Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2008ko maiatzaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizi Administrazioa

Durangoko Lehen Auzialdiko 2 Zenbakiko Epaitegia
2715

EDIKTUA, 330/04 zenbakiko prozedura arruntaren autoen ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN-ZEDULA

Zenbateko bat erreklamatzea dela-eta, Condesa Fabril, SA.k hala eskaturik, Durangoko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegian Calderería Deivan SL.ren aurka burututako 330/04 prozedura arruntean epaia eman da, zeinaren idazpurua eta epaitza ondokoak baitira hitzez hitz:

155/06 EPAIA

Epailea: Olga Ahedo Peña.

Demandatzailea: Condesa Fabril, SA.

Abokatua: Fernández jauna.

Prokuradorea: Unibaso anderea.

Demandatua: Calderería Deivan, SL (auzi-ihesean).

Judizioaren gaia: diru-zenbatekoa erreklamatzea.

Demandaren zenbatekoa: 37.364,44 euro.

Tokia eta eguna: Durango, bi mila eta seiko abenduaren bata.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Demandantearen uzia eta haren oinarri diren egitateak.

Epaitegi honetan aurkeztu zuen 2004ko uztailaren 20an Unibaso prokuradoreak, Condesa Fabril, SA merkataritza-sozietatearen izenean eta ordez Calderería Deivan, SL. merkataritza-sozietatearen aurkako demanda-idazkia, 37.364,44 euro gehi interesak eta kostuak erreklamatzeko.

Honela dio auzi-jartzaileak:

1.– Condesa Fabril, SL.k profilak eta soldatutako tutuak egiten ditu eta demandatutako merkataritza-sozietatea metal-arotzeriara dedikatzen da.

2.– 2003. urtean eta 2004ko hasieran, Condesa Fabril, SA.k merkataritza-harremanak izan zituen demandatuarekin, hainbat merkantzia saldu eta hornitu zizkion, garaiz eta era egokian; eta honako faktura hauek igorri zizkion:

Faktura zk.	Faktura data	Mugaeguna	Zenbatekoa	

N.º factura	Fecha factura	Vencimiento	Importe	

2003 NF 10791	2003-11-06	2003-12-15	13.508,27 euro/euros

	06-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11348	2003-11-20	2003-12-15	 5.426,06 euro/euros 	

	20-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11437	2003-11-24	2003-12-15	 7.977,15 euro/euros

	24-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11785	2003-12-03	2004-01-15	 6.243,04 euro/euros

	03-12-2003	15-01-2004	

2003 NF 11843	2003-12-04	2004-01-15	 3.778,44 euro/euros

	04-12-2003	15-01-2004	

3.– Calderería Deivan, SL.k ez du ordaindu faktura bat ere ez, guztira 36.932,96 euro (horietatik, 31.838,76 euro zerga-oinarriari dagozkio eta 5.094,20 euro BEZari, % 16, hain zuzen).

4.– Faktura horiek ordaindu ez izanak 431,48 euroko gastua zor arazi dio banketxean auzi-jartzaileari.

5.– Aurrekoa kontuan izanda, beraz, zorretan duen zenbatekoa 37.364,44 eurokoa da guztira.

6.– Auzi-jartzailea saiatu da judizioz kanpo zorra kobratzen.

Esandakoaren arabera, Merkataritza Kodeko 325. artikulua eta ondorengoak, 336. eta 339. artikuluak eta Kode Zibilaren 1124. eta 1500. artikuluak eta ondorengoak kontuan hartuta, Epaitegiari honako hau eskatu zion: "Epaitza eman dezala eta demanda oso-osorik baietsita, hogeita hamazazpi mila hirurehun eta hirurogeita lau euro eta berrogeita lau zentimo (37.364,44) gehi dagozkion interesak eta prozedurako kostuak ordaintzera kondenatu dezala."

Bigarrena.– Demandantearen uzia eta haren oinarri diren egitateak.

2006ko uztailaren 26an emandako probidentzia bidez demandatutako merkataritza-sozietatea auzi-ihesean deklaratua izan zen.

Hirugarrena.– Entzunaldia eta bista.

Aurretiazko entzunaldia 2006ko irailaren 27an egin zen eta demandatua ez zen bertaratu.

Auzi-jartzaileak demandako idazkia berretsi egin zuen eta frogabide bezala proposatu zituen alderdiari galdeketa, lekuko-froga eta agiri-bidezkoa, onartuak eta eginak izan zirenak, alderdiari galdeketa izan ezik, auzi-jartzaileak uko egin baitzion 2006ko azaroaren 28an egindako bistan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Burututako egintza eta froga-zama.

Condesa Fabril, SA. zenbatekoa erreklamatzeko egintzaz baliatu da, Merkataritza Kodearen 339. artikuluaren eta Kode Zibilaren 1124. artikuluaren arabera, alegatuz 2003. urtean eta 2004ko hasieretan, merkataritza-harremanak izan zituela demandatutako merkataritza-sozietatearekin, hainbat salgai-eskabideren hornidura, hain zuzen, eta erosleak ez zuela bete hornidurak pagatzeko betebeharra, eta horrek, gainera, gastuak zor arazi dizkiola.

Kontratu hori salerosketaren aldaeratzat jotzen bada edo antzerakoa izanik bestelakotzat jotzen bada ere, Merkataritzaren Kodeko arauak aplikatuko dira kontratua merkataritzakoa bada, eta hala da kasu honetan, izan ere merkataritza-trafikora dedikatzen enpresak dira bi kontratugileak (Merkataritzaren Kodearen 325. artikulua).

Salerosketan, saldutako gauza entrega bakarrean ematen da edo hainbat entregatan, baina edonola ere, gauza unitario bati dagokio. Hornidura-kontratuan, ordea, ondoz ondoko entregak egiten dira; aldeek gauzak entregatzeko obligazioa hartzen dute eta haien prezioa ordaintzeko, ondoz ondoko entrega eta ordainketetan eta jada ezarritako edo ezar daitezkeen epealdietan. Horri lotuta, Auzitegi Gorenaren apirilaren 3ko 340/2003 epaiaren arabera, kontuan izan behar dira honako epai hauek: 1986ko maiatzaren 20ko EDJ 1986/3326, 1987ko irailaren 10eko EDJ 1987/6252, aipatutako 1988ko uztailaren 8ko EDJ 1988/5988 eta, azkenik, 1996ko otsailaren 28ko EDJ 1996/1324.

Funtsezkoa da hornituak -erosleak- duen prezioa ordaintzeko obligazioa, Merkataritza Kodearen 339. artikuluaren arabera eta aipatu araudiaren 341. artikuluko interesekin bat etorrita.

Aipatutako araudiaren babesean, auzi-jartzaileak prezioaren ordainketa erreklamatzen du, kontuan hartuta ondoko faktura hauek eta ordaindu ez izanak eragindako gastuak.

Faktura zk.	Faktura data	Mugaeguna	Zenbatekoa	

N.º factura	Fecha factura	Vencimiento	Importe	

2003 NF 10791	2003-11-06	2003-12-15	13.508,27 euro/euros

	06-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11348	2003-11-20	2003-12-15	 5.426,06 euro/euros

	20-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11437	2003-11-24	2003-12-15	 7.977,15 euro/euros

	24-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11785	2003-12-03	2004-01-15	 6.243,04 euro/euros

	03-12-2003	15-01-2004	

2003 NF 11843	2003-12-04	2004-01-15	 3.778,44 euro/euros

	04-12-2003	15-01-2004	

Froga-zamari buruzko printzipioarekin bat etorrita (urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen 217. artikulua), eta kontuan izanda auzi-ihesa ez dela, berez, amore ematea, Condesa Fabril, SA.ri dagokio, beraz, erreklamazioaren oinarri den merkataritza-harremana egon zela eta merkantziak entregatu zirela egiaztatzea.

2001eko urtarrilaren 12ko Auzitegi Gorenaren EDJ 2001/6 epaiak dioen bezala, "auzi-jartzaileari dagokio bere uzia osatzen duten egitateak egiaztatzea eta demandatuari indargabetze- eta eragozte-egintzak". Eta ildo berekoak dira beste epai hauek ere: 1992ko otsailaren 11ko EDJ 1992/1239, 13ko EDJ 1992/1336 eta 27ko EDJ 1992/1863, martxoaren 5eko EDJ 1992/2139 eta 21eko EDJ 1992/2744, maiatzaren 12ko EDJ 1992/4642, urriaren 3ko EDJ 1992/9592 eta azaroaren 13ko EDJ 1992/11159, 1993ko ekainaren 14ko EDJ 1993/5703, 1994ko irailaren 24ko eta urriaren 24ko EDJ 1994/8465, 1995ko otsailaren 10eko EDJ 1995/180 eta 28ko EDJ 1995/502, martxoaren 30eko EDJ 1995/1167, ekainaren 19ko EDJ 1995/3607 eta uztailaren 27ko EDJ 1995/4240, 1996ko urtarrilaren 27ko, martxoaren 8ko EDJ 1996/1265 eta ekainaren 17ko EDJ 1996/4175, 1997ko otsailaren 27ko EDJ 1997/1311, uztailaren 18ko EDJ 1997/5063 eta abenduaren 30eko EDJ 1997/10477,1998ko otsailaren 26ko EDJ 1998/958, martxoaren 18ko eta apirilaren 7ko EDJ 1998/1416.

Egia da Auzitegi Gorenak behin eta berriz adierazi duela auzi-ihesak ez dakarrela berarekin demandatuak amore ematea eta ez duela auzi-jartzailea liberatzen erreklamatutako eskubidea osatzen duten egitateak frogatzetik (1978-06-16ko EDJ 1978/208, 1989-03-04ko EDJ 1989/2431, 1990-11-10eko EDJ 1990/10233 eta 1995-02-25eko EDJ 1995/1562 epaiak. Alabaina, betebeharren izateari buruzko froga horien betetzea erreklamatzen duenari dagokiola dion printzipioak (indarrean dagoena) eboluzionatu egin du jurisprudentzian, eta nolabait arindu egin behar da kontuan hartuta aldeek frogatzeko erakusten duten jarrera eta azkartasuna eta hura errazteko beharra, alde bakoitzak prozesuan duen posizioa alde batera utzita (1989-09-23ko EDJ 1989/8280, 1991-03-08ko, 1994-02-09ko EDJ 1994/1077, 1996-11-28ko EDJ 1996/9050 eta 1996-12-02ko EDJ 1996/8619 epaiak). Beraz bada, aintzat hartu beharko da demandatua prozesutik borondatez aldentzea, pasibotasunez jokatzea, eta horrek zuhurtasuna eskatzen du auzi-jartzaileak aurkeztutako frogak baloratzerakoan harik eta auzian demandatuak interes falta erakutsi duenean.

Bigarrena.– Frogaren balorazioa.

Kasu honetan esan daiteke, bada, auzi-jartzaileak bere uzia osatzen duten egitateak frogatu dituela. Izan ere, aurkeztutako dokumentuekin (demandaren 2 eta 6. bitarteko agiriak, 16tik 20ra bitarteko folioak) egiaztatuta geratu da egin asmo den kreditua badagoela, egiazkoa dela eta likidatu daitekeela. Merkataritza-praktikan ohikoak diren araututako agiriak (fakturak) aurkeztu dira. Bestalde, agiri horiek arauzkoak dirudite, forma eta edukiaren aldetik.

