Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2008ko martxoaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Garraio eta Herri Lan Saila
1813

AGINDUA, 2008ko otsailaren 28koa, Garraio eta Herri Lan sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herriz kanpo errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularren barruan, erabilpen orokorreko zerbitzuetarako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herri artean errepidez garraiatzeko erabilera orokorreko zerbitzu publikoetan kobratu beharreko tarifak osatzen dituzten zenbait elementuren prezioa igo egin da. Hortaz, eta arloko elkarte batzuk horrela eskatu dutenez, bidezko da indarrean dauden tarifak igotzea.

Igoera orokorra kalkulatzeko Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 48.6 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da; artikulu horren arabera, erabilera orokorreko zerbitzu publiko erregular iraunkorretan, Administrazioak tarifak berrikusteko arau batzuk ezar ditzake, eta arau horiek faktore objektiboak ez ezik emakida bakoitzaren produktibitatea ere kontuan hartuko dute. Baina, oraingoz Legea erregelamendu bidez garatu ez denez, Legearen xedapen gehigarrietan lehenbizikoan eta martxoaren 30eko 16/1987 Legearen 19.5 artikuluan, abenduaren 27ko 24/2001 Legeak berridatzitako eran, ezarritakoari jarraituko zaio; 24/2001 Legeak, bestetak beste, bidaiariak herri artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregular iraunkorren barruan, erabilera orokorreko zerbitzuetako tarifen berrikuspen orokorrerako arauak ezartzen ditu.

Gainera, kontuan izan behar da Agindu honen edukiarekin, eta bereziki 8. eta 9. artikuluekin, ez dugula inolaz ere datozen urtealdietarako tarifa-politikaren inguruko aurreiritzirik ezarri nahi, Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legea erregelamendu bidez garatzekotan baitago.

Bestetik, emakiden artean dauden ezberdintasun nabarmenengatik, batez besteko igoera orokor hori arlo guztian uniformea ez denez, hala eskatzen duten enpresei tarifak banaka berrikusteko aukera emango zaie.

Ondorioz, Garraio eta Herri Lan Sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urtarrilaren 15eko 20/2002 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan eskumena erabiliz, eta martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 4.1 eta 48. artikuluak kontuan izanik, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Bidaiariak herri artean errepidez garraiatzeko emakida bidezko zerbitzu publiko erregularren barruan erabilera orokorrekoetako tarifen berrikuspen orokorra egiteko Errepideko Bidaiari Garraioaren martxoaren 18ko 4/2004 Legearen 48.6 artikuluan eta uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 19.5. artikuluan (Zerga, Administrazio eta Gizarte Neurriei buruzko abenduaren 27ko 24/2001 Legeak berridatzikoak), ezarritako arauak aplikatuko dira.

2. artikulua.– Bidaiariak herri artean errepidez garraiatzeko erabilera orokorreko zerbitzu publiko erregularretarako baimena duten enpresek, beren emakida guztien tarifen banakako berrikuspena eskatu ahal izango dute. Horretarako, eskabide arrazoitua aurkeztu beharko dute enpresek, kasuan kasuko foru aldundian garraioen arloko eskumena duen organoan; eskabide horretan, enpresa-kostuak sortarazten dituzten gorabehera ekonomikoen multzoa adierazi beharko dute eta, diru-sarrerak eta gastuak zehaztu. Organo horiek, hala behar izanez gero, enpresak aurkeztutako informazioa egiaztatu ahal izateko beharrezko peritu-frogak egitea agindu ahal izango dute, eta horren kostuak eskatzailearen kontura izango dira. Dena dela, administrazioak esango du nork egin behar dituen azterketa eta egiaztapen horiek, eta administrazioak berak zuzenduko ditu.

3. artikulua.– Tarifen banakako berrazterketa aukeratzen duten enpresek, dagokien baimenaren azterketa ekonomikotik ateratako formula polinomikoaren arabera igo ahal izango dituzte tarifak. Formula polinomiko hori bera izango da aurrerantzean baimena eguneratzeko erabili beharko den formula, eta ezin izango dute batez besteko formula polinomikorik erabili, ez eta tarifen igoera orokorra ezarri.

4. artikulua.– Kasuan kasuko formula polinomikoen gaineko banakako berrikuspenerako Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan arlo horretan izandako batez besteko igoera-indizeak erabiliko dira, eta hortaz, ezin izango dira kasu partikularretan izandako igoerak aplikatu.

5. artikulua.– Emakidaren kostu-egituraren azterketaren ondorioz, enpresaren kudeaketa txarra dela ikusiz gero, eskatutako igoerak erabat edo zati batean ukatu ahal izango dizkio administrazioak.

6. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularretan gutxienez 1,15 euro ordaindu beharko da.

7. artikulua.– Eskualde bereko hainbat linea erregularretarako emakidak dituzten enpresek edo, linea bakarrerako emakida izanik, eskualde oso bat hartzen dutenek, bezeroei zerbitzu hobea eskaintzako hainbat txartel ezberdinen kopurua gutxitu eta abonuak eskaini ahal izango dituzte.

Tarifak igotzeko proposamena kasuan kasuko foru aldundiko organo eskudunari aurkeztu beharko zaio, eta horrek, ateratzen diren prezioak onartu ahal izango ditu, baldin eta 1. artikuluan ezarritako batez besteko igoera gainditzen ez badute.

Batez besteko igoera hori lortzeko, batzen den diru guztiarekiko txartel mota bakoitza zenbatekoa den neurtuko da.

8. artikulua.– Adierazitako igoera horien ondorioz ateratzen diren prezioak, borobildu egingo dira, goitik nahiz behetik, bost zentimo baino gutxiagoko euroren zatikirik atera ez dadin.

9. artikulua.– Linea baten barruan, aurreko artikuluetan ezarritakoa aplikatu eta prezio igoerarik ez dagokion edo are jaitsiera dagokion bidegune bat edo gehiago badago, bidaia-txartelaren prezioa bost zentimo igo ahal izango da.

10. artikulua.– Gauez, hots, 23:00 eta 06:00ak bitartean eta emakidaren ordutegitik kanpora egindako zerbitzuetan, bidaia-txartelaren prezioa % 50 gehitu ahal izango da.

11. artikulua.– Erabiltzaileen leialtasuna saritzeko deskontudun bidaia-txartelak saltzea erabakitzen bada, Agindu honen ondorioz bidaia-txartel arruntei ezarri beharreko prezioa % 30 igo ahal izango du aginpidea duen foru aldundiak.

12. artikulua.– Garraio-txartela autobusean bertan erosten bada, erabiltzaileak 20 eurora arteko kanbioak jasotzeko eskubidea izango du, 10. artikuluan aipatutako gaueko zerbitzuetan izan ezik; horrelakoetarako, foru aldundiek bestelako ordainketa-sistema batzuk ezarri ahal izango dituzte.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio zuzendariari Agindu hau eta ezarri beharreko gainontzeko arauak interpretatzerakoan auzirik sortuz gero, horiek ebazteko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiariak herri artean errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularren barruan erabilera orokorreko zerbitzuetako tarifak eta gutxienez ordaindu beharrekoak igotzen dituen Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2007ko martxoaren 14ko Agindua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio zuzendariari Agindu hau garatzeko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena.– Agindu hau 2008ko apirilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 28a.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

NURIA LÓPEZ DE GUEREÑU ANSOLA.


Azterketa dokumentala