Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
4763

EBAZPENA, 2008ko uztailaren 11koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Antzuolako Lapatza baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Antzuolako (Gipuzkoa) Lapatza baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Antzuolako Lapatza baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofi-zialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 11.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Bi eremu mugatzen dira; alde batetik eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak:

– Ipar-mendebaldean edo atzeko aldean, baserriaren ipar-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, itxitura-horma nagusitik 35 metrora.

– Hego-mendebaldean, baserriaren hego-mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, itxitura-horma nagusitik 35 metrora.

– Hego-ekialdean, fatxada nagusian, baserriaren hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, eraikinetik 35 metrora. Beraz, baserrira sartzeko bidearen zati bat ere sartzen da.

Eta, azkenik, ipar-ekialdean ipar-ekialdeko albo fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, baserriaren ipar-ekialdeko fatxadatik 30 metrora. Aipatu lerroa GI-632 oinarrizko errepide-sareko eremu publikora arte heltzen da.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Aipatu mugaketa, Lapatza baserriaren inguruko ingurumen baloreak eta ikusizko baloreak babeste aldera proposatu da. Aipatu baserria, halaber, Antzuolako herrigunetik iparraldera dago. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, aipatu ingurua mugatu beharra dago. Horrela, baserriaren berezko izaerari eusteko, eraikinaren inguruko lursailak nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Hori dela-eta, eraikina ez ezik, haren ingurua ere sartzen da mugaketa honetan.

fotolito

II. ERANSKINA

Deskribapena

Bi isurkiko teilatuko eraikina da. Goihabeak ipar-hego noranzkoa du, eta ekialderantz okertuta dago 30.º. Hasiera batean familia bakarrekoa bazen ere, egun bi familia bizi dira bertan. Malda baten erdian dago, 250 eta 230 koten artean, 550.160,00-4.772.281,00 koordenatuetan. Oinplano laukizuzena du, 25 m zabal eta 17 m sakon dituena. Beheko solairua, lehenengo solairua eta ganbara dauzka. Itxitura-hormek harlandutako izkinak dituzte, estalitako harlanduzkoak dira eta zuriz margoturik daude.

Ipar-ekialdeko, edo atzeko aldeko fatxadaren beheko solairuan zazpi leiho eta ate bat daude; lehenengo solairuan, aldiz, leihoentzako lau bao daude; eta ganbaran, erdialdetik apur bat ezkerretara, beste bao bat dago goihabearen azpian. Fatxadaren eskuinaldean, eraikin nagusiari atxikitako eraikin txikia dago.

Hego-mendebaldera begira dagoen fatxadari, hots, eraikinaren ezkerraldeko etxaurreari dagokionean, leiho bakar bat du beheko solairuan; lehenengo solairuan, aldiz, bi isurkiko mantsarda txiki batek babestutako balkoia. Etxaurre horretatik mendebalderen dagoen aldean garaje bat dago, baserriari atxiki, beheko solairua eta bi isurkiko estalkia duena.

Hego-ekialdeko fatxadan, hots, eraikineko etxaurre nagusian, ataripea dago. Bertara sartzeko, puntu erdiko hiru arku apaldu eta berdinen azpitik igaro beharko dugu. Arkuek dobela forma dute, eta landutako hareharrizkoak dira. Arkuak sekzio karratuko habeen gainean bermaturik daude. Habeek inpostak dituzte goiko aldean eta landutako hareharriz eginda daude. Habe bat etxaurre nagusiaren erdian dago, eta bestea fatxadaren eskuinaldera. Arkuen alde bietara, etxaurreak zurezko leihoburudun leiho bana du. Bestetik, lursailaren beheranzko kokapen naturala dela-eta, fatxadaren ekialdeko eremua kota baxuago batean dago. Bertan, hain zuzen, upeltegirako sarrera aurkitzen da.

Hego-ekialdeko etxaurre horrek sei bao ditu lehenengo solairuan, guztiak zurezko buruekin. Aipatu baoetako hiru ertzetako leihoak dira eta beste hiru balkoi-ateak. Azken ate horiek arkuen gainean daude: alboetako arkuen gainean daudenek burdina forjatuzko karelak dituzte; erdiko arkuaren gainean dagoenak, aldiz, burdinazko balkoia du landutako harrizko hegada txiki baten gainean. Fatxadan, ganbaran eta goihabearekiko simetrikoki jarrita, beste bi bao daude erdiko bi arkuen ardatzaren gainean.

Ipar-ekialdera begira dagoen etxaurrean, eraikineko elementuak simetrikoki antolaturik daude. Beheko solairuan, upeltegia aireztatzeko hiru gezileiho daude; lehenengo solairuan, aldiz, hiru bao ditugu, modu erregularrean sakabanatuta eta harlanduzkoak. Hiru bao horietako bat balkoia da eta burdin forjatuzko karela du. Fatxadak aireztatzeko bost leihatila ditu teilatupean. Erdiko hiru leihoak lehenengo solairuko baoen ardatzekiko zentratuta daude.

Eraikinaren barneko egiturak zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste bost ditu. Horiek guztiak pieza bakarreko habe zein karga-horma lodien gainean bermaturik daude. Ipar-ekialdeko lehenengo horma-artea baztertzen duen horma, gainera, suhesia da. Ipar-ekialderako sarbidea, beraz, eraikinaren beheko solairuan dago, eta harlanduzko markoa du. Habeek, solibek eta beso indargarriek zureriaren barne-egitura osatzen dute. Egitura horrek, bere aldetik, teilatuko zurajeari eusten dio. Teilatua, horrenbestez, kontragoihabez, gapirioz eta oholez osaturik dago. Egituran, oraindik orain, dolare gotikoaren zenbait zantzu ikus daitezke.

Sarrerako ate nagusitik baserria osatzen duten bi etxebizitzetara sar gaitezke.

Lapatza XVI. mendeko eraikina da. Baserriaren zurezko egitura, esaterako, garai hartako da. XVIII. mendean baserria berritu egin zuten. Horretarako, hiru arkudun ataripea barne hartzen duen aurreko horma-artea gehitu zitzaion jatorrizko bolumenari. Gorde eta transmititu beharreko balio morfologikoak, tipologikoak eta eraikitzaileak ditu eraikinak.


Azterketa dokumentala