Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2008ko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4787

148/2008 DEKRETUA, uztailaren 29koa, Dekretu hau bigarren aldiz aldatzen duena: Dekretua, Lanpostuen Zerrendak, ikasturtez ikasturte, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezarri eta irakasleak zentroetan berriro atxikitzeko prozesua arautzen duena.

Apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuak Lanpostuen Zerrendak, ikasturtez ikasturte, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako Berariazko Institutuetako zein irakaslerengan duen eragina zehazteko irizpideak ezarri eta irakasleak zentroetan berriro atxikitzeko prozesua arautzen zuen. Eta ondoko xedapen hauetan ezarritakoa garatzen zuen: otsailaren 19ko 2/1993 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoa; maiatzaren 9ko 47/1993 Dekretua, irakaskuntzako lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak ezartzeko irizpideak ezarri zituena; langile horiei aplikatzeko beste arau juridiko batzuk.

Urriaren 10eko 198/2006 Dekretuak aldatu zuen aipatutako Dekretua, irakaskuntzako funtzio publikoaren arlo batzuetan gertatzen ari ziren lege-aldaketetara egokitzeko.

Ordutik hona, urterik urte aplikatu da Dekretua, hain zuzen ere, plaza finkoa duten langileen egoera juridiko-administratiboa lanpostuen aldaketetara egokitzeko. Izan ere, lanpostuak aldatuz joan dira ikasleen matrikulazioa aldatuz joan den heinean, eta ikuspegi orokorrago batetik, gizarteko eskaera berrien ondoriozko premiak —ikastetxeen erantzuna eskatzen dutenak— aldatu diren heinean.

Momentu honetan, sistemaren egoeraren analisiak erakutsi du adierazitako Dekretuan zenbait aldaketa egitea komeni dela, hain zuzen ere, araudiak egungo elementu guztiak barne hartzen dituela ziurtatzeko, eta horrela, arautzen den prozesuaren ahalik eta eraginkortasunik handiena bermatzeko.

Lehenik eta behin, prozesuan zehar kontuan izan behar diren lanpostuen definizioari eragiten dio aldaketa horrek, ezaugarri berezi batzuk zituzten postuei buruzko atal orokor bat erantsiz, atal hori orain arte ez baitzen ageri.

Bestalde, postu ibiltari eta mistoei buruzko aipamena egiten da, postu horiek II. Faseko III. Txandan bakarrik jasota baitzeuden, baina pertsona titularrei eragingo dieten aldaketak eta kenketak jasan ditzakete, eta beraz, horretarako bakarrik bada ere, prozesu honetan sartu behar dira, eta horrela, haien administrazio-egoerak erregularizatu ahal izango dira.

Bestalde, postu berezien irudia sortu da, zeren eta, Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroetarako bezala, Institutuetarako ere aurreikus baitezakete Lanpostuen Zerrendek irudi hori. Lanpostu horiek normalean lehiaketa berezi bidez betetzen dira. Hori dela eta, berriro atxikitzeko fasean eskuratu ahal izango dira lanpostu horiek, nahiz eta, nolanahi ere, prozesuan kontuan hartu behar diren, aldaketarik gertatzen bada ere, eta aldaketa horiek beren titularrei eragiten badiete.

Multzo honen azken atal gisa, ingeleseko espezialitateak emateko beharrezkoa den titulazioa eskatzen duten lanpostuei egiten zaien erreferentzia dago. Datozen urteetan gero eta horrelako lanpostu gehiago jasoko dira Lanpostuen Zerrendetan, ikastetxeek irakaskuntza eleaniztunaren premia berriei erantzun beharko baitiete. Kasu hauetan, espezialitate/hizkuntza-eskakizun/derrigortasun datari dagokionez ezaugarri berberekoak diren gainerako lanpostuena ez bezalako talde gisa osatzen dira lanpostuak; hala ere, berratxikitze fasean erabili ahal dira, eta horrela, lanpostu horietara klaustrokoak diren pertsonak sartu ahal izango dira, programa horien ezarpenean zentroak nahitaez inplikatu behar dira-eta.

Bigarrenik, Dekretua aldatuta, zentroen egitura eraldatzeko irudi berri bat aurreikusi da: ikastetxeen banatzea. Ikastetxeen banatzea orain arteko bateratzearen aurkako fenomenoa da, eta zera esan nahi du: ikastetxe bakar bat ikastetxe berri bitan edo gehiagotan banatzen da, eta prozesu horretan bertan, ikastetxe bakar hori desagertu egiten da.

Horren eragina jasan duten pertsonak ikastetxe berrietako lanpostuetara berratxikitzeko, ikastetxe zaharreko behin betiko lanpostu bakoitzaren espezialitatea/hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun data ezaugarriak hartuko dira kontuan, baita ikastetxe zaharrarengandik sortu diren ikastetxe guztietako lanpostuak ere. Horrela, pertsona baten atxikipena egiterakoan, ikusi beharko da pertsona horren behin betiko lanpostuaren ezaugarri berberak dituen lanpostua zein zentrok eskaintzen duen. Antzeko lanpostuak zentro batek baino gehiagok eskainiz gero, bata edo bestea aukeratu ahal izango da, baremoaren hurrenkera nagusiari jarraiki.

Baina berratxikitze-fasean pertsona batek izango dituen aukera bakarrak ez dira izango atxikitze-fasean esleitu zaion zentroak dituen gainerako lanpostuak. Aitzitik, araudiak eskatutako baldintzei jarraiki, eta bakar-bakarrik banatzeari dagokion prozesuarentzat, edozein lanpostu huts betetzeko aukera ere badute, baldin eta lanpostu horren baldintzak betetzen badituzte.

Irudi horren ondorioetarako, prozesu honetan lekuz aldatutako langileek eta lehenago aldatu zirenek adierazi beharko dute sortzen diren zentroetako zeinetan eutsi nahi dioten beren egoerari, zeren eta bakar-bakarrik horietako baten erreferentzia gorde baitezakete. Hala ere, hautatutako ikastetxean bere espezialitateko irakasgaiak ematen jarraitu behar dute, kontuan harturik, definizioz, lekuz aldatutako langileek zentroko behin betiko langileak direla oraindik, nahiz eta hor ordurik ez izan. Hori dela eta, ez luke zentzurik izango egoera horretan jarraitzeak, bera atxikita zegoen irakasgaiak dagoeneko eskaintzen ez dituen zentro batean.

Dekretuaren zirriborroa ordezkaritza sindikalarekin negoziatu da, Plangintzako Batzorde Teknikoaren barruan.

Bestalde, Euskadiko Eskola Kontseiluak, Funtzio Publikoko Zuzendaritzak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Zuzendaritzak, Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Aholkularitza Juridikoak emandako nahitaezko txosten guztiak eskuratu dira.

Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko uztailaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuaren 3. artikulua; izan ere, paragrafoari 1 zenbakidun puntua erantsi zaio, eta atal berri bat ere gehitu da. Honela daude idatzirik:

“2.– Zenbait zentrotan aritzeko diren lanpostuak (Lanpostuen Zerrendan ibiltaritzat jotzen direnak) eta beren espezialitate nagusian behar beste ikastordu ez dituztenez ezaugarri horiek ez dituzten lanpostuen espezialitate bereko beste espezialitate batean aritzeko direnak (Lanpostuen Zerrendan mistotzat jotzen direnak) talde espezifikokotzat joko dira. Hori dela eta, ez dira ezaugarri horiek ez dituzten espezialitate bereko gainerako lanpostuen taldean sartuko. Hala ere, II. Faseko III. Txandan erabili ahal izango dira, lekuz aldarazitako eta berratxiki gabeko pertsonak berratxikitzeari buruzkoan.

Ingelesez eskolak emateko titulazio egokia exijitzen duten lanpostuak talde espezifikokoak izango dira, eta beraz, ez dira espezialitate bereko gainerako lanpostuen taldean sartuko. Hala ere, II. Faseko II. Txandan erabili ahal izango dira, espezialitate ezberdineko lanpostuetan berratxikitzeari buruzkoan.

Lanpostu bereziak talde espezifikokoak izango dira, eta beraz, ez dira espezialitate bereko gainerako lanpostuen taldean sartuko. Kentzen badira, Dekretu honen irizpideak erabiliko dira eraginpeko pertsonak zehazteko, bai eta ezaugarri berberak dituzten lanpostuetatik aldarazitako pertsonek titulartasuna berreskuratzen duten kasuetarako ere. II. Faseko I. Txandan erabili ahal izango dira, espezialitate bereko eta hizkuntza eskakizun edo derrigorrezkotasun data ezberdineko lanpostuetan berratxikitzeari, eta hizkuntz eraldakuntzei buruzkoan, behin betiko destinoa duten langileentzat edo espezialitate bereko lanpostu berezietatik aldarazitako langileentzat. Hala ere, ezin izango dira erabili II. Faseko II. Txandan, espezialitate ezberdineko lanpostuetan berratxikitzeari buruzkoan.”

Bigarren artikulua.– Xedapen Gehigarri bat, Bosgarrena, eransten zaio apirilaren 16ko 86/2002 Dekretuaren testuari. Honela dio:

“Ikastetxeak zatitzeko prozesuetan, zatitutako ikastetxean behin betiko destinoa duten pertsonak ikastetxe berriei atxikiko zaizkie, hain zuzen ere, orain arteko lanpostuaren espezialitate/hizkuntza-eskakizun/derrigortasun-data berbera duten lanpostuei.

Lanpostu horiek zatitzearen ondoriozko ikastetxe batean baino gehiagotan badaude, zatitzearen eragina jasan duten pertsonek hautatu egin ahal izango dute, 16. artikuluan adierazitako antolamendu-irizpideen arabera.

Prozesu horretan zehaztu egin behar denean lanpostuak ezabatzeak zein pertsonari eragiten dien, Dekretu honen 5., 6. eta 7. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio. Ondorio horietarako, artikulu horiek Lanpostuen Zerrendari buruz egiten duten aipamena, espezialitate/hizkuntza-eskakizun/derrigortasun-data bakoitzean dagoen titular-kopuruarekin alderagarria dena, zentro berri guztietako Lanpostu Zerrendak gehituta ateratzen den emaitzari egin zaiola ulertu beharko da.

Lekuz aldarazitako langileek zentro batean berreskuratuko dute beren lanpostuen titulartasuna, eta zentro horretan Lanpostuen Zerrendak dagokien espezialitate/hizkuntza-eskakizun/derrigortasun-datako lanpostuak zehazten ditu.

Ikastetxe berean berratxikitzeko (Dekretu honen III. Tituluko irizpide orokorren arabera egingo da hori ere), kontuan izango dira ikastetxe berrietan, behin aurreko paragrafoetan adierazitako prozesua amaituta, hutsik dauden lanpostu guztiak. Horregatik, zatitutako ikastetxean behin betiko destinoa zuten pertsonek eskatu ahal izango dituzte lanpostu horiek, zeinahi delarik ere pertsona horien ikastetxe berria, baldin eta eskatutako baldintzak betetzen badituzte (zatitze-prozesuetan bakarrik egin ahal izango da hori).

Behin betiko langileak atxikiko zaizkion ikastetxea prozeduraren fase eta txanda guztien ondoren langile horiei esleitu zaien lanpostua duena izango da.

Prozesu horretan aldarazita gertatzen diren pertsonek, bai eta lehengo prozesuen ondorioz aldarazita izan direnek ere, adierazi beharko dute sortzen diren zentroetatik zeinetan eutsi nahi dieten izaera horri. Horretarako, zentro horrek jarraitu beharko du eskaintzen bere espezialitateko irakasgaiak. Bestela, ezabatutzat joko direla ulertuko da.

Irakaskuntza Ertaineko institutu teknikoko irakasle berezien kidegoko lan-legepeko langileak edota langile funtzionarioak dauden zatiketetan, Lehen eta Bigarren Xedapen Gehigarrietan jasotako aurreikuspenak aplikatuko dira.”

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 29a.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala