Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2008ko abuztuaren 14a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Herrizaingo Saila
4786

AGINDUA, 2008ko uztailaren 21koa, Herrizaingo sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko zaldi-lasterketetako apustuei buruzko apirilaren 5eko 68/2005 Dekretuaren eranskinaren zati bat aldatzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zaldi-lasterketetako apustuei buruzko apirilaren 5eko 68/2005 Dekretuaren Azken Xedapenak Herrizaingo sailburuari ahalmena ematen dio aipatutako dekretuaren eranskinean zehaztutako apustu-modalitateak aldatzeko.

Aldaketa honen bidez, elkarrekiko izaera duten zaldi-apustuen modalitateak handitzen dira, Espainiako edo Europar Batasuneko beste hipodromo batzuetan egiten diren apustu-moten arabera. Horrela, erabiltzaileek joko eskaintza handiagoa izateaz gainera, Hipodromoak finantzabide gehiago ditu aipatu barrutia kudeatzeko eta mantentzeko.

Horregatik, indarrean dagoen lege-antolamenduak eman dizkidan ahalmenak erabiliz, ondokoa

XEDATU DUT:

Lehenengoa.– Boskote plusa (Quinté Plus) izeneko 21. atalean laugarren eta seigarren paragrafoak aldatuko dira eta atal berria sortuko da, honela idatzita:

“Lasterketa bateko bost zaldi hautatzen dira eta zein ordenatan helmugaratuko diren zehazten da apustu-txartelean; hautatutako zaldietako hiru, gutxienez, lehen hiru postuetan heltzen badira, saria ordainduko da.

Hautatutako bost zaldiak apustulariak ezarritako ordena berean helmugaratzen badira lehen bost postuetan, “ordenatuta” izeneko modalitateko dibidendua jasoko du.

Aldiz, hautatutako zaldiak apustuan ezarritako ordenan ez beste batean heltzen badira, “ordenatu gabe” edo “oinarrizkoa” deritzon modalitateko dibidendua ordainduko da.

Gainera, lasterketaren lehen bost postuetan sailkatu diren lau zaldi, edozein dela apustulariak jarritako apustu-txartelaren ordena, eta bosgarrena baino atzerago sailkatu den beste bat agertzen badira, bost zaldiko konbinazio guztiek dibidendua jasoko dute, honela deitzen dena:

1.– Bonus 4, lasterketaren lehen lau postuetan sailkatu badira lau zaldi horiek.

2.– Bonus 4, 5en gainean, zaldi horietako bat bosgarren sailkatu bada.

Halaber, lasterketaren lehen hiru postuetan sailkatu diren hiru zaldi, edozein dela apustulariak jarritako apustu-txartelaren ordena, eta laugarrena baino atzerago sailkatu diren beste bi agertzen badira, bost zaldiko konbinazio guztiek “bonus 3” izeneko dibidendua jasoko dute.

Apustu honetako fondoa honela banatuko da:

– % 3 fondoa osatzeko.

– % 14,55 Boskote Plusa (Quinté Plus) ordenatuta asmatzen dutenen artean.

– % 18,19 Boskote Plusa (Quinté Plus) ordenatu gabe asmatzen dutenen artean.

– % 14,55 Boskote Pluseko (Quinté Plus) bonus 4 asmatzen dutenen artean.

– % 24,25 Boskote Pluseko (Quinté Plus) 5en gaineko bonus 4 asmatzen dutenen artean.

– % 25,46 Boskote Pluseko (Quinté Plus) bonus 3 asmatzen dutenen artean.

Auzazko prozeduraz zehaztutako 0001etik 3000ra bitarteko zenbaki plusa apustua erregistratzean esleitzen zaio unitate-konbinazio edo Boskote Plusa (Quinté Plus) apustu-formula bakoitzari.

Boskote Plusa (Quinté Plus) apustuari eusten dion lasterketaren irteera egiaztatu eta gero, ausazko prozeduran zenbaki bat, bakarra, aukeratuko da 0001 eta 3000 artean (biak barne) Irabazle-plus zenbakia izenekoa.

Boskote Plusa (Quinté Plus) konbinazioa dibidendu hau jasotzeko aukera ematen duenean:

Ordenatuta eta gainera irabazle-plus zenbakia badu, fondoaren dibidendua ordaintzeko eskubidea ere izango du.

Ordenatu gabe edo oinarrizkoa bada eta gainera irabazle-plus zenbakia badu, dibidendu hori hamar aldiz jasotzeko eskubidea izango du.

Bonus 4 eta gainera irabazle-plus zenbakia badu, dibidendu hori hamar aldiz jasotzeko eskubidea izango du.

5en gaineko bonus 4 eta gainera irabazle-plus zenbakia badu, dibidendu hori hamar aldiz jasotzeko eskubidea izango du.

Bonus 3 eta gainera irabazle-plus zenbakia badu, dibidendu hori hamar aldiz jasotzeko eskubidea izango du.”

Bigarrena.– Eranskinari 24. atala erantsi zaio, idazkera hau duena:

“24.– Apustu Anitza. Lasterketa bateko lau, bost, sei edo zazpi zaldi hautatzen dira, zein ordenatan helmugaratuko diren zehaztu beharrik izan gabe.

Apustu Anitza ordainduko da lau zaldiak edo aukeratutako zaldi horietako lau lehen lau postuetan heltzen badira, edozein dela helmugaratzeko ordena.

Lauen (4en) gainean Anitza izeneko dibidendua jasoko da, hautatutako lau zaldiak lasterketaren lehen lau postuetan helmugaratzen badira.

Bosten (5en) gainean Anitza izeneko dibidendua jasoko da, hautatutako bost zaldietatik lau lasterketaren lehen lau postuetan helmugaratzen badira.

Seien (6en) gainean Anitza izeneko dibidendua jasoko da, hautatutako sei zaldietatik lau lasterketaren lehen lau postuetan helmugaratzen badira.

Zazpien (7en) gainean Anitza izeneko dibidendua jasoko da, hautatutako zazpi zaldietatik lau lasterketaren lehen lau postuetan helmugaratzen badira.

Apustuaren banatze-fondoa berdintasunez banatuko da ordaindu beharreko Anitza konbinazio guztien artean, honela:

– 3ko koefizientea, 7en gaineko Anitza apustuan ordainduko diren asmatutako kopuruari.

– 7ko koefizientea, 6en gaineko Anitza apustuan ordainduko diren asmatutako kopuruari.

– 21eko koefizientea, 5en gaineko Anitza apustuan ordainduko diren asmatutako kopuruari.

– 105eko koefizientea, 4en gaineko Anitza apustuan ordainduko diren asmatutako kopuruari.

Horrela lortutako zatidura oinarrizko dibidendua da apustuaren dibidenduen kategoria bakoitzerako, honela:

7en gaineko Anitza konbinazioari ordaindutako dibidendua oinarrizko dibidendua da, bider 3.

6en gaineko Anitza konbinazioari ordaindutako dibidendua oinarrizko dibidendua da, bider 7.

5en gaineko Anitza konbinazioari ordaindutako dibidendua oinarrizko dibidendua da, bider 21.

4en gaineko Anitza konbinazioari ordaindutako dibidendua oinarrizko dibidendua da, bider 105.”

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 21a.

Herrizaingo sailburua,

JAVIER BALZA AGUILERA.


Azterketa dokumentala