Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
2242

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 6koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Azkoitiko (Gipuzkoa) Egurbidetorrea baserria, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita eta Egurbide burdinola eta errota, Monumentu Multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Azkoitiko (Gipuzkoa) Egurbidetorrea baserriak, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermitak eta Egurbide burdinolak eta errotak daukaten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Azkoitiko (Gipuzkoa) Egurbidetorrea baserria, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita eta Egurbide burdinola eta errota, Monumentu Multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko esku hartze baimenduen erregimenarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Azkoitiko Egurbidetorrea baserria, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita eta Egurbide burdinola eta errota Monumentu Multzo izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 eta 86 artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Ebazpen hau interesdunei, Azkoitiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lurralde Antolamendu eta Sustapenerako Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak Ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 6a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

Mugapena

a) Mugapenaren deskribapena.

Bi eremu mugatzen dira; alde batetik, eraikin guztien lursailak, hots, Egurbidetorrea baserriarena, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermitarena, eta Egurbide burdinolarena eta errotarena; eta, bestetik, horien ingurunea, hau da, jarraian deskribatuko diren mugek hartzen duten eremua.

Hauexek dira mugapen horren mugak: iparraldean, Egurbidetorrea baserriaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, 60 metrora dagoena; ekialdean, GI-2634 Eskualdeko Sareko errepidearen muga, 135 metroko luzera duena; hegoaldean, Egurbidetorrea baserriaren Hegoaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, 50 metrora dagoena; eta mendebaldean, Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiari atxikitako eraikin-gorputzaren mendebaldeko fatxadarekiko lerro paraleloa. Eremu hori monumentu-multzoaren zati da, eta 50 metrora dago.

b) Mugapenaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketa eraikin-multzoaren kultura- eta ingurumen-balioak babesteko beharrak justifikatzen du. Honako hauek dira eremuko eraikinak: Egurbidetorrea baserria, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita eta Egurbideko burdinola eta errota; Katuin errekaren meandro txiki batean daude, Azkoitian.

Inbentariatutako multzoari balioa emateko, eraikin-multzoaren lursaila babestu behar da; izan ere, beharrezkoa izateaz gainera, kasu honetan, errekako meandroak eta Eskualde Sareko errepideak muga definitzen dute.

Beraz, ezarritako mugaketak ez ditu barne-eraikinak eta eranskinak bakarrik kontuan hartzen, eraikin-multzoaren ondoko lursaila ere aintzat hartzen du.

II. ERANSKINA
Deskribapena

Multzoa honako eraikin hauek osatzen dute: Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermitak, eta Egurbideko errotak eta burdinolak, bertako instalazio eta guzti.

1.– Egurbidetorrea baserria.

Lau isurialde ditu, familia bakarrekoa da eta Azkoitiko Katuin errekaren meandro txiki batean dago, hain zuzen ere, 555,023.28-4781, 615.13 koordenadetan, 130 eta 140 koten artean; oinplano ia karratua du (15,50 x 16,50 metro), behe-solairu bat, bi solairu eta teilatupeko solairua; eraikinaren gorputza mendebaldeko fatxadara atxikita dago, eraikin nagusia bezain zaharra den fatxadara, 7 bider 10 metro ditu eta bi isurialde. Gorputz nagusian, hormak bigarren forjaturaino iristen dira, eta morteroz apaindutako harlanduz egina da.

Solairu horretatik aurrera, beste hiru fatxaden egitura zurezkoa da, mortero zarpiatuzko manposteriaz betea, eta zementu-esne pixka batez luzitua. Laugarren fatxadan galeria bat dago. Teilatupeko solairua, forjatu aldean, pixka bat goratu egin da eta bere lau fatxadetan irekita dago, hego-ekialdean izan ezik; bertako fatxada fabrikaz itxita dago, behe-bilbedunean bezala.

Mendebaldeko fatxadan, eraikin nagusiak bi gorputz ditu erantsita: hego-erdialdean zahar bat eta ipar-erdialdean, berriz, berri bat. Eranskin zaharra nagusia bezain zaharra da, eta, beraz, haren balio kultural bera du. Behe-solairuaz gainera –harlanduzko itxitura du eta ukuilu gisa erabiltzen da–, lehen solairu bat du –zurezko bilbaduraz egina eta adreilu trinkoz inguratua–, lastategi gisa erabiltzen dena, bi isurialdekoa. Eranskin horrek harlanduzko eskantzuak ditu, eta mendebaldetik zuzenean sar daiteke bertara. Halaber, eraikinaren ezkerreko zatiari metalezko egitura moderno bat erantsi zaio, xafla izurtu batez estalia. Biltegi eta lastategi gisa erabiltzen da.

Hegoaldeko fatxadak, lehen solairuaren altueran, hiru bao desberdin ditu: aldeetakoak handiak dira eta erdian dagoena, berriz, txikixeagoa. Lerroan daude jarrita, tarte erregularretan, eta erdikoak harlanduzko ezpadura du. Bigarren solairuan, fatxadak zulo handi bat du eta, alderik alde eta luzetara, zurezko baranda bat dago; ezkerraldean, hormarte osoaren sakonerakoa eta eskuinaldean, berriz, pixka bat txikiagoa. Teilatupeko solairuan, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta.

Ekialdeko fatxada, behe-solairuan, gutxi ikusten da, euste-hormatik gertu baitago. Fatxada horretan duela gutxi egindako sarrera-zubi bati esker, eraikin nagusiaren lehen solairura zuzenean joan daiteke. Sarbide horretaz gainera, solairu horretan bi bao gehiago daude, harlanduzko ezpadurak dituztenak, eta ezkerrean, hirugarren bao bat, kareldun balkoikoa. Bigarren solairuan, fatxadak bao handi bat du ezkerraldean, zurezko karela duena, eta hegoaldeko fatxadaren galeriako ekialdeko ertzarekin bat datorrena. Horren parean, beste bi leiho-bao daude, tarte erregularretan jarrita.

Iparraldeko fatxadan, eraikin nagusirako sarbidea dago. Horregatik, dinteldun ate bat dago harlanduzko ezpadurarekin, fatxada horren behe-solairuan eta simetria-ardatza baino pixka bat eskuinerago. Gainera, leiho-bao bat dago sarrerako atearen ezkerraldean. Lehengo solairuan, hiru leiho-bao daude simetrikoki kokatuak eta harlanduzko ezpadura dutenak. Bigarren solairuan hiru bao daude, lehenengo solairukoak baino txikiagoak; ardatz bertikalean daude ipinita eta harlanduzko ezpadura dute. Gainera, teilatupeko solairuaren parean, fatxadak zurezko ohol-itxiturak ditu, tartekatuta.

Eraikin nagusiaren egitura hiru hormartez osatzen da, lau ardatz simetrikoz eta euskarri desberdinez mugatua: horietako bi karga-hormaren kontra; bat sekzio karratuko harlandu-zutabean (lehen solairuko forjaturaino iristen da), eta azkena, hormigoizko zutabearen kontra, eusteko eta errefortzu gisa. Forjatuen bilbadura habeez eta sekzio handiko gapirioz egina dago. Estalkiaren armadurak egitura konplexua du, eta honako elementu hauek ditu: habeak, uhalak, pieza bakarreko korbak eta gapirioak, enara-isats itxurako beso mihiztatuak dituzten tiranteez lotuak. Kanpo-perimetroko hormak zurezko habeetan eusten dira, zulo txikien lerrokada batean; zulo horietan teilatupea ixteko barrak zeuden, baina horiek desagertu, eta egun ohol batzuk daude.

Eraikinaren antolamendu funtzionala pieza bakarreko eskailera batek osatzen du; eskailerak zurezko oinarriak ditu, eta behe-solairuko ukuilutik etxebizitza dagoen lehen-solairura joateko bidea dira. Bigarren solairura joateko bi ataleko eskailera dago, eta honek ere pieza bakarreko oinarriak ditu, baranda bat, eta muturrak buru-irudi batez errematatuta daude. Hirugarren eskaileratik igota, teilatupera joaten da.

Egurbidetorrea baserria XVII. mende hasierako eraikina da. Gerora, fatxadan bao batzuk egin eta handitu zaizkio. Berrikuntza horiek jatorrizko eraikina egoera onean babesten dute, eta eraikinaren elementurik nabarmenena zurajea da.

2.– Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita.

Eraikin exentua da, GI-2634 eskualdeko errepidearen eta Egurbidetorrea baserriaren artean dago, hain zuzen ere, 555,043.68-4781,639.52 koordenadetan. Oinplano karratua du (6,50 metro zabal eta 10,50 metro sakon) eta ipar-hegoaldera dago kokatuta. Estalkiak lau isurialde ditu, gailurra sarbideko fatxadarekiko elkarzut dago, eta teila arabiarrak ditu. Hegoaldeko fatxadaren bertikalean, kanpai-horma bat nabarmentzen da kanpora. Kanpai-horma horrek kanpai bakarra du, zurezko bola bat eta forjazko haize-orratza. Harlandu oneko aparailuaz egina da, eta zarpiatu eta zuriz margotu dira bertako harlanduzko eskantzuak eta bao-buruak.

Hegoaldeko fatxadan dago sarrera, eta bertan erdi-puntuko arku inpostaduna dago; alboan, ur bedeinkatuarentzako bi ontzi. Atea tatxetez eta burdinsarez apaindu da. Arkuaren erdiko dobelan armarri txiki bat dago, eta eraikina egin ondoren jarri zen.

Mendebaldeko fatxadan dago eraikineko leiho-bao bakarra. Bao horiek harladuzko ezpadurak dituzte.

Barnealdean, espazioa bi ertz-gangak estaltzen dute. Burualdean, erretaula barrokoa dago. Hormak, berriz, margotutako armarriz apainduta daude.

Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita XVIII. mendeko eraikina da.

3.– Egurbideko burdinola eta errota.

Egurbideko burdinola eta errota ustezko arkeologia-gune baten kokatuta daude, 1997ko azaroaren 19ko erabakiak (EHAA, 1998ko urtarrilaren 13koa, 7. zenbakia) izendatutako gunean, hain justu. Egurbide burdinolako aurriek eta atxikitako instalazioak dauden lekuak osatzen dute ustezko arkeologia-gune hori.

Monumentu-multzoaren barruan, instalazio hauek mugatu dira: burdinolaren ate-aitzina eta atxikitako eraikuntzak. Ate-aitzina burdinolako ur-depositua da, eta goratuta dago. Depositu horren paretak harrizkoak dira, 5 metroko altuera dute eta 20 bat metro luze; 1,5 metroko lodiera ekialdeko horman eta 1,9 metrokoa, berriz, mendebaldekoan. Depositu horren azpian, ganga formako eremu txiki bat dago harlauzazko bobeda batekin. Garai batean, burdinola martxan jartzeko gurpilak egoten ziren bertan. Eremu horretara iristeko kanpoaldeko erdi-puntuko arku batetik igaro behar da.

Hegoaldeko fatxadan, ate-aitzinak bi horma bertikal ditu: mailakatutako kontrahorma gisa erabiltzen dira, harlauzaz eginak dira, estilo errustikoa dute, eta bi eskailera daude goratutako depositura joateko. Bi hormek puntu erdiko bi arkuak dituzte, behar bezala eskuairatutako dobelekin eraikiak, eta ekialdetik nahiz mendebaldetik ikus daitezke. Bi hormen erdian, harlanduzko pareta bat dago, 0,70 metroko altuera eta 1,50 metroko zabalerakoa. Dirudienez, ura gurpiletara erortzeko kanalaren zati bat da. Pareta horrek hiru bao ditu: bata, mendebaldekoa, sekzio angeluzuzena da, 0,70 metro ditu zabaleran, metrobete altueran eta 1,30 metro sakoneran. Jarraian, 0,67 metrora, beste bao bat dago paretaren erdian; angeluzuzena da eta 4,40 x 0,50 x 1,1 metro ditu sakoneran. Ondaska da, hau da, gurpila zegoen zuloa. Eskuinean, hirugarren baoa dago, sekzio angeluzuzenekoa eta 0,40 x 0,15 metrokoa; ate-aitzinaren barrualdearekin lotzen du, irteera gisa.

Ekialdeko fatxada harlanduzko pareta da, luzeran 19,50 metro ditu eta altuera, aldiz, gorabeheratsua da, baina bost metro inguru neurtzen ditu. Horma horretan, dobelaz egindako erdi-puntuko arku bat dago. Ate-aitzinaren hasieratik 3,75 metrora, 1,45 metroko diametroko arkua dago. Fatxadan, eta ate-aitzinaren hasieran, eskailera batzuen aztarnak gelditzen dira –egun egoera txarrean daude–, 2 metroko zabalera dute eta, horietatik igota, goiko ur-depositura joan daiteke.

Mendebaldean, harlanduzko beste pareta bat dago, 17,50 metro luze dituena. Horma errota bat atxikitzeko aprobetxatu da, eta errotak ate-aitzinean gelditzen diren urei esker funtzionatzen du.

Ate-aitzineko isurketa erdi-puntuko arku bati esker egiten zen, baina egun arku itsua da; Katuin errekaren eskuinaldeko horman zegoen, ate-aitzinaren itxitura gisa. Dirudienez, sistema horrek ez zuen balio izan, eta ura bertan ez gelditzeko, egun dagoen hustubidea egin da: ura ate-aitzinetik ateratzen da, aipatutako hormaren azpitik errekarantz, eta gero, 50 metro luze eta 3 metro zabal dituen hustubide bati esker, ura errekaraino iristen da.

Ondo-ondoan, ate-aitzinaren ekialdean, burdinolarekin erlazionatutako eraikin baten aurriak daude. Harlanduzko paretak dira, 2,50 metroko altuera eta 0,60 metroko lodiera dutenak.

Egitura horretan, beste horma baten aurriak ere nabarmentzen dira, ekialdean eta mendebaldean; hormak 4,80 metro luze eta 0,50 metro zabal ditu, eta 0,30 metroko altuera besterik ez.

Egurbideko burdinolari buruzko dokumentazioa 1568. urtekoa da. Nahiz eta burdinolako eraikin nagusia ez egon, goratutako deposituaren instalazioek, ur-jauziak eta atxikitako eraikinek balio kultural handia dute, eta beraz, babestu egin behar dira.

III. ERANSKINA
Baimendutako esku-hartzeen araubidea

1.– Eraikin-multzoa –eraikin nagusia eta Egurbidetorrea baserriaren eranskina, Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita eta Egurbide errota eta burdinola beren instalazioekin– zaharberritzeko esku-hartzeak baimentzen dira; hau da, Zaharberritze Kontserbatzailearen C kategoriako interbentzioak, Eusko Jaurlaritzako Ondare Urbanizatua Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan xedatutakoari jarraiki. Horrelakoetan, esku hartu baino lehenago, analisi dokumentala egin behar da, eraikuntza-motak eta jatorrizko eraikuntza-antolakuntzak aztertzeko, eta horren arabera, lehen zegoena berrezartzen saiatu ahal izateko.

Aipatutakoa alde batera utzita, Zaharberritze Zientifikoaren esku-hartzea eskatuko da, 317/2002 Dekretuan araututakoari jarraiki, berreraikitze filologikoa behar duten eraikin-zatietan.

2.– Eraikitzeko baimendutako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikin-multzoaren eta inguruaren harmonia ahal bezainbeste mantentzea; eta, bestetik, ondarearen babesarekin bateragarri diren erabilera guztiak ustiatzea.

Eraikin-multzoaren balioaz bateragarria den berrerabiltzeak, honako hauek lortu beharko ditu:

– Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusia eta eranskina finkatzea: bolumena, estalkiaren tipologia, itxiturak, leiho-baoak jatorrizko zuraz –diseinu berari jarraitzea eta bestelako material batez berritzea onartzen da–, jatorrizko barandak –materiala mantenduta eta apurtutako materiala ordezkatuta–, zurezko barne-egitura guztia eta egituraren tipologia jatorrizko loturekin.

– Ur-jauziari lotutako instalazioak finkatzea, eta, beharrezkoa bada, haiek zaharberritzea, jatorrizko bolumenaren tipologia eta aprobetxamendua errespetatuz, erabilera berrirako egokia den moduan; hala, hormak eta gainerako eraikin-arrastoak mantendu eta sendotuko dira, jatorrian zuten lodierari eutsiz. Burdinola zaharberritzean, beharrezkoa bada, ate-aitzinaren hormara erantsitako egungo estalkia egokitu daiteke; betiere, jabari publikoko errepideak eta jabari hidrauliko publikoa errespetatuz. Esku-hartze horrek instalazioaren balioa handituko du, eta haren interpretazioa erraztuko. Eraikitzerakoan, estalkiaren kota pixka bat aldatu ahal izango da, baina ez eraikuntza-profila, hark behe-solairukoa izan behar baitu.

– Ermita-eraikina finkatzea. Ermita babesteko eta apaintzeko obrak eta ondoan duen lorategi-eremua mantentzeko lanak baimenduko dira soilik.

– Eraikin-multzoaren inguruko erabilera onargarriak, I eranskinean zehaztuta datoz, eta lurzoru urbanizaezinarenak izango dira. Horiek horrela izanda ere, baserri ondoko ipar-eremuan jendeari harrera egiteko eremu bat egiteko aukera izango da, bertako fatxada nagusiaren parean; nolanahi, urbanizazio-motaren bat badakar ere, dauden zuhaizti guztiak errespetatu eta balioetsi beharko ditu. Ildo horretatik, debekatuta dago suntsitzea, kaltetzea, markatzea edo oinarri edo euskarri fisiko gisa erabiltzea aipatutako zuhaitzak, eta ezingo da eragin negatiboa izango duen inolako jarduerarik egin.

3.– Ondasuna guztiz edo partzialki eraisteko, ezinbestean bete beharko da Euskal Kultur Ondareari buruzkoa den uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluak eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuak araututakoa (sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari eta horiek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa).


Azterketa dokumentala