71. zk., 2008ko apirilaren 15a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
2230
AGINDUA, 2008ko otsailaren 29koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, likatasun txikiko (= 20 mPa•s) kamioi zisternetako neurtze-sistemen entitate egiaztatzaileen, konpontzaileen eta titularren obligazioak arautzen dituena.
Euskal Autonomia Erkidegoan metrologia kontrola burutzeko bitartekoak ezarri zituen otsailaren 27ko 38/2001 Dekretuak; eta arau batek hala ezarriz gero, neurtzeko tresna, aparailu, bitarteko eta sistema guztiei aplika dakieke, eta bai indarreango araudian aurreikusitako neurketei ere.
Izan behar dituen funtzionamenduri, konponketari eta egiaztapenei dagokienez, kamioko neurketa-sistemen konpontzaile eta titularren obligazioak arautzen dira agindu honen bidez.
38/2001 Dekretuko 12. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz eta aplikazio-eremuan zehaztutako tresnei dagokienez, konponketa edo aldaketa baten ostean egiaztapen-funtzioez baliatzeko nahiz aldizkako egiaztapenak egiteko, egiaztapen-entitateek bete beharko dituzten baldintza eta betekizunak ezarri nahi dira.
Aipatu dekretuko 4. artikuluan honako ezartzen da: "egiaztapen metrologikoa egiteko entitateak eta laborategiak" direnez, metrologiaren arloan egiaztapen-funtzioak egiteko gaituak daude: industriaren arloan eskumenak dituen organoak emandako baimen duten entitate publikoak edo pribatuak, betiere ezarritako arauzko baldintzekin bat etorriaz.
Halaber, Egiaztapen Metrologikorako Entitateak titulupean, 11. artikuluak ezartzen duenez, industriaren arloan, beherago zehaztutako kasuetan eskudun organoa denak gaitu egin ditzake egiaztapen metrologikoko entitateak, konponketa edo aldaketen ostean aldizkako egiaztapenak eta zainketa eta ikuskapen funtzioak egiteko. Direlako kasuak: eduki teknikoa, eskura diren bitartekoak eta burutu beharreko funtzioaren espezialitatea direla-eta, egokitzat jotzen bada: funtzioak egiaztapen metrologikorako entitateen bidez egitea.
Neurketa-trenei dagokienez Estatutuko kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuan xedatutakoak arautzen du: aipatu sistemak merkaturatzea.
Azaroaren 22ko ITC/3750/2006 Aginduan xedatutakoak arautzen du zerbitzuko neurketa-sistemei doazkien faseak. Izan ere, likatasun txikiko (≤ 20 mPa•s) kamioi zisternetako neurtze-sistemen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen da agindu horrekin (2006-12-09ko BOE).
Aipatutako xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz, eta gai honen inguruan Euskal Autonomia Erkidegoak daukan eskumenaren izaera betearazleaz baliatuaz, hauxe
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Helburua eta aplikazio-eremua.
1.– Beherago zehaztutakoek bete beharko dituzten izapide teknikoak eta administratiboak zehaztea da agindu honen xedea: likatasun txikiko (≤ 20 mPa•s) kamioi zisternetako neurtze-sistemak instalatzea; konpontzaileen eta neurtze-sistemen titularren obligazioak. Halaber, konponketaren ostean eta aldizkako egiaztapenetan jarraitu beharreko izapideak ere zehazten ditu agindu horrek. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza fiskala duten titularren neurtze-sistemei edo, batez ere, jardun eta geldialdiak EAEn egiten dituzten kamioi zisternadunei dagokienez.
2.– Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegorako baimena izateko, egiaztapen-entitateek eta konponketak egiten dituzten enpresek bete beharreko baldintzak eta betekizunak ezartzen dira.
Azaroaren 22ko ITC/3750/2006 Aginduko 1. artikuluan xedatutakoak arautzen du zerbitzuko neurketa-sistemei doazkien faseak. Izan ere, likatasun txikiko (≤ 20 mPa•s) kamioi zisternetako neurtze-sistemen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen da agindu horrekin.
4.– Sistema horien zehaztasun mota 0,5 izango da.
2. artikulua.– Neurtze-sistemen titularren betebeharrak.
1.– Agindu honetako 1. artikuluan aipatutako kamioi zisternen gaineko neurtze-sistemen titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Dauden neurtze-sistemak arautu, ITC/3750/2006 Aginduko IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera. Egokitzapena egitea beharrezkoa ez bada, aldian behingo arauzko egiaztapena eskatu beharko du.
b) Baimendutako entitate egiaztatzaile bati eskatu urtean behingo egiaztapena; halaber, neurtze-sistema aldatu edo konpontzen bada edo sistemaren kontagailua beste batez ordezten bada. Eskabidearekin batera identifikazio-buletina aurkeztu beharko dute (I. eranskina).
c) Beste neurtze-sistema bat eskuratzen bada edo lehendikoa egokitzen bada, sistemak ondoko hauek dituela egiaztatu beharko da
– Fabrikatzaileak, komertzializatzaileak edo konpontzaileak emandako identifikazio-buletina.
– Arauzko markaketa.
– Ezaugarrien plaka.
– Zigiluak.
d) Neurketak egiteko egoera onean izatea sistema, eta, halaber, zigiluak ere. Zigiluren bat faltatuz gero, titularrak kendu egin beharko du zerbitzutik neurtze-sistema, eta eskatu egiaztapen ofiziala eskatu baimendutako entitate egiaztatzaile bati.
e) Tresnetan operatu behar duen konpontzaileak, batetik, legez beharrezkoak diren baimenak dituela ziurtatzea, eta, bestetik, jarduketak egiteko kendu behar izan dituen zigiluak behar bezala laga dituela ziurtatzea. Ondokoak jasotzen dituen lan-partea eskatu behar dute: konponketaren nondik norakoak, konpontzailearen zenbakia, jardun duen pertsonaren identifikazioa, data, sinadura eta enpresa konpontzailearen zigilua.
2.– Entitate baimenduek beste autonomia erkidego baten egindako aldizkako egiaztapenek EAEn egindakoen balio bere dute.
3. artikulua.– Kamioi baten neurtze-sistema bat instalatzeko betekizunak.
1.– Kamioi baten neurtze-sistema berri bat instalatzen bada, aldizkako egiaztapena egitea tokatzen denean, baimendutako entitate egiaztatzailearen aurren justifikatu egin beharko da: neurtze-sistema merkaturatzeko betekizunak konplitu egin direla. Hartarako, sistema saltzen duenari eskatu egin beharko dio dokumentazio egokia, honakoa:
2.– Neurtze-sistemen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuko III. eranskinean jasotako b+d moduluak, adostasuna ebaluatzeko direnak, aplikatu baditu fabrikatzaileak, egiaztatu egin beharko da: jardun duen erakundearen zenbakia agertzen dela adostasun-markaketan, eta erantsiko den adostasun-deklarazioan identifikatu egin beharko da modeloa.
3.– 889/2006 Errege Dekretuko III. eranskinean jasotako B+F moduluak, adostasuna ebaluatzeko direnak, aplikatu baditu fabrikatzaileak, egiaztatu egin beharko da: adostasun-markaketan agertu egiten dela jardun duen erakundearen zenbakia, eta adostasun-deklarazioarekin batera aurkeztu egiten dela: erakundeak egindako entsegu eta azterlanei buruzko adostasun-egiaztagiriaren kopia.
4.– 889/2006 Errege Dekretuko III. eranskinean jasotako G moduluak, adostasuna ebaluatzeko dena, aplikatu bada, aurkeztu egin beharko da: egindako entsegu eta azterlanei buruzko adostasun-egiaztagiria, jakinarazpena izan duen erakundeak emana.
5.– 889/2006 Errege Dekretuko III. eranskinean jasotako H1 modulua, adostasuna ebaluatzeko dena, aplikatu bada, aurkeztu egin beharko da: adostasun-deklarazioa aurkeztu beharko da, diseinuaren azterketaren egiaztapen-zenbakia jasotzen duena.
4. artikulua- Enpresa konpontzaileak.
Kamioi zisternetako neurtze-sistemen enpresa konpontzaileek inskribaturik egon beharko dute Kontrol Metrologikorako Erregistroan, bete egin beharko dituzte azaroaren 22ko ITC/3750/2006 Aginduko I. eranskinean zehaztutako betekizunak, eta gaitasuna izan beharko dute agindu horretako IV. eranskinean zehaztutako lanak egiteko.
2.– Egoitza beste autonomia erkidego baten izanik, EAEn jardun nahi dutenek, jardun nahi duten lekuetako lurralde-bulegoei, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarenekoei, jakinarazi diezaiekete. Jakinarazpenean honakoak jaso beharko dira: Kontrol Metrologikorako Erregistroko inskripzioaren egiaztagiria, eta lurralde-bulego bakoitzari lurraldean egiten dituzten jarduketen guztien berri emateko konpromisoa, hain justu ere ITC/3750/2006 Aginduko 4.3 artikuluan zehatutako konponketa-datuak aurkeztuaz.
3.– Lurraldean euren jarduerarekin segitu nahi duten enpresek aurkeztu egin beharko dituzte: jarduteko euren gaitasuna bertan behera uzten edo mugatzen duen ezin zehapenen barruan ez izateari buruzko egiaztagiria.
4.– Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten konpontzaileek inskribaturik egon beharko dute Kontrol Metrologikorako Erregistroan. Hiru hilabeterik behin, euren lurraldetan burututako jarduketa guztien berri eman beharko diote dagokien lurralde-bulegoei; hartarako, konponketari dagokionez ITC/3750/2006 Aginduko 4.3 artikuluan zehaztu datuak aurkeztuaz.
II. KAPITULUA
ERAKUNDE EGIAZTATZAILE BAIMENDUAK
5. artikulua.– Erakunde egiaztatzaileak baimentzeko eskaera.
1.– Kamioiaren neurtze-sistemak aldatu edo konpondu ostean, aldizkako egiaztapenak egiten dituzten entitateak baimendu egingo ditu metrologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzak, agindu honetan zehaztutako neurtze-sistemei dagokienez.
2.– Baimen-eskaerak aipatu zuzendaritzara bidali behar dira, eta sail honen lurralde-bulego egokiaren bidez aurkeztu beharko dira. Eskabide horrekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
– Autonomia Erkidego honetan jarduteko baimen-eskaera, baimen hori zein sistemetarako den zehaztuaz. Kontrol Metrologikorako Erregistroan inskribatzea ere eskatu beharko dute.
– Enpresaren nortasun juridikoa, zein jarduera egiten dituen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dituen establezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa.
– Langileen zerrenda, kualifikazioa eta enpresan duten antzinatasuna, arlo honi dagokionez euskal administrazioaren aurrean enpresaren pertsona arduraduna zehaztuaz. Jarduera honetan parte hartzen duten langileak gaituta daudela egiaztatu beharko da jasotako prestakuntzaren egiaztagiri edota justifikagirien bidez.
– Etengabe erabilgarri dauden bitarteko teknikoen zerrenda. Ezaugarriak, kalibrazio-plana, trazabilitatea eta azken kalibrazioaren ziurtagiriaren kopia. Gutxienik, azaroaren 22ko ITC/3750/2006 Aginduko III. eranskinaren 2.2 paragrafoan adierazitako bitartekoak; kaudalimetroarekin, multimetroarekin eta ontziak garraiatzeko beharrezko bitartekoekin osatuak, eta horien erabilera egokia. Kontagailu patroi betez ordeztu daitezke ontziak.
– Egiaztapenen neutraltasun eta konfidentzialtasunaren, indarreango legezko aginduak betetzearen eta EAEko Administrazioak zehaztutako prozeduraren gaineko deklarazioa.
– Aipatu neurtze-sistemei dagokienez enpresak aparatuen fabrikazio, konponketa edo merkaturatzearekin zerikusirik ez duela egiaztatzen duen agiria.
– Kamioaren neurtze-sistemen egiaztapena eskatzen duten entitateek justifikatu egin beharko dute ondokoekiko independentzia: agindu honetan aipatu kamioi zisternen bidez maneatzen diren produktuen saltzaileekiko eta kamioion titularrekiko.
– Kalitate-sistema egiaztatzeko agiria, onetsitako entitate egiaztatzaileak emana, aurkeztu beharko dute eskabidea dagiten entitateek. Horren ordez, egiaztapen sistemaz ENAC-k emandako egiaztapena aurkez dezakete.
– Erantzukizun zibileko asegurua, gutxienez 300.000 eurokoa. Zenbateko hori eguneratu egingo da aldizka, Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera.
6. artikulua.– Eskabidea izapidetzea.
2.– Lurralde-bulegoek, euren zerbitzu teknikoek egiaztatzen dutenean agindu honetan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen direla, jasotako eskabideak zuzendaritzari igorriko dizkiete, dagokion txosten teknikoarekin batera. Txosten horretan adieraziko dute baimena ematea zilegi den edo ez den.
2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarritakoaren arabera egingo da prozeduraren instrukzioa.
7. artikulua.– Erakundeak baimentzea.
1.– Eskabidea baimentzea nahiz ukatzea interesdunari jakinaraziko zaio eta hartarako arrazoiak adierazi beharko dira, eta jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango du eragina.
2.– Otsailaren 27ko 38/2001 Dekretuko 12. artikuluko 3. eta 4. puntuetan ezarritakoarekin bat etorriaz, entitate egiaztatzaileari baimena emateko Ebazpenak, gutxienik, honako osagaiak izan beharko ditu:
– Entitate egiaztatzailearen izena eta egoitza.
– Kontrol Metrologikorako Erregistroko inskripzio-zenbakia.
– Esleitutako identifikazio-zenbakia:
– Izendatutako enpresako arduraduna.
– Baimena ematen zion neurri-maila eta jarduera-eremua.
– Baimenaren idarraldia.
– Esleitutako markak eta zigiluak.
3.– Aipatu ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta entitate egiaztatzaileen Erregistroan inskribatuko da entitatea (II. eranskina).
8. artikulua.– Erakunde egiaztatzaileen jarduerarako araubidea.
1.– Baimendutako erakunde guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein lurraldetan jardun dezakete. Erakundeak gutxienez establezimendu bat izan behar du erkidego honetan.
2.– Egiaztapenetarako baimena 5 urterako emango da, eta mugaeguna baino lehen berritu beharko da. Berritzeak ere bost urtekoak izango dira, eta mugaeguna baino bi hilabete lehenago eskatu beharko dira.
3.– Baimena emateko baldintzei eutsi beharko die entitateak.
4.– Baimendutako entitate egiaztatzaileek ondoko arauetan xedatutako bete beharko dute: aplikagarri zaizkien arautegi teknikoak, eta Metrologia arloko organo eskudunek emandako jarraibide eta gidalerro teknikoak.
5.– Trenetan egindako entseguen emaitzek gainditu egiten badute ezarritako kontrol metrologikoa, "Aldizkako egiaztapenaren ziurtagiria/ aldaketa edo konponketaren ostekoa" agiria eman beharko da (III. eranskina), betiere egiaztapen etiketa ipini ostean.
6.– Arauzko zigiluak izateak zera ekarriko du: titularrak ezin izango du erabili sistema, harik eta atzemandako anomaliak zuzendu eta baimendutako entitate egiaztatzaile baten bidez egiaztapena egin arte.
7.– Neurtze-sistemaren eraikitze-egituraren identifikazio-plakarik ez izatea edota plaketan zigiluak ez izatea akats arintzat hartuko da; eta ez da geldituko egiaztapena. Hilabeteko epean zuzendu beharko dira eta zuzenketaren berri eman beharko zaio dagokion lurralde-bulegoari, eta baimendutako entitatearen jarduera-zerrenda jaso ostean aipatu lurralde-bulegoan egiaztatu egingo du hura (V. eranskina).
8.– Fabrikatzaileak emandako ezaugarri-plaka ez bada ulergarria, beste bat jartzeko eskatu beharko da. Ordezten denean, entitate egiaztatzaileak egoki zigilatuta utzi beharko du.
9. artikulua.– Erakunde baimenduak kontrolatzea.
1.– Erakunde baimenduen jarduera guztiak: sail hoen menpeko zerbitzu teknikoen esku-hartze eta kontrolpean egongo dira.
2.– Entitate baimenduek, Euskal Autonomia Erkidegoan egindako jarduera guztiak erregistratuko dituzte. Sail honen zerbitzu eskudunen zerbitzuek eskura izan beharko dute dokumentazioa.
3.– Sei hilabeterik behin, entitate egiaztatzaileek lurralde-bulego bakoitzari bidaliko diote lurralde bakoitzean egiaztatutako tresnen zerrenda osoa, V. eranskinean adierazitako datuekin batera.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoan egindako jarduera guztiei buruzko komunikazioa bidali beharko diote urteko Metrologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzari.
10. artikulua.– Baimena aldatu eta ondoriorik gabe geratzea.
1.– Entitate egiaztatzaileak baimentzeko oinarritzat hartutako edozein betekizun edo baldintza aldatuz gero, erakundeek une horretan bertan eman beharko dute aldaketaren berri. Jakinarazpena egin eta dagokion espedientea izapidetu ondoren, baimena aldatu edo, hala badagokio, ondoriorik gabe utziko da.
2.– Baimena emateko oinarritzat hartutako datuak gezurrezkoak direla edo baimenerako baldintzak ez direla bete antzematen bada, dagokion espedientea izapidetu ondoren baimena ondoriorik gabe utzi ahal izango da.
III. KAPITULUA
BAIMENDUTAKO ENTITATEEN EGIAZTAPENAK
11. artikulua.– Entitate egiaztatzaileen betebeharrak.
Erakunde egiaztatzaileek honako betebeharrak izango dituzte beraien jardunean:
a) Aldaketa edo konponketa kasuetan, hornigailuak egiaztatzeko eskabideei erantzutea albait arinen, betiere 10 eguneko epearen barruan.
b) hala eskatuz gero, aurreikusitako edo egindako egiaztapenen beri ematea dagokion lurralde-bulegoari.
c) III. eranskineko ereduarekin bat datorren egiaztapen-agiria ematea. Egiaztapena egin duen entitatearen idazpurua izan dezake egiaztapen-agiriak, bere anagramarekin eta honako testuarekin: "............zenbakiko entitatea, Egiaztapen-zerbitzua egiteko Eusko Jaurlaritzak baimendua".
d) Agindu honetako 12. artikuluaren arabera jarri beharreko egiaztapen-etiketa itsastea eta neurtze-sistema zigilatuta uztea.
e) Entseguen protokoloei buruzko datuen erregistroko orriak bete eta Administrazioak eskurazteko moduan izan, gutxienez hiru urtez.
12. artikulua.– Egiaztapen-prozedura.
1.– ITC/3750/2006 Aginduko III. eranskinean zehaztutakoa izango da egiaztapen-prozedura; eta Industriako Idazkaritza Orokorrak 2007ko azaroaren 29an zehaztutako patroi-kontagailudun prozedura erabili ahal izango da.
2.– Zerbitzuan diren sistemei dagokienez, honakoak kontuan izanda egingo da lehen egiaztapena: egiaztapen-prozedura, eta ITC/3750/2006 Aginduko IV. eranskinean zehaztutakoa.
13. artikulua.– Zigilatzea eta markatzea.
1.– Ezarritako egiaztapena gainditzen badu neurtze-sistemak, IV. eranskinaren araberako etiketa jarriko beharko da, ikusteko moduko lekuan; eta egiaztapenaren baliotasun-epearen mugaegunaren hilabete eta urteari dagozkion laukitxoak zulatuko dira.
2.– Gainditzen ez badu, ikusteko moduko lekuan "zerbitzuz kanpoko aparatua" dioen ezgaitze-etiketa jarriko beharko da IV. eranskin berberaren arabera; eta aparatuaren titularrari idatziz jakinaraziko zaio egiaztapena gainditu arte aparatua zerbitzuz kanpo eduki beharko duela.
3.– Neurtze-sistemaren legezko dokumentazioan zehaztutako puntuak zigilatu egingo ditu egiaztapen-entitateak, hala moldez non neurketako elementuak ezin izango dituzten desmuntatu edo doitu baimenik gabeko pertsonalak, hala jasota geratu gabe.
4.– Egiaztapen-entitateari esleitutako zigiluen markak honakoak izango dira: egiaztapena baimentzeko ebazpenean ezarritakoak.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Kontrol metrologikoa egiteko erabili beharreko agirien zerrenda.
Agindu honen eranskin honen gisa onartzen dira neurtze-sistemen titularrek nahiz erakunde egiaztatzaileek erabili beharreko agiri ofizial:
– I. eranskina: Identifikazio-buletina.
– II. eranskina: Baimendutako entitate egiaztatzaileen erregistroa.
– III. eranskina: Egiaztapen-ziurtagiria.
– IV. eranskina: Egiaztapen-etiketak.
– V. eranskina: Administrazioari aurkeztu beharreko datuak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Industria-segurtasunaren arloan eskumena duen zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu honetan ezarritakoa gauzatzeko eta aplikatzeko eman beharreko jarraibideak eman ditzan eta aginduko eranskinak behar berrietara egokitu ditzan.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 29a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
ANA AGUIRRE ZURUTUZA.
I. ERANSKINA
Kamioi zisternako neurtze-sistemak identifikatzeko buletina
IBILGAILUKO ETA KAMIOI ZISTERNAKO NEURTZE-SISTEMEN TITULARRA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ENTITATE EGIAZTATZAILEEN ERREGISTROA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
KAMIOI ZISTERNAKO NEURTZE-SISTEMAREN EGIAZTAPEN-ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
EGIAZTAPEN-ETIKETAK.
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ADMINISTRAZIOAN AURKEZTU BEHARREKO DATUAK – KAMIO ZISTERNAKO NEURTZE-SISTEMAREN ERREGISTROA
(Ikus .PDF)