Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2008ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
6602

EBAZPENA, 2008ko urriaren 27koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Hondarribiko (Gipuzkoa) Borda-Txiki Villa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Hondarribiko Borda-Txiki Villak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Hondarribiko (Gipuzkoa) Borda-Txiki Villa, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.- Hondarribiko Borda-Txiki Villa Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.- Ebazpen hau interesdunei, Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 27a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

MUGAPENA

a) Mugapenaren deskribapena.

Babes-inguruaren mugapena atxikitako plano baten bidez zehazten da. Mugapena gaur egun eraikinak berak, garajeak eta horiek inguratzen duen eremuak osatzen dute, berau ixten duten elementuak barne. Partzela errepide hauek mugatzen dute: iparraldean N-638 errepideak eta GI-2134 errepideak, eta iparraldean eta ekialdean, Amuteko errepideen elkarguneak. Beraz, aipatutako partzelaren mugak ekialdean eta iparraldean daude. Eta azkenik, haren hego-mendebaldean, itxidura bat du garajearen alboko fatxadan, eta itxidura horrek aurrez aipatutako bi errepideekin eta aldameneko partzelarekin muga egiten du.

b) Mugapenaren justifikazioa.

Proposatutako mugapena alderdi hauek baldintzatzen dute:

- Alde batetik, ondasunaren izaerak berak (lorategi txiki bat duen partzelan dagoen txaleta); beharrezkoa da gutxieneko eraiki gabeko lursail librea zaintzea.

- Beste aldetik, jatorrizko partzelaren tamainak eta formak izandako ondorengo aldaketak; ez du uzten gehiegizko babes-ingurua ezartzen.

Inguru horrek gutxieneko ardura eskatzen du, ondasuna behar bezala babesteko eta balioan jarri ahal izateko; hori dela eta, higiezinaren alboko eremuak babestu egin beharko ditu, bai eta mugapenean sartutako partzelaren itxiera-elementuak ere.

II. ERANSKINA

DESKRIBAPENA

«Borda Txiki» etxea (Casa Petit ere deitua) eraikitzeko agindua eman zion Juan José Petit de Ory negozio-gizonak Irungo Luis Vallet de Montano Etxeandia arkitektoari, 1924. urtean. Eraikinak estilo neoeuskalduna du.

12 m x 10 m-ko oinplano laukizuzena duen eraikin exentua da. Bi garaiera ditu eta teilatupean 147,59 m2-ko eraikitako gainazal bat du, terraza eta eskailerak barne. Oinplano laukizuzenari atxikita bi elementu hauek daude, fatxada nagusiaren albo banatan: sukaldera sartzeko bigarren mailako ate bat eta ataripea. Ataripeak harrizkoa izan behar zuen, hasierako proiektuaren arabera, baina azkenean zurezkoa egin zen. Etxea lursailetik zertxobait altxata eraiki zen; bertara sartzeko lau harrizko eskailera zabal igo behar dira, bai aurreko atetik eta bai albokoetatik sartzeko. Atzeko fatxadatik nabarmentzen da bi isurkiko estalki nagusia, eta fatxadarekiko perpendikularki dagoen gailurrean sostengatzen da. Gailurrak etxera sartzeko eraikin atala indartzen du, bertan zurezko ageriko zertxa bat gailentzen baita.

Fatxaden eraketari dagokionez, fatxada nagusia hego-ekialderantz begira dago, eta etxerako sartzeko eraikin atal garbia du. Ateak estalkia du ageriko zertxaz markatua, eta alboetan oinarri molduratua duten bi suhesi apaingarri ditu.

Etxera sartzeko eraikin atalaren lehenengo solairuan, zurezko balkoi jarraitu bat nabarmentzen da, bi suhesiren artean, eta bertara irteteko bi hutsarte daude. Beheko solairuan, berriz, harriz egindako zirkulu-erdiko bi arku interesgarri daude, sarrerako atari txikia eta haren alboko leihoa inguratzen. Etxera sartzeko eraikin atalaren albo batean, hutsarte zabaleko eremu bat dago; beheko solairuari dagokion fatxada harriz inguratuta dago, eta etxera sartzeko eraikin atala lehenengo solairuarekin lerrokatzen den lekuan, beste hutsarte bat, zurezko marko eta kontraleihoekin, estilo neoeuskaldunari dagozkion gezurrezko zurezko armazoietan inguratuta.

Hego-mendebaldeko fatxadako beheko solairuan, etxera sartzeko ate bat dago. Ate hori ataripean dago; atari horri harrizko zutabeek eusten diote. Atearen albo batean, leihate zabal bat dago, eta beste alboan, zurezko kontraleihoak dituen beste leiho bat. Lehenengo solairuan zurezko balkoi bat dago, bertara irteteko bi hutsarte ditu eta leiho bat, guztiak markoekin eta zurezko kontraleiho gorriekin.

Ipar-ekialdeko fatxadak leihate zabal bat du, harrizko arku baten pean, eta albo banatan zurezko markoak eta leihateak dituzten bi leiho-hutsarte ditu. Lehenengo solairuan 3 leiho daude; horietako batek beiratea du familiaren armarriarekin.

Atzeko fatxadak, ipar-mendebaldera begira dagoenak, denetan apaindura gutxien du, guztiz laua da, ez zaio elementurik gailentzen eta oso itxia da. Atzeko fatxadan, bi elementu nabarmen daitezke, batetik lehenengo solairuan dauden arkudun bi leiho, eta bestetik eskailera albo batetik argiztatzen duen leiho estu eta altua. Fatxadak mortero-zarpiatuz estalita daude; ertzak, arkuen beheko eremuak eta dobelak harlanduzkoak dira; zura gorriz margotuta dago, eta armazoiak gezurrezko zurezkoak dira.

Etxea lorategi batek inguratzen du. Lorategiaren inguruan harrizko hormak daude, aurreko aldean burdin-hesia du, eta hormigoizko hesiak ere badira. Horiek guztiak desjabetzearen ondoren partzelaren mugapen berria egin zenean eraiki ziren. Bertako zuhaitzak eta zuhaixkak ere ageri dira; horien artean, gaztainondoak, haritzak, indigaztainondoak, akaziak, gorostiak eta magnoliak. Partzelan garaje bat ere badago, etxetik aparte eta itxita, eta N-638 errepidetik sartzeko zabalgune ederra du.

Higiezinaren barrualdeak egitura-tipologia hau du: manposteriako zutabeak, pisuen eta estalkiaren armazoia haritzezkoak, teila lauz egindako estalkia, eta zurezko eta baldosazko zoladura. «Eraikuntza oso arduratsu izan zen eta herrialdeko ohiko arauei jarraituz egin zen», deskribatu du Luis Valletek, etxea diseinatu eta obra egin zuen arkitektoak.

Beheko solairuan, jangela, atariak, egongela, ateak, sukaldeak eta zerbitzu osagarriak daude; bigarren solairuan, berriz, logelak eta bainugelak daude, eta ganbara bat zerbitzarientzako komuna eta logela dituela.

Barruko banaketak adierazten du etxebizitza familia bakarrarentzat egina dela. Sarrera nagusi bat du hego-ekialdeko fatxadaren erdi-erdian, handik aparteko hall batera sartu eta etxearen gune zentrala ikusten da; gune zentral horrek sukaldea eta jangela banatzen ditu eremu pribatuago batetik, hain zuzen ere, bulegotik eta gonbidatuen gela txiki batetik. Aurreko aldean, orientaziorik onena duenean (hego-ekialdea), etxeko leku nagusiak eta esanguratsuenak daude; esaterako, ataria, egongela, jangela eta logela nagusiak. Erdialdean korridoreak daude, eta gune zentrala ikus daiteke beheko solairuan. Albo batean, goiko solairuetara igotzeko eskailera dago. Lehenengo solairuan logela nagusia dago fatxada nagusira begira eta balkoira irteteko atea dauka; logela guztien artean handiena da eta bainugela pribatua du.

Barrualdea bat dator eraikin motarekin. Oraindik ere jatorrizko giroa nabari da. Gonbidatuen gelak beste gelen aldean dekorazio berezia du, altzari zuri eta jatorrizko paper apaingarri arrosarekin. Pareta erdira arte estaltzen duen paneldun irudi geometrikoak ageri dira etxearen zenbait espaziotan, eta bulegoko paneldunaren azpian disimulatutako sarrera bat nabarmen daiteke, eskailera azpian dagoen biltegi txiki batera garamatzana. Bulegoan beste elementu interesgarri bat dago: galdara (Roca etxea), ikatzezko lehenengo berogailuarena da. Barruko zur-arotzeria kalitate handikoa da eta oso ondo zainduta dago; lauki formako eta forma geometrikoko hutsarteak ditu, eta giroko interesa mantentzen du. Horrez gain, aipatzekoak dira beste elementu hauek ere: margotutako paperen originaltasuna, garaian erabilitakoa; sabaietan eskaiolaz egindako lanak (plafoiak, erlaitzak, moldurak...), portaleko azulejoak irudi zoomorfikoekin, eta beiratea eskailera inguruan, familiako armarriarekin.

Guzti horren emaitza kalitatezko egoitza-arkitektura da; ondo eta material onekin egina. Garai hartan egiten zen arkitekturaren adibide duina da, eta haren eraikuntzaren eta erabili ziren materialen kalitateari esker, gaur egunera arte baldintza onetan iraun ahal izan du.


Azterketa dokumentala