Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2008ko maiatzaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
3168

EBAZPENA, 2008ko apirilaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena. Honen bitartez, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak sinatutako kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzeko xedatzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu dute apirilaren 21ean. Horren bitartez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetan sartzeko deitutako hautatze-prozesuaren oposizio-aldiko probaren A zatia garatzeko behar den operatibaren kudeaketa materiala, betiere Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko azaroaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (2007ko abenduaren 13ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko otsailaren 6ko Aginduak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2007ko enplegu publikoaren eskaintza handitzeko dena).

Denek jakin dezaten, hitzarmen hori Ebazpen honen I. eranskinean argitaratzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 23a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PABLO LARRAURI ALTONAGA.

I. ERANSKINA:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak sinatutako Kudeaketa-Gomendioko Hitzarmena

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 21a.

BILDURIK:

Alde batetik, Pablo Larrauri Altonaga, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta, bestetik, Jon Koldobika Urrutia Mingo, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 4. artikuluak dioenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio "karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-legepeko behin betiko irakaslea izan ahal izateko hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin, proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea."

Bigarrena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren 10.a) artikuluak dioenez, Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzak "Saileko kolektiboetako karrerako funtzionarioak edo lan-kontratuko langile finkoak kontratatzeko hautespen-probetako oinarri-arauak, programak eta edukiak finkatuko ditu. Bere ardura izango da, baita ere, proba horiek kalifikatuko dituen epaimahaia izendatzea eta hautespen-prozesua antolatzea eta kudeatzea."

Hirugarrena.– Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko azaroaren 13ko Aginduaren bitartez handitu egin zen Ogasun eta Administrazio Publikoaren 2007ko otsailaren 6ko Aginduaren bitartez onartutako enplegu publikoaren eskaintza, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2007ko enplegu publikoaren eskaintza; horrela, bada, lanpostu hutsak gehitu ziren Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetakoetan.

Laugarrena.– Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hautaketa-probak homogeneizatzeko zeregina esleitu zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, bai epaimahai kalifikatzaileen osaketan nahitaez parte hartuz, bai, batez ere, legeak berak 29. artikuluan herri administrazioei ematen dien aukera –langileen hautaketa erakunde autonomiadunaren bitartez egitea- erabiliz.

Bosgarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 14ko 241/2003 Dekretuak ere ideia hori berresten du; izan ere, 2.b) artikuluan, erakundearen helburuen artean, honako hau aipatzen du: "Beste administrazio publiko batzuetako langile publikoak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeko 31. artikuluan jasotakoaren arabera."

Seigarrena.– Hori guztia ikusita, eraginkortasun-arrazoiengatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eskatu egiten dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari bere gain har dezan Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen hainbat kidegotan (Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetan) sartzeko deitutako hautatze-prozedurako oposaketa-aldiko probaren A zatia garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala. Horretarako, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko azaroaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio (2007ko azaroaren 13ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Ogasun eta Herri Administrazioaren 2007ko otsailaren 6ko Aginduak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2007ko enplegu publikoaren eskaintza handitzekoa dena). Beraz, esparru horretan, erakunde biek kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera.

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena egitea erabaki dute. Horren bitartez, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetan sartzeko deitutako hautatze-prozesuaren oposizio-aldiko probaren A zatia garatzeko behar den operatibaren kudeaketa materiala, betiere Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko azaroaren 13ko Aginduan xedatutakoari jarraituz (2007ko abenduaren 13ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko otsailaren 6ko Aginduak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2007ko enplegu publikoaren eskaintza handitzeko dena.

Bigarrena.– Bigarren Hezkuntzako irakasleen, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoetako 614 plazen kudeaketa materialerako gomendio honetan, jarduera hauek sartuko dira, kasu bakoitzean zehazten den neurrian:

a) Lokalen kontratazioa kudeatzea.

b) Lokalak behar bezala hornitzea, hautatze-prozedurako probaren A zatia egiteko.

c) Hautaketa-prozesu jendetsu bat behar bezala burutzeko behar diren jarduketa guztiak: mediku-arreta, polizia-zaintza, urrituen arreta,…

d) Hautatze-prozesuaren oposizio-aldiarekin lotutako beste edozein kudeaketa-lan, betiere eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada, eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.

Hirugarrena.– Gomendio honen helburu den kudeaketa materialak sortzen dituen gastuak Hezkuntza, Unibertsitatea eta Ikerketa aurrekontu-atalaren kontura izango dira.

Laugarrena.– Hitzarmen hau sinatzen denean jarriko da indarrean, eta amaitu, berriz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onartutako enplegu-publikoaren eskaintzatik datorren hautatze-prozeduraren oposaketa-aldiko probaren A zatia burutzean (2007ko azaroaren 13ko Agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko otsailaren 6ko Aginduak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2007ko enplegu publikoaren eskaintza handitzeko dena).

Bosgarrena.– Kudeatzeko gomendioa sinatzeak ez du esan nahi eskumenen titulartasuna lagatzen denik edota, eskumen horiek gauzatzean, funtsezko elementuak lagatzen direnik, horiek denak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak baititu esleituta.

Seigarrena.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.

Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 21a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

PABLO LARRAURI ALTONAGA.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria,

JON KOLDOBIKA URRUTIA MINGO.


Azterketa dokumentala