Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
4783

IRAGARKIA. Honen bidez, Kontsumo zuzendariak 2008-05-27an emandako ebazpena jakinarazten zaio Inmobiliaria Alai Txoko, S.L.ri. Ebazpenak isuna jartzen dio G/08/2008/CO espediente zenbakian.

Inmobiliaria Alai Txoko, S.L.ri ebazpen hori ohiko bidetik jakinarazterik ez dugu izan, ahaleginik egin arren, bere azken helbidean (Iparraldeko etorbidea, 29 behea, 20302, Irun). Horregatik argitara ematen da, oso-osorik transkribatuta:

EBAZPENA:

Espediente zenbakia: G/8/2008/CO 20-OK-E-2008-8

Nori irekia: Inmobiliaria Alai Txoko, S.L.

NAN/IFK: B-20612552

G/08/08/CO zenbakiko kontsumo-arloko zigor-espedientean gauzatutako jardunak aztertu ondoren, ebazpen hau emango da honako hauek kontuan hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2008ko martxoaren 7an, zigor-prozedurari hasiera emateko erabakia hartu zen. Espe-diente horren bitartez, Inmobiliaria Alai-Txoko, S.L.ri kontsumo-arloko bi arau-hauste administratibo egin izana egotzi zitzaion. Arau-hauste horiek Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.3.a) eta 50.5.b) artikuluetan tipifikatuta daude.

“Hasiera emateko erabaki hori honako gertakari hauetan oinarritu zen:

Lehenengoa.– 2007ko ekainaren 20an, Jose Miguel Elduayen Eizaguirre jaunak Hondarribiko Foru kaleko 8. zenbakiko jabe-komunitatearen ordezkari-lanetan jarritako eta Irungo KIUBetik igorritako erreklamazioa iritsi zen Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Gipuzkoako Lurralde Bulegora. Erreklamazio horretan, honako hau adierazten zen:

“Hondarribiko (20280, Gipuzkoa) Foru kaleko 8. zenbakiko jabe-komunitateko administratzaile-lanetan jardunez, erreklamazio honi gaineratutako txosten teknikoan eta horren eranskinean adierazitako eraikuntza-akatsak erreklamatzen ditut.”

Erreklamazioari Hondarribiko Foru kaleko 8. zenbakian kokatutako higiezinean eraikina ordeztearen ondoriozko obra berriaren deklaraziorako eta jabetza horizontalaren konfiguraziorako eskritura (2004ko abenduaren 22koa) erantsi zaio.

Halaber, Hondarribiko Foru kaleko 8. zenbakian kokatutako eraikinaren egungo egoerari buruzko txosten teknikoa erantsi da (Pilar Calvo Gil arkitektoak 2007ko urtarrilaren 4an landutakoa), argazki-txostenarekin batera. Txosten tekniko horretan, higiezinean ikusitako akatsak daude xehatuta. Txosten horretatik, honako idatz-zati hauek atera dira (higiezinak dituen hezetasun-arazoei buruzkoak eta, duten ugaritasuna eta garrantzia kontuan hartuta, larritasunik handiena dutenak eta konponbidea ahalik eta arinen behar dutenak):

3.2.– Sarbideko kutxeta.

Eraikineko obrak egiten ari zirenean, lurra zeharkatzen zuen lurpeko isurketa bat agertu zen. Obraren zuzendaritza teknikoaren arabera, eta lurpeko ura bideratzeko (eraikina kaltetu ez zezan), kutxeta bat ipini zen, eta kutxeta horri konektatu zitzaion lurpeko ura biltzeko hodia. Era berean, proiektatutako zolataren lodiera handitzeaz gain, drainatze perimetraleko sistema bat jarri zen soto-oin osoan. Sistema hori arestian aipatutako kutxetari eta Foru kalean kokatuta dagoen eta udal-sarera husten duen beste kutxeta bati konektatuta dago.

Kutxeta hori sakon samarra da eta oinezkoek eraikinera joateko duten sarbidearen ibilbidean kokatuta dago. Barruan, xukatzeko bi ponpa eta kutxetara husten duten zenbait hodi daude, eranskin grafikoko eskeman adierazi bezala.

Hona hemen kutxetari konektatutako hodiak:

– Lurreko ura biltzeko eta bideratzeko hodia.

– Eraikinaren sotoan kokatuta dagoen eta kutxeta Foru kaletik doan udal-sarearekin konektatzen duen drainatze perimetraleko hodia.

– Kutxetaren barruko bi ponpekin konektatuta dagoen hustubide-hodia; Pasaia kalea zeharkatzen duen ur-hoditeriara doa.

– A etxabeko duplexaren soto-oinean kokatutako patioan dauden hustubideekin konektatutako hustubide-hodia; oin horretan dauden gelen aireztapena eta argiztapena ahalbidetzen ditu.

Arazoa hainbat egunetan euria gogor edo etengabe egiten duenean sortzen da. Izan ere, dauden ponpak ez dira nahikoak sortzen den ur-bolumena xukatzeko, eta kutxeta kolapsatu egiten da. Horren ondorioz, uraren zati bat A etxabeko soto-oinean dagoen patiora erortzen da, eta patioa urez betetzen da.

Bestalde, Foru kalean eraikineko drainatzea udal-sarearekin konektatzen duen kanalizazioa angelu zuzenean lotzen da sarearekin, baina angelu zorrotza egokiagoa izango litzateke ura behar bezala husteko. Hori dela-eta, udal-sarea beteta dagoenean, ur-bolumena ezin da bertara hustu, eta emariak kutxetan sortzen dituen arazoak areagotu egiten dira.

3.3.– Garajeetako hezeguneak.

Eraikineko garajeetan, lurreko uraren filtrazioak zein hodien jarioek eragindako hezeguneak ikusten dira.

Lurreko uraren filtrazioa.

Garajeetan sartzeko arrapalaren behealdean, euri-urak biltzeko sareto bat dago. Jabeek jakinarazi didatenez, saretoaren eta garajeko zolataren artean zati bat geratu zen errematatu gabe. Geroago, errematatu egin zen zati hori, eta zolataren eta erremate berriaren arteko junturan sortzen dira lurreko uraren filtrazioak (euri-erauntsi handietan).

Filtrazio horren ondorioz, eremu osoa putzuz betetzen da, eta sarbidearen ondoko garajeetan geratzen da ura metatuta (1. eta 10. garajeetan, hain zuzen ere).

10. garajearen eta A etxabeko sotoaren arteko eremuan ere ur-filtrazioak daude.

Filtrazio horien jatorria aurreko idatz-zatian aipatutako bera da. Kutxetan dauden ponpak ez dira nahikoak euria gogor eta etengabe egiten duenean sortzen den lurpeko uraren bolumena husteko, ezta ur-maila zolataren azpitik uzteko ere. Horren ondorioz, ura zolatatik sartzen da azkenean.

Ponpak aldatuko balira, adierazitako arazoa konponduko litzateke.

Instalazioetan dauden hodietako ur-jarioak:

– Igogailuaren atondorako sarbidean, itogin bat dago.

– Igogailuaren atondoan, sabaizunaren xafla batzuek hezetasun-orbanak dituztela ikus daiteke. Goi-oinean, euri-uren zorrotenean dago puntu hori. Hortaz, baliteke zorrotenaren ukondoan dagoen ihesen bat izatea hezetasunaren jatorria.

– Errodadura-bidearen aurreko horman, horma zeharkatzen duen hodietako batek ura galtzen du loturetako batetik. Dirudienez, konponketaren bat egin zen, baina ur-jarioa ez da erabat desagerrarazi.

– B Etxabearen jabetzako 8. garajean sabaitik zintzilik doan ur beltzen hodiak ere ura galtzen du ukondo batetik. Erantsitako argazkietan, ur-tanten jarioak zoruan uzten duen orbana ikus daiteke.

Adierazitako arazoez gain, fatxadan, eskaileretan eta etxebizitza batzuen barruan ikusitako hainbat akats aipatzen dira txostenean. Izan ere, amaitu berri den eraikin baterako eska daitezkeen akaberak eta baldintzak falta dira.

2007ko otsailaren 27an, adierazitako txostena egin zuen arkitektoak eranskin bat landu zuen, 2007ko urtarrilean eraikinerako sarbidean dagoen kutxetan biltzen den urak gainezka egitean sortu ziren uholdeek higiezinean eragindako kalteak azaltzeko. Txosten hartan, honako datu hau gaineratu zen:

Data horren aurretik, bi ponpa berri ipintzeko lanak egin zituen Construcciones Hidráulicas Ernio S.L. enpresak, etxebizitzak eman zirenetik kutxetan gertatzen ziren kolapso-arazoak konpontzeko.

Agerian geratu da bi ponpa berri horiek ipini izanak ez dituela konpondu ur-bolumena husteko arazoak. Ponpak ongi dimentsionatuta dauden egiaztatu, sarbidean kokatutako kutxeta bidean kokatutakoarekin konektatzen duen irteerako hodiaren perimetroak handitu, eta kutxeta berriz dimentsionatu beharko da, hustutako ur-bolumena har dezan.

Bigarrena.– 2007ko apirilaren 12an, Irungo KIUBak Alai-Txoko higiezinen enpresari aurkeztutako erreklamazioa helarazi zuen. Bertan, enpresari errekerimendua egiten zitzaion erreklamazioa jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat hartzen zituen alegazioak aurkezteko. Ez dago inon jasota enpresak Kontsumo Zerbitzuari adierazitako erreklamazioaren inguruko komunikaziorik igorri zionik.

Hirugarrena.– Irungo Udaleko Kontsumoko buruak 2007ko maiatzaren 10ean egindako txosten teknikoan ondorioztatzen denez, arau-hauste administratibo bat dago kontsumo-arloan, eta higiezinen enpresari hamar eguneko beste epe bat ematen zaio txostenaren inguruko alegazioak aurkezteko. Alai-Txoko higiezinen enpresak ez dio erantzun errekerimendu horri.

Laugarrena.– 2007ko azaroaren 8an, salatutako gertakariak argitzeko eta erreklamatutako akatsak behar bezala ebaluatzeko, Gipuzkoako Lurralde Bulegoko buruak errekerimendua egin zion Alai-Txoko higiezinen enpresari, bere interesak babesteko bidezkotzat hartzen zituen alegazioak edo dokumentazioa aurkez zitzan.

Gaur egun, ez dago inon jasota erreklamatutako enpresak dokumentazioa igorri duenik”.

Bigarrena.– Hasiera emateko erabakia erreklamatutako enpresari jakinarazi zitzaion 2008ko martxoaren 14an. Interesdunari 15 laneguneko legezko epea eman zitzaion, bidezkotzat hartzen zituen alegazioak, dokumentuak eta informazioak aurkezteko, baina gaur egun ez dago inon jasota enpresak idazkirik aurkeztu duenik.

Hirugarrena.– 2008ko apirilaren 21ean, espedientearen instrukzio-egileak ebazpen-proposamena egin zuen. Proposamen horretan, frogatutako gertakarien deklarazioa biltzen da, eta gertakari horiek Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.3 artikuluaren a) idatz-zatian eta 50.5 artikuluaren b) idatz-zatian arau-hauste gisa tipifikatutako bi arau-hauste egin direla adierazten dute.

Enpresari 15 laneguneko legezko epea eman zitzaion ebazpen-proposamenaren inguruko alegazioak aurkezteko, baina gaur egun arte ez da enpresa erruztatuaren idazkirik jaso.

FROGATUTAKO GERTAKARIAK

Espedientearen edukiari jarraiki, egiaztatuta geratu da Inmobiliaria Alai Txoko S.L. enpresaren zerbitzu-prestazioa okerra edo akastuna izan dela. Izan ere, enpresa horrek akatsekin eman zituen Hondarribiko Foru kaleko 8. zenbakian kokatutako etxebizitzak, eta akats horiek konpondu gabe daude oraindik.

Halaber, jasota geratu da higiezinen enpresa horrek ez diola erantzun Administrazioak egindako errekerimenduari.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariak du eskumena zigor-espedientea ebazteko, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuaren 7.f) artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Bigarrena.– Etxebizitza akastunen erosleek egindako erreklamazioei erantzun ez izana Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.3.a) artikuluan tipifikatutako arau-haustea da. Izan ere, artikulu horrek xedatzen duenez, kontsumo-arloko arau-haustea da honako hau, zerbitzu-prestazio akastunagatik edo okerragatik:

a) Mota guztietako zerbitzuetan aplikatzen den arautegiaren araberako kalitate, kantitate, intentsitate, izaera, epe edo prezioaren baldintzak ez betetzea, edo eskaini edo ematen diren baldintzak ez betetzea.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 52. artikuluak honako hau xedatzen du:

1.– Arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke kontsumoaren esparruko urratzeak, hurrengo irizpideak agertzen diren kontuan hartuta.

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen osasunerako kalte edo arrisku larria.

b) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interes ekonomikoentzako kalte larria.

c) Zabarkeria larria edo doloa.

d) Urratzearen orokortzea, berak ukitzen duen hartzaile kopuruari dagokionez.

e) Babes berezia duen taldean zuzeneko ondorioak izatea.

3.– Urratze larritzat hartuko dira artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen diren irizpideetatik baten bat duten tipifikatutako portaerak.

Aztergai dugun kasua 52.1 artikuluaren b) letran aurreikusitakoa da. Izan ere, erreklamatzaileek diru kopuru handia ordaindu behar izan dute etxebizitzak eskuratzeko, eta etxebizitza horiek ez dituzte betetzen eraiki berri den etxebizitza orotan higieneari, osasungarritasunari eta akaberari dagokienez eska daitezkeen baldintzak.

Adierazitako arau-hausteari 3.001 eurotik 15.000 eurora bitarteko isuna dagokio, eta kopuru hori gainditu egin daiteke, arau-haustearen xede diren produktuen edo zerbitzuen balioaren boskoitzera iritsi arte.

Hirugarrena.– Bestalde, agintaritza eskudunak eskatutako dokumentazioa ez aurkeztea Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.5 artikuluaren b) idatz-zatian tipifikatuta dago. Artikulu horren arabera, informazioaren, zaintzaren, ikerketaren, ikuskapenaren, izapideen eta gauzatzearen arloko arau-haustea da honako hau:

b) Ikuskatze-lanak errazteari dagokionez, aurka jartzea, uko egitea edo oztopoak ipintzea, eta berdin agintari eskudunek nahiz euron agenteek eskatzen dituzten datuak edo informazioa emateari dagokionez ere, agintari edo agente horiek informatu, zaindu, ikertu, ikuskatu, izapidetu eta gauzatzeko lanetan dihardutela; halaber, informazio okerra edo gezurrezko dokumentazioa ematea, eta, bereziki, lege honetako 48. artikuluan ezartzen diren eginbeharrak ez betetzea.

Adierazitako legearen 52. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, arintzat hartu beharko litzateke aipatutako arau-hauste administratiboa.

Adierazitako arau-hausteari ohartarazpen-zigor idatzia edo 3.000 euroko isuna dagokio, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 53.1.a) artikuluan agindutakoari jarraiki.

Laugarrena.– Alai Txoko S.L. higiezinen enpresa da adierazitako arau-haustearen erantzulea, egilea den neurrian, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen (1998ko martxoaren 11ko EHAA) 9. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

Adierazitako artikuluak eta zigorrak mailakatzeko irizpideak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendariak honako hau

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Alai Txoko S.L. higiezinen enpresari (IFK: B 20612552; jakinarazpenetarako helbidea: Iparralde hiribidea, 29–behea, 20302 Irun) honako hauek ezartzea:

15.000 euroko isuna, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.3.a) artikuluan tipifikatutako arau-haustea egin izanagatik.

2.000 euroko isuna, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 50.5.b) artikuluan tipifikatutako arau-haustea egin izanagatik.

Bigarrena.– Ebazpen hau interesdunari jakinaraztea, eta adieraztea haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar diezaiokeela Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordeari, jakinarazpenaren berri izan eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen arazoaren 26ko 30/1992 Legearen –urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatzen duena– 107. artikuluak eta hurrengoek agindutakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 27a.

Kontsumo eta Industria Segurtasuneko zuzendaria,

RUBÉN MENDIOLA ERKOREKA.


Azterketa dokumentala