98. zk., 2008ko maiatzaren 26a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3193
85/2008 DEKRETUA, maiatzaren 13koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena emateko dena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren parte-hartzea Bilbao Exhibition Centre SA sozietatea burutzera doan kapital-gehikuntzan, 2002ko ekainaren 6an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Ansion (Barakaldo) erakustazoka berria garatzeko eta EITBren egoitza Bilbon kokatzeko izenpetutako lankidetza-hitzarmenean kokatzen da. Ondoren, lankidetza-hitzarmen hori 2002ko urriaren 30ean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Bilbao Exhibition Centre SA sozietateak izenpetutako beste hitzarmen batek garatu zuen.
Aipatu hitzarmen horien ondorioz, Ansioko (Barakaldo) Erakustazoka eraikitzeko finantzaketa burutzeko, Bilbao Exhibition Centre SA sozietateak erabakitako kapital-gehikuntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak akzio-harpidetzaren bidez 12.020.242 euroko urteko ekarpena egiteko konpromisoa hartzen du.
Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak —Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenak— honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak halabeharrez adieraziko ditu, non eta ez den doako titulu modura eskuratzen, sozietatearen helburua eta EAEk sozietatean, izan zuzenean zein zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen.
Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen helburu soziala da "azoka-jarduerara zuzenean edo zeharka bideratutako ondasun higiezinak sustatu, eraiki, zaindu eta ustiatzea, betiere hauetariko eraren baten: alokairua, salmenta edo, berak edo hirugarrenek legez onartutako ezein formularen bidezko lagapena".
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko maiatzaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Bilbao Exhibition Centre SA sozietateko Akziodunen Biltzar Nagusiak erabakitzen duen kapital-gehikuntzaren hamabi milioi hogei mila berrehun eta berrogeita bi (12.020.242) euroko harpidetza egiteko. Halaber, baimena ematen zaio aipatu ordainketa biltzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, bai eta sozietatearen estatutuak aldatzeko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean izango duen partaidetza zuzena % 43,48koa izango da.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau onartzen den egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko maiatzaren 13an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.