Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2243

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 6koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Ondarroako (Bizkaia) Alfonso XIII-ren zaldain birakaria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Ondarroako (Bizkaia) Alfonso XIII-ren zaldain birakariak daukan kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko Ebazpen Proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Ondarroako (Bizkaia) Alfonso XIII-ren zaldain birakaria, monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko esku hartze baimenduen erregimenarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Ondarroako Alfonso XIII-ren zaldain birakaria Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Ondarroako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 6a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak, alde batetik, bi harroinez eta metalezko bi bao-erdiez osatutako zubiaren egitura hartzen du, bestetik, zubiari lotutako urbanizazioa, eta, azkenik, zubiaren ondoan dagoen eremua.

Horrenbestez, mugaketa-eremuak honako muga hauek ditu: igarobidearen zuzentzailearen bi linea paralelo, igarobidearen bi aldeetara eta kanpoko ertzetatik 20 metrora eginak, eta 10 metroko erradioa duten bi zirkunferentzia zati, zentroa igarobidea bi ibai bazterrekin elkartzen den erdiko puntuan dutenak.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Igarobidearen funtzionamendurekin lotutako ingurunea eta erabilera bateragarriak ez diren beste erabilpenetatik babesteko beharrak justifikatzen du proposatutako mugaketa. Katalogatutako ondasunari beharrezko balioa erantsi eta babesteko, aipatu diren inguruko lur-sailek okupatutako igarobidearen ondoko espazioak babestu beharra dago, Ondarroako ingeniaritza obra paregabe hori paisaiari nahiz hirigintzari dagokionez eta funtzionalki integra dadin. Horrexegatik hartzen du proposatutako mugaketak ondoan dagoen urbanizazioa eta bere ingurunea azpiegitura beraz gain.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

Deskribapena

José González de Langarica ingeniariaren planoen arabera eraiki zen zubia. Planoak Bizkaiko Foru Aldundiaren Probintzia Batzordeak 1925eko urriko 14 bileran onartu zituen. Exekuzioak bi obra-unitate nagusi ditu: finkoa den pieza sostengatzailea (harri eta hormigoizkoa), eta pieza mugikor metalikoa, hegada bikoitza duten metalezko saretazko bi erdi dituena. Bi erdi horiek bi bao-erdi isostatiko osatzen dituzte, enbor koniko itxurako harrizko bi oinetan bermatuta. Harroinak ibaiaren ibilguan daude.

Euskarri horien zimentazioa hormigoizko bi zapata kubiko dira, eta horietan bermatuta daude enbor koniko itxurako harrizko bi oinak, 5, 40 metro altukoak. Oinek, erremate moduan, 40 zentimetroko erlaitza dute. Harroinen abioko diametroa 3,00 metro ingurukoa da, eta gailurreko diametroa, 2, 50 metrokoa. Harroinak kuxindura duen kareharrizko harlanduz estalita daude.

Ibaiertzeko egungo ibilbidea egin zen arte, hormigoizko egitura baten bidez egiten zuen bat igarobideak eskuineko bazterrarekin. Egitura hori eskuineko ibaiertzeko harkaitzen gainean bermatzen zen, bai eta ibilguko harkaitzean oinarritutako bi pilaretan ere Egitura horrek eusten zion igarobide metalikoarekin kota berean bat egiten zuen hormigoizko igarobideari.

Ezkerreko ibaiertzean, zuhaitzak dituen Nafarroako Zumardia enparantzaren gainean, enparantzako urbanizazioak baranda zirkular batez eta sarbidearen alboetan kokatutako bi idulkiz osaturik zegoen igarobidea hartzen zuen, bertaraino jaisten zena. Sarbidea zubiaren erdi hori irekitzeko beharrezko bira-mugimendura moldatzen zen.

Igarobidearen zati mugikorrak bi zati metaliko ditu, L eta T itxurako altzairu ijeztuzko saretaz eginak, eta esferaerdiko burudun errematxeen bidez 8 milimetroko xaflei loturik. Sareten azpiko kordoiaren eta goiko kordoiaren arteko lotura egiteko, barra bertikal batzuk ditu, ardazka elkarrengandik 1,75 metrora bananduta, bai eta barra diagonal batzuk ere. Barra diagonalen ibilbideak harroin bakoitzaren bermearen itxurazko luzapena mozten du ardatzaren goiko luzakinean.

Sareten txarrantxak plano horizontalean eta zeharkako plano bertikalean daude, bi-bietan 60ko L profilak dituzten San Andresen gurutzeak erabilita.

Sareten beheko kordoiak arku beheratu bat egiten du, gutxi gorabehera 65 metroko erradioko zirkunferentzia duen arku bati dagokiona. Eta horrela, guztira 28 metroko argia duen tartea sortzen da. Saretaren goiko kordoiak, horizontala dirudien arren, arku oso beheratu bat egiten du. Horretan bermatzen da igarobidearen oholtza.

Harrizko harroinen gainean eta sareta-hagen gainean, errodamendu eta engranajez osatutako mekanismoa du igarobideak. Mekanismoa motorraz edo biraderaz abiaraz daiteke, eta, funtsean, pinoi bat birarazten duen kremailera zirkularra da.

Sareta egurrezko oholtza batez estalita dago, eta horixe da igarobidearen zorua. 12x10 zentimetroko zurezko habexkak ditu, eta horien gainean iltzatuta 190 zentimetro luze, 20 zabal, eta 3 lodi dituzten oholak. Oholeriaren bi fronteak babesteko burdinurtuzko bi fronte ditu, friso moduan. Frisoa zirkunferentzia nabarmenduz apainduta dago, eta azpian erremate bat du: bozel bat, igarobidean zehar zirkunferentzierdiak marrazten dituena.

Metalezko baranda babesten du igarobidea. Jatorrizko barandak 90 zentimetroko altuera zuen, eta honela egin da zegoen: bi langaluze zilindriko 40 milimetroko diametroko muntaga zilindrikoei lotuta. Langaluzeen eta muntagen arteko loturak galdaketazko lokailu esferikoz eginda zeuden, muntaga bakoitzean bi. Muntagak bermatzeko, galdaketazko harroin karratuak zituen, zubiaren saretari gogor-gogor lotuta.

Igarobidearen barandako muntagen arteko argi librea 162 zentimetrokoa zen, eta berme-harroinak kontuan hartu gabe, 150 metrokoa.

Igarobidea apur bat zabaltzen da ezkerreko harroinaren bertikalaren gainean dagoen zatian, eta han zapalda bat du: han zegoen kokatuta zubia kontrolatzeko zurezko etxola. Etxolak laukizuzen formako oina zuen eta bi isurialdeko sabaia. Hala ere, zubia irekitzeko mekanismoari elektrizitatea gehitzeko asmoz 1931n egindako planoaren arabera, kontrolerako etxolak oin ia karratua zuen, berme-harroinaren ardatzaren bertikalean zegoen kokatuta, eta lau isurialdeko sabaia zuen.

Gaur egun ez dago jatorrizko baranda, ez eta kontrolerako etxola ere. Hala eta guztiz ere, zubia morfologikoki berreskuratzeak jatorrizko baranda berreskuratzea eta berriz kontrolerako etxola bat jartzea eskatzen du. Baranda berreskuratzeko, González de Langaricaren planoak hartuko dira oinarritzat, III eranskinean ezartzen diren segurtasun-zehaztapenekin. Etxola kokatzeko, erreferentzia planoa 1931koa da.

Igarobideak ez du haren egonkortasuna kolokan jartzen duen akats larririk. Dena den, finkapen-lanak behar ditu burdinaren herdoiltzearengatik izan dituen sekzio-galerak zuzentzeko. Horrez gain, beharrezkoa da usteldutako zura aldatzea.

III. ERANSKINA

Baimendutako esku-hartzeak

1.– Hau da zubirako eta berari lotuta doan urbanizaziorako baimentzen den birgaitzerako esku-hartzea: Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko Eusko Jaurlaritzaren 317/2002 dekretuaren barruko moten azpitaldean C motako zaharberritze kontserbatzaile moduan definitutakoa. Esku-hartze mota horrek aurretiaz jatorrizko eraikin-motari buruzko ikerketa egitea eskatzen du, hura lehengoratuko bada. Birgaitzeko esku-hartzeak hauek bete beharko ditu:

– Ondasunaren irudia birdefinitzea, jatorrizko planoei atxikiz, eta jatorrizko barandak berreskuratzea eta kontrolerako etxola berreraikitzea, gorde den 1931ko planoari jarraiki. Horretarako eta pertsonak erortzeko arriskua mugatzeko, babes-hesietarako oinarrizko eskakizunek ezarritako gaur egungo segurtasun-baldintza orokorrak bete beharko ditu barandak gutxieneko altuerari dagokionez, gutxieneko erresistentziari dagokionez, eta eraikitzeko baldintzei dagokienez; baina, betiere, hobekuntza horiek berreskuratu beharreko jatorrizko barandaren morfologiarekin bateragarriak badira.

– Kontraste bidez nabarmentzea garai bateko hormigoizko sarbidearen ordez eraiki zen eskuineko ibaiertzarekiko topagunea, ez baita monumentuaren zatitzat hartzen. Izan ere, lehen zegoen hormigoizko sarbidearen ordez eraiki zen, eta monumentuari lotura soldatuzko profilak itsatsi dizkio, monumentuan erabili ez den sistema baten bidez.

– Zubiaren egiturako elementuak finkatzea: herdoila kendu, eta beharrezkoa denean, burdinaren oxidazioarengatiko material-galerarik badago, leheneratu. Zurezko zoladura ere finkatu beharko da, eta beharrezkoa bada, zoladura berria jarri beharko da, erresistentzia, iraunkortasun, eta irristagaiztasun egokia bermatzen duena eta jasan beharreko eraginetarako egokia dena.

– Engranaje-sistema iraunaraztea, eta behar izanez gero, berreskuratzea, gutxienez jatorrizko eskuko abio-sistemak bao-erdiak mugiaraztea posible egiteko.

– Zubi ondoko urbanizazioari dagokionez, bermatu egin beharko da zubiak etorkizunean Nafarroako Zumardia enparantzaren gainetik bira egiteko aukera izango duela. Eta horrenbestez, kendu egingo dira ezkerreko harroinari traba egiten dien urbanizazio-elementuak, bai eta bao-erdiaren mugimenduari oztopoak jartzen dizkioten edo hura ikustea galarazten duten urbanizazio-elementuak ere, eta jatorrizko urbanizazio-elementuak berreskuratuko dira, diseinuan nahiz materialetan. Horretarako, beharrezkotzat jotzen da zubiaren azpiko ezkerreko ibaiertza berregitea, zubiaren harroinarekiko 1931ko jatorrizko planoan zehaztutako gutxieneko tartea eduki dezan; hots, goiko aldean eta enparantzaren mailan, batez besteko 1,50 metro, urbanizazioaren kanpoko ertzetik.

2.– ezingo da ondarea osorik bota, ez eta horren zatirik ere, ez bada arau hauei jarraiki: Euskal Kultur Ondarrari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluari jarraiki; edota azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, azaroaren 10ekoa, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoari jarraiki.


Azterketa dokumentala