Egiaztatuta daude, halaber, auzi-jartzaileak izan dituen gastuak demandatutako merkataritza-sozietateak ordaindu ez izanagatik (demandaren 7 eta 8 agiriak).

Guzti horrez gain, esan behar da judizioan bertaratu zela Jesus Angel Tobal, merkataritza-sozietate auzi-jartzailearen Finantza zuzendaria, zeinek berretsi egin zuen aurkeztutako agirietan egiaztatutakoa. Izan ere, aurkeztutako fakturak merkataritza-sozietate auzi-jartzaileak jaulkitakoak zirela aitortu zuen eta baieztatu zuenez, demandatuak ordainketak helbideratzea baimendu zuen, gero ordainketei aurre egin ez badie ere.

Guzti hori kontuan hartuta, Merkataritza Kodearen 339. artikuluan, eta Kode Zibilaren 1088., 1089., 1091. 1124., 1254., 1256. eta 1258. artikuluetan xedatutakoa betetze aldera, bidezkoa da demanda baiestea.

Hirugarrena.– Interesak.

Merkataritza Kodearen 341. eta 63. artikuluetan xedatutakoaren arabera, demandatutako merkataritza-sozietateak ordaindu egin beharko du fakturetan adierazitako ordainketa mugaegunaren biharamunetik sorrarazitako fakturen zenbatekoaren legezko interesa, eta demanda jarri zen egunetik aurrerako bankuko gastuen legezko interesa.

Laugarrena.– Kostuak.

Demanda osorik baietsi da eta urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilaren 1/2000 Legeko 394. artikuluak xedatutakoaren arabera, alderdi demandatuak ordainduko ditu kostuak.

EPAITZA

Baietsi egin dut Unibaso prokuradoreak, Condesa Fabril, SA merkataritza-sozietatearen izenean eta ordez Calderería Deivan, SL. merkataritza-sozietatearen aurkako demanda, eta kondenatu egiten dut demandatua auzi-jartzaileari 37.364,44 euro ordaintzera.

Halaber, Calderería Deivan, SL.k Condesa Fabril, SA.ri ordainduko dio fakturetan adierazitako ordainketa mugaegunaren biharamunetik eragindako fakturen zenbatekoaren legezko interesa. Honako hauek dira fakturak:

Faktura zk.	Faktura data	Mugaeguna	Zenbatekoa	

N.º factura	Fecha factura	Vencimiento	Importe	

2003 NF 10791	2003-11-06	2003-12-15	13.508,27 euro/euros

	06-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11348	2003-11-20	2003-12-15	 5.426,06 euro/euros

	20-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11437	2003-11-24	2003-12-15	 7.977,15 euro/euros

	24-11-2003	15-12-2003	

2003 NF 11785	2003-12-03	2004-01-15	 6.243,04 euro/euros

	03-12-2003	15-01-2004	

2003 NF 11843	2003-12-04	2004-01-15	 3.778,44 euro/euros

	04-12-2003	15-01-2004	

Demanda jarri zen egunetik aurrerako, hau da, 2004ko uztailaren 20tik aurrerako bankuko gastuen legezko interesa ere ordainduko du: 431,48 euro.

Calderería Deivan, SL.k ordainduko ditu kostuak.

Ebazpen honen lekukotza egin, dagozkion autoei eransteko. Jatorrizkoa liburu honetan geratuko da.

Jakinarazi bekie epai hau alderdiei, eman bekie aditzera ez dela irmoa, eta epaitegi honetan aurkeztutako idazki batez, zehazki, Bizkaiko Probintzia Auzitegiari zuzenduaz apelazio-errekurtsoa aurkez daitekeela, betiere jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik harako bost egun balioduneko epearen barruan.

Eta nire epai honen bidez, erabaki, agindu eta sinatu egiten dut.

Eta Calderería Deivan, SL. demandatuari behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan, eman eta sinatzen dut hau, Durangon (Bizkaia), bi mila eta zortziko martxoaren hamalauan.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala