Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

233. zk., 2008ko abenduaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
6748

AGINDUA, 2008ko urriaren 15ekoa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuarena eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, Nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruneak izendatzeko arauak finkatzen dituena.

Kontseiluaren 91/676/EEE Zuzentarauak, 1991ko abenduaren 12koak, 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen du estatu kideek Arriskuko Eremu izendatuko dituztela beren lurraldean nitrato-maila jakin batzuk gainditzen dituzten urak biltzen dituzten guneak.

Ura nekazaritzatik eratorritako nitratoek sortutako kutsaduratik babesteari buruzko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez, Espainiako estatuak zuzentarau horren transposizioa egin zuen.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak gauzatuz, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretua onartu zen, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko Arriskutan dauden Inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena.

Aipatutako dekretuaren xedapen gehigarrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Eremutzat hartzen da inguru hau:

- Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrogeologikoa, Ekialdeko sektorea.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko apirilaren 8ko Aginduaren bidez, Dulantzi sektorera handitzen da arriskuan dagoen eremua, hau da, Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrologikoa, Ekialdeko Sektorea, eta guztira eremu hau Arrisku Eremu izendatzen da:

- Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrologikoa, Ekialdeko Sektorea eta Dulantzi sektorea.

2000ko abenduaren 18ko Aginduak, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuarenak, Garraio eta Herri Lan sailburuarenak, eta Nekazaritza eta Arrantza sailburuarenak, onartzen du nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dagoen ingurunea izendatzeko ekintza-plana.

Onartu zenetik urteak igaro direnez eta Ekintza Planean dauden eskakizunei eragiten dieten dekretuak argitaratu direnez, agindua eguneratzea komeni da.

Ondorioz,

XEDATU DUGU:

1. artikulua.- Ekintza-plana onartzea.

1.- Onartu egiten da nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko Arrisku Ingurune izendatuetarako ekintza-plana, agindu honen gehigarrian datorrena.

2.- Ekintza-plan hori bete beharko da nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden Ingurune izendatuetan, gaur egun edo etorkizunean.

3.- Ekintza Planak aipatzen duen ustiategien koadernoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko ustiapenetarako 2008ko martxoaren 10eko Aginduak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarenak, onartutako ustiategien koadernoa. Agindu horrek nekazaritzako ustiategien koadernoa eta horren erabilera arautzen ditu.

2. artikulua.- Zigor araubidea.

1.- Nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dagoen ingurunea izendatzeko ekintza-planean ezarritakoa bete ezean, ezarriko den zigor araubidea izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren V. tituluak ezartzen duena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak ezarri duena.

2.- Halaber, 3/1998 Legearen 109.j), 110.1 eta 110.2.a) artikuluekin lotutako 11. artikuluan aurreikusitakoa haustegatik, arau-hauste arintzat joko dira hauek:

a) Ongarri-mugak gainditzea edo baimendu gabeko aroetan ongarritzea.

b) Ongarria zabaltzea ekintza-planean ezarritako baldintzei jarraitu gabe.

c) Ekintza-planean baimendu gabeko ureztatze-sistema bat erabiltzea edo ureztatze-sistema egoki ez erabiltzea.

d) Dagokion baimenik gabe ura ateratzea.

e) Ongarria eta mindak egoki ez zabaltzea edo ekintza-planean horri buruz ezarritako distantziak ez errespetatzea.

f) Ekintza-planean ezarritakoaren arabera, simaurtegien eta mindak biltegiratzeko putzuen tamainak egokiak ez izatea.

g) Ustiategien koadernoa egoki ez betetzea edo datu faltsuak jartzea.

3.- Aurreko paragrafoan aurreikusitako arau-hausteengatik eta 3/1998 Legearen 114. artikuluan aurreikusitako mugen barruan, zigor hauek ezarriko dira:

a) Aurreko paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 350 euroko isuna ezarriko da eragindako hektareako; eta muga 24.000 eurokoa da gehienez.

b) Aurreko paragrafoko b) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 350 euroko isuna ezarriko da eragindako hektareako; eta muga 24.000 eurokoa da gehienez.

c) Aurreko paragrafoko c) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 350 euroko isuna ezarriko da eragindako hektareako; eta muga 24.000 eurokoa da gehienez.

d) Aurreko paragrafoko d) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 700 euroko isuna ezarriko da.

e) Aurreko paragrafoko e) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 560 euroko isuna ezarriko da eragindako hektareako; eta muga 24.000 eurokoa da gehienez.

f) Aurreko paragrafoko f) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 950 euroko isuna ezarriko da eta zehaztutako epean akatsak zuzendu beharko dira.

g) Aurreko paragrafoko g) idatz-zatian aurreikusitako arau-hausteagatik, 1.000 euroko isuna ezarriko da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Nitratoengatik kutsatzeko arriskuan dagoen Vitoria-Gasteizko unitate hidrologikoko ekialdeko sektorearen eremua Dulantzi sektorera handitzeko helburuarekin, 2008ko apirilaren 8ko Agindua onartu zuten Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak. Agindu horren bidez arrisku-eremutzat hartutako lursailetan, ekintza-planaren ongarri-dosiak errespetatu beharko dira, 2009an jasoko diren uztetarako ereintzak prestatzen direnetik aurrera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

2000ko abenduaren 18ko Agindua, Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuarena eta Garraio eta Herri Lan sailburuena, indargabetzen da. Agindu horren bitartez onartu

zen nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruneetan jarduteko plana. Era berean, indargabetuta geratzen da nitratoek kutsatzeko arriskuan dauden eremuei buruzko beste edozein xedapen, maila berekoa eta txikiagokoa, eta agindu honetan dagoenaren aurka dagoena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak Ingurumen, Landa eta Itsas Ingurune Ministerioari agindu hau onartu dela jakinaraziko dio.

Bigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 15a.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA

NEKAZARITZATIK ERATORRITAKO

NITRATOEKIN URA KUTSATZEKO

ARRISKUAN DAUDEN EREMUETARAKO EKINTZA PLANA

1.- Aplikazio-eremua.

Eranskin honetan zehaztutako arauak bete beharko dira, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodean ezarritakoak ere, Arrisku Eremu izendatuetan dauden lursailetan (lursail osoa zein zati bat izan).

2.- Ongarritze-mugak eta aplikazio-aroak.

Lurren kalitatearen eta laboreen arabera, ONUtan (ONU = ongarri nitrogenatuen unitateak) adierazitako nitrogenatu-kantitateek ezingo dituzte inoiz gainditu hemen zehazten diren kopuruak, eta kasu bakoitzean adierazitako aroan zabaldu beharko dira.

Lurraren kalitatea zehazteko, dagozkion analisiak egin ahal izango dira. Analisien datuak Ustiategiaren Koadernoan idatziko dira.

Ezin izango da inoiz muga hau gainditu: 170 ONU/ha; ezta Europako arauetan gerora ezar daitezen mugak ere.

2.1.- Garia.

Lur emankorrei dagokienez, ez da nitrogenorik zabalduko udazken amaierako ereinaldian. Lurra elkorra bada, gehienez 30 ONU/ha zabaldu ahal izango da.

Azaleko ongarritzean, ongarriaren mugak dosi hauek izango dira:

Aurreko laborea Lurraren kalitatea

Emankorra Elkorra

Patata 100-125 140

Erremolatxa 125 140

Zereala 125 140

Lekaduna 100 140

2.2.- Udaberriko garagarra.

Baimendutako gehienezko dosiak hauek dira:

Lurraren kalitatea Ereinaldia Azaleko ongarritzea

Emankorra 30-40 50

Elkorra 30-40 75

2.3.- Udazkeneko garagarra.

Lur emankorretan, ereinaldian ez da nitrogenorik emango. Lurra elkorra bada, gehienez 30 ONU/ha eman ahal izango da.

Azaleko ongarritzean, ongarria aurreko laborearen eta lurraren kalitatearen araberakoa izango da, eta mugak dosi hauek izango dira:

Aurreko laborea Lurraren kalitatea

Emankorra Elkorra

Patata 85-100 120

Erremolatxa 100 120

Zereala 100 120

Lekaduna 85 120

2.4.- Oloa.

Lur emankorretan, ez da nitrogenorik emango ereinaldian. Lurra elkorra bada, gehienez 30 ONU/ha zabaldu ahal izango da.

Azaleko ongarritzean, ongarria aurreko laborearen eta lurraren kalitatearen araberakoa izango da, eta mugak dosi hauek izango dira:

Aurreko laborea Lurraren kalitatea

Emankorra Elkorra

Patata 125 140

Erremolatxa 125 140

Zereala 125 140

Lekaduna 100 140

2.5.- Bazka-artoa.

Baimendutako dosia guztira 170 ONU/ha izango da, honela banatuta:

Ereinaldian: 1/2-1/3 emango da gehienez, eta gainerakoa, 5-6 hosto dituenean.

2.6.- Ilar proteaginosoa.

Ereinaldian baino ez da ongarrituko, dosia 20-40 ONU/ha izango da gehienez.

2.7.- Eguzkilorea.

Ereinaldian baino ez da ongarrituko, dosia 40 ONU/ha izango da gehienez.

2.8.- Koltza.

Ereinaldian, gehienez 30 ONU/ha emango da. Azaleko ongarritze bi egingo dira, eta bakoitzean, 60-70 ONU/ha emango dira, lehengoa landareak haztearekin batera, eta bigarrena, handik 20 gunera.

2.9.- Jateko patatak.

Guztira, eman ahal izango diren dosiak 150-170ekoak izango dira, laboreen arabera, eta oro har honela:

Ereinaldian, % 20 zabalduko da, ereiteko unetik ahalik eta hurbilen.

Lehen azaleko ongarritzea tuberizazioaren hasieran (ekaina-uztaila) egingo da eta % 30 izango da.

Bigarren azaleko ongarritzea, % 50 izango da, eta patata horitzen hasten denean zabalduko da (uztaila-abuztua).

2.10.- Hazitarako patata.

Guztira dosiak 140 eta 160 ONU/ha bitartekoak izango dira, honela banatuta:

Ereinaldia: 80-90 ONU/ha.

Azaleko ongarritzea: 60-70 ONU/ha tuberizazioa hasten denean.

2.11.- Erremolatxa.

Lurraren emankortasunaren arabera, dosiak 120 eta 170 ONU/ha bitartekoak izango dira, honela banatuta:

Ereinaldian: dosi osoaren 1/3 zabalduko da.

Azaleko ongarritzean: gainerako 2/3 zabalduko dira, laboreek ildoak itxi baino lehen.

2.12.- Leka.

Baimendutako gehienezko dosia 40-50 ONU/ha izango da, eta ereinaldian emango da.

2.13.- Belardiak.

Larreak baino ez diren belardietan, dosiak gehienez 40 ONU/ha izango dira, lehen etekina baino lehen; eta 30 ONU/ha, udazkenaren ostean.

Lehengo mozketa silorako eta bigarrena silo edo belar ondutarako erabiltzen diren belardietan eta larreetan, ongarrituko da:

Mozteko aurreikusitako eguna baino 50-60 egun lehenago 60-90

Lehen mozketaren ostean 40-50

Udazkenean, baldintzak egokiak badira 30

2.14.- Mahastia.

Gehienezko dosia 50 ONU/ha izango da, eta hondoan zabalduko da, edo bi zatitan, bata hondoan eta bestea azalean.

Azaleko ongarritzean gehienez 25 ONU/ha zabalduko dira potasio nitratotan, loraldiaren eta ontze-aldiaren artean banatuta.

2.15.- Barazkiak.

Barazki-laboreetan eman beharreko gehienezko dosiak zehazteko, hau hartu behar da kontuan: kasu bakoitzean espero den produkzioa, laboreak lurretik ateratzen duen nitrogeno-kopurua, eta debekatuta dagoela 170 ONU/ha baino gehiago erabiltzea.

Ondoren zehazten dira, batetik, barazki-laboreek lurretik ateratzen dituzten nitrogeno kilogramoak esportagarria den uzta-tona bakoitzeko, eta, bestetik, ongarritzeko irizpideak.

2.15.1.- Letxugak eta bestelako hostodun barazkiak: 2-2,5 kg/t. Fruitua ematen duten barazkien ordezko laboreetan ez da zabalduko ongarri nitrogenaturik. Monolaborantzan, ongarritzeak beharren, hazkuntza-zikloaren eta urtaroaren arabera egingo dira.

