Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2008ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
6588

AGINDUA, 2008ko urriaren 10ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren estatutuak onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua onartu zuen abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 10.22 artikuluan ezartzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, ez beste inori, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Arautegiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua aipatu eskumenaren indarrez eman ziren. Legeko 33. artikuluan eta dekretuko 38. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Onarpena.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren estatutuak onartzea, eta honako hau adieraztea: administrazio- edo lan-zuzenbidearen bidez araututako zerbitzu-harremanaren bitartez Administrazioari lotutako lan-harremanetako profesionalei ez zaie exijituko Elkargoan sartzea lanbidean jardun ahal izateko. Hala ere, lanbidean arlo pribatuan jardun nahi badute, beharrezkoa izango dute elkargokide egitea, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30. artikuluan jasotakoaren arabera beharrezkoa baldin bada.

2. artikulua.- Argitalpena.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren estatutuak agindu honen eranskinean argitaratzea.

3. artikulua.- Inskripzioa.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezen agintzea, erregistroa formalki osatzen den unean.

AZKEN XEDAPENA.- Eraginkortasuna.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 10a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

BIZKAIKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ESTATUTUAK

ATARIKO KAPITULUA

ELKARGOAREN IZAERA

ETA ERAKETA

1. artikulua.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofiziala zuzenbide publikopeko korporazioa da, berezko nortasun juridikoa eta jarduteko erabateko ahalmena ditu eta gizartearen eta interes publikoaren alde egitea du helburu, betiere, farmazialarien lanbideko jardunarekin zerikusia duten arloetan. Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 36. artikuluak aintzatesten eta babesten du elkargoa.

2. artikulua.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak xedapen hauetan xedatutakoaren arabera jardungo du: Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legean eta estatutu hauetan.

Farmazialari elkargokideek bide hauek izango dituzte, gutxienez, elkargoko antolamenduan eta jardunean parte hartzeko:

a) Gobernu-organoak beteko dituzten elkargokideak aukeratzeko orduan, botoa emateko eta aukeratuak izateko eskubidea izango dute, estatutu hauen arabera.

b) Hainbat ekimenen bitartez, gobernu-organoen jarduerak sustatzeko eskubidea izango dute, jarduerok estatutuetan ezarritako moduan eginez gero.

c) Elkargoaren barruan, kideak ordezkatuko dituzten talde bereziak antolatzeko eskubidea izango dute, baldin eta interesa badute eta, betiere, gobernu-organoen menpean.

d) Batzorde Orokorrean parte hartzeko eskubidea izango dute eta batzordearen eskumeneko gaietan botoa eman ahal izango dute, betiere, estatutuetan ezarritako moduan.

3. artikulua.- Izena eta helbidea.

Elkargoaren izena hauxe izango da: «Colegio Oficial de Farmacéuticos de Bizkaia - Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofiziala».

Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren helbidea, berriz, hauxe izango da: Sabino Arana kalea 20, 6.a eta 7.a, 48013 Bilbao.

Elkargoak Bizkaiko Lurralde Historikoan jardungo du eta lurralde horretan ezin izango da lanbide berbererako beste elkargorik osatu.

4. artikulua.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak, Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako elkargoekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilua eratu ahal izango du, aplikagarri diren legeen arabera.

LEHENENGO KAPITULUA

ELKARGOAREN OINARRIZKO ZEREGIN ETA ESKUDUNTZAK

5. artikulua.- 1.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren zeregin izango da Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 24. artikuluak ematen dizkion zereginak gauzatzea, betiere, bere eskuduntzen barruan.

2.- Eskuduntza orokorrez gain, oinarrizko zeregin hauek ere izango ditu:

1) Legeen eta bere eskumenen barruan, farmazialarien lanbideko jarduera arautzea. Besteak beste, lanbideko jarduera behar bezalakoa dela begiratuko du; deontologia eta lanbideko duintasuna gordetzen direla ziurtatuko du eta lanbideko edozein eratako jarduerak arautzen dituzten xedapenak betetzen direla egiaztatuko du.

2) Lanbideko jarduera herritarren osasunaren onerako dela ziurtatzea. Horretarako, gainerako osasun-lanbideekin eta aginte publikoekin batera lan egingo du.

3) Indarrean dauden legeen barruan, farmazia-bulegoak irekitzeko eta ixteko orduak osasun-agintariei proposatzea eta, hala badagokio, onartzea. Guardia eta larrialdiko txandak antolatzea eta, hala badagokio, oporrak arautzea, betiere, komunitatea zerbitzurik gabe ez geratzeko.

4) Farmazialaritzari buruzko legeak betetzen direla eta lanbideko jarduera legezkoa eta egokia dela ziurtatzea eta elkargokideek beren betebehar eta obligazioak betetzen dituzten begiratzea. Horretarako, deontologia batzorde bat eta ikuskapen zerbitzu bat eratu ahal izango da.

5) Administrazioak eskuordetzan ematen dizkion zereginak betetzea, 18/1997 Legearen 25. artikuluaren arabera.

6) Lanbidea gizartean, zientzian, kulturan eta lanean sustatzea eta farmazialarien etengabeko prestakuntza bultzatzea. Hortaz, baliabideak jarriko ditu farmazialariek etengabe prestatzen jarraitzeko duten betebeharra konpli dezaten.

7) Elkargoko kide diren farmazialarien arteko elkartasuna bultzatu eta lanbidean aurrera egin dezaten lagundu.

8) Ikasketa planak egiten eta graduatuentzako etengabeko espezializazio eta prestakuntza ikasketak prestatzen laguntzea.

9) Ikerketa sustatzea. Horretarako, ikerketa-laboratorioak jar ditzake, profesionalei prestakuntza eta irakaskuntza eskaintzeko.

10) Elkargoarekin edo farmazialaritzarekin zerikusia duten era guztietako argitalpenak ateratzea.

11) Lanbidearen ordezkari izatea eta berori aldeztea, bai Administrazioaren aurrean, bai erakundeen, auzitegien, entitateen edo norbanakoen aurrean. Elkargoa alderdi izan daiteke lanbidearen interesei edo elkargoaren helburuei lotutako auzi eta afera guztietan. Ildo horretatik, ahalordea eman dezake bere ordez eta alde jarduteko.

12) Lurraldeetako herri administrazioetako batzordeetan eta aholkularitza-organoetan parte hartzea, hala eskatzen diotenean edo legeak agintzen duenean.

13) Administrazioekin eta epaitegi-auzitegiekin batera lan egitea, ikerketak, txostenak, irizpenak eta estatistikak eginez edo bere helburuei lotutako beste edozein jardueraren bitartez.

14) Honako hauek saihesteko neurriak hartzea: intrusismoa, profesionalen arteko bidegabeko lehia, erabiltzaileei nahi duten botika aukeratzeko trabak jartzen dizkieten akordioak edota botiken prezioei buruzko edo zerbitzuengatik jasotako ordainsariei buruzko xedapenak hausten dituzten jarduerak.

15) Elkargoan atalak eratzea, lanbideko jarduera-moten arabera.

16) Lanbideko jarduerak edo lanbidea arautzen duten lege-xedapenak betetzen ez dituzten elkargokideei diziplina-zehapenak jartzea.

17) Elkargoko aurrekontuak prestatzea eta onartzea; elkargoan sartzeko kuotak, ohikoak zein apartekoak, finkoak zein aldagarriak, finkatzea eta elkargokideek ordaindu beharreko derramak ezartzea. Halaber, elkargoak egiten dituen jarduerengatiko kontraprestazioak ere finkatuko ditu, hala bereak nola eskuordetzan emandakoak.

18) Lanbideko kontuak direla-eta elkargokideen artean edo elkargokideen eta beste batzuen artean sortzen diren auzietan, adiskidetze edo arbitraje lanak egitea, betiere, hala eskatzen bazaio.

19) Aholkularitza zerbitzuak eta jarduerak antolatzea, bai zientziaren alorrean, bai lege, administrazio, lan edo zergen alorrean bai beste edozeinetan, elkargokideak hobeto orientatzeko eta defendatzeko lanbideko jardueran ari direnean.

20) Elkargoaren ondareari dagokionez, era guztietako xedapen-, administrazio- eta zerga-kontuez arduratzea, inolako salbuespenik gabe.

21) Lankidetza-hitzarmenak egitea, batetik, farmazialarien elkargoekin, autonomia erkidegoetako farmazialari elkargoen kontseiluekin eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarekin eta, bestetik, bestelako elkargo profesionalekin, udalekin, foru aldundiekin, erakundeekin eta bestelako organismoekin eta abar.

22) Elkargokideek lanbideko jarduera-mota desberdinetan egin dezaketen publizitatea finkatzea eta arautzea, betiere, osasun arloko publizitateaz indarrean dauden arauak beteta.

23) Farmazia-bulegoetan jarri beharreko errotulu eta kartelei buruzko baimenak arautzea, erabiltzaileek erraz aurki ditzaten.

24) Osasun-administrazioarekin, erakundeekin eta bestelako entitateekin batera jardutea, guztion interesak defenditzeko eta, bereziki, erabiltzaileek farmazia-asistentzia egokia dutela bermatzeko. Horretarako, egin beharreko akordio, kontratu eta itunak egingo dira.

25) Farmazialarien ordainsariak kobratzea eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazia Sistema eta horrekin itunak sinatu dituzten entitateak erabiltzen dituztenei, jasotako zerbitzuengatik kobratzea eta horretarako izapideak egitea eta kudeatzea. Hori guztia indarrean dagoen legediaren arabera eta sinatzen diren itunetan jasotzen den moduan egingo da.

Farmazia-zerbitzuak emateko osasun-administrazioarekin edo bestelako entitateekin sinatzen diren itunetako baldintzak jasotzen duen testua eztabaidatzea, egitea eta onartzea farmazia-bulegoetako jabeei dagokie, ez beste inori. Beraz, itun horiek egiteko deialdia elkargokide-talde horri baino ez zaio egingo.

26) Herri administrazioei lotutako profesionalen bateraezintasunak -bai zereginei buruzkoak bai ordainsariei buruzkoak- arautzen dituen legediaren kontrako jarduerarik sumatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari jakinaraztea, betiere, profesionala eta administrazioa lotzen dituen harremana administrazio- edo lan-zuzenbidearen araberakoa bada.

27) Elkargokideek nahitaezko asegurua egiten dutela bermatzeko neurriak hartzea, 18/1997 Legearen 12. artikuluaren arabera.

28) Farmazialariek sekretu profesionala gordetzeko duten eskubidea eta betebeharra betetzen dutela bermatzea.

29) Ordainsarien gutxi gorabeherako baremoak finkatzea, indarrean dauden arauen arabera.

30) Farmazia fakultateekin batera, praktika tutelatuak egitea, farmazialarien etengabeko prestakuntzako eta espezializazioko ikastaroak antolatzea eta, hala dagokionean, ikasketa planak egiten laguntzea.

31) Barne araubideko arauak onartzea. Arau horietan elkargoko bulegoen organigrama eta funtzionamendua jasoko dira.

32) Farmazialaritzarentzat onuragarri edo interesgarri diren gainerako zeregin guztiak -betiere, elkargoaren helburuak betetzen laguntzen badute- eta legeek esleitutakoak edo eskuordetzan emandakoak.

33) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak farmazialaritzaz egiten dituen xedapenei buruzko irizpena ematea, Autonomia Erkidegoko Kontseilua osatu arte.

34) Sozietate Profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean xedatutakoaren babespean eratutako Sozietate Profesionalen Erregistroa antolatzea eta kudeatzea. Era berean, sozietateen izena ematea, inskribatutako egintzetan gertatutako aldaketen berri ematea, Justizia Ministerioari eta Euskal Autonomia Erkidegoko sail eskudunari eskatutako jakinarazpenak egitea eta eskumen deontologikoak eta diziplinazkoak erabiltzea.

BIGARREN KAPITULUA

BIZKAIKO FARMAZIALARIEN ELKARGO OFIZIALAREN ANTOLAKETA

6. artikulua.- Gobernu-organoak.

1.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko oinarrizko organoak hauek dira:

a) Elkargokideen Batzar Orokorra.

b) Gobernu Batzordea.

c) Lehendakaritza.

d) Batzorde Iraunkorra.

LEHENENGO ATALA

BATZAR OROKORRA

7. artikulua.- Batzar Orokorra eta eskumenak.

1.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Batzar Orokorra da elkargokideen borondatea adierazteko ordezkaritza-organo gorena eta subiranoa.

2.- Batzar Orokorrak oinarrizko eskumen hauek izango ditu:

a) Estatutu hauek, Barne Araubideko Araudia (egiten bada) eta, oro har, Elkargoaren barruko gainerako arau orokorrak onartzea eta aldatzea.

b) Aurrekontuak, ekitaldiko kontuak eta elkargokideek ordaindu beharreko ohiko zein aparteko kuoten zenbatekoa onartzea.

c) Elkargoaren ondasun higiezinak erabiltzea edo besterentzea.

d) Gobernu Batzordearen edo horko kideren baten aurka aurkeztutako zentsura-mozioak onartzea, hala badagokio, betiere, estatutuetan ezartzen den prozedura arau.

e) Gobernu Batzordeak, elkargokideen % 20ak edo jarduneko elkargokideen % 10ak proposatutako erabakiak onartzea ala ez.

3.- Batzar Orokorrak ohiko edo aparteko bilkurak egin ahal izango ditu, estatutu hauetan ezarritakoaren arabera. Ohiko bilkurak urtean behin egingo dira, gutxienez, apartekoak, berriz, lehendakariak deitzen dituenean edo Gobernu Batzordeko kideen erdiek baino gehiagok, elkargokideen % 20ak edo jardunekoen % 10ak idatziz eskatzen badute. Eskarian gai-zerrenda adierazi beharko da.

4.- Ohiko zein aparteko batzar orokorretako deialdiak lehendakariak edo Gobernu Batzordeak egingo ditu bilera-eguna baino hamar egun lehenago beranduen jota.

Deialdia Elkargoko iragarki-taulan jarriko da eta, gainera, elkargokide bakoitzari bidaliko zaio postaz, Gobernu Batzordeko idazkariak sinatuta eta lehendakariak onespena emanda. Deialdian, gai-zerrendaz aparte, bilkura non, zein egunetan eta zein ordutan egingo den adieraziko da, bai lehenengo deialdian eta bai bigarrenean. Deialdi bien artean 30 minutuko tartea egongo da gutxienez.

Presako kontuak direla-eta egin beharreko aparteko batzar orokorren deialdiak 3 eguneko aurrerapenarekin egin daitezke.

Lehenengo deialdian, Batzar Orokorra balio osoz eratuko da kideen gehiengo soila bertan badago. Bigarren deialdian, berriz, bertaratuen kopurua dena dela osatuko da balio osoz.

Farmazialari elkargokide guztiek dute eskubidea Batzar Orokorretara joateko, eta hitza eta botoa izango dute. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira.

Oro har, ez da ordezkatutako botorik onartuko, salbu eta Batzar Orokorraren deialdian berariaz onesten bada. Ordezkatutako botoa onartzeko, eskuordetza idatziz adierazi behar da.

Bozketak eskua altxatuta egin daitezke, baldin eta elkargokideetako inork bozketa sekretua eskatzen ez badu.

Pertsonei edo elkargokideen ohoreari buruzko bozketak sekretuak izango dira beti.

Aldez aurretik ezarritako gai-zerrendan jasotako gaiez baino ezingo da erabakirik hartu.

Batzar Orokorrean hartutako erabakiak bete beharrekoak izango dira, aurkezten diren errekurtsoak gorabehera, eta elkargokide guztiek bete beharko dituzte.

BIGARREN ATALA

GOBERNU BATZORDEA

8. artikulua.- Gobernu Batzordea, kideak, eskumenak eta jarduteko araubidea.

1.- Elkargoko Gobernu Batzordea arduratuko da Batzar Orokorrean hartutako erabakiak betetzeaz. Gainera, bere gain hartuko ditu Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko zuzendaritza, programazioa, kudeaketa eta administrazioa.

2.- Gobernu Batzordeak zuzendaritzarako eta administraziorako behar besteko eskumen eta eskuduntzak erabiliko ditu, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren helburuak betetzeko, bai eta estatutuotan zein indarreko legerian aurreikusi arren Batzar Nagusiari berariaz eman ez zaizkionak ere. Horrez gain, era guztietako egintzak Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatzeko erabakiak ere hartuko ditu.

3.- Gobernu Batzordeko kideak elkargokideek aukeratuko dituzte botazio unibertsal, aske, zuzeneko eta sekretuaren bitartez. Hona hemen Gobernu Batzordeko karguak zeintzuk izango diren:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Idazkaria.

d) Diruzaina.

e) Bokal bat 200 elkargokideko edo horren zatiko. Gehienez 10 bokal izango dira.

f) Bokal bat Elkargoan eratutako sekzio bakoitzeko. Elkargoan eratutako atal bakoitzeko kide bat egongo da.

4.- Hauek dira lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko gainerako kideen zereginak:

a) Lehendakariarenak:

1.- Elkargoaren ordezkaritza ofiziala izatea botere publikoen, erakundeen, korporazioen, pertsonalitateen eta Sozietate Profesionalen Erregistroaren funtzionamenduaren ondorioz sortutakoen aurrean.

2.- Gobernu Batzordeko, Batzar Orokorreko eta bestelako batzorde, komite eta lantaldeetako bileretako buru izatea eta eztabaidak bideratzea. Berdinketa suertatzen denean, kalitatezko botoa izango du.

3.- Elkargoko diruak inbertitzeko ordainketa-aginduak ematea.

4.- Egoki deritzonean, gutunak ikuskatzea eta, Elkargoaren parte-hartzea eskatzen duten gaietan, parte hartzea. Nahi izanez gero, zeregin horiek lehendakariordeari eman diezazkioke eskuordetzan.

5.- Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorraren bilkuretako gai-zerrendak ezartzea.

6.- Elkargoaren ordezkari denez, ahalordeak eman ahal izango dizkie prokuradoreei eta letraduei, farmazialaritzari lotutako era guztietako jarduerak burutu ditzaten eta eskubideen inguruan auzitan ari daitezen.

b) Lehendakariordea:

Lehendakariak esleitutako zeregin guztiez arduratuko da eta, lehendakaria ez badago, karguari uko egin badio, gaixorik bada edo hil bada, beraren zereginak eskuratuko ditu.

d) Idazkaria:

1.- Elkargoko jarduera guztietarako zitazio-ofizioak idaztea eta bideratzea, lehendakariak emandako jarraibideen arabera eta behar besteko aurrerapenarekin.

2.- Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen bilkuren aktak idaztea eta horien edukiaren fede ematea.

3.- Zerbitzu egokia emateko behar diren liburu eta artxiboez arduratzea. Honako hauek nahitaezkoak izango dira: agirien sarrera- eta irteera-erregistroa, elkargokideen erregistroa, elkargokideei ezarritako zehapenen erregistroa eta tituluak erregistratzeko liburu bat.

4.- Elkargora bidaltzen diren eskari eta komunikazio guztiak jasotzea eta lehendakariari horien berri ematea.

5.- Presidentearen onespenaz, interesdunek eskatutako ziurtagiriak egitea, bai eta Sozietate Profesionalen Erregistroari buruzkoak ere.

6.- Elkargoko bulegoak antolatzea eta zuzentzea eta langileen buru izatea.

7.- Elkargoaren artxiboa eta zigiluak ardurapean edukitzea eta Sozietate Profesionalen Erregistroa kudeatzea eta edukitzaz arduratzea.

8.- Urteko memoria egitea.

d) Diruzaina:

1.- Dirua biltzea eta Elkargoaren fondoak zaintzea.

2.- Lehendakariak emandako ordainketa-aginduak ordaintzea.

3.- Gobernu Batzordeari aldiro-aldiro aurrekontuaren eta diru-sarrera eta gastuen kontuaren berri ematea eta aurreko ekonomia-ekitaldiko kontuak urtero egitea.

4.- Gobernu Batzordeak Batzar Orokorrari aurkeztu behar dizkion urteroko aurrekontuak prestatzea.

5.- Lehendakariarekin edo Gobernu Batzordean horretarako eskumena duten kideetako batekin batera eta solidarioki, bankuetako kontuetan dirua sartzea edo hortik ateratzea.

6.- Elkargoko ondasunen inbentarioa egitea, bera izango baita horien administratzailea.

7.- Kontabilitateaz eta kutxaz arduratzea.

e) Artikulu honetako 3.e) idatz-zatian aipatu diren osoko bokalak.

Gobernu Batzordeak esleitutako zereginak beteko dituzte.

Artikulu honetako 3.f) idatz-zatian aipatzen diren sekzioko bokalak.

Zeregin hauek izango dituzte:

Gobernu Batzordeari proposamenak egitea. Aldez aurretik idazkariari jakinaraziko dizkiote, gai-zerrendan sar ditzan.

Sortzen diren batzordeetan parte hartzea, horretarako izendatzen direnean.

Gobernu Batzordeak esandako gaietan, idatzizko irizpena ematea.

Beren sekzioko farmazialariak bilkuretara deitzea eta, hala badagokio, kasuan kasuko bokaltzari lotutako gaiei buruzko erabakiak Gobernu Batzordeari bidaltzea.

5.- Lehendakaria eta Gobernu Batzordeko gainerako kideak bozketa bidez aukeratuko dira. Bozketa hori zuzenekoa, askea eta sekretua izango da, eta estatutu hauetan ezarritako eran egingo da.

6.- Gobernu Batzordea hilean behin bilduko da, gutxienez; baita lehendakariak edo kideen % 20ak eskatzen badute ere:

a) Idazkariak gutxienez 48 orduko aurrerapenarekin egingo ditu Gobernu Batzordearen bilkuretarako deialdia, betiere, lehendakariaren aginduz. Deialdian honako hauek jasoko dira:

Bilkura zein egunetan, ordutan eta lekutan egingo den, bai lehenengo deialdian, bai bigarrenean. Deialdi biak egun eta toki berean egingo dira, bigarrena lehenengoa baino ordu erdi geroago.

Gai zerrenda, ahalik eta argien eta zehatzen.

Erabiliko diren gaien inguruko informazioa.

Aurreko bilkurako aktaren zirriborroaren kopia, salbu eta bilkura hartan bertan onartu bazen.

Ezin izango da planteatu edo onartu gai-zerrendatik kanpoko gairik, salbu eta kide anitzeko organoko kide guztiak bilkuran badaude eta gehienek gaia presakoa dela ebazten badute.

b) Gobernu Batzordeko kide guztiek dute bilkuretara joateko obligazioa. Lehenengo deialdian, Gobernu Batzordea eratutzat joko da baldin eta kideen erdiak gehi bat bertan badaude. Lehenengo deialdian quorumik ez badago, Gobernu Batzordea bigarren deialdian eratuko da baliozki, bertaratutakoen kopurua dena dela. Lehendakaria izango da Gobernu Batzordeko buru, eta hori ez badago, lehendakariordea.

c) Erabaki guztiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketa suertatuz gero, lehendakariak kalitateko botoa izango du.

d) Hartutako erabakiak aktan jasoko dira. Akta onartu ondoren, idazkariak sinatu egingo du, eta lehendakariak oniritzia emango dio.

e) Artikulu honetan jasotzen ez diren gaietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. eta 27. artikuluak aplikatuko dira, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez ezarritako aldaketekin.

