97. zk., 2008ko maiatzaren 23a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Iragarpenak
Bizkaiko Foru Aldundia
3185
IRAGARKIA, Durangoko Eremu Funtzionalerako lurralde-plan partzialari hasierako onarpena emateari buruzkoa.
Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduko Jarraibideek diote Durangoko Eremu Funtzionalerako Lurralde Plan Partziala onartu behar dela eskualde horren lurralde-antolamendua egiteko tresna gisa. Eremu funtzional horrek ondorengo udalerriak ditu barnean: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar.
Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako 4/1990 Legearen 13.1 artikuluarekin bat etorriz, Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala egitea Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari dagokie, hein berean. Hori dela-eta, beharrezkoa da bi administrazioak koordinatzea kasuan kasuko jarduerak aurrera eramaterakoan disfuntzionalitaterik gerta ez dadin.
Xede horrekin, plan hori idazteko kontratazioa 2000ko abuztuaren 23ko Foru Erabakiaren bidez adjudikatu zen eta, idazteko prozesuaren jarraipena egite aldera, mekanismoak ezarri dira Bizkaiko Foru Aldundiko Hirigintzako Foru Saila zena eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila koordinatzeko.
2002ko otsailaren 19ko Foru Erabakiaren bidez, Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren aurrerapenean interesatuta zeuden lurralde-administrazio publikoei entzuteko izapidea zabaldu zen. Hala, aurrerapenaren ale bana bidali zitzaien, bi hilabeteko epean, oharrak, iradokizunak, ordezko aukerak eta proposamenak aurkez zitzaten.
Entzunaldiaren izapidean, iradokizunak jaso eta banan-banan baloratu ziren, bai proiektua idazten ari zen taldearen aldetik, bai Hirigintzako Foru Sailaren aldetik. Foru-sail horrek, azkenean, txostena egin zuen eta, bertan, hasieran onetsi behar zen Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren dokumentua prestatzerakoan kontuan hartu beharreko alderdiak zehaztu ziren. Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluari txostenaren berri eman zitzaion.
2004ko otsailaren 10eko Foru Erabakiaren bidez, aldi batez eten zen Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala idazteko kontratua, ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana egiteko, ingurumen-eraginaren baterako ebaluazio prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretua indarrean sartu zenean hala ezarri baitzen.
Ingurumen-eraginaren baterako ebaluazioari buruzko azterlana eginda, Ingurumen Sailburuordetzaren 2006ko abuztuaren 7ko Ebazpenaren bidez Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren ingurumen-eraginari buruzko aldez aurretiko txostena egin zen. Ordurako jada amaituta zegoen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritako bi hilabeteko epea.
2006ko abenduaren 12ko Foru Erabakiaren bidez, Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala idazteko kontratua aldi batez eteteko agindua kendu zen.
Horren guztiaren ondorioz, dokumentua egokitu eta moldatu zen. Behin hau jasota, hasieran onartu aurretik egin beharreko izapideak egin ziren, Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako maiatzaren 31ko 4/1990 Legean ezarritakoarekin bat etorriz. Ondorioz, 2007ko ekainaren 5ean Eusko Legebiltzarrak maiatzaren 31n eman zuen Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako 4/1990 Legearen 13.5 artikuluan aipatutako derrigorrezko txostena eskatu zitzaion Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeari. Txosten hori 2007ko urriaren 29ko bilkuran egin zen eta, bertan, hainbat gogoeta egin ziren, nahiz eta horiek, oro har, ez diren barneratu, onarpen-prozesuan aztertu eta egoki iritzitako zuzenketak egingo zaizkie eta.
Hori dela bide, eta aurretik ezarritakoari jarraiki, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak, 2008ko apirilaren 8an izan duen batzarraldian, hartu du hurrengo
FORU ERABAKIA
Lehenengoa.– Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen Durangoko Eremu Funtzionalaren Lurralde Plan Partziala hasieran onestea. Eremu horrek ondorengo udalerriak ditu barnean: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Planak lurralde-antolamendurako berariazko irizpideak ezartzen ditu eskualde horretarako, Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Jarraibideak garatuz.
Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta bi egunkaritan argitaratzea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean, edozein pertsona fisiko edo juridikok egoki irizten diren alegazioak aurkez ditzan. Ondorio horietarako, lurralde-antolamendurako tresna hori jendaurrean egongo da Bilbon, Rekalde zumarkaleko 18.ean, 4. solairuan. Bertan kontsultatu ahal izango da eta alegazioak egin ahal izango dira, indarreko legerian ezarritako beste bitarteko batzuk erabil badaitezke ere.
Hirugarrena.– Lurralde Plan Partzialaren kopia bana interesa duten lurralde-administrazio publiko guztiei bidaltzea, bi hilabeteko epe horretan egokitzat jotzen dituzten oharrak eta iradokizunak egin ahal ditzaten.
Bilbao, 2008ko apirilaren 24a.
Garraio eta Hirigintzako foru diputatua,
ITZIAR GARAMENDI LANDA.