153. zk., 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
4762
EBAZPENA, 2008ko uztailaren 11koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Antzuolako (Gipuzkoa) Bidaurre baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena. Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena. Antzuolako Bidaurre baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau Lehenengoa.– Antzuolako (Gipuzkoa) Bidaurre baserria monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz. Bigarrena.– Antzuolako Bidaurre baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz). Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Antzuolako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko. Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan. Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 11. Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea, GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.
Mugaketa a) Mugaketaren deskribapena. Bi eremu mugatzen dira; alde batetik eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak: – Ipar-ekialdean, baserrira sartzeko burdinbidearen parean, eraikinaren ipar-mendebaldeko fatxadarekiko lerro ia paraleloa. Lerro horrek, halaber, aipatu berri dugun bidea barne hartzen du. – Hego-mendebaldean, hego-mendebaldeko albo fatxadarekiko lerro paraleloa, eraikinetik 40 metrora. – Hego-ekialdean lerro bat, kubo formako bolumen nagusiaren fatxadatik 35 metrora, baserriko sarbide nagusiak dauden aldean, hain zuzen. – Azkenik, ipar-ekialdean, ipar-ekialdeko albo-fatxadarekiko, hots, eraikinaren atzeko aldearekiko lerro paraleloa, baserritik 20 metrora. b) Mugaketaren arrazoiak. Aipatu mugaketa, Bidaurre baserriaren inguruko ingurumen balioak eta ikusizko balioak babeste aldera proposatu da. Aipatu baserria, halaber, Antzuolako herrigunetik mendebaldera dago. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, aipatu ingurua mugatu beharra dago. Horrela, baserriaren berezko izaera mantentzeko, eraikinaren inguruko lursailak nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Hori dela-eta, eraikina ez ezik, haren ingurua ere sartzen da mugaketa honetan. fotolito Deskribapena Lau isuriko teilatua, oinplano ia karratua, familia bakarrekoa. Antzuolan dago, Deskarga errekaren arroaren gaineko muino batean, 255 eta 265 koten artean, 549.461,00-4.772.688,00 koordenatuetan. Beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupea du. Oinplanoak 22,00 x 21,00 metro ditu. Erantsitako bi gorputz dauzka: bata, hego-ekialdeko aurrealdean eta bestea ipar-mendebaldeko fatxadaren iparraldean. Bietan lehena etxebizitza da, eta eraikin nagusiaren isurkiaren luzapenaz dago estalirik. Bigarrenak, aldiz, isuri bakarreko teilatua du eta garaje-biltegi gisa erabili ohi da. Baserriaren itxitura-horma guztiak harlangaitz agerikoz eginak dira. Izkinetan, aldiz, hareharrizko harlandu kateak ditu. Sarbidetik ikus daitekeen ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, harlanduz inguratutako hiru bao daude. Oinetxeko ezkutua jarriz, aipatu baoetan erdikoa estali egin zen. Aipatu fatxadan, teilatupean, aireztatzeko hiru leiho-zulo daude. Leiho-zulook harlanduzko markoak dituzte, eta lehenengo solairuko hutsarteek osatutako ardatz bertikaletan daude. Beheko solairuan, iparraldeko erdialdean, garaje-biltegia dago atxiki. Aipatu gorputzak solairu bakarra du eta teilatu bakar batez estalita dago. Fatxadaren eskuinaldean, lehenengo solairuko hutsarteek zedarriztatutako ardatzen gainean, jatorrizko bi zulo daude, egun itsuturik. Hego-mendebaldeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren albo batean, jatorrizko hiru leiho-zulo daude. Harlanduz inguratutako hiru zulo horietako bat itsututa dago. Fatxada horretan, halaber, leihoetarako bi bao daude, leihoburudunak eta estalitako leihoaren bi aldeetara. Teilatupean, beheko solairuaren jatorrizko hiru zuloek zehaztutako ardatzen gainean, mintzagai dugun fatxadak harlanduz inguratutako beste hiru zulo ditu. Aipatu zuloen egitekoa teilatupea aireztatzea da. Beheko solairuan, arestian aipatutako ardatzen gainean, ate nagusia dago. Ateak harlanduzko markoa du eta harrizko sarbide goratua dauka. Bertara igotzeko, halaber, sei koskadun harrizko eskailera dago. Ateaz gain, solairu horretan leiho bat ere badago. Biak ala biak eraikina egin zirenekoak dira. Aurrerago, leihoentzako bi bao egin ziren mintzagai dugun fatxadaren bi ertzetan. Hego-mendebaldeko fatxadan, ikus daitekeen moduan, berriki eraikitako bolumena dago luzetara. Aipatu bolumen berria bolumen nagusiari atxiki dago. Beheko solairuan, lehenengo solairuan eta teilatupeko horma pikoan leiho bana du. Hego-ekialdeko fatxadan baserrirako sarbide nagusia dago. Fatxada osoa luzetarako eranskina da, berriki eraiki izan dena. Txertatutako bolumen horrek eraikinaren jatorrizko beste bloke baten lekua hartu du. Bertan dago, hain zuzen, baserriaren egungo etxebizitza. Gorputz horren beheko solairuan, bost bao daude simetrikoki jarrita. Bao horietako bi etxean sartzeko ate handiak dira; gainontzekoak, aldiz, modu erregularrean sakabanatutako leihoak. Eraikin atxikiak leihoetarako bost bao ditu lehenengo solairuan. Horma, aldiz, zarpiatuta eta margotuta dago. Baoak tarte erregularretan jarrita daude eta harrizko plakez estalitako markoak dituzte. Ipar-ekialdeko fatxadaren lehenengo solairuan, eraikinaren atzeko aldean, harlanduzko markoa duten bi leiho-bao daude. Solairu horretara sartzeko, halaber, ate handia dago. Atera heltzeko, zubi bat dago lurretik fatxadara. Teilatupean, azkenik, aireztatzeko hiru bao daude tarte erregularretan sakabanaturik. Bao horiek lehenengo solairuko baoek osatutako ardatzen gainean daude. Beheko solairuan, aireztatzeko kuku-leihoren bat du fatxadak. Horiez gain, badira hiru bao irregular eta burudun ere, beheko solairurako sarbidea artean. Eraikiaren barruko egiturari dagokionean, zeharkako hiru horma-arte eta luzetarako beste hiru daude. Zutabeak pieza bakarrekoak dira, 55x50 zentimetroko sekziotakoak. Aipatu habeak harrizko plintoen gainean bermaturik daude, eta 30x30 zentimetrora arteko sekzioko nahiz 13 metro luzeko habeei loturik daude. Aipatu elementuak lotzeko, aho-zirikako eta miru-buztana mihiztadurak baliatu dira, baita beso indargarria ere. Egitura horren gainean, lau isurkiko teilatua datza. Estalkian, halaber, ondoko elementuak aurki ditzakegu: petralak, nabak, korbak, gapirioak, taulak eta, azken horien gainean, teila arabiarrezko estaldura. Kanpo-perimetroko hormez gain, karga-horma bat du barruko aldean, mendebaldean, hain zuzen. Azken horrek estalkira arteko harlangaitzezko horma-atalak ditu. Eraikiaren goihabea puntzoi bikoitzeko zertxan amaitzen da. Zertxa, batetik, barneko karga-horman bermatzen da eta, bestetik, alderik aldeko beso bikoitza duen uztatutako zurezko bi haberen gainean. Hego-ekialdeko fatxadaren kontra eraikitako eraikin atxikiari dagokionean, hasiera batean eraikin nagusiari atxiki zitzaion ataripe-eranskinaren lekua hartu du. Eraikin horretan, baserriaren egungo bizilekua dago. Bertara sartzeko, bidenabar, ataripe txikia duen atea dago. Bidaurre XVI. mendeko eraikin ederra da. Baserria, nolanahi ere, XIV. mendeko oinetxe zaharrago baten gainean dago eraikita. Bolumen nagusia egin ondoren, ataripe bat duen eraikin atxikia gehitu zitzaion. Gaur egun, nolanahi ere, aipatu eraikina ordezkatua izan da. Hala eta guztiz ere, bolumen nagusiak zurezko egitura aparta du oraindik orain. Aipatu egitura balio handikoa da, izan ere, sekzio bikainak baititu eta kalitate handiz eraiki baitzen.EBATZI DUT:
I. ERANSKINA
II. ERANSKINA