181. zk., 2008ko irailaren 23a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Euskal Herriko Unibertsitatea
5356
EBAZPENA, 2008ko abuztuaren 18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Fisika Aplikatua I Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.
Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.
Gobernu Kontseiluak uztailaren 16an egin zuen bileran jakinarazi zen Fisika Aplikatua I Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).
2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.
Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– UPV/EHUko Fisika Aplikatua I Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agintzea.
Bigarrena.– Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean.
Hirugarrena.– Erabaki honek administrazio bidea agortzen du, eta honen kontra, gura izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke idazkari nagusiari hilabeteko epean, erabakia argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hilabete biko epean.
Leioa, 2008ko abuztuaren 18a.
(Eskuordetzaz, 2005eko urriaren 26ko EHAA)
Idazkari nagusia,
IÑAKI ESPARZA LEIBAR.
FISIKA APLIKATUA I SAILAREN ARAUTEGIA
I. TITULUA
KONTZEPTUA, HELBURUAK, EGINKIZUNAK ETA EGOITZA
1. artikulua.– Definizioa.
Fisika Aplikatua I Saila da UPV/EHUko ikastegi eta titulazioetan fisika aplikatua jakintza-arloko berezko irakaskuntza koordinatu eta ematearen arduraduna Euskal Herriko Unibertsitatearen programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraituz. Bestalde, saileko irakasleek irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan dituzten ekimenak bultzatuko ditu. Sailaren funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetan, Sailen Oinarrizko Arautegian eta ezar daitezkeen gainerako arautegietan zehaztutakoa bete beharko dute.
2. artikulua.– Sailaren helburuak.
Ondokoak dira UPV/EHUko sail honen helburuak bere jakintza-arloaren eremuan:
1.– Zientziaren eta teknologiaren arloko profesionalak izango direnei unibertsitate mailako prestakuntza ematen laguntzea.
2.– Garapen zientifiko eta teknologikoan 5parte hartzea saileko ikerketaren bidez eta elkarlanean arituta irakaskuntzako eta ikerketako beste unitate batzuekin, administrazio publikoarekin, enpresekin, profesionalen elkargoekin eta beste erakunde batzuekin.
3.– Zientziaren eta teknologiaren arloko kultura hedatzea, eguneratzea eta zabaltzea gizartean horretarako nahia erakusten duten taldeen artean.
3. artikulua.– Sailaren eginkizunak.
Fisika Aplikatua I Sailaren eginkizunak dira:
a) Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzera bideratutako ikasketak antolatu eta garatzea.
b) Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerketa sustatu eta laguntzea.
c) Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.
d) Zientziaren, teknikaren edo kulturaren alorreko jarduerak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legeriaren babesean betiere.
e) Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.
f) Aurrekontua gestionatzea, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak zuzentzea.
g) Urteko plangintza garatu eta ezartzea.
h) Urteko memoria egitea.
i) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.
j) Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.
4. artikulua.– Sailaren egoitza.
1.– Sailak helbide honetan dauka egoitza: Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Urkixo zumarkalea, z.g., Bilbao.
2.– Egoitza aldatzeko Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, arautegi honen babesean Saileko Kontseiluak egindako proposamenari jarraituz.
II. TITULUA
ARAUBIDE JURIDIKOA
5. artikulua.– Araubide Juridikoa.
1.– Fisika Aplikatua I Saila arautegi honen arabera arautuko da.
2.– Fisika Aplikatua I Sailak printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:
a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.
b) Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.
c) Sail-atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.
III. TITULUA
EGITURA
6. artikulua.– Saileko kideak.
1.– Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikerlariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutakoaren ondorioetarako, irakasle eta ikerlari funtzionarioak saileko jakintza-arlora atxikiko dira. Edozelan ere, horrek ez du esan nahi Unibertsitateko Ikerketa Instituturen batera atxikita ezin egon daitezkeenik. Lan-kontratuko irakasle eta ikerlariak sailari atxikitako jakintza-arlo batean sartuko dira, bai eta sailean, edo, egoki izanez gero, ikerketako unibertsitate institutu batean.
3.– Aparteko kasuetan, baimena eman daiteke irakasle bat aldi beterako sailera atxikitzeko nahiz eta irakasleari dagokion jakintza-arloa beste sail batekoa izan; beti ere, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraituz.
4.– Ez da onartuko atxikipena aldatzea horrek sailaren irakats-betebeharrak bete gabe geratzea badakar.
5.– Artikulu honen ondorioetarako, bekadunei buruzko aipamenek ez dituzte barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3 artikuluan aipatutako bekadun lankideak.
7. artikulua.– Sail-atalak.
1.– UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiak, 10. artikuluak, zehaztutakoari jarraituz, sail honek ondoko sail-atalak izango ditu:
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko sail-atala;
Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako sail-atala;
Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako sail-atala;
Gipuzkoako Campuseko sail-atala. Horretan ondoko ikastegietako fisika aplikatua I jakintza-arloko ikasleak egongo dira bilduta: Arkitektura Goi Eskola Teknikoa, Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoa eta Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola. Egoitza Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoan izango dute.
2.– Sail-atal bakoitzak ataleko koordinatzaile bat hautatuko du bere kideen artetik. Koordinatzailea arduraldi osoko irakasle bat izango da.
IV. TITULUA
GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
I. KAPITULUA
DEFINIZIOA
8. artikulua.– Gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.
1.– Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.
2.– Saileko gobernu, ordezkaritza, eta administrazioko kide anitzeko organoak Saileko Kontseilua, Batzorde Iraunkorra eta Sail-ataletako Kontseiluak dira.
3.– Kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazioko organoak, berriz, zuzendaria, idazkari akademikoa eta sail-ataletako koordinatzaileak dira.
II. KAPITULUA
KIDE ANITZEKO ORGANOAK
I. ATALA
SAILEKO KONTSEILUA
9. artikulua.– Saileko Kontseiluaren osaera.
1.– Honako hauek dira Saileko Kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
2.– Irakasleen, ikerlarien eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa izango da.
3.– Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.
4.– Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.
5.– Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego-programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikita eta prestatze-bidean dauden ikerlariak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.
10. artikulua.– Ordezkari izateari uztea.
Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenganaezinak dira. Ordezkari izateari utziko zaio:
a) hilez gero edo ezintasuna izanez gero;
b) hauteskundeak baliogabetuz gero;
c) agintaldia amaituz gero;
d) dimisioa aurkeztuz gero;
e) ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari utziz gero;
f) organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts eginez gero.
11. artikulua.– Saileko Kontseiluaren eginkizunak.
1.– Hauek dira Saileko Kontseiluaren eginkizunak:
a) Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.
b) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.
c) Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.
d) Batzorde Iraunkorrak, arautegi honetako 13.1 artikuluko a), b), c), d), e) eta f) ataletan zehaztutako eginkizunei jarraituz, hartutako erabakiak berrestea edo, egoki izanez gero, aldatzea.
2.– Era berean, Saileko Kontseiluaren eginkizun izango dira indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.
II. ATALA
BATZORDE IRAUNKORRA
12. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren osaera.
1.– Batzorde Iraunkorreko kide dira: sail-ataleko koordinatzaileak (ez dira kontuan izango kopuruetarako), zuzendaria, idazkaria, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, bekadun eta ikasleen ordezkari bat eta 9 irakasle Saileko Kontseiluko kideen artean eta artetik aukeratuak.
2.– Artikulu honen ondorioetarako ez dira bekaduntzat hartuko bekadun lankideak.
3.– Batzorde Iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratuko dira.
4.– Arautegi honetako 10. artikuluan zehaztutako arrazoi berberegatik utziko diote ordezkari izateari Batzorde Iraunkorreko kideek.
13. artikulua.– Batzorde Iraunkorraren eginkizunak.
1.– Batzorde Iraunkorraren eginkizunak dira:
a) Saileko langileei irakats-betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, oinarrizko arautegiko 33. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.
b) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.
c) Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktoregoko programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.
d) Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.
e) Irakasleen eta ikerlarien ikerketa-jarduerak eta -ekimenak bultzatzea.
f) Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.
g) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.
h) Sailaren eskumenen esparruan, Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat, Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren edo teknikaren alorreko lanak egiteko.
i) Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.
j) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.
2.– Era berean, honakoak ere badagozkio Batzorde Iraunkorrari:
a) Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektuak eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektuak aurkeztea.
b) Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.
c) Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.
d) Sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, egoki izanez gero.
e) Arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendariak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.
3.– Arautegiko 13.1 artikuluko a), b), c), d) eta e) paragrafoetan zehaztutako eginkizunen babesean Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakiak bete egin beharko dira Saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.
4.– Saileko Kontseiluko kideek Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean. Ikastegietako ordezkariek Batzorde Iraunkorraren bilera-deien berri izango dute.
III. ATALA
SAIL-ATALEKO KONTSEILUA
14. artikulua.– Sail-atala.
1.– Sail-ataletan, sail-ataleko kontseilua izango da bere kideen ordezkaria kasuan kasuko ikastegi edo campusean.
2.– Sail-ataleko kontseiluak idazkaria izendatuko du, bilera guztietarako edo bilera bakoitzerako, eta idazkariaren eginkizuna izango da bileretako aktak egin eta bileran hartutako erabakiak jasotzea.
15. artikulua.– Osaera.
Sail-ataleko kide izango dira: sail-ataleko irakasle eta ikerlari guztiak, AZPko langileak eta ikasle bat, sail-ataleko ikastegietako ikasleen kontseiluek aukeratua.
16. artikulua.– Sail-ataleko Kontseiluaren eginkizunak.
Hauek dira sail-ataleko Kontseiluaren eginkizunak:
a) Kontseiluko kideen artetik koordinatzailea aukeratzea. Bera izango da saileko kide anitzeko organoetarako ordezkaria.
b) Saileko Kontseiluari edo, egoki izanez gero, Batzorde Iraunkorrari edo gobernurako, ordezkaritzarako edo administraziorako beste organoei sail-atalerako programazioa, irakaskuntza, antolamendua eta administrazio-zereginak proposatzea.
c) Saileko Kontseiluari sail-atalari zuzenean eragiten dioten gorabeheren berri ematea aldez aurretik.
d) Saileko kide anitzeko organoei sail-ataleko kontseiluaren eskumeneko diren arloei buruzko proposamenak egitea.
e) Sail-ataleko urteko memoria onartzea saileko memorian sartzeko.
f) Sail-ataleko aurrekontua gestionatzea.
g) Saileko Kontseiluak eskuordetutako gainontzekoak.
IV. ATALA
KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA
17. artikulua.– Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.
1.– Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Saileko Kontseiluak ohiko bi bilera egingo ditu urtean, eta Batzorde Iraunkorrak bi bilera seihileko bakoitzean.
3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak dela-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaietan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
4.– Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
18. artikulua.– Bilerarako deia egitea.
1.– Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia.
Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.
2.– Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
3.– Deian zehatz jaso behar dira aztergaia osatzen duten puntu guztiak. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, deialdia baino 48 ordu lehenago eta idatziz idazkari akademikoari eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezin izango da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa egin ondoren gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
4.– Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.
19. artikulua.– Kide izatea eta leku hutsak betetzea.
1.– Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.
2.– Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari-eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.
20. artikulua.– Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta Sailen Oinarrizko Arautegiak ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu kontseiluko kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.
2.– Kide anitzeko organoetako kideek euren eginkizunak betetzeko behar duten informazio eta dokumentazio guztia eskuragarri egongo da saileko idazkaritzan bost egun balioduneko epean.
21. artikulua.– Kide anitzeko organoa eratzea.
1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen, gutxienez, heren bat egotea bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean hamabost minutuko tartea egongo da. Edonola ere, organoetako buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.
2.– Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 23. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.
3.– Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.
22. artikulua.– Bileren nondik norakoak.
1.– Kide anitzeko organoko buruek bermatu egin behar dute bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezakete.
2.– Eztabaidak aztergaiei jarraituz egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.
3.– Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.
4.– Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.
23. artikulua.– Botazioa.
1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Unibertsitateko Estatutuek, edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.
Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.
2.– Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak pertsonei buruzkoak badira.
3.– Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari boto-txartelarekin batera. Boto-txartela eta testua aktari erantsi behar zaizkio.
4.– Abstenitu egiten direnak ez dute izango kide anitzeko organoak hartutako erabakien erantzukizunik.
5.– Kide anitzeko organoko kideek beste kideren baten esku utzi ahalko dute botoa. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.
6.– Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.
24. artikulua.– Bileretako aktak.
1.– Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da. Aktak, onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar ditu.
2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.
3.– Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esan bezala.
4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.
5.– Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali beharko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu beharko dira.
6.– Kide anitzeko organoen aktak behin onartuta, argitaratu egingo dira bide telematikoen bidez, betiere, pertsonen intimitatea gordeta eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, zehaztutakoari jarraituz. Aktak saileko idazkaritzan gordeko dira Sail-ataleko Kontseiluarenak izan ezik; horiek koordinatzaileak gordeko ditu.
25. artikulua.– Erabakiak argitaratzea.
1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Kide anitzeko organoek hartutako erabakiak saileko kide guztiei jakinaraziko zaizkie bide telematikoen bidez, gehien dela hiru egun balioduneko epean, eta, betiere, pertsonen intimitatea gordeta eta abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoak, zehaztutakoari jarraituz. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete daudela jendaurrean.
26 artikulua.– Erabakiak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.
1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.
2.– Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.
3.– Arautegi honetako IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.
4.– Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.
III. KAPITULUA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK
27. artikulua.– Xedapen orokorra.
1.– Saileko kide bakarreko organoak dira zuzendaria, idazkaria eta sail-ataleko koordinatzailea.
2.– Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.
I. ATALA
SAILEKO ZUZENDARIA
28. artikulua.– 1.– Zuzendaria Saileko Kontseiluak aukeratuko du saileko irakasle doktoreen artetik (unibertsitateko irakasle kidegoetako doktoreak), eta errektoreak izendatuko du.
2.– Sailean zuzendaririk ez badago, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta batzorde iraunkorra edo, bestela, saileko kontseilua, premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.
3.– Zuzendarien agintaldia lau urtekoa izango da. Gehienez ere, jarraian bi agintaldi egin ahalko ditu.
4.– Zuzendariak kargua utziko du honako arrazoiengatik: heriotza, legezko ezintasuna, dimisioa, UPV/EHUkoa izateari uztea, bere agintaldia amaitzea edo Saileko Kontseiluak zentsura-mozioa onartzea.
5.– Fisika Aplikatua I Sailaren arautegi honetako 28.4 artikuluan aipatutako zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxien dela Kontseiluko kideen % 20k sinatuta. Idatzian, bestalde, zuzendari izateko hautagai bat zehaztu beharko da. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak, 72 orduko epean, deia bidaliko dio kontseiluari ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta 15 eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatu eta azaltzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten Saileko Kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.
6.– Zentsura-mozioa onartzeko, Saileko Kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko Kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela ulertuko da.
29. artikulua.– Irakats-betebeharretatik salbuestea.
1.– Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.
2.– Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar izan ditu karguan.
30. artikulua.– Saileko zuzendariaren eginkizunak.
1.– Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:
a) Sailaren ordezkari izatea.
b) Saileko Kontseiluaren eta Batzorde Iraunkorraren buru izatea.
c) Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.
d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.
e) Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.
f) Saileko Kontseiluak, Batzorde Iraunkorrak eta Sail-atalekoak hartutako erabakiak betearaztea.
g) Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.
h) Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.
i) Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.
j) Bere eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.
k) Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak irekitzea proposatzea.
l) Saileko idazkaria aldi baterako lizentziarekin kanpora joanez gero, gaixorik egonez gero edo baimena izanez gero, haren ordezkoa egiteko jardunean dagoen irakasle edo ikerleri bat proposatzea.
m) Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.
2.– Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.
II. ATALA
SAILEKO IDAZKARIA
31. artikulua.– 1.– Errektoreak izendatuko du idazkaria, saileko zuzendariaren proposamenari jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikerlariak izan daitezke idazkari.
2.– Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.
3.– Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.
4.– Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.
III. ATALA
SAIL-ATALEKO KOORDINATZAILEA ETA GAINONTZEKO GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
32. artikulua.– 1.– Koordinatzailea Saileko Kontseiluak aukeratutako irakasle edo ikerlari bat izango da. Koordinatzailerik ez badago, zuzendariak premiazko bilerarako deia egingo du koordinatzailea aukeratzeko.
2.– Koordinatzailea aukeratzeko prozedura eta agintaldia Saileko zuzendariaren berberak izango dira.
3.– Sail-ataleko koordinatzailea sail-ataleko kontseiluaren ordezkari da Saileko Kontseiluan, eta honako eginkizun hauek ditu:
a) Saileko gobernu organoei irakaskuntza eta ikerketaren arloko planen eta sail-atalaren beharrizanen inguruko memorien berri ematea, baita kontseiluaren erabakien, eskarien eta iradokizunen berri ere.
b) Bilerako aztergaiak osatzea, sail-ataleko kontseilua bileretara deitu eta bileren buru izatea, bileretako aktak zaindu eta saileko organoei erabakien berri ematea.
c) Saileko zuzendariari laguntzea irakaskuntzaren arloko eta sailaren eta bertako kideen gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen direla bermatzeko, ataleko irakaskuntza eta ikerketa koordinatzea eta, hala badagokio, beharrezko proposamenak egitea.
d) Sail-ataleko urteko memoria onartzea saileko memorian sartzeko.
4.– Sail-ataleko koordinatzaileak kargua utziko du honako arrazoiengatik: heriotza, legezko ezintasuna, dimisioa, UPV/EHUkoa izateari uztea, bere agintaldia amaitzea edo Sail-ataleko Kontseiluak zentsura-mozioa onartzea.
5.– Arautegi honetako 32.4. artikuluan aipatutako zentsura-mozioa 18.5. eta 18.6. artikuluetan zehaztutakoari jarraituz egingo da. Horietan Saileko Kontseiluari buruz zehaztutakoak berdin ezarriko zaizkio sail-atalekoari.
V. TITULUA
IRAKASKUNTZA
33. artikulua.– Printzipio orokorrak.
1.– Saileko Kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza-arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza fakultateetako eta eskoletako zuzendaritzarekin batera antolatu behar du, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar du kontuan.
Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatuko du irakaskuntza eman arren sail-atalik ez duen ikastegietan.
2.– Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.
3.– Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.
4.– Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.
5.– Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.
34. artikulua.– Irakasleen arduraldia.
1.– Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.
2.– Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerketa-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, salbuespen egoeretan ere eskolak eman egingo direla bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.
3.– Saileko Kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat irakasle-kategoria jakin batean asteko eskola-orduak murrizteko egon daitekeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.
35. artikulua.– Eskolak esleitzeko irizpide orokorrak.
1.– Sailak kasuan kasuko jakintza-arloarekin lotutako gaietako irakaslanak esleitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.
2.– Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premia dela-eta esleipen hori saileko zuzendaritzak egiten baldin badu, erabakia zuzenean ezarriko da, baina Saileko Kontseiluak, edo hala badagokio Batzorde Iraunkorrak, berretsi egin beharko du.
3.– Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, Saileko Kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.
36. artikulua.– Eskolak esleitzeko erabakia eta lehentasun-irizpideak.
1.– Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.
2.– Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, ondorengo lehentasun-hurrenkeraren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:
a) Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.
b) Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:
– Unibertsitateko katedradunak eta irakasle osoak.
– Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate-eskoletako katedradunak eta irakasle agregatuak.
– Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak, irakasle lankideak eta irakasle elkartuak.
– Irakasle atxikiak.
– Laguntzaileak.
c) Irakasle doktoreak.
d) Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak haztatu egin behar dira 0,5 koefizientea erabilita.
3.– Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egingo da.
4.– Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.
5.– Irakasgairen bat ez badu inork eskatu, soberakinak dituzten irakasleen artean banatuko da, ondoko irizpideen arabera puntuazio handiena nork lortu duen kontuan hartuta:
Irakats-zama: puntu bat soberakinetako kreditu bakoitzeko.
Kategoria: laguntzailea, 5 puntu; irakasle atxikia, 4 puntu; unibertsitateko irakasle titularra, irakasle lankidea edo irakasle elkartua, 3 puntu; unibertsitateko irakasle titularra, unibertsitate eskolako katedraduna edo irakasle agregatua, 2 puntu; unibertsitateko katedraduna eta irakasle osoa, 1 puntu.
Hurbiltasuna: hirian bertan biziz gero, 10 puntu; probintzian bertan biziz gero (Donostia-San Sebastián eta Eibar arteko joan-etorrietarako izan ezik), 6 puntu; Donostia-San Sebastián eta Eibar arteko joan-etorria egin behar izanez gero, 4 puntu; campus arteko joan-etorriak egin behar izanez gero, 2 puntu.
Puntuez gain, kasuan kasuko kategoria edo taldeko antzinatasuna izango da kontuan.
Zerrendan bildutako beste gorabeherarik egonez gero, Batzorde Iraunkorrean aztertuko dira eta gehienez ere 1 puntu emango da horiengatik.
37. artikulua.– Erabakiak argitaratzea eta errekurtsoak.
1.– Saileko Kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2, 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.
2.– Irakasle bakoitzari bere irakats-betebeharrak jakinarazi behar zaizkio, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo irakasleak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.
3.– Saileko Kontseiluek irakats-betebeharrak esleitzeko hartutako erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.
38. artikulua.– Tutoretzak.
1.– Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Beraz, ikasleek zerbitzu hori zuzen erabiltzeko aukera izan dezaten, astean gutxienez bi egunetan izango dira tutoretzak.
2.– Irakasle jakin batek kontratatuko irakaskuntza osoa esleituta eduki ez arren, bete egin behar ditu tutoretza-ordu guztiak. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.
39. artikulua.– Ezintasunen bat duten ikasleak.
Ikasle ezinduek horrelakorik behar badute, sailak egokitu egin beharko du metodologia eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza bereziak ezarriko ditu.
VI. TITULUA
IKERKETA, GARAPENA ETA BERRIKUNTZA
40. artikulua.– Honako hauek dira saileko ikerlanaren helburu nagusiak:
a) Saileko irakasleen eta ikerlari-taldeen ikerlana bideratu eta sustatzea.
b) Ikerlari berrien trebakuntza sustatzea.
c) Ziklo guztietako ikasleak ikerketa-arloekin harremanetan jartzea.
d) Doktorego-tesien eta ikerketen zuzentze-lana eta haien jarraipena bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.
e) Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak bultzatzea.
f) Unibertsitateko ikerketaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikerlariek ikerketa- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.
g) Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.
41. artikulua.– Ikerlanei buruzko memoriak.
1.– Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu Saileko Kontseiluak urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.
2.– Unibertsitateko irakasleek eta ikerlariek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren zentroetan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerlantzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.
VII. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA
42. artikulua.– Aurrekontua.
1.– Saileko aurrekontu orokorra Saileko Kontseiluak zehaztutako eran banatu eta kudeatu behar dira.
2.– Saileko aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:
a) Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.
b) Zientziaren eta teknikaren alorreko lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.
c) Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.
d) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.
3.– Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri emango dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko Kontseiluari, ontzat eman ditzan.
43. artikulua.– Gestio ekonomiko eta administratiboa.
1.– Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.
2.– Saileko aurrekontuak sail-atal bakoitzari dagozkion diru-zuzkidurak bereizi behar ditu. Guztiek erabili beharreko kontu-sailak izan ezik, sail-ataletako diru-zuzkidura horiek proportzionalki banatu behar dira, kasuan kasuko kontu-sailak unibertsitateko aurrekontu orokorrekin bat, zuzentzen dituzten irizpideei jarraiki.
44. artikulua.– Langileak kontratatzea.
1.– Ikerlari-taldeek eta sailak eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.
2.– Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoregoaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.
VIII. TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA
45. artikulua.– Arautegia aldatzeko prozedura.
1.– Sailaren arautegi hau aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ari dagokio. Ekimenak ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztuta eta proposamena egin dutenek euren burua identifikatuta gauzatu behar dira. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak dei egingo dio Kontseiluari hilabeteko epean, aldaketa hori baiets edo ezets dezan.
2.– Arautegiaren aldaketa Kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi honetan jasotakoa Sailen Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.