Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3602
AGINDUA, 2008ko maiatzaren 21ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko, Udal eta Mankomunitate bakoitzari, 2008ko bigarren seihilekoan eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako esleitutako kredituen inguruan, dagokion aurrekontu-muga finkatzen duena.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2008ko otsailaren 13ko Aginduak (otsailaren 22ko HAEEn argitaratu zen) Gizarte Larrialdietarako Laguntzetako berariazko gastu bakoitzeko 2008an gehienez eman daitezkeen diru-kopuruak ezartzen ditu, 2008ko lehen seihilekoan laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak jartzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko, Udal eta Mankomunitate bakoitzari dagokion aurrekontu-muga finkatzen du.
2008ko otsailaren 13ko Aginduan adierazten zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzak emateko programa gauzatzeko, 2008ko lehen seihilekoan, 16.500.000 euro emango zitzaizkiela Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriei, hau da, abenduaren 28ko 15/2007 Legean esleitzen ziren 33.000.000 euroko kreditu osoaren erdia. Arestian aipatutako Legearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.
Agindu horretan ezartzen denez, zenbateko partzial horren arrazoia eta aurrekontuen gehienekoaren finkatzea 2008ko lehen seihilekora bakarrik mugatu ziren gizarte-prestazioei buruzko araudia goitik behera aldatuko delako. Premia hori 2007-2009 aldiko Gizarteratzeko Erakunde arteko II. Planean bildu da. Adierazitako Planak prestazioen arloan indarrean dagoen arau-esparrua egokitzeko helburu estrategikoa ezartzen du, gizarteratze-prozesuak antolatzeko eta errazteko.
Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko, Udal eta Mankomunitate bakoitzari 2008ko bigarren seihilekorako dagokion aurrekontu-muga zehaztea da.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan aintzat hartzen den berariazko gastu bakoitzeko emango diren urteko gehieneko zenbatekoei eutsi zaie orokorrean, baita laguntza horiek estaltzeko esleitutako kredituak banatzeko irizpideei ere; 2008ko otsailaren 13ko Aginduan finkatu ziren irizpideok.
Azkenik, apirilaren 20ko 199/1999 Dekretuko Bigarren Azken Xedapenak ahalmena ematen dio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari aipatutako dekretua garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Horren ondorioz,
XEDATU DUT:
1. artikulua. – Helburua.
Agindu honen helburua da, 2008ko bigarren seihilekoan Gizarte Larrialdietarako Laguntzak estaltzeko esleitutako kredituen inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Historiko, Udal eta Mankomunitate bakoitzari dagokion aurrekontu-muga zehaztea da.
2. artikulua. – Aurrekontu-mugak.
1.– Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programarako fondoak aplikatuz laguntza horietan sartzen diren berariazko gastuetako kontzeptu guztiei erantzun ahal izateko, laguntza horietarako dauden baliabide guztiei aplika dakizkiekeen bi ehuneko xedatzen dira agindu honen bitartez; horietako bat, eskatzaileen ohiko etxebizitzaren alokairuak, aprobetxamenduak eta mantentzeak sortutako gastuei aurre egiteko da, eta bestea, oinarrizko beharrizanei dagozkien gastuetarako. Ehuneko horiexek aplikatuko dira Udal eta Mankomunitate bakoitzari dagokion sei hilabetekorako gehienezko zenbatekoa finkatzeko.
2.– Hala, aurreko artikuluan aipatutako irizpideak aplikatzetik lortzen den zenbatekoari dagokionez, honako gehieneko bi ehuneko hauek ezartzen dira Udal eta Mankomunitate bakoitzerako:
a) Zenbateko horren % 80 ohiko etxebizitzarekin zerikusia duten gastuen kontzeptuetarako —2008ko otsailaren 13ko Aginduaren 2. artikuluko a), b), c), d) eta e) letretan zehazten dira gastu horiek— eta horretan eragina izan lezakeen artikulu bereko g) letran aipatutako kontzeptuaren zatirako.
b) Gainerako % 20a, 2008ko otsailaren 13ko Aginduaren 2. artikuluko f) letran aipatutako gastuaren kontzepturako eta g) letran aipatutako gastuaren kontzeptutik dagokion eta eragina izan lezakeen zatirako.
Edonola ere, adierazitako ehunekoak aplikatutakoan eta beharrak —laguntzak behar horietarako ezarri dira— estalitakoan, aipatutako bi gastu multzoetako batean soberakinik gelditzen bada, hasiera batean beste multzoari esleitutako baliabideak handitzeko erabiliko da.
3.– 2008ko otsailaren 13ko Aginduaren 2. artikuluan eta aurreko paragrafoetan zehaztutakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal eta Mankomunitate bakoitzari dagozkion Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programa gauzatzeko 2008ko ekitaldiko bigarren seihilekorako aurrekontu-mugak finkatzen dira, agindu honetako eranskinean zehazten diren moduan.
3. artikulua. – Laguntzak banatzeko irizpideak berrikustea eta aurrekontu-mugak finkatzea.
1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak laguntzak banatzeko indarrean dauden irizpideak udal bakoitzak egindako eskaeraren arabera aplikatzen direla konprobatuko du. Akatsak daudela atzematen badu, esleitutako kredituak beste modu batean banatu ahal izango ditu, eta horretarako, dagokion urterako beste aurrekontu-muga batzuk ezarriko ditu Udal eta Mankomunitate bakoitzarentzat, betiere ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekonturako ezarritako muga gainditu gabe.
2.– Laguntzak banatzeko irizpideak aldatzea beharrezkotzat joz gero, sail horrek, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordearen azterlanean oinarrituta, laguntzak banatzeko beste irizpide batzuk ezarri ahal izango ditu, eta, hartara, Udal eta Mankomunitate bakoitzak gehienez ordain ditzakeen zenbatekoak aldatuko ditu, ekitaldi bakoitzean laguntza horien aurrekontuan ezarritako kreditua gainditu gabe.
AZKEN XEDAPENA
Indarrean jartzea.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita izango ditu ondorioak.