Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2008ko ekainaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
3961

115/2008 DEKRETUA, ekainaren 17koa, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak nahitaez desjabetzeko, Ortuellako Peñota 2. Bizitegirako Lurzorua urbanizatzeko jarduerarako egitasmoak eragindako ondasunak eta eskubideak lehenbailehen hartu behar direla adierazteko dena.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak 2008ko otsailaren 12an emandako Agindu bidez erabaki zen “Ortuellako Peñota 2. Bizitegirako Lurzorua urbanizatzeko jarduerarako egitasmoa” onartzeko legezko izapideekin hastea eta egitasmoa nahiz egitasmoa gauzatzeko nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea. Halaber, eragindako ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar zirela adieraztea ere erabaki zen agindu berean, eta Eusko Jaurlaritzari lan horiek presakoak zirela adierazteko eskatzea, aipatutako ondasun eta eskubideak Nahitaezko desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren arabera desjabetzeko.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, hainbat arrazoibide-idatzi aurkeztu dira.

Zerbitzu Teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Etxebidek emandako datuen arabera, alor horretan etxebizitza eskatzen duten herritarrak gehiago dira eraikiko diren etxebizitzak baino.

Egitasmoa burutu nahi den eremua arautzen duten Arau Subsidiarioak desjabetzeko sistemaren bidez garatu behar dira. Plangintzaren aurreikuspenak betetzeko desjabetzeko espedienteari ekin behar zaio lehenbailehen.

Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta lurzoru urbanoan egin beharreko egintza isolatuak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkeztea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko ekainaren 17an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, Ortuellako Peñota 2. Bizitegirako Lurzorua urbanizatzeko jarduerarako egitasmoa burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adieraztea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko ekainaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala