Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Garraio eta Herri Lan Saila
2234

66/2008 DEKRETUA, apirilaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Araba Logística SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzko ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren —irailaren 17ko 19/2001 Dekretuak aldatu zuenaren— 16.1.c) artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz, eta horrekin bat, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak finkatzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuak lurreko garraioaren arloan zuzendaritza eta koordinazioa esleitzen dizkio Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzari; eta Garraio Zuzendaritzari, berriz, merkantzien eta bidaiarien garraioaren eta garraioaren inguruko jarduera lagungarri eta osagarrien plangintza eta antolamendua, baita Euskal Autonomia Erkidegoan garraioaren logistika garatzea ere.

2003ko otsailaren 13an, bere protokoloko 473 zenbakiarekin, Alfredo Pérez Ávila jaunak —Bilboko Elkargoko notario denak— emandako eskrituraren bitartez eratu zen "Araba Logística, Sociedad Anónima" izeneko merkataritza-sozietatea, sozietate anonimo gisa eta bere hasierako bazkideak honakoak zirela: Álava Agencia de Desarrollo SA, Araba Gertu SA eta Acesa Promotora Logística SA.

Zerbitzu komunak emateko eta jarduera logistikoetarako eraikinak altxatu, urbanizatu, garatu eta ustiatzea da sozietatearen xedea, hain justu ere aipatu obra eta zerbitzuen planifikazioa, laguntza teknikoa, kudeaketa, antolamendua, koordinazioa, zuzendaritza, mantentze-lanak eta kontserbazioari dagokionez, betiere zuzenbidez zilegi diren kontratuen barruan. Halaber, garraio- eta komunikazio-azpiegituren obra eta zerbitzuei atxikitako "zerbitzu-guneak" kudeatu, mantendu eta ustiatzen ditu.

2004ko apirilaren 20an, Fernando Ramos Alcázar jaunak, Bilboko Elkargoko notario denak egindako eskrituraren (1519 zenbakia) arabera, "Álava Agencia de Desarrollo SA" merkataritza-konpainiak ondokoak saldu eta transmititu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari: "Araba Logística SA" sozietatearen hamar mila akzio, 11.001etik 21.000ra zenbatuak (biak barne), bakoitza hogeita hamar (30) euroko balio izendatua zuena, guztiak ere ordainduak, eta hirurehun mila (300.000) euroko kopurua egiten zutenak.

Sozietatearen kapitala hogeita hamabi milioi bederatziehun eta hogeita hamabi mila eta berrehun (32.932.200,00) eurokoa da, hogeita hamar (30,00) euroko balio izendatuko milioi bat eta laurogeita hamazazpi mila zazpiehun eta berrogei (1.097.740) akzioz osatua; akziook 1etik 1.097.740erako (biak barne) zenbaki korrelatiboko serie bakarra osatzen dute; eta kapital guztia, bestalde, harpidetua eta ordaindua da.

2004ko apirilaren 20an, Fernando Ramos Alcázar jaunak —Bilboko Elkargoko notario denak— egindako eskrituraren (1519 zenbakia) arabera, "Álava Agencia de Desarrollo SA" merkataritza-konpainiak ondokoak saldu eta transmititu zizkion Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari: "Araba Logística SA" sozietatearen hamar mila akzio, 11.001etik 21.000ra zenbatuak (biak barne), bakoitzak hogeita hamar (30) euroko balio izendatua zuena, guztiak ere ordainduak, eta hirurehun mila (300.000) euroko kopurua egiten zutenak.

Sozietatearen kapitala —erabakitako gehikuntzaren aurretikoa— hogeita hamabi milioi bederatziehun eta hogeita hamabi mila eta berrehun (32.932.200,00) eurokoa da, hogeita hamar (30,00) euroko balio izendatuko milioi bat eta laurogeita hamazazpi mila zazpiehun eta berrogei (1.097.740) akzio arruntez eta izendunez osatua. Akziook 1etik 1.097.740erako (biak barne) zenbaki korrelatiboko serie bakarra osatzen dute; eta kapital guztia, bestalde, harpidetua eta ordaindua da. Horietatik Euskal Autonomia Erkidegoak hiru milioi berrehun eta laurogeita hamahiru mila berrehun eta hogei (3.293.220,00) euroko partaidetza eta harpidetza du.

Konpainiak 2008rako dituen diruzaintza aurreikuspenen arabera, proposamena egin zaio sozietatearen Akziodunen Batzordeari, zertarako eta, helburu horri begira, entitatearen kapitala zortziehun eta hogeita hamalau mila (834.000,00) eurotan gehitzeko. Horretarako hogeita zazpi mila eta zortziehun (27.800) akzio berri jaulki eta zirkulazioan jarriko dira, zeintzuk izendun tituluz ordezkatuta baitaude eta, aurrekoak bezala, balio izendatu eta eskubide eduki berekoak baitira. Akzio bakoitzaren balioa hogeita hamar (30,00) eurokoa da.

Akzio berriak balio izendatuaz jaulkitzen dira; akzio bakoitzeko, sei (6,00) euroko jaulkipen prima izango dute; eta 1.097.741etik 1.125.540ra zenbatuko dira modu korrelatiboan.

Aipatu konpainiaren kapital sozialaren %10 EAEko Administrazioarena denez, lehentasunezko eskurapen-eskubidea dagokio, betiere dituen akzioen proportzioaren arabera; hortaz, eskurapen-eskubidea baliatu nahi badu eta partaidetza-portzentaje berberari eutsi, gehikuntzaren %10eko ekarpena egin behar du, hau da, 2.780 akzio, laurogeita hiru mila eta laurehun (83.400,00 €) euroko balio izendatua egiten dutenak, eta hamasei mila seiehun eta laurogei (16.680,00) euroko jaulkipen-prima; guztira ehun mila eta laurogei (100.080,00) euro ordainduaz.

EAEko Administrazioaren politika garraio sektoreko logistika zentroak indartzea da; eta jarrera horri ekinaz, bidezkotzat jotzen da Araba Logística SA sozietatearen kapital gehikuntza horretan parte hartzea. EAEko Administrazioak kapital sozialean % 10eko partaidetza izango du, Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuko 110. artikuluan eta gainerako xedapen bateragarrietan adierazitakoaren arabera.

Horiek horrela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 8an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,

XEDATU DUGU:

1. artikulua.– Kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, Araba Logística SAren diruzaintza aurreikuspenen arabera. Gehikuntza hori Akziodunen Batzar Nagusiari —helburu horretarako deitzen denari— proposatzea aurreikusi da. EAEren ekarpena laurogeita hiru mila eta laurehun (83.400,00) eurokoa da, eta jaulkipen prima hamasei mila seiehun eta laurogei (16.680) eurokoa, ehun mila eta laurogei (100.080,00) euroko ordainketa eginaz.

2. artikulua.– Baimena ematea Ondare eta Kontratazio zuzendariari edo parte hartzeko kide-eskubideak dituenari, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, akzioak harpidetu eta estaltzeko beharrezkoak diren ordainketak eta ekarpenak egiteko, baita aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren gainontzeko jarduketetarako ere.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko apirilaren 8an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

NURIA LÓPEZ DE GUEREÑU ANSOLA.


Azterketa dokumentala