83. zk., 2008ko maiatzaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
2711
AGINDUA, 2008ko martxoaren 5ekoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko patata hazi, biltegiratu eta merkaturatzeko laguntzen 2008ko ekitaldiko deialdia egiten duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko patata hazi, biltegiratu eta merkaturatzeko laguntzak ematea arautzen duen azaroaren 21eko 236/2006 Dekretuaren bitartez jarduera, proiektu eta inbertsio jakin batzuk egiteko laguntzak arautu nahi dira (dekretu hori azaroaren 13ko 197/2007 Dekretuaren bidez aldatu zen). Patataren ekoizpena hobetzeko, natura-inguruneari kalterik egiten ez dien teknologia berriak sartzeko, sektorean merkataritza-egitura egonkorrak sustatzeko eta kalitatezko nahiz ekoizpen ekologikoko arau edo zigiluek babestutako patata-ekoizpena gehitzeko izan beharko dute, zehazki, aipatutako jarduera, proiektu eta inbertsioek.
Dekretu horren 8. artikuluak ezarritakoaren arabera, urtero, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren agindu bat argitaratuko da, dekretuan araututako laguntzetarako deia egiteko eta dagokion ekitaldiko eskabideak aurkezteko epeak irekitzeko. Aginduak, era berean, hauxe ere argituko du: aurrekontu ekitaldi bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura eman beharreko laguntzen guztizko zenbatekoa.
Bestalde, aurtengo laguntzetarako deialdia honako arau hauek babestuta egin da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 27ko 1/1994 Legegintza Dekretua, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legea.
Horren indarrez, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Helburua.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko patata hazi, biltegiratu eta merkaturatzeko laguntzei buruzko azaroaren 21eko 236/2006 Dekretuan zehaztutako diru-laguntzen 2008ko ekitaldiko deialdia egitea.
Bigarrena.– Laguntzen zenbatekoa, guztira.
1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 2008ko ekitaldian eman beharreko laguntzen zenbatekoak, guztira, 1.000.000 euro egiten du. Horietatik 700.000 euro 2008 ekitaldiko ordainketa-kredituak dira eta 300.000 euro 2009ko ekitaldiko konpromiso-kredituetarako.
2.– Artikulu honetan jarritako zenbatekoa aldatu ahal izango da -eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontutan harturik-, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortzen ez diren aurrekontu-baliakizunen arabera, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Nekazaritzaren eta Arrantzaren Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da egoera horren berri.
Hirugarrena.– Epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritza eta Arrantza sailburuari, hilabeteko epean, edo zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, betiere, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 5a.
Nekazaritza eta Arrantza sailburua,
GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.