Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2008ko abuztuaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
4761

EBAZPENA, 2008ko uztailaren 11koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Adunako (Gipuzkoa) Aizpea baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Adunako Aizpea baserriak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Adunako (Gipuzkoa) Aizpea baserria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Adunako Aizpea baserria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendeaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Adunako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 11.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Bi eremu mugatzen dira; alde batetik eraikina bera, eta, bestetik, eraikin-ingurua. Horrenbestez, hauek dira mugaketa-eremuaren mugak:

– Ipar-mendebaldean, Adunako zubitik GI-3610 errepidera daraman bidea, Oria ibaiaren ezkerraldeko ibarretik doana eta baserrira daramana.

– Hego-mendebaldean, baserriaren alde batetako fatxadarekiko lerro paraleloa, baserritik 40 metrora dagoena. Ondokoak barne hartzen ditu: borda, baratzearen zati bat eta hego-mendebaldeko izkinatik 20 metrotara dagoen karegilea.

– Hego-ekialdean, hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, baserriaren hego-ekialdeko aterpearen kanpoko itxituratik 40 metrora dagoena.

Azkenik, ipar-ekialdean, ipar-ekialdeko fatxadarekiko paraleloa den lerro bat, baserritik 40 metrora dagoena.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Aipatu mugaketa Aizpea baserriaren inguruko ingurumen baloreak eta ikusizko baloreak babeste aldera proposatu da. Aipatu baserria Adunako herrigunetik hegoaldera dago, Oria ibaiaren ezker ibarrean. Katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta balioesteko, aipatu ingurua mugatu beharra dago. Horrela, baserriaren berezko izaerari eusteko, baserriaren inguruko lursaila nahiz baserrirako sarbidea babestu behar dira. Hori dela-eta, eraikina ez ezik, haren ingurua ere sartzen da mugaketa honetan.

fotolito

II. ERANSKINA

Deskribapena

Bi bolumen nagusik eta erantsitako aterpe batek osatutako baserria da. Oria ibaiaren ezkerraldeko ibarrean dago, 577.620,00-4.783.520,00 koordenatuetan. Bi bolumenetan zaharrenak karratu antzeko oinplanoa du: 16,50 metro sakon, goihabearen noranzkoan; eta, 17,70 metro luze, horma pikoaren aldean neurtuta. Goihabeak ipar-hegoalde noranzkoa du, eta mendebalderantz 45.º okertuta dago.

Aurreko bolumenaren ipar-mendebaldeko izkinan beste bolumen bat ezarri zen: etxebizitza. Azken horrek oinplano laukizuzena du. Fatxada horrek 7,80 metro ditu luzetara, bolumen zaharraren hego-mendebaldeko horma piko nagusiarekin arrasean. Metro horietako lau jatorrizko fatxadakoak dira; eta, beste lau, jatorrizko fatxadaren luzapena dira. Horrez gain, 6,50 metroko zeharkako fatxada dauka ere. Erantsitako bolumenak bi isurkiko estalkia du, baita antzinako bolumenaren gailurrarekiko perpendikularra den goihabea ere. Bolumen nagusiak nahiz atxikitako bolumenak ondokoak dituzte: beheko solairua, lehenengo solairua eta teilatupeko solairua.

Hego-ekialdean aterpe bat dago atxiki. Baserriko bolumen nagusiaren isurkiaren luzapenaz estalita dago. Baserriaren horma guztiak harlangaitzezkoak dira. Izkinetan, aldiz, harlanduzko kateak dituzte.

Baserriaren ipar-ekialdeko fatxadan, sarbidearen parean, erantsitako bolumenaren aldea ikus daiteke. Bolumen horren gainean hiru leiho txiki egin dira, inolako irizpide antolatzaileri jarraitu gabe. Atzerago, eraikin zaharraren teilatuperako sarbideen azpian, bi ate handi daude. Aipatu ateek bi isuriko mantsarda bana dute gainean. Hego-mendebaldeko fatxadan, eraikinaren horma piko nagusia dago. Aipatu horman erantsitako bolumenak eta bolumen zaharrak bat egiten dute. Antzina, arku zorrotzeko ate nagusia zegoen bertan. Egun burdinazko ate handi bat dago haren lekuan. Gainera, aurrealde horretan, txertatutako bolumenaren beheko solairuan, bolumen horretara sartzeko beste ate bat dago, adreiluzko luzekako ateburua duena. Horrez gain, landutako kareharriz inguraturik dagoen leiho bat ere badago. Erantsitako bolumenaren lehenengo solairuan, lau leiho daude lerrokaturik. Aipatu leihoak, nolanahi ere, tamaina eta itxura ezberdinekoak dira: ezkerraldeko biek adreiluzko luzekako leihoburuak dituzte; hirugarren leihoa landutako kareharriz inguraturik dago; eta laugarrenak, lauetan txikienak, leihoburua du.

Arestian aipatutako burdinazko ateaz gain, hiru leiho daude baserriaren bolumen zaharraren hego-mendebaldeko fatxadaren beheko solairuan: hirurak tamaina ezberdinekoak dira; bi landutako kareharrizko markoa dute, eta batek egurrezko leihoburua du. Jatorrizko bolumenak hiru leiho ditu lehenengo solairuan: hiru leihoetako bi lantutako kareharriz inguraturik daude; besteak, zurezko leihoburua du. Teilatupean, horma pikoan, karratu forma duten aireztatzeko bi bao txiki daude.

Baserriaren hego-ekialdeko fatxadan erantsitako aterpe bat dago. Aterpeak korridore handia du eta teilatuaren hego-ekialdeko luzapenaren azpian dago. Arkupea zurezkoa da eta habeak metro bateko harrizko karelaren gainean daude. Aipatutako arkupetik baserriaren hego-ekialdeko itxituraren hormara zeharkako hainbat habe daude. Habe horiek arkupearekiko paraleloa den frontalari eusten diote, eta frontal horrek, bere aldetik, arkupeko teilatuaren erdiguneari.

Arkupearen barruan, lur harrotuzko zolataren ondoan, baserriko bolumenaren itxitura-etxaurrea aurki dezakegu. Aipatu fatxada harlanduzkoa da eta zarpiaturik dago. Fatxada horretan, harrizko zokaloan bermaturik, pieza bakarreko habeak daude. Fatxadak espazioan erregularki banatutako bi ate ditu. Aipatu ateen eskailerek zazpina koska dauzkate: ezkerraldeko atearen eskailera harrizko bi petril artean dago; eskuinaldeko atearenak, aldiz, petril bakarra du. Fatxadan, aterpearen azpian, leihoetarako hainbat bao irregular daude.

Ipar-ekialdeko fatxadan, eraikinak hiru leiho lerro ditu modu erregularrean sakabanaturik: beheko solairuko leihoek zurezko leihoburuak dituzte; lehenengo solairuko lau leihoak landutako kareharriz inguraturik daude; teilatupekoan, azkenik, aireztatzeko bi leihatilatxo karratu daude. Fatxadaren goiko aldean, halaber, aireztatzeko beste bao txiki bat dago, triangelu itxurakoa. Aurkako fatxadan bezala, baserriak izan zuen dolare gotikoaren goihabe bikoitza ageri da.

Aipatu bi gorputzek -bolumen zaharrak nahiz erantsitako bolumenak- zurezko egitura dute. Eraikin zaharrak karga-horma eta pieza bakarreko hainbat habe ditu. Aipatu habeak antolatzeko, luzekako lau horma-arte eta zeharkako beste hiru baliatu dira. Eraikinaren egitura zutabeen gainean muntatutako habez osaturik dago. Gainera, habeak eta zutabeak lotzen diren puntuetan beso bikoitz indargarriak daude. Habeetako bat, hain zuzen, palanka-habedun dolare gotiko baten bi berniaz osaturik dago. Bernia horien gainean, baserriaren kanpotik ikus daitekeen goi-habe bikoitza bermaturik dago.

Solairuaren antolakuntza funtzionalari dagokionean, horma atxikiaren tartean, bi etxebizitzetara sartzeko ate bana dago. Etxebizitzetako sukaldeetan -hego-ekialdeko nahiz hego-mendebaldeko txokoetan, hurrenez hurren- beheko sua dago. Bestalde, hego-mendebaldeko fatxadan ate bat dago, zeinaren bidez hirugarren etxebizitzara sar gaitezkeen.

Aizpea baserria XVI. mendekoa da. Adunako oinetxerik zaharrenetako eta aberatsenetako bat. XVIII. mendean, txoko berriak nahiz erantsitako aterpea gehitu zizkioten. Ondoren, XX. mendearen hasieran, etxebizitza-atxikia gehitu zioten.


Azterketa dokumentala