NAN. Zk. 2.188.933 bada, honela idatziko da:

2 1 8 8 9 3 3

6.- 2007-2008 eta 2008-2009 ikasturtean behin betiko destinoa non daukazun galdetzen duen atalean, zerbitzu eginkizunetan dauden partehartzaileek, bere eskaeretan, jabetzan daukaten lanpostuaren datuak adierazi beharko dituzte.

ESKAERAK

7.- Lantokiak lehentasun-ordenaren arabera zerrendatuko dira, eta eskaera bakoitzean, derrigorrez, honako hau bete beharko da:

- Lantokiaren kodea. Zortzi karaktere ditu eta deialdiaren Aginduan argitaratutakoen artetik barruti baten kodearekin guztiz bat etorriko da.

Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko lanpostuak eskatzen badira, probintzia edo lurraldeko zuzendaritzaordeetako kodeak horiei dagozkien deialdietan argitaratutakoekin bat etorri beharko dute.

- Eskatutako lanpostuaren hizkuntzaren kodea. Ondoren azaltzen den eran egingo da:

* Euskal Autonomia Erkidegoan, derrigorrez, ondorengo hizkietako bat jarriko da:

* «C» 2. H.E.izan eta derrigorrezkotasunik ez daukaten lanpostuen eskaeretarako.

* «D» 2. H.E. izan eta derrigorrezkotasun-eguna indarrean duten lanpostuen eskaeretarako.

Aipatutako bi kode horiek, «Lantokia eta hizkuntza» azaldu ezean, eskabidea automatikoki deuseztatuko da, hizkuntza-eskakizuna beharrezko ez denean izan ezik (EHAEtik kanpoko lanpostuetarako, dagozkien deialdiek ezarritakoari jarraituko diote).

8.- Gehienez ere 6 eskaera egin ahal izango dira.


Azterketa dokumentala