Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2008ko abuztuaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
4729

AGINDUA, 2008ko uztailaren 8koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren Datu Pertsonalen Fitxategia sortu da, kudeatutako diru-laguntzen eskaerei dagokienez.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, administrazio publikoen fitxategiak Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion aldizkari ofizialean hartarako xedapen orokorra argitaratuta baino ezin izan dira sortu, aldatu edo ezabatu.

Ildo berean, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 4.1 artikuluak adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren fitxategiak sortu, aldatu eta ezabatzeko ezinbestekoa da fitxategiari datxekion sailaren titularrak hartarako agindua ematea, baita agindu horretan indarrean dagoen legedian eskatzen diren aipamen guztiak biltzea ere; ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu hori.

222/2001 Dekretuak -urriaren 16ko dekretua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena- Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzari ezartzen dizkion eginkizunak garatzearen ondorioz, urtero hainbat diru-laguntza kudeatu behar izaten da; horretarako, berriz, laguntzetarako deialdietan parte hartzeko eskatzen diren datu pertsonalak biltzen dituen hainbat espediente-fitxategi automatizatu sortu behar izaten da.

Hortaz, adierazitako araudian ezarritakoa betez, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak biltzen dituen nahitaezko izapideak egin ondoren, eman dizkidaten eskumenak baliatuz, eta herritarrei beren bidezko eskumenak baliatzeko aukera bermatzearren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Fitxategia sortzea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren datu pertsonalen fitxategia sortu da. Fitxategi hori agindu honen eranskinean bildutakoa da.

2. artikulua.– Administrazio publikoek elkarri datuak jakinaraztea.

Agindu honetan araututako fitxategian bildutako datu pertsonalak ez zaizkie beste administrazio publikoei jakinaraziko bestelako eskumenak edo beste gai batzuei buruzko eskumenak baliatzeko, salbu eta datu horiek helburu historiko, estatistiko edo zientifikoetarako lantzeko jakinarazten badira. Ildo horretan, datu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko estatistika-erakundeari laga ahal izango zaizkio, baita beste administrazio publikoetako estatistika-arloko organo eta zerbitzuei ere.

3. artikulua.– Fitxategiak kudeatzeko segurtasun-neurriak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak behar diren neurriak hartuko ditu agindu honen eranskinean bildutako datu pertsonalen fitxategia sortu den helburuetarako erabiliko direla eta datu pertsonalen segurtasuna ziurtatzearren, baita datu horiek aldatu, galdu, landu edo baimenik gabe eskuratzea saihestearren ere. Halaber, indarrean dagoen legedian aintzat hartutako berme, obligazio eta eskubideak gauzatzeko neurriak hartuko ditu zuzendaritza horrek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzak agindu honen bidez sortu diren datu pertsonalen fitxategiak jakinaraziko dizkio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 8a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERANSKINA

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE
ETA IKERKETA SAILAREN ETENGABEKO IKASKUNTZAKO ZUZENDARITZAREN
DATU PERTSONALEN FITXATEGIA, KUDEATUTAKO DIRU-LAGUNTZEN ESKAEREI DAGOKIENEZ

Fitxategiaren izena.– Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren datu pertsonalen fitxategia, kudeatutako diru-laguntzen eskaerei dagokienez.

a) Helburua eta aurreikusitako erabilerak:

Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren eskumenekoak diren diru-laguntzen eskaerak izapidetzea, esku hartzen dutenak eta/edo interesdunak identifikatuta.

b) Pertsona edo kolektibo jakin batzuk, haien datu pertsonalak jakin nahi direnean edo datu horiek ematera behartuta daudenean, hala nola:

Laguntza-eskatzaileak, administrazio-prozesuetan interesa duten pertsonak, eta Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzaren eskumenekoa den edozein izapide eskatzen duten pertsona edo administrazio-organoak.

c) Datu pertsonalak biltzeko prozedura:

Pertsona edo administrazio-organo eskatzaileek Etengabeko Prestakuntzako Zuzendaritzara helarazten dituzten eskaeren bitartez.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta bertan bildutako datu pertsonalen moten deskribapena:

– Espedientea identifikatzeko datuak (datu pertsonalak: pertsona edo organo eskatzailea).

– Administrazio-izapideetarako datuak.

e) Datu pertsonalak lagatzea:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, edo, hala badagokio, beste aldizkari ofizialetan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste Zuzendaritza edo Sailei, edo, hala badagokio, beste administrazio publikoei, lagatzea.

f) Fitxategiaren ardura duen administrazio-organoa:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza.

g) Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta haien aurka egiteko eskubideak baliatzeko zer zerbitzu edo unitatetara jo behar den:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

h) Segurtasun-neurriak:

Maila ertaina.


Azterketa dokumentala