2.15.2.- Tomateak eta bestelako eguterako landareak: 3-3,5 kg/t. Ez da laborearen lehen garapen-etapan ongarridun ureztapenik erabiliko. Ongarria ziklo osoan zehar banatuta zabalduko da, laborearen garapenaren arabera. Laborearen amaieran ez da ongarria zabalduko, gutxienez 15 eguneko epean, nitrogenoa lurretik ateratzen laguntzeko.

2.15.3.- Piperra: 2,5-3 kg/t. Ez da laborearen lehen garapen-etapan ongarridun ureztapenik erabiliko. Ongarria ziklo osoan zehar banatuta zabalduko da, laborearen garapenaren arabera. Laborearen amaieran ez da ongarria zabalduko, gutxienez 15 eguneko epean, nitrogenoa lurretik ateratzen laguntzeko.

2.15.4.- Leka: 12-20 kg/t. Ereinaldian 50 ONU/ha zabaldu ahal izango dira. Ez da azaleko ongarritzerik egingo. Nitrogenoa nitratotan edo amonio-nitratotan emango da, ereinaldiaren aroaren arabera.

2.15.5.- Porrua eta tipula: 3-4 kg/t. Hainbat alditan ongarrituko da, hondoan 3/4 zabalduko da, eta azalean 1/4.

2.15.6.- Azak eta bestelako kruziferoak: 4-6 kg/t. Ongarri-kopuru bera zabalduko da hondoan eta azalean. Azalean zabaltzen dena zatika egin daiteke.

2.16.- Fruta-arbolak eta baso-arbolak.

Ongarri-dosiak lurraren eta laborearen araberakoak izango dira, eta honela banatuko dira:

Nitrogeno nitrikoa, amonio-nitrogenoa, nitrogeno nitriko-amoniakala eta nitrogeno ureikoa, gehien bat, loraldia baino lehen, loraldian eta fruitua egiten ari denean zabaldu behar da.

Fruitua loditzen ari denean, nitrogeno nitriko-amoniakala zabaldu behar da.

Nitrogeno organikoa, organiko-minerala eta konposta udazkenaren hasieran zabalduko dira, hurrengo urteko fuitu-ernamuinak sortzen laguntzeko.

3.- Ongarriak zabaltzeko baldintzak.

3.1.- Lur-sail malkartsuetan eta aldapatsuetan ongarritzea: horrelako lurzoruetan, arrisku handia dago ongarria herrestan eramana izateko. Beraz, ereinaldiko ongarria lurpean sartu beharko da, eta sakon lurperatu beharko da, batez ere, aldapan etenak badaude.

Malda handikoak badira, ez dira erabiliko presio altua duten aspertsoreak, eta hustubideetan, heskaietan, ezpondetan eta hegalen hondoetan belarra egon behar da.

3.2.- Urak gainez hartutako lursailetan, elurtuetan edo izoztuetan: debekatuta dago ongarri likidoak erabiltzea, baita inguratzen duten bideetatik kanoi batekin zabaltzea ere. Ongarri solidoak zabalduko dira ingurumenari kalte egiteko inolako arriskurik gabe.

3.3.- Ubideetatik hurbil dauden lursailetan ongarritzea. Lur horietan ongarria zabaltzeko, distantzia hauek errespetatu beharko dira:

- Kanoiaren bidez, utzi 5 eta 10 metro arteko tartea ongarritu gabe, eta zuzendu kanoia ubidetik lursailera;

- Ihinztagailuen bidez: utzi 3 eta 5 metro arteko tartea ongarritu gabe;

- Ongarritzeko makina, lainoztagailua eta simaurra zabaltzeko makina erabiltzeko, utzi gutxienez 3 metroko tartea ongarritu gabe.

Aurreko bi puntuetan, ongarria zabaltzeko ekipoek erabat kalibratuta egon beharko dute.

4.- Ureztatze-sistemak.

Urak nitratoak eraman ez ditzan, ureztatze-dosiak zatika zabalduko dira eta laboreak gehien behar dituenean.

Ahal den guztietan, aspertsorea erabiliko da. Ezin izango da erruz ureztatu, ezta ildo bidez ere.

Ongarritzea ahalik eta modurik uniformeenean egin beharko da, eta, beraz, presio-aldeak saihestuko dira. Adarrean 2,5 eta 4 kg/cm2 bitarteko presioa egongo da batez beste, eta gehienezko aldea batez bestekoaren % 20 izango da.

Haizea egiten duenean, ez da ureztatuko.

5.- Ur-ateratzeak.

Arriskuan dagoen eremuko edozein gunetan edozein bideren bitartez ura ateratzeko, ezinbestekoa izango da aurretiaz arroaren erakundeak baimena ematea.

6.- Simaurrak eta mindak ongarritzat erabiltzea.

Simaurrak eta mindak ongarritzat erabili ahal izateko, 141/2004 Dekretuak, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituenak, edota dekretu hori aldatu edo ordezten du(t)en Dekretuak(ek) ezarritako baldintzak bete beharko dira.

7.- Simaurtegien eta mindak biltegiratzeko putzuen neurriak ezartzea.

Izendatutako arrisku-eremuen barruan dauden abeltzaintzako instalazioek bete beharko dituzte 141/2004 Dekretuak, abeltzaintzakoa ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituenak, edota dekretu hori aldatu edo ordezten du(t)en Dekretuak(ek) ezarritako baldintzak.

8.- Silo-gordetegia.

Animalientzako elikagaiak biltegiratzeko siloek baldintza hauek bete beharko dituzte:

Lurzoruek iragazgaitzak izan behar dute, eta irazgaiztasun-egoera horretan egon behar dute beti, biltegiratutako produktua euri-urarekin ez nahasteko. Iragazgaiztasuna material erresistenteekin bermatuko da. Iragazgaitzat hartuko da, ura edota bestelako jariakinak sartu ezin badira.

Lurzoruek gutxieneko malda izan beharko dute, siloan jariakinak ez geratzeko, eta beren-beregiko putzura azkar eramateko, edota horiek izan ezean, minden putzuetara. Hormek ere iragazgaitzak izan beharko dute metro bateko garaieraraino. Iragaizgaitzat hartuko da ura edota bestelako jariakinak sartu ezin badira.

Ustiategitik eratorritako gainerako hondakin-urak bezala bildu eta tratatuko dira isurkariak.

9.- Abeltzaintza-ustiategietako kontrol-neurriak.

Agindu honetako arauak betetzen direla bermatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak urtero kontrol-plan bat ezarriko du.

Bi eratako kontrolak egingo dira: administratiboak eta tokian tokikoak. Tokian tokiko kontrolak egingo dira arrisku-eremuetan dauden ustiategien edota lursailen % 5etan gutxienez.

Lursailetan zabaldutako dosiei buruz Ustiategien Koadernoan idatzitakoa xehe egiaztatzea izango da, batez ere, administrazio-kontrolen oinarria.

Tokian tokiko kontroletan lurzoruen analisiak ere egin ahal izango dira, zerbitzu teknikoek beharrezkoa dela ebatziz gero.

10.- Vitoria-Gasteizko Unitate Hidrologikoa, Ekialdeko eta Dulantziko sektoreak izeneko Arrisku Eremuak denboran zehar duen garapenaren segimendua eta kontrola egiteko neurriak.

Arrisku-eremuak denboran zehar duen garapenaren segimendua honela planteatu da:

- Bi hilerik behin sektore bietako 5 ur-gune adierazgarritako lagina. Horietako hiru zundaketetatik (Salburua-1, Arkaute) edo iturburuetatik (Ilarratza) hartuko dira. Gainerako biak Ekialdeko Sektoreko gainazaleko irteeretatik (Dulantzi ibaia Eskalmendin eta Dulantzi ibaia Gazetan). Ioi nitratoaz (NO3-) gain, aztertutako parametro fisiko-kimikoak dira: Na+, K+, Ca+2, Mg+2, Cl-, SO4=, HCO3-, CO3=, NO2 -, NH4+, P2O3, Fe, Mn, eroankortasuna, T.ª eta pHa.

- Nitratoen laginketa orokorra urtean behin egingo da, 18 ur-gune gehigarritan. Horien barruan daude lurpeko urak, lurrazaleko urak, eta Eremuaren barruan dauden hezegune biak.

- Segimendua osatzeko, Salburua-1 eta Arkauteko zundaketetan, maila piezometrikoaren sakoneraren neurketa jarraitua egingo da.


Azterketa dokumentala