Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
2236

AGINDUA, 2008ko martxoaren 25ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautu zituen 2002ko abenduaren 11ko Aginduan jasotako laguntzetarako deia egiten da urte honetarako.

2002ko abenduaren 11ko Aginduaren bidez arautzen dira Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak gizarteratze-enpresak sortu eta mantentzeko ematen dituen laguntzak (2002ko abenduaren 27ko EHAA, 247. zenbakia). Laguntzen xedea enpresa horiei laguntza ematea da, haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren barruan gizarteratze-enpresak sortzen dituzten entitate sustatzaileentzako eta gizarteratze-enpresentzako diru-laguntzak aurreikusten dira, iraun ahal izan dezaten.

Horrez gain, 2007ko maiatzaren 11ko EHAAn, 90. zenbakikoan, argitaratu zen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2007ko maiatzaren 3ko Agindua, eta horren bidez aldatu zen lehen aipatutako 2002ko abenduaren 11ko Agindua, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen zituena.

Aipatutako 2002ko abenduaren 11ko Aginduko 17. artikuluak ezartzen duenez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, sailburuaren Aginduaren bidez, urtero egingo da agindu horretan aurreikusitako diru-laguntzen ildoetarako deialdia, eta bertan dagokion aurrekontu-horniduraren eta eskabideak aurkezteko epea zehaztuko dira. Programaren berezitasuna kontuan harturik, epe hori dagokion ekitaldi ekonomiko osoan luzatuko da.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua) 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean, Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak emateko arauak eguneratu edo berrikusiko dira edo, behar izanez gero, programen diru-laguntzen arauak ezarriko dira, eta, bere garaian indarraldirik zehaztu ez zitzaien diru-laguntzetarako deia egingo da.

Halaber, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 50. artikuluan izandako aldaketa jasotzeko xedearekin —aldaketa hori Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko Azken Xedapenetako seigarrenak eragin du—, debekatu egiten zaie deialdi honetan parte hartzea sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei, eta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta debeku horrekin zigortutakoei, hori guztia dagokion zigorra indarrean dagoen bitartean. Horren ondorioz, laguntzen eskatzaileek aurkeztu behar dituzten agirien artean, debeku horren pean ez egotearen zinpeko aitorpena ere aurkeztu beharko dute.

Horregatik guztiarengatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2008ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legea onartuta dagoelarik, eta laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko abenduaren 11ko Aginduko 17. artikuluan xedatutako gaikuntza erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituen Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2002ko abenduaren 11ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako deia egitea 2008. urterako. Aurten eskabideak aurkezteko epea agindu hau indarrean sartzen denean hasiko da, eta 2008ko urriaren 31n amaituko da.

2. artikulua.– 2002ko abenduaren 11ko Aginduaren helburua betetzeko erabiltzen diren baliabide ekonomikoei dagokienez, agindu horretako 23. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Helburua betetze aldera, 2008. urterako gehienez 9.355.091 euro baliatuko dira, honela banatuta: 3.855.091 euroko ordainketa-kreditua 2008ko ekitaldirako, 2.350.000 euroko konpromiso-kreditua 2009ko ekitaldirako, 2.350.000 euroko konpromiso-kreditu bat 2010eko ekitaldirako, eta 800.000 euroko konpromiso-kreditua 2011ko ekitaldirako.

3. artikulua.– Laguntzak eskuratu eta onartzeko baldintzak aipatutako 2002ko abenduaren 11ko Aginduan, hori aldatzen duen 2007ko maiatzaren 3ko Aginduan, eta agindu honetako xedapen gehigarri bakarrean aurreikusitakoak izango dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoa betez, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu sexuarengatik egindako diskriminazioa dela-eta administrazio-zehapena edo zehapen penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoek, ezta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako legea dela-eta debeku horrekin zigortutakoek ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 25a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala