Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2008ko martxoaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1811

AGINDUA, 2008ko martxoaren 5ekoa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen (aurrerantzean, NAEL) akreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituen urriaren 28ko 263/2003 Dekretuak 7. artikuluan erakunde horiek akreditatzeko prozedura ezartzen du; eta, gainera, artikulu horren 7. puntuan dioenez, Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak emandako akreditazioa dekretu honetako lehen xedapen gehigarrian araututako NAELen Erregistroan izena eman ostean baino ez da eraginkorra izango.

Ildo horretan, dekretu horretako Lehenengo Xedapen Gehigarrian erregistro hori sortzen da, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzaren menpe, horien funtzionamenduaren kontrola hobetzeko eta eskuragarriago egiteko. Erregistroak, erakunde horien funtsezko datuak jasotzeaz gain, bitartekotza-zerbitzuko erabiltzaileen kexu eta erreklamazioak ere bilduko ditu.

NAELen Erregistroak bi atal izango ditu:

Lehenengo atalean erakundeen identifikazio datu guztiak eta gobernu eta ordezkaritza-organoei buruzko beste batzuk sartuko dira. Atal honetako inskripzioek izaera eratzailea izango dute.

Bigarren atalean, kexu eta erreklamazioak jasoko dira, NAELetako erabiltzaileek antzematen dituzten akatsak, hala gertatuz gero, Administrazioari jakinarazteko tresna izan dadin eta Administrazioak, bere aldetik, kexu eta erreklamazioei tratamendu sistematikoa eman diezaien.Arau horietan aurreikusten denez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritza izan daiteke NAELen eta erabiltzaileen arteko gatazkak ebazteko bitartekaria.

263/2003 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrak, halaber, sei hilabeteko epea finkatzen du NAELen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendu-erregelamendua landu eta onartzeko.

Horiek horrela, xedapen gehigarri horretan ezarritakoari jarraituz, honakoa

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

NAELen Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzea da agindu honen helburua.

2. artikulua.– Erabiltze-eremua.

1.– NAELen Erregistroa bakarra izango da Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Ongizateko Zuzendaritzari atxikita eta bere menpe egongo da eta Zuzendaritzak berak hartu beharko du bere gain erregistroaren funtzionamendu egokiaren zaintza.

2.– Honakoak egongo dira aginduaren erabiltze-eremuan:

a) Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko zuzendariak akreditatutako NAELak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan akreditatutako NAELen erabiltzaileak.

3. artikulua.– Antolamendua.

NAELen Erregistroak honako atal hauek izango ditu:

a) Lehenengo Atala: akreditatutako NAELak.

b) Bigarren Atala: Kexuak eta erreklamazioak.

4. artikulua.– Erregistroaren inplementazioa eta jarraipena.

1.– NAELen Erregistroaren inplementazioa eta jarraipena sistema informatiko baten bidez egingo da.

2.– Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak Erregistroaren euskarri moduan erabiliko den sistema informatikoak izan behar dituen funtzionalitateak zehaztuko ditu bai eta bere helburuak betetzeko egokien iritzitako fitxategien antolamendu eta oinarrizko egitura ere.

II. KAPITULUA
NAZIOARTEKO ADOPZIORAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN ERREGISTROKO LEHENENGO ATALA

5. artikulua.– Inskriba daitezkeen erakundeak.

1.– NAELen Erregistroko Lehenengo Atalean ofizioz inskribatu beharko dira Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak kreditatutako erakundeak.

2.– Erakunde bakoitzaren erregistro-idazpenean honakoak jasoaraziko dira berariaz:

2.1.– Datu orokorrak:

a) Erakundea identifikatzeko datuak.

b) Erakundearen egoitza:

c) Gobernu eta ordezkaritza organoen osaera.

d) Talde teknikoa eta dagozkion aldakuntzak.

2.2.– Herrialdekako berariazko datuak:

a) NAELak zein herrialdetarako jaso duen akreditazioa.

b) Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileak bitartekotza-funtzioak eta dagozkien eguneraketa onartuak egiteagatik jaso dezakeen diru-ordaina.

c) Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzak emandako akreditazioari dagokionez:

– Akreditazio-eguna.

– Akreditazio-prozedura (lehiaketa publikoa edo akreditazio zuzena).

– Hala gertatuz gero, emandako luzapenak edo horien ezeztapen edo ukoak.

– Hala gertatuz gero, akreditazioa indargabetzen duen ebazpena eta indargabetze hori aldi baterako edo behin betikoa den.

– Hala gertatuz gero, NAELi espedienteak entregatzea aldi baterako geldiarazten duen ebazpenaren data.

d) Adin gabeko pertsonen jatorrizko herrialdeak emandako baimenei dagokienez:

– Jatorrizko herrialdeak emandako baimenaren data, erakunde emailea eta baimenaren iraupena.

– Hala gertatuz gero, emandako luzapenak edo horien ezeztapen edo ukoak.

– Hala gertatuz gero, berriz emandako baimenaren edo baimenen data.

– Hala gertatuz gero, baimena indargabetzen duen ebazpenaren data eta horretarako izandako arrazoi nagusiak.

– Hala gertatuz gero, NAELaren jarduera aldi baterako geldiarazten duen ebazpena.

e) NAELek amaitutako adopzio espedienteen kopurua, azken ekitaldi osoari dagokionak.

3.– Aurreko datuetan gertatzen diren aldakuntzek, hala gertatuz gero, dagokien idazpena izan beharko dute.

6. artikulua.– Lehenengo Atalaren Antolaketa.

Akreditatutako erakunde bakoitzaren inskripzioa fitxategi bananduan egingo da.

7. artikulua.– Idazpen motak.

1.– Erregistroan honako idazpenak egingo dira: alta emateko, aldatzeko edo osatzeko eta baja emateko.

2.– Akreditatutako erakundeek 5. artikuluan adierazitako datuetan egindako edozein aldakuntza jakinarazi beharko diote hilabeteko epean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari eta, behar bezala baimendu ostean, dagokien Erregistroko fitxategian jaso beharko dira.

3.– Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzailea desagertuz gero, dagokion baja-idazpena egin beharko da erregistroan eta bertan desagertzeko arrazoia eta desagertzen den eguna adierazi beharko dira.

8. artikulua.– Lehenengo Atalaren sarbidea eta publizitatea.

1.– Erregistroaren lehenengo atala publikoa da.

2.– Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzak www.gizaetxe.ejgv.euskadi.net web orriaren bidez erregistroan inskribatuta dauden NAELak jakinaraziko ditu.

3.– Erakunde eta datu inskribagarrien egiaztapenak Eusko Jaurlaritzako Ongizateko zuzendariak emango ditu.

4.– Erregistroan inskribatutako datuetara iristeko bidea Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren araberakoa izango da.

III. KAPITULUA
NAZIOARTEKO ADOPZIORAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN ERREGISTROKO BIGARREN ATALA

9. artikulua.– Inskriba daitezkeen ekintzak.

NAELen Erregistroan Euskal Autonomia Erkidegoan akreditatutako NAELen erabiltzaileek egindako erreklamazioak eta kexak erregistratu beharko dira. Erreklamazioak eta kexak, nolanahi ere, erakundeek emandako zerbitzuari buruzkoak izango dira.

10. artikulua.– Bigarren Atalaren Antolaketa.

1.– Bigarren Atalean egiten diren erreklamazio edo kexen idazpenak jaso ahala egingo dira eta gutxienez honako hauek jasoko dituzte: erreklamazioa edo kexa aurkeztu den eguna eta erregistroan jaso den eguna, eragindako alderdiak zeintzuk diren, erreklamazio edo kexaren zioari buruzko azalpen labur-laburra, Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzaren ikuskaketa edo bitartekotzaren emaitza.

2.– NAELen Erregistroko Bigarren Ataleko edukia honako hauek baino ezin izango dute ezagutu: erreklamazioa edo kexa aurkezten duten pertsonek, erreklamazio edo kexaren gai diren NAELek eta haurren eta nerabeen babesaren arloan aginpidea duten administrazio publikoek.

3.– Erregistroan inskribatutako datuetara iristeko bidea Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren araberakoa izango da.

4.– Nolanahi ere, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako babes araubideari jarraituko zaio.

11. artikulua.– Erreklamazio orriak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aritzeko akreditatutako NAEL guztiek erreklamazio-orriak izango dituzte beren zerbitzuetako erabiltzaileen eskuragarri. Orri horiek arau honen eranskinean jasotako ereduaren araberakoak izango dira eta ageri-agerian izan beharko dute ondorengo esaldia edonork ikus dezan: "Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaile honek baditu erreklamazio orriak nornahik erabiltzeko".

2.– Erreklamazio orriak. halaber, interesatuen eskuragarri egongo dira www.gizaetxe.ejgv.euskadi.net web orrian.

12. artikulua.– Erreklamazioak eta kexak.

1.– Gertatutakoak egiaztatzeko, hala ere, erabiltzaileek bidezko iritzitako agiriak aurkeztu ahal izango dituzte erreklamazio edo kexekin batera, NAELen, dagokion Lurralde Historikoko Foru Aldundian edo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzan eta, oro har, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1002 Legearen 38.4 artikuluak horretarako finkatutako tokietatik edozeinetan.

2.– Erreklamazioak edo kexak Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzan artez aurkezten ez badira, NAELen Erregistrora igorri beharko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitako tokietatik edozeinetan aurkeztu eta 7 asteguneko epean.

13. artikulua.– Erregistroan erreklamazio edo kexaren idazpena egitea.

Akreditatutako erakundeen erabiltzaileek berek aurkeztu edo Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileak erregistrora bidalitako erreklamazioa edo kexa erregistroan jaso ostean, Agindu honetako 10.1 artikuluan aurreikusitako moduan egingo da idazpena Bigarren Atalean.

14. artikulua.– Erreklamazio edo kexaren kudeaketa.

1.– Erregistroan kexa edo erreklamazioa jaso ostean, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak bitartekotza lana egingo du eta, horretarako, erreklamazioa edo kexa aurkeztu eta hurrengo 10 egunetan, alderdi biei deituko die agerraldi bat egiteko. Nolanahi ere, lau eguneko epea igaro beharko da gutxienez deialditik ekintza bera egiten den arte eta Zuzendaritzak erreklamazioa edo kexa konpontzeko akordio batera iristeko proposamena egingo die.

Erreklamazioa edo kexa aurkezten duen pertsonari behar bezalako deialdia egiten bazaio baina bertaratzen ez bada edo arrazoi zuzenik azaltzen ez badu, erreklamazioan edo kexan atzera egin duela ulertuko da. NAELeko ordezkaria agertzen ez bada eta horretarako arrazoirik ematen ez badu, ekintza burututakotzat eta ondoriorik gabekotzat hartuko da.

2.– Bitartekotzaren bidez alderdi bien arteko akordia lortzen bada edo erreklamazioa edo kexa aurkeztu zuen pertsonak atzera egiten badu, erreklamazioa edo kexa artxibatzen duen ebazpena emango da, eta gertatutakoa jasoarazi eta interesatuei jakinaraziko zaie, baldin eta zigor edo administrazioko arau-haustea ez badira.

3.– Administrazioko arau-haustetzat jotzen bada, dagokion espedientea hasiko da horretarako ezarritako bideari jarraituz. Hasteko erabakia hartu aurretik, informazio aldia ireki ahal izango da, dena delako kasuaren zer-nolakoak ezagutzeko eta prozedura hastea komeni den ala ez jakiteko.

4.– Edozein momentutan zigor-zuzenbideko arau-haustearen zantzu arrazionalak antzematen badira, Ministerio Fiskalari horren berri emango zaio eta, hala badagokio, administrazio prozeduraren izapideak geldiaraziko dira epailearen ebazpen irmoa eman arte, Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Alderdi bien arteko akordiorik badago eta gertatutakoak administrazio edo zigor-zuzenbideko arau-hausteak ez badira, erreklamazioa edo kexa artxibatzen duen ebazpena emango da, eta gertatutakoa jasoarazi eta interesatuei jakinaraziko zaie, interesatuek beren eskubideen alde bidezko iritzitako epai-ekintzak erabili ahal izateko.

6.– Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzak erreklamazioaren kudeaketaren emaitzaren berri emango dio Foru Aldundiari.

15. artikulua.– Akreditazioaren ondorioak indargabetzea.

Erreklamazio edo kexatik akreditazioari darizkion obligazioak eta 263/2003 Dekretuan ezarritakoak bete ez direla ondorioztatzen bada, Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzak akreditazioaren ondorioak indargabetzeko kontraesanezko espediente bat hasiaraziko du bere kabuz, urriaren 28ko 263/2003 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

16. artikulua.– Prozedurari informazioa erantsi beharra.

Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileek beren jarduerei buruz eskatutako argibide, nazioarteko adopziorako espediente edo administrazio espedientearen instrukziorako interesa duen beste edozein datu eman beharko dizkiote Eusko Jaurlaritzako Ongizateko Zuzendaritzari, izaera pertsonaleko datuen babesaren arloan indarrean dauden arauei dagokienez.

17. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei, administrazio-zehapenei eta zigor-espedienteak instruitzeko prozedurari dagokionez, Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa aplikatuko da; arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legea, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legea eta izandako jokabideengatik aplikatu daitezkeen gainerako arauak; eta autonomia arauetan eta eurak garatzeko arauetan aurreikusi gabekoetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatua).

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta bi hileko epean.

Bigarrena.– Agindu honetan berariaz aurreikusita ez dagoen guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen ezarritakoa erabiliko da. Lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 5a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

ADMINISTRAZIOARENTZAKO ALEA / EJEMPLAR PARA LA ADMINISTRACIÓN

	
ERANSKINA/ANEXO
	NAZIOARTEKO ADOPZIORAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN KONTRAKO
ERREKLAMAZIO-ORRIA

	 HOJA DE RECLAMACIONES CONTRA ENTIDADES COLABORADORAS DE ADOPCIÓN INTERNACIONAL

	A	LEKUA ETA DATA / LUGAR Y FECHA

	LEKUA/LUGAR	PROBINTZIA/PROVINCIA	 DATA/FECHA

	B	ERREKLAMATZAILEAREN DATUAK / DATOS DE QUIEN RECLAMA

	ABIZENAK/APELLIDOS	IZENA/NOMBRE	 NAN/DNI

	JAIOTZE DATA 	HELBIDEA (KALEA, ZENBAKIA., SOLAIRUA) / DIRECCIÓN (CALLE, N.º, PISO)	POSTA KODEA

F. DE NACIMIENTO		C. POSTAL

HERRIA/LOCALIDAD	PROBINTZIA/PROVINCIA	 TELEFONO-ZENBAKIA.	NAZIONALITATEA

		N.º TELÉFONO 	NACIONALIDAD

	C	ERREKLAMATUTAKO EGINTZAK ETA HELBURUA / HECHOS RECLAMADOS Y PRETENSIÓN

	D	ERREKLAMAZIOA JASOTZEN DUENAREN DATUAK / DATOS DE QUIEN RECIBE LA RECLAMACIÓN

IZEN SOZIALA / RAZÓN SOCIAL	NAN EDO / CIF O DNI

	

JARDUERA/ACTIVIDAD	HELBIDEA (KALEA, ZENBAKIA., SOLAIRUA) / DIRECCIÓN (CALLE, N.º, PISO)	POSTA KODEA / C. POSTAL

HERRIA/LOCALIDAD	PROBINTZIA/PROVINCIA	 TELEFONO-ZENBAKIA. / N.º TELÉFONO 	NAZIONALITATEA

			NACIONALIDAD

	E	ERANSTEN DIREN DOCUMENTUAK / DOCUMENTOS QUE SE ADJUNTAN

	F	SINADURAK/FIRMAS	SARRERAKO ZIGILUA

			SELLO DE ENTRADA

	ERABILTZAILEA / LA PERSONA USUARIA	 ERREKLAMAZIOA JASOTZEN DUEN PERTSONA	

		PERSONA QUE RECIBE LA RECLAMACIÓN

	SIN./FDO.: _______________________	SIN./FDO.: _______________________

OHARRA/NOTA:

Erreklamazio-orri honetan eman behar diren datu pertsonalak Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen Erregistroaren Bigarren Atalaren fitxategi informatizatu batean sartuko dira. Nahi izanez gero, badago ematen diren datuak ikusi, ezabatu, haien aurka egin eta zuzentzeko eskubideak erabiltzea. Horretarako, idazki bat bidali behar da Gizarte Ongizateko Zuzendaritzara, organo horrek baitu fitxategi horren ardura (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz)

Los datos de carácter personal que deben facilitarse en esta hoja de reclamación se incluirán en un fichero informatizado de la Sección Segunda del Registro de Entidades Colaboradoras de Adopción Internacional. Estos datos tienen como finalidad comprobar los hechos objetos de reclamación.

Existe la posibilidad de ejercer los derechos de acceso, rectificación, cancelación y oposición de los datos que se suministren, dirigiendo un escrito a la Dirección de Bienestar Social, responsable de dicho fichero, c/Donostia-San Sebastián 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

NAZIOARTEKO ADOPZIORAKO ERAKUNDE LAGUNTZAILEEN ERREGISTROA - EUSKO JAURLARITZAKO GIZARTE ONGIZATEKO ZUZENDARITZA.

REGISTRO DE ENTIDADES COLABORADORAS DE ADOPCIÓN INTERNACIONAL - DIRECCIÓN DE BIENESTAR SOCIAL DEL GOBIERNO VASCO


Azterketa dokumentala