9. artikulua.- Sekzioko bokaltzak.

1.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialean jarraian aipatzen diren sekzioak eratuko dira. Horien buru bokal bat izango da, zeinak hitza eta botoa izango baitu Gobernu Batzordeko bilkuretan. Hona hemen sekzioak:

1) Osasun Publikoko eta Administrazioko titular-teknikoak.

2) Farmazialari analista klinikoak.

3) Industriako farmazialariak.

4) Ospitaleko farmazia zerbitzuetako farmazialariak.

5) Optika Oftalmikoko eta Optometriako eta Akustika Audiometrikoko farmazialariak.

6) Ortopediako farmazialariak.

7) Farmazia bulegoko farmazialari titularrak.

8) Farmazia bulegoetan diharduten farmazialari ez-titularrak.

9) Elikadurako farmazialariak.

10) Dermofarmaziako farmazialariak.

2.- Lanbideko edozein jardueratan diharduten farmazialariek sekzio horietan eman behar dute izena.

3.- Gobernu Batzordeak proposatutako beste edozein sekzio ere sor daiteke, betiere, Batzar Orokorrak onartzen badu eta modalitate horretan gutxienez 8 elkargokide badihardute.

10. artikulua.- Batzorde Iraunkorra eta horren eskumenak.

Gobernu Batzordeak egoki baderitzo, Batzorde Iraunkorra eratuko da, Gobernu Batzordeko lana arintzeko. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: lehendakariak, idazkariak, diruzainak, lehendakariordeak eta Gobernu Batzordeko kideen artetik aukeratutako bokal bik.

Batzorde Iraunkorraren erabakiak Gobernu Batzordeari jakinarazi behar zaizkio, behin betiko balioa har dezaten.

Batzorde Iraunkorrak zeregin hauek izango ditu:

a) Gobernu Batzordearen erabakiak betetzen direla begiratzea.

b) Gobernu Batzordearen bilkurak prestatzea.

c) Izapidezko eta presako kontuak ebaztea. Horrelakoetan, Gobernu Batzordeari jakinaraziko dizkio hartutako erabakiak.

HIRUGARREN KAPITULUA

HAUTESKUNDE ARAUDIA

11. artikulua.- Gobernu Batzordeko kide izateko eskakizunak.

Gobernu Batzordeko kideak lau urterako aukeratuko dira bozketa libre eta sekretuaren bitartez. Bozketan elkargokide guztiek parte har dezakete.

Hauteskundeetan Gobernu Batzordeko lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain, osoko bokal edo sekzioko bokal izateko aurkezten direnek baldintza hauek bete behar dituzte:

1.- Jardunean egotea, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko kide izatea eta lanbidean hiru urte jardun izana egiaztatzea.

2.- Elkargokidea bera eta kide duen edo izan duen sozietate profesionala hutsegite larriengatiko diziplina-zigorpean egon ez izana eta epai irmoaren bidez lanbiderako edo kargu publikorako ezgaitua ez izana edo beste edozein debekupean edo lege-ezintasunpean edo estatutuen araberako ezintasunpean ez egotea, betiere irmoak badira.

3.- Batzordeko halako kargutarako aurkeztu nahi izanez gero, azken 8 urteetan kargu horretan jardun ez izana.

4.- Gobernu Batzordeko karguak bete nahi dituzten hautagaiak zerrenda itxietan aurkeztuko dira, zeinek zein kargu beteko duen ondo zehaztuta.

5.- Zerrendek elkargokideen hamarren baten babesa izan behar dute, gutxienez. Hautagaiek beren zerrendari eman diezaiokete babesa, eta elkargokide guztiek zerrenda bati baino gehiagori.

6.- Hautagaiak kargu bakar batera baino ezin dira aurkeztu.

7.- Sekzioko bokal izateko, aurreko baldintzak betetzeaz gain, hautagaiak kasuan kasuko sekzioan izena emanda egon behar du, eta urtebeteko antzinatasuna izan sekzio horretan.

12. artikulua.- Hauteskunde-prozesua.

1.- Gobernu Batzordearen lau urteko agintaldia amaitu baino hiru hilabete lehenago hasiko da hauteskunde prozesua, Gobernu Batzordearen erabaki baten bitartez.

Gobernu Batzordeak egingo ditu, estatutu hauen arabera, hauteskunde prozesurako deialdia eta hauteskundeetako egutegia.

2.- Hauteskunde-prozesua hasi eta, hilabeteko epean, hauteskunde-mahaia osatuko da. Hona hemen horren zereginak: prozesua begiratzea, bozketetan buru izatea, botoak kontatzea, aukeratutako hautagaien aldarrikapena egitea eta aurkezten diren erreklamazioak ebaztea.

3.- Hauteskunde-mahaiko kideak aukeratzeko, zozketa egingo da elkargokide guztien artean, Gobernu Batzordeko idazkaria aurrean dela. Zozketa Elkargoko egoitzan egingo da, eta elkargokide guztiak joan ahal izango dira ikustera.

Hauteskunde-mahaiak hiru kide izango ditu. Horiek aukeratzeko, hiru izen aterako dira, ausaz, elkargokideen zerrendatik. Lehenengo ateratzen dena hauteskunde-mahaiko lehendakari izango da, bigarrena idazkari eta hirugarrena bokal.

Zozketa birritan egingo da. Bigarrenean ordezko kideak aukeratuko dira, hurrenkera berberean.

Hauteskunde-mahaiko kideak ausaz aukeratuko dira, esan bezala, eta nahitaez bete beharko dituzte beren karguak, salbu eta, behar bezala justifikatutako arrazoiengatik, ezinezkoa bazaie. Gobernu Batzordeak, arrazoi horiek aztertu ondoren, erabakia hartuko du. Alegatutakoak justifikaziorik ez duela ebatziz gero, izendatutakoa ez agertzea hutsegite larritzat joko da.

4.- Mahaiko kideak ezin dira hautagai izan. Izatea suertatuz gero, ordezkoa izendatuko da mahairako.

5.- Hauteskunde mahaia eratzen den egunean, Gobernu Batzordeak hautesleen zerrenda emango dio.

Hautesleen zerrenda iragarki-taulan argitaratuko da, eta horixe izango da hautesleen errolda. Zerrenda horren aurka erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio hauteskunde-mahaiari hamabost eguneko epean. Horiek aurkezteko epea amaituta, mahaiak bost egun izango ditu ebazteko eta ebazpenak iragarki-taulan argitaratzeko. Ebazpen horien aurka, berriz, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio, bost eguneko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari. Errekurtsoak ebazteko 15 eguneko epea egongo da.

6.- Hauteskunde-mahaiak hauteskundeetarako arauak bidaliko dizkie elkargokide guztiei, eratzen denetik bost eguneko epean.

7.- Hauteskunde-mahaia eratzen denetik, hilabeteko epea irekiko da, gutxienez, eta hi hilekoa, gehienez, hautagai-zerrendak aurkezteko eta aldarrikatzeko.

Zerrenda horietan hautagaien datu hauek jarriko dira: izen-abizenak, elkargokide-zenbakia, zein kargutarako aurkezten den eta hautagaiaren onarpen-sinadura.

Hautagai-zerrendarekin batera honako hauek aurkeztuko dira: estatutuetan hautagai izateko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak eta hautagai-zerrenda babesten dutenen sinadurak.

Zerrenda bat hauteskundeei begira baliozkoa izan dadin, kargu hauek jasoko ditu gutxienez: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria, diruzaina, osoko bokal bat 200 elkargokideko edo horren zatiko (gehienez 10 bokal) eta bokal bat 20 kide, gutxienez, dituen sekzio bakoitzeko.

8.- Hautagaien zerrendak aldarrikatzeko ekitaldian elkargokide guztiak egon ahal izango dira. Bertan, baldintzak betetzen dituzten hautagaien akta egingo da, hiru kopiatan, eta baldintzak betetzen ez dituzten hautagaiak baztertu egingo dira.

Aktan, bertaratutakoek egindako erreklamazioak jasoko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluak 15 eguneko epea izango du alegazio horiek ebazteko.

Aktaren kopia bat Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilura bidaliko da, beste bat iragarki-taulan jarriko da eta hirugarrena hauteskunde-mahaiak gordeko du.

9.- Hautagai-zerrenda bakoitzak bi kontu-hartzaile izenda ditzake, baina, aldez aurretik, aldarrikatutako zerrendako kide batek egiaztagiria sinatutako beharko dio.

10.- Gobernu Batzordeko karguak betetzeko hauteskunde-zerrendarik aldarrikatzen ez bada, Gobernu Batzordeak, gehiengoz, kargu horietarako proposatzen dituen elkargokideen izenak eman diezazkioke hauteskunde-mahaiari berrogeita zortzi orduko epean, betiere, aldez aurretik interesatuei galdetuta eta horiek baietz esaten badute eta hautagai izateko baldintzak betetzen badituzte. Epe horretan hautagai-zerrendarik aurkeztea ezinezkoa bada, jardunean dagoen Gobernu Batzordearen agintaldia sei hilabete luzatuko da. Horrelakoetan, Gobernu Batzordeak hiru hilabeteko epean hauteskunde-prozesu berria abiarazteko konpromisoa hartuko du.

11.- Sekzioko bokaltza baterako edo batzuetarako hautagai-zerrendarik aldarrikatzen ez bada, kargu horiek betetzeke utziko dira. Beraz hutsik agertuko dira hauteskunde prozesuan.

12.- Hautagai-zerrenda bakarra aldarrikatzen denean, ez da hauteskunderik egingo, horixe aukeratuko da.

13.- Hauteskunde-mahaiaren bilkura guztiak jendaurrean egingo dira eta akta egingo da. Bertan, izandako gorabeherak eta egindako erreklamazioak jasoko dira.

14.- Hautagai-zerrendak aldarrikatuta, hilabeteko epea egongo da hauteskunde-eguna finkatzeko.

Hauteskunde-egunean, mahaia goizeko hamarretatik arratsaldeko 8ak arte egongo da zabalik, tarte horretan hautesleek botoa eman dezaten.

Hauteskundeak egiten diren lokalean, mahaiko lehendakariak aginpide osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea betetzen dela begiratzeko. Hauteskunde-mahaia jartzen den tokian, pertsona hauek baino ezingo dira egon: mahaikideak, titularrak zein ordezkoak, eta hautagai-zerrenden ordezkari diren kontu-hartzaileak.

Hauteskundeak egiten diren lokaletan eta inguruetan ezin izango da inolako propagandarik egin hautagaien alde. Mahaiko lehendakariak behar diren neurriak hartuko ditu hori bermatzeko.

Gobernu Batzordeko kideak aukeratzeko, hautestontzi bat jarriko da.

Bozketa egiten den tokian, hauteskunde-mahaiak toki gorde bat jarriko du, hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrenda aldarrikatu guztien txartelak hautesleen eskura jartzeko. Txartelez gain, gutun-azalak ere jarriko dira, hitz hauek idatzita dituztela: «Gobernu Batzordea aukeratzeko hauteskundeak».

Hauteskunde-mahaiak ateratako txartelez bestelakoak ez dira baliozkotzat joko.

Bozketa, nominala eta sekretua, hitz hauekin hasiko da: «hasiera ematen zaio bozketari». Hortik aurrera, hautesleek, banan-banan mahaira hurbilduta, beren izen-abizenak esango dituzte. Mahaikideek izen hori hauteskunde-erroldan dagoen begiratu dute eta agiri ofizial bat erakutsaraziko diote hautesleari nortasuna egiaztatzeko (NAN, gidatzeko baimena, pasaportea, elkargokide-txartela...). Hautesleak berak emango dio hauteskunde-mahaiko lehendakariari Gobernu Batzorderako hautagai-zerrenda barruan duen gutun-azala.

Ondoren, lehendakariak, gutun-azala une batez ere ezkutatu gabe, hauteslearen izena esango du ozen, baita «bozkatu du» esaldia ere.

Hauteslearen nortasunak zalantzak sortzen baditu, mahaiak berak erabakiko du nola konpondu.

15.- Botoa posta ziurtatuz bidaltzeko prozedura.

Bozkatzeko eskubidea ahalik eta errazen gauzatu ahal izateko, botoa postaz bidaltzeko aukera eskaintzen da. Hala ere, edozein hauteskundetan nahitaezkoa den benetakotasuna ere bermatu behar da, bestela hauteskundeen helburua hutsaldu egiten baita. Beraz, noraezekoa da zenbait baldintza jartzea postaz bozkatu nahi duten elkargokideentzat.

Bozketa egunean Farmazialarien Elkargoko Ofizialeko egoitzara joaterik izango ez dutela uste duten elkargokideek postaz bozkatu ahal izango dute. Horretarako, aldez aurretik eskaria egin beharko diote hauteskunde-mahaiari eta eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Hautesleen errolda argitaratzen den egunetik hautagaien zerrendak aldarrikatu ondorengo 5. egunera arte, hautesleek erroldan daudela egiaztatzen duen agiria eskatu ahal izango diote hauteskunde-mahaiari. Eskaria idatziz egingo diote hauteskunde-mahaiko lehendakariari eta, bertan, egiaztagiria ez ezik, boto-txartelak, gutun-azalak eta bozkatzeko behar dituzten gainerako agiriak eskatuko dizkiote. Eskabide horiek erregistratu egingo dira, hauteskunde-mahaiak zainduko duen berariazko erregistro-liburu batean.

Posta bidez bozkatzeko agiriak eskatzeko epea amaitu eta hortik 48 ordura, hauteskunde-mahaiak akta bat egingo du, zeinetan hauteskunde-mahaiari postaz bozkatzeko agiriak eskatu dizkioten pertsona guztien izenak jasoko baitira. Gainera, zerrenda horretan agertzen diren hautesle guztien eskabideak aktari erantsiko zaizkio. Akta hori hauteskunde-mahaiak gordeko du, hauteskundeetako gainerako agiri guztiekin batera. Hautagaien zerrendetako kontu-hartzaileek akta eta horri erantsitako agiriak.

b) Aurreko idatz-zatian aipatzen den eskabidea jaso ondoren, hauteskunde-mahaiak hauteslea erroldan dagoela egiaztatuko du; dagokion idatz-oharra egingo du eta idazkariak, mahaiaren izenean, eskatutako egiaztagiria egingo du. Egiaztagiri hori, boto-txartelekin eta gutun-azalekin batera, ziurtatutako postaz bidaliko zaio hautesleari erroldan azaltzen den helbidera, jaso izanaren adierazpeneko sistemaren bitartez.

c) Hautesleak boto-txartela aukeratu edo bete duenean, gutun-azalean sartu eta itxi egingo du. Gutun-azal hori, mahaiko idazkariak egindako egiaztagiria eta nortasun agiri nazionalaren, gidatzeko baimenaren edo elkargoko txartelaren fotokopia beste gutun-azal baten barruan sartuko ditu eta hauteskunde-mahaiko lehendakariari igorriko dio, igorlearen izen-abizenak jarrita.

d) Farmazialarien Elkargo Ofizialak segurtasuneko itxiera duen kutxa gotor bat edo hautestontzi bat emango dio hauteskunde-mahaiari. Kutxa horrek bi giltza baino ez ditu izango, bata lehendakariaren ardurapean eta bestea idazkariarenean. Bertan, idazkariak zein lehendakariak ziurtatutako postaz iristen diren botoak gordeko dituzte egunero.

e) Hauteskunde-mahaiak ez ditu onartuko aipatutako eskakizunak betetzen ez dituzten botoak. Hortaz, postaz bidalitako boto-txartelak barruan dituzten gutun-azalak hautestontzian sartu baino lehen, lehendakariak egiaztatu egingo du aurreko lerroaldeetan zehaztutako eskakizunak betetzen diren eta hauteslea erroldan agertzen den. Posta arruntez bidalitako botoak ez dira inola ere onartuko. Hauteskunde-mahaiak boto-emaileen zerrenda begiratuko du, hautesleak botoa pertsonalki eman ez duela ziurtatzeko. Hautesleren batek postaz eta bozketa-mahaira agertuz bozkatu badu, postaz bidalitako botoa deuseztatu egingo da.

f) Hauteskunde-mahaiak zainduko eta gordeko du posta bidezko botoei buruzko dokumentazio guztia (hautesleen eskabideak etab.), eta ez dio Elkargoari emango harik eta inpugnazioetarako epeak amaitu arte.

16.- Bozketa amaitzeko ordua iritsita, kontaketa egingo da, lehendakariak horretarako deia egin ondoren, eta kontaketa ez da etengo harik eta hautestontziko txartel guztiak kontatu arte. Kontatzaileek notatu egingo dituzte irakurritako botoen emaitzak, eta mahai gainean utziko dituzte botoak, atera diren ordenan. Elkargokide guztiek ikusi ahal izango dituzte zalantzazko txartelak.

Kontaketa amaituta, akta egingo da, hiru kopiatan. Ale bat Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilura bidaliko da, ziurtatutako postaz, 48 orduko epean, beste bat iragarki taulan jarriko da, eta, hirugarrena, hauteskunde-mahaiak gordeko du, boto-txartelekin eta gainerako agiriekin.

Hauteskundeetan berdinketa izanez gero, beste bozketa bat egingo da hamar eguneko epean.

Gobernu Batzordea osatzeko, hautatuek hilabete izango dute beren karguez jabetzeko, hauteskunde-prozesua amaitzen denetik edo, alegaziorik badago, administrazio bidea amaitzen duen ebazpena ematen denetik aurrera.

Bozketan akatsen bat gertatu dela sumatuz gero, horren aurka egin ahal izango da, lehenengo hauteskunde-mahaian eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluan 48 orduko epean, hauteskundeak amaitzen direnetik. Behin administrazio-bidea amaituta, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Hala ere, horrek ez du betearazpena etengo.

13. artikulua.- Gobernu Batzordeko kide izateari uzteko arrazoiak.

1.- Kasu hauetan utziko zaio Gobernu Batzordeko kide izateari:

a) Hilez gero edo interesatuak kargua utziz gero.

b) Bateraezina den kargu baterako izendatua izanez gero.

c) Kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea dakarren epai irmoa jasoz gero.

d) Estatutu hauen arabera, hutsegite larri edo oso larriagatiko diziplina-zehapen irmoa ezartzea edo kide duen sozietate profesionalari hutsegite larri edo oso larriagatiko zehapena ezartzea.

e) Hiru hilabetez edo luzaroago lanbideko jarduerari utziz gero. Salbuespen izango da Lanbide Elkargoei buruzko Legean xedatutakoa.

f) Gaitzespen edo zentsura mozioa jasoz gero.

Ondoz ondoko bi hauteskundeen artean karguren bat hutsik geldituz gero, Gobernu Batzordeak kideen artean aukeratutako norbaitek beteko du, harik eta hauteskundeak egin arte. Hautagai-zerrenda itxiko kideen erdiek eta bat gehiagok kargua uzten badute, hauteskundeak egingo dira kargu huts horiek betetzeko.

14. artikulua.- Zentsura-mozioa.

Zentsura-mozioa planteatzeko, elkargokideen laurdenak, gutxienez, egin beharko du eskaria.

Batzar Orokorrak Gobernu Batzordearen edo horko kideren baten aurkako zentsura-mozioa aurkezteko asmoa badu, Batzar Orokorrera elkargokideen erdiek eta bat gehiagok agertu behar dute, gutxienez, bestela ezingo baita eratu eta, beraz, ez du eraginik izango.

Quorum nahikorik badago, zentsura-mozioa onartzeko, bertaratuen bi herenek aldeko botoa eman behar dute. Gobernu Batzordeko kideek ez dute botoa emateko eskubiderik.

LAUGARREN KAPITULUA

EKONOMI ETA AURREKONTU ARAUBIDEARI BURUZKO ARAUAK

15. artikulua.- Elkargoko aurrekontua.

1.- Gobernu Batzordeak urtero egingo du diru-sarreren eta gastuen ohiko aurrekontua, Batzar Orokorrari aurkezteko. Aurrekontuarekin honako hauek ordainduko dira: Elkargoaren berezko jarduerak eta helburuak, farmazialarien elkargo-egiturako beste erakundeetan parte hartzeak dakartzan gastuak, Gobernu Batzordeko kideek beren zereginetan eragindako gastuak eta, azkenik, Elkargoko Batzar Orokorrak onartutako ordezkaritza-gastuak. Lehendakariak eta Gobernu Batzordeko gainerako kideek, berriz, lanbideko jardueran ordezkatzeko behar den dirua jaso ahal izango dute.

2.- Kuotak edo elkargokideen edo euren sozietate profesionalen aldeko egintzen ondorioz sortutako edozein gastu ordaindu ezean, erreklamatzeko auzibidera jo ahal izango da. Beraz, elkargokide zordunari edo sozietate profesionalei eskatuko zaie prozedurak edo beste edozeinek eragindako gastuak ordaintzeko. Gainera, epai judizialaren osteko epaitza ematen denean, dagokien neurrian ordaindu beharko dira kuotak.

3.- Gobernu Batzordeak aparteko aurrekontuak ere egin ditzake, eta elkargokideen Batzar Orokorrak onartu behar ditu.

4.- Urtero, aurrekontu-ekitaldiko kontuak ikuskatu, eta txosten bat egingo da. Kontuak ohiko Batzar Orokorrak aukeratutako bi elkargokidek ikuskatuko dituzte edo, bestela, Gobernu Batzordeak izendatutako kanpoko kontu-ikuskaritzako zerbitzu batek.

5.- Elkargoak bere jarduera burutzeko behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak izango ditu.

16. artikulua.- Elkargoaren diru-sarrerak.

Elkargoak diru-baliabide hauek izango ditu:

a) Bere ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek sortzen dituzten etekinak, zein ere baitira.

b) Diru-laguntza ofizialak, dohainak, jaraunspenak eta legatuak.

c) Elkargoan sartzeko kuotak eta elkargokide izateagatikoak. Azken horiek ohikoak, apartekoak eta derramak izan daitezke. Ohiko kuotak, berriz, finkoak edo aldagarriak izan daitezke.

d) Elkargoak egindako zerbitzu eta jarduerengatik Batzar Nagusiak onartutako diru-kontraprestazioak eta elkargokideek edo farmazialariek euren lurraldean lan egiteagatik ordaindu behar dituztenak eta beste farmazialari-elkargo batzuetako elkargokideek eta erregistroan izena eman duten sozietate profesionalek ordaindu behar dituztenak, beti ere elkargoaren kuotan sartuta ez badaude.

Batzar Orokorrak finkatuko du, oro har, zein zerbitzu eta jarduera ordainduko diren diru horiekin. Halaber zehaztuko du ordainketa horien zenbatekoa, zeinak zerbitzu edo jarduera horien kostuaren ahalik eta zatirik handiena ordaintzea izango baitu helburu.

e) Era guztietako inprimaki eta argitalpenak saltzetik lortutako diru-sarrerak.

f) Txostenak, irizpenak, ikerketak, azterketak, egiaztagiriak eta abar egiteagatik jasotako diruak.

BOSGARREN KAPITULUA

KIDE EGITEA ETA LANBIDEA

ANTOLATZEA

17. artikulua.- Elkargoko kide egitea.

1.- Bizkaian farmazialaritzan jarduteko, nahitaezko baldintza izango da Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko kide izatea, legezko arauen arabera.

2.- Farmazialariak euren lanbidea garatzen duten lurraldeko helbide profesional bakar edo nagusian dagoen farmazialari-elkargoan baino ez dira kide aktiboak izango.

3.- Elkargokide egiteari begira, farmazialariek lanbidean dihardutela ulertuko da baldin eta, indarrean dagoen legeriaren arabera, jarduera horretan aritzeko farmaziako lizentziatura behar bada.

4.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko kideek beste farmazialarien elkargoek hartzen dituzten eremuetan ere jardun ahal izango dute, betiere, xedapen orokorretan ezarritako moduan.

Horretarako, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak, interesatuak eskatuta, dagokion elkargoari jakinaraziko dizkio elkargokideak Bizkaitik kanpo egingo dituen jarduerak.

Beste elkargo bateko kide izanik, Bizkaian lan egiten duten farmazialariek horren berri emango diote korporazioari beren elkargoaren bitartez.

5.- Abenduaren 27ko 1667/1989 Dekretuaren eta gaiari buruzko gainerako xedapenen arabera Espainian jarduteko eskubidea aitortuta duten Europako Ekonomia Erkidegoko farmazialariak, Bizkaian jardun nahi badute, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko kide egin behar dira, dela beren kontura jarduteko, dela artikulu honetako 3. paragrafoko edozein modalitatetan besteren kontura jarduteko.

6.- Europako Ekonomia Erkidegotik kanpoko farmazialariek, berriz, estatutu hauetan ezarritako eskakizunak bete behar dituzte elkargokidetze-kontuetan, eta indarrean dagoen legeriak emandako arauak Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko kide egiteko.

7.- Artikulu honetako 5. eta 6. paragrafoetan aipatzen diren farmazialariek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat behintzat badakitela egiaztatu beharko dute lanbideko edozein modalitatetan jarduteko.

8.- Farmazialaria sozietate profesional bateko kidea izan arren, artikulu honetan xedatutakoa bete beharko du.

18. artikulua.- Elkargokide-motak.

1.- Elkargoko kide diren farmazialariak jardunekoak edo ez-jardunekoak izan daitezke. Batzuk zein besteak eskubide osoko kideak izango dira.

2.- Jardunean dauden farmazialariak jarduneko elkargokide izango dira, farmaziako lizentziadunei gordetako modalitateetatik edozeinetan dihardutela ere. Nahitaez egin beharko dira Elkargoko kide eta, horrekin batera, baita lanbide-modalitate horretako profesionalak biltzen dituen sekzioko kide ere.

3.- Lanbidean ez diharduten farmazialariak ez-jarduneko kide izango dira. Egoera horretan dauden bitartean, Elkargoko kide izatea aukerakoa izango da.

4.- Elkargokide batek lanbideko modalitate bat utzi edo beste batean hasten bada, baimena eskatu beharko dio Elkargoari dagokion sekzioa uzteko edo beste batean sartzeko edo, hala badagokio, Elkargoa uzteko. Horretarako, behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

19. artikulua.- Elkargoan sartzeko eta modalitatea aldatzeko eskakizunak.

1.- Elkargoan sartzeko eta eskubide osoko kide izateko, eskabide bat bidali beharko zaio Gobernu Batzordeari eta, gainera, interesatuak eskakizun hauek bete beharko ditu:

a) Farmaziako lizentziadun-titulua izatea eta, hala badagokio, baita kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean jarduteko behar diren titulu edo diplomak ere.

b) Elkargoan sartzeko eskaria halako modalitatean jarduteko egin badu, modalitate horretarako behar diren titulu zibilen eta lan- edo administrazio-tituluen jabe dela frogatzen duten agiriak.

c) Kasuan kasuko modalitaterako legeetan ezartzen diren gaitasungabetze-arrazoiengatik, interesatua inolako prozeduratan sartuta ez dagoela aitortzen duen zinpeko adierazpena eta lanbidean jarduteko gaitasunaz gabetzen duen aurrekaririk ez izatea.

d) Elkargoaren estatutuetan elkargokideei ezartzen zaizkien betebeharrak eta aitortzen zaizkien eskubideak jakinarazi zaizkiola adierazten duen aitorpena.

e) Lanbideko jardueraren ondorioz eragin ditzan erantzukizun zibileko arriskuak estaliko dituen aseguru-poliza egina duela egiaztatzea. Ez-jarduneko kideei ez zaie horrelakorik eskatuko.

f) Sarrera-kuota ordaintzeko konpromisoa. Kuota hori Elkargoan sartzeko baimena jaso ondoren ordainduko da.

g) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia bat eta bi argazki aurkeztea.

h) Aurretik beste elkargo bateko kide izan bada, elkargo horrek egindako agiria aurkeztea. Bertan honako hauek adieraziko dira:

- Elkargoa utzi duela.

- Kuotak ordaindu dituela.

- Elkargotik iraizteko zehapen irmorik jarri ez zaiola eta lanbidean jarduteko gaitasungabetuta ez dagoela.

i) Europako batasuneko profesionalei, estatu kideetako batean egotez badaude eta Bizkaiko Lurralde Historikoan lanbidean jardun nahi badute, kasuan kasu aplikatu beharreko Batasuneko arauak ezarriko zaizkie.

2.- Elkargoan sartzeko eskabideak ez baditu behar diren eskakizun guztiak betetzen, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari hutsak zuzentzeko, eta zera jakinaraziko zaio, akatsak zuzendu ezik, eskabidea artxibatu egingo dela bestelako izapiderik gabe.

3.- Elkargoan sartzeko espedientearen instrukzioa egin ondoren, Gobernu Batzordearen lehenengo bilkuran aurkeztuko da, ebazpena eman dezan. Ebazpen hori arrazoitua izango da, bai eskaria onartzen bada, baita ukatzen bada ere. Hartutako erabakia interesatuari jakinaraziko zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako moduan eta, gainera, Elkargoan jarriko da jendaurrean.

4.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeak prozedura bereziak ezarri ahal izango ditu, presako kasuetan, Elkargoan sartzeko edo berori uzteko behin-behineko baimenak emateko. Hala ere, ondoren behin betiko ebazpena eman beharko da.

5.- Eskabidea egin eta hiru hilabete -edo luzapenik egonez gero sei- igaro ondoren, erantzunik jaso ez bada, eskaria onartutzat joko da, baldin eta aurkeztutako agiriak eta titulua estatutu hauetan eskatzen direnak badira.

6.- Gobernu Batzordeak elkargoan sartzeko eskabideak onartzeko edo baztertzeko emandako erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari hilabeteko epean.

7.- Esandako agiri guztiak aurkeztu ezik edo horiek benetakoak diren zalantzan jartzeko arrazoirik badago, Elkargoan sartzeko eskabidea ezetsi egingo da.

8.- Elkargokide batek lanbideko modalitatea aldatzen badu, Gobernu Batzordeari eskatu beharko dio lanbideko beste modalitate horretan jarduteko baimena. Eskabidearekin batera, aldaketa hori egiteko behar diren lan- eta administrazio-tituluak eta titulu zibilak aurkeztu beharko dira.

Kasuan kasuko modalitatean jarduteko eskakizun guztiak betez gero, Elkargoko Gobernu Batzordeak baimena emango dio elkargokideari, eta dagokion sekzioan erregistratuko du. Gobernu Batzordearen ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari.

9.- Presa handiko kasuetan, behin-behineko baimenak eman ahal izango dira elkargoan sartzeko, hori uzteko edo modalitatea aldatzeko, betiere, behar bezala arrazoituz gero. Baimen horiek Gobernu Batzordeak sendetsi beharko ditu.

20. artikulua.- Elkargokide-izaera galtzeko arrazoiak.

1.- Elkargokide-izaera arrazoi hauengatik galduko da:

a) Elkargokidea hilez gero.

b) Elkargokideak bere borondatez Elkargoa uzten badu. Horretarako Elkargoko lehendakariari eskaria egin beharko dio idatziz, eta eskaria egiten den egunerako, Elkargoarekiko edo lanbidearekiko betebehar guztiak beteta eduki behar ditu.

c) Lanbidean jarduteko eskakizunak ez betetzea. Horrelakoetan, lanbidean jardutea ezinezko egiten duen egintza gertatzen den unean bertan utziko da Elkargoa.

d) Diziplina-espediente baten ondorioz, Elkargotik iraizteko ebazpen irmoa jasoz gero.

e) Epailearen epai irmoa jasoz gero eta epai horrek lanbidean jarduteko gaitasun gabetzea badakar.

f) Kuotak sarritan ordaindu ezik. Aldez aurretik Elkargoko diruzainak ordaintzeko eskaria egingo dio, jaso izanaren agiridun gutun baten bitartez.

2.- Elkargokide-izaera galdu arren, interesatuak une horretara arteko betebeharrak bete beharko ditu, eta elkargoa utzi aurretik jarritako ohiko zein aparteko kuotak ordaindu beharko ditu.

3.- Gobernu Batzordeak elkargokide-izaeraz gabetzeko hartutako erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari.

SEIGARREN KAPITULUA

ESKUBIDE-BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK

21. artikulua.- Elkargokidearen eskubideak.

Hauek dira farmazialari elkargokideen oinarrizko eskubideak:

1.- Farmaziagintza erabateko askatasunaz eta independentziaz garatzea, gizartearentzako zerbitzua dela eta herritarren osasuna zaintzen duela kontuan hartuta. Era berean, elkargoaren estatutuak eta legeak betetzea. Horretarako, elkargoaren eta, hala badagokio, Euskadiko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren legezko jarduketa-askatasunaren babesa eskatu eta lortu ahal izango da, Konstituzioaren babespean. Farmazialari elkargokideek lanbide-jarduera hori legez aurreikusitako baldintzetan garatu ahal izango dute, banan-banan, sozietatea ez den taldearen bidez edo sozietate profesionalen bitartez.

2.- Lanbideko sekretua gordetzeko eskubide eta betebeharraz gozatzea, Konstituzioaren eta osasunari buruzko legediaren arabera.

3.- Elkargoaren kudeaketan parte hartzea eta, ondorioz, eske-eskubidea, botoa ematekoa eta Farmaziako elkargo-erakundeetako postu eta karguak betetzekoa erabiltzea, estatutu hauetan ezartzen den eran eta bertan zehazten diren eskakizunak betez gero.

4.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluak eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak bidaltzen dituen zirkular, jakinarazpen, komunikazio eta gainerako agiriak jasotzea.

5.- Batzar Orokorretako akten eta kontabilitate orokorraren liburuak ikustea, Gobernu Batzordeko kide baten aurrean.

6.- Elkargoaren eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren edo Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren babesa izatea eta horiek ordezkatua izatea lanbidearen interes orokorreko gaietan, agintarien aurrean erreklamazio oinarrituak aurkeztu behar dituztenean, epaitegietan, erakunde publiko zein pribatuetan, eta lanbideko jardueran sortzen diren desadostasun-egoeretan.

7.- Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluak edo Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzea, ezartzen diren baldintzak beteta.

8.- Elkargoak dokumentatuta edukiz gero, bere lanbide-jardueraren egitate eta inguruabarrei buruzko ziurtagiria egitea, Sozietate Profesionalen Erregistroaren aurkakoa bada ere.

9.- Lehendakariaren eta Gobernu Batzordeko kideen aurrean agertzea entzun diezaieten.

22. artikulua.- Elkargokideen betebeharrak.

Hauek izango dira:

1.- Farmazialaritzan onartutako edozein jarduera-modalitetan, honako xedapen hauek estu-estuan betetzea: osasunari eta sendagaiei buruzko legedia, estatutu hauek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren edo Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren estatutuak.

2.- Euren lanbidea edo lanbide-modalitatea garatzea eta, une oro, osasun zein sorospen arloko zereginak eraginkortasunez eta egokitasunez betetzea, Farmazialarien Elkargo Ofizialaren, Euskadiko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren jarraibideak eta legeak kontuan hartuta. Lanbidea sozietate profesionalen bidez garatuz gero, estatutuetan aipatutako Sozietate Profesionalen Erregistroan izena ematea ezinbestekoa da.

3.- Tituluak eskaintzen dizkien aukeren artean hautatutako modalitatean, erabiltzaileari farmazialariek emandako prestazioak askatasunez aukeratzeko eskubidea bermatzea.

4.- Etengabeko prestakuntzan parte hartzea, beren ezaupideak eguneratzeko eta lanbideko jardueran kalitate ona eskaintzeko.

5.- Elkargoko edozein kuota garaiz ordaintzea.

6.- Elkargoari honako hauen berri ematea: norberaren datu profesionalak eta korporatiboak, lanbidearekin eta euren espezialitateekin lotuta egotean betetzen dituzten karguak eta kide dituzten sozietate profesionalei buruzko inguruabarrak, horren ondorioz inskribatutakoak aldatzen badira.

7.- Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari eta administrazio publikoei aurkeztu beharreko erreklamazio edo eskabideak Elkargoaren bitartez izapidetzea, Elkargoak berak bideratuko baitu dagokion txostenarekin.

8.- Farmaziaren jabetza edo titulartasuna gezurrezkoa den kontratuetan parte ez hartzea, ez zuzenean ez zeharka, eta lanbidearen duintasunari edo izen onari kalte egingo dion egintzarik ez babestea.

9.- Egin nahi duten edozein propaganda edo publizitate Elkargoari aurkeztea, horrek, hala badagokio, onar dezan.

10.- Beste osasun-lanbide batzuekin edo erakunde publiko edo pribatuekin sozietate profesionalik ez eratzea, hitzarmenik ez sinatzea, erabakirik ez hartzea edo itunik ez zehaztea, kasuan kasuko zerbitzuen gomendioaren eta antolamenduaren bitartez irabaziak lortu nahi badituzte eta erabiltzaileen hautaketa-askatasuna eragozten badute, artikulu honetako 3. puntuan xedatutakoa kontuan hartuta.

11.- Botiken salneurriak errespetatzea.

12.- Botikak eskuratu, zaindu, hornitu, kontrolatu eta banatzean, arauak estu-estu betetzea, hala botikak pertsonentzat badira nola animalientzat badira. Hortaz, farmazialari titularra edo farmazialari arduradun bat beti egongo da aurrean, bai farmazia bulegoetan, bai ospitaleetako farmazietan, botikak banatzen dituzten biltegietan, animalientzako botikak saltzen dituzten txikizkako merkataritza-guneetan eta farmazialaria bertan egotea legez nahitaezkoa den guztietan.

Halaber, farmazia bulegoetako farmazialari titularrek nahitaez beteko dituzte Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak ezarri eta agindutako ordutegiak, guardia-txandak, larrialdi-zerbitzuak eta oporrak, betiere, horiek elkargoaren eskumen badira.

13.- Legeak agintzen duenean, ordezkoak, erregenteak edo ondokoak izendatzeko eskaria egitea.

14.- Lanbideko sekretua errespetatzea eta gordetzea, farmazialarien eskubide eta betebeharra baita.

15.- Osasun-legeriaren eta legezko arauen arabera isilpeko diren informazioak ez zabaltzea.

16.- Batzar Orokorraren bilkuretara joatea.

17.- Banan-banan, taldean edo sozietate profesionaletan lan egitean sortu daitezkeen erantzukizun zibileko arriskuak kasuan kasuko aseguruaren bidez estaltzea.

18.- Erantzukizun zibileko aseguruaren estaldurari eragiten dion edozein aldaketa Elkargoari jakinaraztea.

19.- Lanbideko intrusismoaren edo bidegabeko beste edozein jardueraren berri izanez gero, Elkargoari jakinaraztea.

23. artikulua.- Lanbideko deontologia-arau oinarrizkoak.

Horrez gain, elkargokide guztiek ez dute honako hauxe banan-banan edo sozietate profesionalen bidez egiterik izango:

a) Indarrean dauden lege-arauen arabera bateraezinak diren jardueretan aritzea.

b) Jardunean dagoen farmazialaria farmaziako laboratorioekin edozein eratako zuzeneko ekonomi harremanak izatea 11/1994 Legearen 3.1.a) artikuluan zehaztutako farmazia-sorospeneko establezimendu eta zerbitzuetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legea).

c) Sendagai sekretuak egitea.

d) Baimenik gabeko sendagaiak merkaturatzea.

e) Sendagaiak publikoari saltzeko, primak, opariak, lehiaketak edo antzekoak eskaintzea.

f) Legeek eta Elkargoko arauek berariaz debekatzen dituzten jardueretan aritzea.

g) Lanbideko deontologiaren aurka dagoen edozein egintza gauzatzea.

ZAZPIGARREN KAPITULUA

DIZIPLINA ARAUBIDEA

24. artikulua.- 1.- Estatutu honetan zehaztutako suposamendu eta inguruabarretan, elkargokideek diziplina-erantzukizuna edukiko dute, euren partaidetza edo kidetza daukaten sozietate profesionaletan ere bai.

2.- Estatutu hauetan ezarritako diziplina-araubideak ez ditu elkargokideak salbuesten beste edozein eratako erantzukizunetik.

Egintza batek erantzukizun penala eta elkargo barruko diziplinazko erantzukizuna ekar baditzake, hau da, diziplinazko erantzukizuna eragin duen egintzagatik administrazio-jarduerak edo jarduera penalak abiarazi badira, aurrera egingo da diziplina-espedientearekin, baina ebazpena eten egingo da epailearen ebazpen irmoa ezagutu arte, eta, bitartean, preskripzioa ere eten egingo da.

3.- Gobernu Batzordeak du zehatzeko eskumena. Hala ere, Gobernu Batzordeko kideek egindako hutsak epaitzea eta zehatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren esku utziko da.

4.- Diziplinazko zehapenak ezartzeko, nahitaezkoa izango da espedientea egitea eta horren instrukzioa egitea, betiere, titulu honetan ezarritako prozeduraren arabera.

5.- Estatutu hauetan sortutako erregistroan izena eman duten sozietate profesionalek estatutuotan zehaztutako suposamendu eta inguruabarretan diziplina-erantzukizuna izango dute. Horrez gain, elkargoaren eremuan egindako lanbide-jarduera guztietan, elkargoaren beraren antolamendua, kontrol deontologikoa eta diziplina-ahalmena kontuan hartu beharko dira. Sozietate profesionalen diziplina-erantzukizuna ez ezik, farmazialari elkargokideen eta sozietate profesionaleko bazkide profesionalen edo ez-profesionalen era guztietako erantzukizunak ere kontuan hartuko dira.

6.- Sozietate profesionala eratu gabe bi farmazialarik edo gehiagok euren lanbide-jarduera taldean garatzen badute, euren lanbide profesionalaren jardunean egindako arau-hausteen ondorioz, estatutu honetan aurreikusitako diziplina-erantzukizuna elkartasunez ezarriko zaie. Nolanahi ere, lanbidea garatzean egindako arau-hausteen ondorioz profesional farmazialari bakoitzak daukan erantzukizuna ere kontuan hartuko da.

25. artikulua.- Deontologia Batzordea.

Gobernu Batzordeak Deontologia Batzorde bat eratu ahal izango du. Batzordea elkargokideek osatuko dute, eta lanbideko deontologia betetzen den begiratzeaz gain, Gobernu Batzordeak deontologiaren alorrean eskuordetzan ematen dizkion zereginak beteko ditu.

Batzorde horrek deontologia-araudi bat egingo du, Batzar Orokorrak onar dezan.

LEHENENGO ATALA

HUTSEN ETA ZEHAPENEN DEFINIZIOA

26. artikulua.- Hutsegite arinak.

Hauek dira hutsegite arinak:

a) Farmaziako zerbitzua edo farmazialariak lan egiten duen osasun-establezimendua behar bezala ez atenditzea arrazoirik gabe.

b) Zerbitzua behar bezala emateko behar diren instalazioak, tresnak edo izakinak ez edukitzea eta, ondorioz, farmazialariaren lanbideko jarduera behar bezain ona ez izatea, betiere, horren erantzukizuna farmazialariarena bada.

c) Publizitatea edo propaganda egitea horretarako baimenik gabe edo lanbideko etikaren aurkakoa bada.

d) Legeak eskatzen dituen agiriak edo informazio-iturriak ez izatea.

e) Elkargoko gobernu organoek egindako errekerimendu formalei garaiz eta behar bezala ez erantzutea.

f) Lege, erregelamendu edo estatutuetako manuak ez betetzea baldin eta farmazialarien taldeari kalterik eragiten ez bazaio.

g) Estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera jardun profesionalari buruz derrigorrean jakinarazi beharreko datuak elkargoari ez ematea, Sozietate Profesionalen Erregistroari buruzkoak izan ezik, larritzat hartzen dira eta.

h) Kuotak eta, oro har, Elkargoaren diru-sarrera diren bestelako ekarpenak berandu ordaintzea.

27. artikulua.- Hutsegite larriak.

Hauek izango dira hutsegite larri:

a) Hutsegite arinak behin baino gehiagotan egitea, 18/1997 Legearen 15.2.j) artikuluaren arabera.

b) Lanbidean legez kontra aritzea edo aritzen direnak babestea edo estaltzea.

c) Estatutu hauetako 22. artikuluko 8., 10., 11., 12. eta 15. puntuetan aipatzen diren betebeharrak ez betetzea.

d) Honako hauek ez betetzea horrek ondorio larriak baditu eta tipifikatutako hutsak ez badira: estatutuetako arauak edo Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak, Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluak edo Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak hartutako erabakiak.

e) Lanbideko jardueran begirunerik ez izatea kideekin, baldin eta frogatuta badago eta jarrera nabarmena bada.

f) Farmazia-bulegotik kanpo errezetak eskuratzea eta erabiltzaileak farmazia-bulegoa aukeratzeko duen eskubidea urratzen duen edozein egintza edo ez egitezko jarduera gauzatzea.

g) Farmazialariek berezko dituzten lanbideko edo deontologiako betebeharrak ez betetzea, dela sendagaiak egin, banatu, kontserbatu, zaindu edo banatzean, dela horien publizitatea egitean.

h) Erabiltzaileei saltzen zaizkien botikei buruzko informazio, aholkularitza eta jarraipenari dagokienez, farmazialariak dituen betebeharrak ez betetzea.

i) Botikak legezko baimena duten establezimenduetatik kanpo saltzea, zeharkako edozein salmenta mota egitea eta botikak etxez etxe, mezularien bitartez edo kalean saltzea.

j) Gaixoaren duintasuna eta tratamendu bat onartzeko edo errefusatzeko duen eskubidea ez errespetatzea.

k) 18/1997 Legearen 15.2 artikuluan larritzat jotzen diren hutsegiteak eta, bereziki, b) idatz-zatian aipatutakoak, estatutu hauetako 22. eta 23. artikuluei lotuak.

l) Elkargoko kuotak edo bestelako ekarpenak ez ordaintzea, betiere, aurretik formalki eskatu bazaizkie.

m) Elkargoko Gobernu Batzordeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluko kideen duintasunaren edo ohorearen aurka egitea beren zereginetan dihardutela eta lankideen aurka jardutea lanbideko jardueran.

n) Osasun-erakundeekin edozein eratako akordioak egitea Elkargoa jakinaren gainean ez badago.

ñ) Farmazialariak erantzun zibileko aseguramenduaren egin behar pertsonala ez betetzea eta sozietate profesionalak bertako bazkide profesionalen eta sozietate guztiaren jardunaren erantzukizun zibila ez aseguratzea.

o) Elkargoaren baimena behar duen edozein jarduera gauzatzea baimenik gabe.

p) Gobernu Batzordeak edo Batzar Orokorrak hartutako erabakiak ez betetzea.

q) Elkargoko Sozietate Profesionalen Erregistroari akzioen, sozietate-partaidetzen edo kuoten jabetza eskualdatu egin dela eta benetako eskubideak edo pertsonalak eratu, aldatu edo amaitu direla ez jakinaraztea. Halakoetan, gainera, eragiketako alderdien izen eta inguruabar pertsonal eta profesionalak zeintzuk diren adierazi beharra dago, jarduketa profesionala eskatzen edo ituntzen dutenei kaltea eragiten zaienean.

r) Elkargoko Sozietate Profesionalen Erregistroari erregistroan inskribatutako inguruabarrak aldatu egin direla ez jakinaraztea, jarduketa profesionala eskatzen edo ituntzen dutenei kaltea eragiten zaienean.

s) Guardia- eta larrialdi-zerbitzuetan erabiltzailea garaiz ez artatzea, osasunerako arriskua sortzen bada.

t) Hauteskunde-mahaiko kide izateari uko egitea justifikaziorik gabe.

28. artikulua.- Hutsegite oso larriak.

Hauek izango dira:

a) Hutsegite larriak behin baino gehiagotan egitea, 18/1997 Legearen 15.1.g) artikuluaren arabera.

b) Lanbidean jardutea Elkargoko kide izan gabe.

c) Guardia- eta larrialdi-zerbitzua behar den unean eta eran behin baino gehiagotan ez ematea Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialak agindutakoaren arabera.

d) Lanbideko intrusismoa eta hori babestea.

e) Sendagai sekretuak egitea eta osagai aktiboen berri ez ematea.

f) Botikak sustatzean edo jendeari saltzean bidegabeko lehian erortzea, baldin eta erabiltzaileek farmazia-bulegoa aukeratzeko duten eskubidea urratzen bada.

g) Entsegu klinikoak egitea legeek diotena bete gabe.

h) Lanbideko sekretua ez gordetzea eta lanbideko jardueren izaera pertsonal eta isilpekoa ez errespetatzea, legeetan ezarritako kasuetan izan ezik.

i) Farmazia-bulegoaren titular modura jardutea izan gabe.

j) 18/1997 Legearen 15.1 artikuluan oso larritzat jotzen diren hutsegiteak eta, bereziki, b) idatz-zatian aipatutakoak, estatutu hauetako 22. eta 23. artikuluei lotuak.

k) Kiroletan arauzkoak ez diren metodoen edo debekatuta dauden metodoen erabilera sustatu eta dopajea eragin dezaketen substantziak eta produktuak banatzea, horretarako zehaztutako arauzko formalitateak bete gabe.

29. artikulua.- Zigorrak.

1. Honako zigor hauek ezarri ahal izango dira:

A) Hutsegite arinetan:

a) Ofiziozko ohartarazpen pribatua.

b) Gobernu Batzordearen ohartarazpena.

c) 300 eurorainoko isuna.

B) Hutsegite larrietan:

a) 301 eta 3.000 euro arteko isuna.

b) Jardun profesionalaren etendura, urtebetetik gorakoa ez den epean.

c) Sozietate profesionalak Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioaren etendura, urtebetetik gorakoa ez den epean.

C) Oso hutsegite larrietan:

a) 3.001 eta 30.000 euro arteko isuna.

b) Jardun profesionalaren etendura, urtebete eta 20 urte arteko epean.

c) Sozietate profesionalak Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioaren etendura, urtebete eta 20 urte arteko epean.

2.- Zehapena lanbideko jarduera etetea edo iraiztea bada, kasuan kasuko osasun-establezimendua itxita egongo da zehapenak dirauen artean.

3.- Diziplina kontuetan, Gobernu Batzordeak erabakiko du farmazialariek zenbaterainoko erantzukizun subsidiarioa duten beren zuzendaritzapean diharduten beste farmazialarien edo profesionalen jarduerengatik.

4.- Lanbidean besteren kontura jardunez gero, zehapena auziaz arduratzeko eskumena duen organo edo erakundeari jakinaraziko zaio.

5.- Sozietate profesionalei eta bertan partaidetza edo kidetza duten farmazialariei edo sozietateon jardun profesionalean edonola parte hartzen duten farmazialariei ezarritako isunak ez dira bateraezinak euren artean. Beraz, isunak banan-banan eta banatuta ezar daitezke.

30. artikulua.- Hutsegiteen eta zehapenen preskripzioa.

1.- Elkargokideek Elkargoarekiko duten diziplina-erantzukizuna kasu hauetan iraungitzen da: zehapena betez gero, elkargokidea hilez gero, hutsegitea preskribatuz gero eta zehapena preskribatuz gero.

2.- Elkargoa utzi izanak ez du deuseztatzen kide izandakoan hartutako diziplina-erantzukizuna, baina erabakitako zehapena ezin izango da gauzatu. Horrelakoetan, jarraipena emango zaio diziplina-prozedurari eta zehapena etenda geldituko da, elkargokidea Elkargoan berriz sartzen bada bete dezan.

3.- Hutsegite oso larriak 3 urte igarota preskribatuko dira, larriak bi urte eta arinak urtebete igarotakoan. Preskripzio-epea hutsegitea egin zenetik hasiko da kontatzen.

Preskripzioa erasandako elkargokideari edo sozietate profesionalari zehapen-espedientea irekitzeko erabakiaren berri ematen zaionean etengo da, eta epeak aurrera egingo du berriro, egotzitako elkargokide edo sozietatearen errua ez den arrazoiagatik prozedura sei hilabetez geldi badago.

4.- Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapenak hiru urte igarota preskribatuko dira, larriengatikoak bi urte eta arinengatikoak urtebete igarotakoan.

Zehapena ez gauzatzeagatiko preskripzio-epea momentu honetatik hasiko da kontatzen: organo eskudunak Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialari zehapen-ebazpena irmo egin dela jakinarazten dion egunaren biharamunetik.

Zehatuak zehapena betetzeari uzten badio, preskripzio epea betetzeari utzi dion unean bertan hasiko da kontatzen.

LEHENENGO ATALA

DISZIPLINA PROZEDURA

31. artikulua.- 1.- Elkargoko diziplina-prozedura ofizioz has daiteke, Gobernu Batzordeak erabakita, edo salaketaz, bestelako elkargokide, pertsona edo erakunde batzuek idatziz aurkeztuta.

Espedientea ikuskatzailetzak eragin duenean, ikuskatzaileak ikuskapenaren akta egingo du, inolako iritzirik eman gabe, eta akta sinatuko du ikuskapena jasan duenarekin edo diligentzian parte hartu duenarekin batera. Azken bi horiek sinatu nahi ez badute, ikuskatzaileak horren berri emango du aktaren behealdean eta, ahal dela, bi lekukoren aurrean sinatuko du.

2.- Salatua Gobernu Batzordeko kidea denean, salaketa sendetsi ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilura bidaliko da, aurretiazko informazioa eta, hala badagokio, espedientea ireki, izapidetu eta ebatz dezan.

3.- Diziplina-prozeduran aipatzen diren egintzak salatu dituena alderdi izango da prozeduran, eta hartzen diren erabaki guztien berri izateko eskubidea izango du, egoki iritzitako alegazioak eta errekurtsoak aurkeztu ahal izan ditzan.

4.- Espedientea irekitzea erabaki baino lehen, Gobernu Batzordeak aurretiazko informazioa edo informazio erreserbatua bideratzea ebatzi ahal izango du. Horretarako, Batzorde Deontologikoari eskatuko dio egiteko, eta erasandako elkargokideari edo sozietateari aurretiazko informazioa irekiko dela jakinaraziko dio. Horrela, egokiak iruditzen zaizkion alegazioak eta agiriak aurkezteko hamar eguneko epea izango du. Espedientea ireki zenetik hilabeteko epean, egitateak argitzeko eta balizko erantzukizunak zehazteko garatu beharreko eginbideak gauzatutakoan, Batzorde Deontologikoak honako proposamen hauetako bat egingo du:

a) Espedientearen izapidea artxibatzea.

b) Elkargokideari edo sozietate profesionalari egotzi ahal zaizkion erantzukizun-zantzu larriagoak agertzen direnean Diziplina-espedientea bideratzea.

Dena dela, erasandako elkargoari edo sozietateari Gobernu Batzordearen erabakiaren berri emango zaio.

32. artikulua.- 1.- Diziplina-espedientea irekitzea Gobernu Batzordeari dagokio, baita espedientea instruitzea eta ebaztea. Horretarako nahikoa zantzu badago, behin-behineko neurriak har ditzake prebentzio-neurri gisa, ebatziko dukeenaren eraginkortasuna bermatzeko. Ezin izango da interesatuei kalte konponezinak dakarzkion behin-behineko neurririk hartu, ezta legeek babestutako eskubideak urratzen dituenik ere.

2.- Diziplina-espedientea irekitzeko ebazpenean bertan, instrukzio-egilea eta idazkaria nortzuk diren adieraziko da, hala lehendik izaera orokorrarekin izendatuta badaude nola berariaz izendatu badira. Gobernu Batzordeak, egoki baderitzo, instrukzio-egilea eta idazkaria kendu eta berriak izendatu ahal izango ditu, baina horren berri emango dio espedientea ireki zaion elkargokideari, izendatu berriak nortzuk diren adierazita.

3.- Instrukzio-egileari eta idazkariari abstenitzeari eta errefusatzeari buruzko arauak aplikatuko zaizkie (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 29. artikuluak).

4.- Instrukzio-egileak egintzak egiaztatzeko eta zehazteko behar diren diligentziak egin daitezela aginduko du: horien artean, zehatu daitezkeen gertakizunak argitzeko eta erantzuleak nortzuk diren jakiteko frogak. Egindakoak ikusita, instrukzio-egileak kargu-orria osatuko du.

Kargu-orria argia eta zehatza izango da eta hauek jasoko ditu: a) erruztatuari egozten zaizkion egintzak, bakoitza lerroalde batean eta bere zenbakiarekin b) ustez egindako hutsegitea eta c) ezarri ahal zaizkion zehapenak, estatutu hauetan oinarrituta.

5.- Kargu-orria erruztatuari jakinaraziko zaio eta hamar egun, gutxienez, eta hamabost, gehienez, emango zaizkio nahi dituen alegazioak eta agiriak aurkezteko. Erantzunean, erruztatuak zuzenbidean onartzen diren frogetatik edozein egiteko eska dezake.

6.- Instrukzio-egileak hilabete izango du egoki iritzitako frogak egiteko -froga horiek proposatutakoak izan ala ez- eta erruztatuari zein egunetan, ordutan eta lekutan egingo diren jakinaraziko dio, parte hartu ahal izan dezan.

7.- Instrukzio-egileak uko egin diezaioke beharrezko edo egoki ikusten ez dituen frogak egiteari, baina ez egiteko arrazoiak adierazi beharko ditu ebazpen batean. Ebazpen hori ezin izango da errekurritu; hala ere, gerorako egintza eta errekurtsoetan alegazioak aurkeztu ahal izango dira horri buruz.

8.- Interesatuak eskatutako frogak egin behar badira eta froga horiek Elkargoak ordaindu beharrekoak ez diren gastuak badakarte, gastuen aurrerakina eskatu ahal izango da, froga egin ondorengo behin betiko likidazioan kitatzekotan. Likidazioa egiteko, gastuak benetan egin direla eta horien zenbatekoa egiaztatzen duten agiriak aurkeztuko dira.

33. artikulua.- 1.- Egintzak bukatuta, instrukzio-egileak, hamar eguneko epean, ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, egintzak zehaztasunez adieraziko dira; frogei zergatik egin zaien uko adieraziko da (hala badagokio); egintzen balorazioa egingo da, hutsegitea zehazteko; erruztatuaren erantzukizuna zehaztuko da eta ezarri beharreko zehapena proposatuko da.

2.- Ebazpen-proposamena erruztatuari jakinaraziko zaio, hamar eguneko epean espedientea ikusi eta bere alde egiteko egoki iritzitako alegazioak aurkez diezazkion instrukzio-egileari.

3.- Erruztatuari entzun ondoren edo, alegaziorik aurkeztu ezean, horretarako epea amaituta, instrukzio-egileak Gobernu Batzordeari igorriko dio espediente osoa eta bere irizpena.

4.- Espedientea jaso ondorengo lehenengo bileran, Gobernu Batzordeak bere ebazpena emango du.

Hala ere, ebazpena eman aurretik, Gobernu Batzordeak egiteke utzi diren izapideak egiteko agindu diezaioke instrukzio-egileari, baldin eta behin betiko erabakia hartzeko nahitaezkoak badira. Erruztatuari argibide horien berri emango zaio, hamar eguneko epean alegazioak aurkez ditzan. Epe hori luzaezina izango da.

5.- Gobernu Batzordeak diziplina-espedienteari amaiera emateko emandako ebazpena arrazoitua izango da, espedientean azaltzen diren gai guztiei erantzungo die eta ez du epaituko kargu-orria eta ebazpen-proposamena egiteko erabili ez zen egintzarik, nahiz eta beste balorazio bat egin dezakeen. Espedientearen instrukzioaldian instrukzio-egile edo idazkari izan direnek ez dute parte hartuko ebazpenean.

6.- Gobernu Batzordeak bozketa sekretuaren bitartez hartuko du erabakia eta, erabaki horrek aurrera egiteko, bertan dauden kideetatik bi herenak eman behar du baiezkoa.

Quorum-erako ez dira kontuan hartuko erabakia hartzen parte hartu ezin duten Gobernu Batzordeko kideak.

7.- Ebazpena erruztatuari eta salaketa-egileari jakinaraziko zaie. Ebazpenean, zein errekurtso jar daitekeen, nori aurkeztu behar zaion eta horretarako epeak ere adieraziko dira.

34. artikulua.- Errekurtsoak.

1.- Espedienteari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka interesatuak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari hilabeteko epean. Errekurtsoa Elkargoan aurkezten bada, horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilura igorriko du, hamar eguneko epean, espedientearekin eta bere irizpenarekin batera.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluaren ebazpenen aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute.

3.- Diziplina-zehapenak administrazio-bidean irmo egiten direnean, Gobernu Batzordeak betearazi egingo ditu, zehatzeko ebazpenean agertzen moduan.

Nolanahi ere, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu dela egiaztatzen denean, prozedura bideratzen den bitartean, Elkargoko Gobernu Batzordeak ofizioz edo alderdiak eskatuta betearazpena etetea ebatzi ahal izango du. Nolanahi ere, interesdunak etendura administrazioarekiko auzi-helegitearen esparruan hori eskatu ahal izango du. Dena dela, zigorra jardun profesionala etetea denean edo sozietate profesionalak Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioa etetea denean, zigorra irmoa izan arte betearazpena etengo da.

4.- Zigorra jardun profesionala etetea denean edo sozietate profesionalak elkargoren bateko Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioa etetea denean, Espainiako farmazialarien elkargo ofizial guztietan izango du eragina. Izan ere, Euskadiko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari jakinarazi beharko zaio, gainerako elkargoei eta osasun-agintariei horren berri eman diezaien.

ZORTZIGARREN KAPITULUA

ELKARGOEN EGINTZEN ARAUBIDE

JURIDIKOA

35. artikulua.- 1.- Araubide juridikoari dagokionez, Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren egintzak eta erabakiak Administrazio Zuzenbidearen menpe daude eta, beraz, xedapen hauek errespetatuko dituzte: estatutu hauek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea eta Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea.

2.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren egintzen eta erabakien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari hilabeteko epean, ebazpena eman den egunaren biharamunetik edo, hala dagokionean, elkargokideei edo eragindakoei jakinarazi zaien egunaren biharamunetik. Elkargokideen egoera pertsonalean eragina duten erabakiak jakinarazteko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 58. eta 59. artikuluetan ezarritakoa beteko da.

Errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari aurkeztuko zaio. Ebazpena eman duen farmazialarien elkargo ofizialeko Gobernu Batzordeari ere aukez dakioke, baina, kasu horretan, hamar eguneko epean, elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari igorriko dio errekurtsoa, espedientean jasotako aurrekariekin eta elkargoaren irizpenarekin batera.

Elkargoetako Batzar Nagusien erabakiek eragin pertsonala badute elkargokide batengan, elkargokide horrek errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari hilabetean, erabakia hartzen denetik.

3.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoari buruz indarrean dagoen Legearen 62. artikuluan zehazten diren kasuetan, elkargoko organoen egintzak erabat deusezak izango dira.

4.- Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialaren egintzak Administrazio Zuzenbidearen menpe daudenez, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan aurkatu daitezke, betiere, behin Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseiluari edo Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorrari aurkez dakizkiekeen errekurtsoak agortu ondoren.

Aurkatutako egintzaren betearazpena eten egin dela ulertuko da baldin eta errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak eskaria jaso, eta 30 egunetan berariazko ebazpenik ematen ez badu.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA

SOZIETATE PROFESIONALEN ERREGISTROA

36. artikulua.- a) Sozietate Profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legeak xedatutakoaren arabera, Bizkaiko Farmazialarien Sozietate Profesionalen Erregistroa sortuko da Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Profesionalean, farmazia-jarduera profesionala batera garatzeko eratutako sozietate profesionalak bertan sartu daitezen.

b) Elkargoaren lurraldean helbideratutako sozietate profesional guztiek derrigorrean eman beharko dute izena Bizkaiko Farmazialarien Sozietate Profesionalen Erregistroan, kasuan kasuko Merkataritza Erregistroan izena eman ostean.

37. artikulua.- a) Indarreko legeria eta estatutu hauek kontuan hartuta, euren titulazioaren arabera farmaziako jarduera profesionala batera garatu dezaketen farmazialari elkargokideek sozietate profesionala eratu ahal izango dute jarduera hori garatzeko. Sozietatearen helbidea, gainera, elkargoaren lurraldean egon beharko da, eskritura publikoan behar den moduan gauzatuta egon beharko da eta Merkataritza Erregistroan zein kapitulu honetan aipatutako Sozietate Profesionalen Erregistroan eman beharko du izena.

b) Izena emateko orduan, sozietateak bere eraketa-eskritura publikoaren kopia frogagarria aurkeztuko du elkargoan, eta Merkataritza Erregistro eskudunean izena eman duela egiaztatuko du. Era berean, izena emateko eskaera-idazkia ere aurkeztu beharko du.

c) Inskripzioan, honako datu hauek agertuko dira:

- Sozietatearen izena eta helbidea.

- Eraketa-eskritura publikoaren eta notario eskueslearen identifikazio-oharra eta data; eta sozietatearen iraupena, epealdi zehatz baterako eratuz gero.

- Sozietatearen helburu den/diren jarduera profesionala edo profesionalak.

- Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen datuak eta bazkide profesionalen elkargokide-zenbakia eta kide dituen elkargo profesionala.

- Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen direnen datuak, bazkide profesionalak diren ala ez zehaztuta.

d) Bazkideak, administratzaileak edo sozietatearen kontratua aldatuz gero, eskritura publikoan agertu beharko da. Horrez gain, aldaketa horiek Merkataritza Erregistroan azaldu beharko dira, eta, aldaketa-eskrituraren kopia frogagarria aurkeztu ondoren, Bizkaiko Farmazialarien Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatuko dira.

e) Sei hilean behin, elkargoak Justizia Ministerioari eta Euskal Autonomia Erkidegoari bidaliko dizkie Bizkaiko Farmazialarien Sozietate Profesionalen Erregistroan egindako inskripzioak.

f) Izena emateko egintzengatik sozietate profesionalek ordaindu beharreko zenbatekoa zein den zehaztuko du Gobernu Batzordeak, eta ez da elkargoak horretarako aurreikusitako kostua baino handiagoa izango. Bertan, gainera, erregistroa artatzeko gastuak ere sartuko dira.

HAMARGARREN KAPITULUA

DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

38. artikulua.- Desegitea eta likidazioa.

Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofiziala desegiteko, Eusko Legebiltzarrak lege bat eman beharko du, salbu eta 18/1997 Legearen 31.3 artikuluan adierazitakoa jazotzen bada.

Hauek izango dira Elkargoa desegiteko eta likidazioa egiteko arrazoiak:

Elkargoaren helburuak, estatutuetako 5. artikuluan jasoak, inola ere bete ezin izatea.

Elkargoko gobernu-organoak bertan behera gelditzea, zereginak atera ezinik eta berriztatzeko aukerarik gabe.

Lanbide bereko beste elkargo batekin edo batzuekin bat egitea. Horretarako, berariazko Batzar Orokorrak bildu behar du, eta elkargokideetatik hiru laurdenak aldeko botoa eman behar du. Erabakia Eusko Jaurlaritzara igorriko da, zuzenbidearen arabera izapide dezan.

2.- Elkargoa desegiteko prozedurak likidazioaldiari emango dio hasiera. Elkargoa desegitea onartzen duen legeak horren ondasun, eskubide eta obligazioen likidazioa finkatuko du, eta gerakinik badago, horiekin zer egin zehaztuko du, Batzar Orokorrak erabakitakoaren arabera.

HAMAIKARREN KAPITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

39. artikulua.- Estatutuak aldatzeko prozedura.

Estatutuak aldatzeko ekimena Gobernu Batzordeari dagokio, zeinak proposamena berariaz egingo den aparteko Batzar Nagusi batera eramango baitu.

Elkargokideetatik % 20ak ere eska dezake estatutuak aldatzea.

Estatutuetan onartzen diren aldaketak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailera igorriko dira, agindu baten bitartez behin betiko onar ditzan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Estatutu hauek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko dira indarrean, horren bitartez onartu baitira.

Bigarrena.- Sozietate profesionalei ezarri beharreko araubide juridikoari kalterik egin gabe, estatutu hauetan elkargokideei buruz egindako aipamenak farmazialari elkargokideei buruzko aipamentzat hartuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Estatutu hauek indarrean sartu aurretik hasitako zehapen-prozeduren izapideekin aurrera egingo da, harik eta lehengo arauen arabera ebatzi arte. Dena dela, arau berriak ere aplikatu ahal izango dira, erruztatuarentzat mesedegarri badira.

Bigarrena.- Estatutu hauek indarrean jarri eta lau hilabeteko epean, hauteskunde bidez bete beharreko karguak beteko dira, estatutu hauen arabera. Hamargarren artikuluko A.3 eta A.4 paragrafoetan Gobernu Batzordeko kide izateko ezarritako mugak estatutu hauek indarrean jartzen direnetik aurrera hartuko dira kontuan.

Hirugarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Elkargoen Kontseilua eratu arte, Elkargoaren egintzen eta erabakien aurkako errekurtsoak Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak ebatziko ditu.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek indarrean jartzen direnean, kontra dauden estatutu-arau eta arau osagarri guztiak baliorik gabe geldituko dira.


Azterketa dokumentala