83. zk., 2008ko maiatzaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2709
EBAZPENA, 2008ko martxoaren 17koa, Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordearena, 2008ko ekitaldiko laguntzak emateko deialdia publiko egiten duena, hasierako inbertsioak gauzatzeko eta proiektu estrategikoetako laguntza horiekin loturiko enplegua sortzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduak ezarritako esparruan.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko irailaren 19ko Aginduak (2007ko urriaren 8ko EHAA, 194. zenbakia) hasierako inbertsioak gauzatzeko eta proiektu estrategikoetako laguntza horiekin loturiko enplegua sortzeko laguntza-programa arautzen du.
Hasierako inbertsioak gauzatzeko eta proiektu estrategikoetako laguntza horiekin loturiko enplegua sortzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, bidezkoa da bertan aurreikusitako laguntzetarako 2008ko ekitaldiko deialdia egitea.
Aurrekoa aintzat hartuta, eta aipatutako aginduaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hau
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Hasierako inbertsioak gauzatzeko eta proiektu estrategikoetako laguntza horiekin loturiko enplegua sortzeko laguntza-programa arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburuaren 2007ko irailaren 19ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako 2008ko ekitaldiko deialdia egitea da ebazpen honen xedea.
2.– Xede horretarako guztira 31.490.000,00 euroko laguntzak bideratuko dira. Diru-kopuru horiek Proiektu Estrategikoen Fondora esleituriko kredituen kargupean egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegorako 2008ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera (2007ko abenduaren 30ko EHAA, 250. zenbakia).
Deialdi honetan emango diren laguntzen bolumen osoak ezin izango du artikulu honetan finkaturiko diru-kopurua edo, hala badagokio, horren eguneratzetik ondorioztatutakoa gainditu. Horregatik, behin horretarako izendatutako dirulaguntzen kopurua amaitu ondoren, ezin izango da berririk esleitu, eta une horretatik bertatik galduko du indarra xedapen honek. Adierazitako zirkunstantziak gertatzen badira, publikoak egingo dira horiek Teknologiako eta Industria Garapeneko Sailburuordearen Ebazpen bidez.
2. artikulua.– Eskakizunak.
1.– Hasierako inbertsioak gauzatzeko eta proiektu estrategikoetako laguntza horiekin loturiko enplegua sortzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduan aurreikusitako laguntzak lortzeko, eskatzaileek 2007ko irailaren 19ko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte.
3. artikulua.– Eskabideak eta epea.
1.– Eskabideak eta gainerako dokumentazio gehigarria Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatean (SPRI SA) aurkeztuko dira (bulegoak: Alameda de Urquijo kalea, 36-4, Bilbao), zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuan- aurreikusitako edozein bidetik.
2.– Eskabideak aurkezteko epea deialdirako ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2008ko ekainaren 6an amaituko da.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 17a.
Teknologiako eta Industria Garapeneko sailburuordea,
JOSÉ IGNACIO TELLETXEA FERNANDEZ.