Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2008ko abenduaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
6928

202/2008 DEKRETUA, abenduaren 2koa, etiketa ekologikoa emateko europar sistema eguneratuari buruzko uztailaren 17ko 1980/2000 Araudian jasotako eginkizunetarako erakunde eskuduna esleitzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoan Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 97. artikuluan, ingurumena zaintzeko eta kudeatzeko tresnen artean, etiketa ekologikoa emateko EBko sistema ageri da. Etiketak egiaztatzen du hori daramaten produktuek ingurumena errespetatzen dutela, eta produktu horien bizi-ziklo osoaren ingurumen-kostuak behar bezala barneratuak dituztela.

Halaber, artikulu horrek dio Eusko Jaurlaritzak izenda dezakeela etiketa ekologikoa emateko erakunde eskuduna, Europako araudia garatuz -Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1980/2000 Araudia (EE), etiketa ekologikoa emateko EBko sistema berrikusiari buruzkoa, gaur egun indarrean dagoena, 880/1992 Araudia (EEE) indargabetzen duena-.

Maila bereko produktuekin konparatuta, ingurumen-eragin kaltegarriak murrizten dituzten produktuak sustatzea da etiketa ekologikoa emateko EBko sistemaren helburua; horrela, baliabideen erabilera eraginkorragoa izango da, eta hobeto babestuko da ingurumena.

Araudian jasotako betebeharrak beteko dituzten erakunde eskudunak izendatzea eskatzen du uztailaren 17ko 1980/2000 Araudiak (EE). Erakunde horiei eskatu behar diete etiketa ekologikoa fabrikatzaileek, inportatzaileek, zerbitzu-emaileek, merkatariek eta xehekariek.

Ondorioz, eta uztailaren 17ko 1980/2000 Araudian (EE) eta otsailaren 27ko 3/1998 Legean ezarritakoa betetzeko, dekretu honek EAEko erakunde eskuduna izendatuko du araudian jasotzen diren funtzioak betetzeko.

Goian esandakoari jarraiki, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2008ko abenduaren 2an hala deliberatu eta onartu ondoren

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Dekretu honen helburua da erakunde eskuduna esleitzea Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 1980/2000 Araudian (EE) -2000ko uztailaren 17koa, EAEn etiketa ekologikoa emateko EBko sistema berrikusiari buruzkoa - jasotzen diren funtzioak gauzatzeko.

2. artikulua.- Erakunde eskuduna.

Ingurumen Sailburuordetza izendatu dugu EAEko erakunde eskudun gisa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko uztailaren 17ko 1980/2000 Araudian (EE) -etiketa ekologikoa emateko EBko sistema berrikusiari buruzkoa- jasotzen diren funtzioak gauzatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuari ematen zaio eskumena dagokion eremuan xedapen zehatzak ezartzeko, dekretu honen arabera esleitutako erakundeak dagozkion funtzioak gauzatzea arautzeko.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Hirugarrena.- Etiketa ekologikoa emateko EBko sistema aplikatzean, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 38.2.e) artikuluan ezarritakoa beteko dela bermatu behar da.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 2an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala