153. zk., 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
4764
EBAZPENA, 2008ko uztailaren 11koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Berrizko (Bizkaia) Isuntza Bekoa baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena. Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena. Berrizko Isuntza Bekoa baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen proposamenari jarraituz, honako hau Lehenengoa.– Berrizko (Bizkaia) Isuntza Bekoa baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II eranskineko deskripzioarekin bat etorriz. Bigarrena.– Berrizko Isuntza Bekoa baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz). Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Berrizko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko. Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan. Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 11. Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.
Mugaketa a) Mugaketaren deskribapena. Bi eremu mugatzen dira: alde batetik, eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak: Mendebaldean lerro paralelo bat, baserriaren mendebaldeko fatxada nagusitik 40 metrora; Hegoaldean lerro paralelo bat, hegoaldeko fatxadatik (baserriaren fatxada nagusitik) 50 metrora; Ekialdean lerro paralelo bat, baserriaren ekialdeko fatxadatik 40 metrora; Eta, azkenik, iparraldean lerro paralelo bat, baserriaren iparraldeko fatxadatik 25 metrora. b) Mugaketaren arrazoiak. Aipatu mugaketa Isuntzabekoa baserriaren inguruko ingurumen-balioak eta ikusizko balioak babesteko proposatu da. Isuntzabekoa baserria Berrizeko iparraldean dago, Eitua auzoan. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, beharrezkoa da inguru hori mugatzea. Horrela, baserriak berezko duen izaerari eusteko, baserriaren inguruko lursailak nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Horregatik, mugaketa honek baserriaz gain eraikinaren ingurua ere hartzen du. Deskribapena Bi isurkiko teilatua duen baserria da. Ipar-hego noranzkoa duen goihabea du, ekialdera 10.º inguru okertuta. Familia bakarrekoa da. Berrizko San Kristobal errekaren arroan dago, 150 eta 155 koten arteko plataforma baten gainean, 532.823,00-4.780.302,00 koordenatuen artean. Baserriaren oinplanoa laukizuzena da: 20,00 metro zabal eta 18,00 metro sakon ditu. Fatxada nagusiaren alde bietan, gorputz erantsi bana du. Eskuineko gorputza estalkiaren eskuineko isurkiaren luzapenak estaltzen du, eta ezkerrekoak, berriz, bolumen eta estalki independenteak ditu. Ezkerreko gorputza etxebizitza da gaur egun. Guztira, baserriak 32 bat metroko fatxada du hegoaldean. Ezkerreko gorputz erantsiaren oinplanoa laukizuzena da: 10, 50 metro zabal eta 8,00 metro sakon ditu. Zortzi metro horietatik zazpi fatxada nagusitik aurrera ateratzen dira. Eranskin horren goihabea eraikin nagusiaren goihabearen paraleloa da. Aurreko eranskinez gain, beste gorputz txiki bat du erantsita ekialdeko fatxadaren eskuineko ertzean, fatxadaren jarraian. 2,00 x 2,00 metro neurtzen du, eta komuna dago bertan. Horma guztiak harrizko harlangaitzez eraikita daude, eta harlanduzko kateak dituzte eskantzuetan. Mendebaldeko fatxada baserrira sartzeko landa-bidearen aurrean dago, lursailaren maldan sartuta. Bi leiho txiki bakarrik ditu, lehen solairuan. Bi leihoetako bat estalki independentea duen gorputz erantsiaren mendebaldeko fatxadan dago. Hegoaldeko fatxada eraikinaren aurrealde nagusia da. Arkupe laukizuzen bat du, eta arkupeak harrizko lauza erregularrak ditu. Ateburua duen sarrera handi batetik sartzen da arkupe horretara. Sarrerak habe bat du, eta habearen bi muturrak harrizko pareta-hortzen gainean jarrita daude, alboko hormetan. Erdian, berriz, toskanar ordenako zutabe baten gainean jarrita dago. Fustea mortero finkatzailez estalita dago gaur egun. Zutabeari agerian geratzen zaizkio harroina eta fustearen gaina -bertan grabatuta dago 1723. urtea-, bai eta zaldi batez eta abako batez errematatutako kapitela ere. Toskanar ordenaren gainean jarrita daude. Ateburua duen sarreraren gainean, harrizko hormen artean kokatuta dagoen egitura nagusi baten bidez eginda dago hegoaldeko itxitura. Hormak baino 30 cm inguru atzerago dago egitura hori, eta zutikoz, idulkiz, burualdez, frontalez eta sendotzeko jabaloiz osatuta dago. Adreilu trinkoko eta igeltsu-morterozko fabrika-betegarriak sartuta daude egituran. Egitura horretako enbor guztiak adreiluz estalita daude, eta adreiluak alde biko iltzeen bidez josita daude enborretara. Egitura guztia berdinduta dago, adreiluzko fabrika-betegarrien bidez. Ateburua duen sarreraren eskuinean, beheko solairuan, bi leiho-bao daude hegoaldeko fatxadan, harlanduz inguratuak, bai eta ate bat ere, estalki nagusiaren azpian erantsita dagoen gorputzera sartzeko. Ezkerreko eranskinak ez du inolako baorik beheko solairuan, mendebaldeko fatxadan, baina ekialdeko fatxadan badu sarrerako ate bat, harlanduz inguratua. Ateburuaren gainean, lehen solairuan, hegoaldeko fatxadan, bi leiho-bao daude egituraren barruan, estalkitik jaisten den ardatzarekiko simetrikoki kokatuta. Alboko harrizko hormetan, beste bi leiho-bao daude, aurrekoak baino txikiagoak, eta harlanduz inguratuak. Ezkerreko eranskinaren hegoaldeko fatxadan, leiho-bao bat dago pare horretan, eta ekialdeko fatxadan, beste bi bao. Bi bao horietatik batek karel bat du. Teilatupean, adreiluzko itxituraren barruan, triangelu-forma duten aireztatzeko usategi-zulo txikiak daude, bi ilaratan jarrita. Ekialdeko fatxadan, ezkerraldeko eranskineko gorputzean, bi leiho-bao daude. Horrez gain, baserriaren horma nagusian, beste lau leiho ere badira, eta eskuineko eranskineko gorputzean, ate bat, zurezko marko lodi batean sartuta. Harrizko bi eskailera-maila daude, atetik sartzeko. Iparraldeko edo atzealdeko fatxadan, eraikinak bao hauek ditu: beheko solairuan, leiho-ertza irtenda duten bi leiho-bao eta bi gezileiho txiki; lehen solairuan, lastategira joateko sarbide zuzena, harlanduz inguratua, eta beste leiho txiki bat, harlanduz inguratua. Eraikinaren barruko egitura karga-hormaz eta pieza bakarreko habez osatuta dago, eta luzetarako lau hormartetan eta zeharkako beste lautan ordenatuta daude. Pieza bakarreko habeetako bat palankako dolare baten berniaz osatuta dago. Zutabeak eta habeak aho-zirikaren bidez lotuta daude, eta, batzuetan, aho-zirikako jabaloien bidez indartuta. Egitura horren gainean jarrita daude tarteko solairuetako zurezko forjatuak, bai eta kontragoihabeak, gapirioak eta estalkiko arabiar teilari eusten dion itxitura eta estalkia bera. Arkupetik ordenatzen da solairua, bi ateren bidez: ezkerreko ateak ukuilura eramaten du, eta eskuinekotik, etxera sar daiteke. Etxean, lauzadun ezkaratz bat dago oraingo sukaldera igarotzeko. Garai bateko sukaldean, erdiko sua egiten zen ezkaratz horretan. Sukaldera ez ezik, eskailera-atal batera ere joan daiteke ezkaratzetik, eta, eskailera horretatik, lehen solairura. Isuntzabekoa baserria XVI. mendearen erdialdekoa da. XVIII. mendean (1723. urtean), handitu egin zuten, aurrean hormarte bat jarrita. XIX. mendean, aldiz, gorputz bat erantsi zitzaion, estalki independentea zuen gorputz bat.EBATZI DUT:
I. ERANSKINA
fotolito
II. ERANSKINA