Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2008ko martxoaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
1453

AGINDUA, 2008ko otsailaren 5ekoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, "Sasi Ardi" izeneko ardi arrazaren berariazko araudia onesten duena.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuak, Euskal Herriko bertako abere arrazei eta hauek sustatzeaz arduratzen diren erakundeei buruzkoak, Euskal Herriko Bertako Abere Arrazen Katalogo Ofiziala ezarri zuen, eta arraza-estandarrak onesteko oinarrizko baldintzak ere bai, besteak beste. Halaber, Euskal Herriko Bertako Abere Arrazen Kontseilua sortu zuen.

Dekretu horrek 3.2 artikuluan dioenez, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren aginduen bidez zehatz-mehatz arautu behar dira dekretuan aipatzen diren arrazak, bertan adierazten den moduan arautu ere; beste alde batetik, 4. artikuluan, arrazen araudiek izan behar dituzten oinarrizko edukiak finkatzen ditu, eta azkenik, 6.3 artikuluan, Arrazen Kontseiluari eginkizun hau ezartzen dio, beste batzuen artean: aginduzko txostenak egitea Katalogoan sartutako arrazen araudi zehatzei buruz eta haien aldaketei buruz.

Agindu honek "Sasi Ardi" izeneko ardi arrazaren berariazko araudia onesten du, dekretu horretan ezarritakoari jarraituz.

Horrenbestez, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– "Sasi Ardi" izeneko ardi arrazaren berariazko araudia onestea. Araudi hori agindu honen eranskinean dago.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 5a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

ERANSKINA
"SASI ARDI" IZENEKO ARDI ARRAZAREN

BERARIAZKO ARAUDIA

1.– Arrazaren eredu edo estandarra.

1.1.– Arrazaren definizioa.

Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozen ardiak hartuko dira "Sasi Ardi" arrazakotzat. "Mutur gorri ttipia" izena ere erabiltzen da, onartutako sinonimo gisa.

1.2.– Arrazaren barietateak.

Ez dago barietaterik "Sasi Ardi" arrazan.

1.3.– Arrazaren ezaugarri morfologikoak.

1.3.1.– Ezaugarri orokorrak.

Pisu ertain edo arineko animaliak. Triangelu formako eta soslai zuzeneko burua, adierazkorra eta artilerik gabekoa. Belarri txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, alerta uneetan atzerantz zuzenduak. Gorputz-enbor luzea eta triangeluarra, harmonikoa, artile zuriz estalia. Udaberrian eta udan lepo azpia eta paparra artilerik gabe geratzen dira. Gorputz adar finak eta mugimendu bizkor eta arinak, sasi artean jauzika ibiltzeko aproposak.

1.3.2.– Ezaugarri bereziak.

a) Burua:

Ondo proportzionatua eta erabat triangeluarra aurretik nahiz albotik ikusita, sakona. Baraila-arkua nabarmena da eta atzeratuta dago. Adarduna edo adarrik gabekoa, arretan nahiz emeetan, baina emeen adarrak, egonez gero, txikiak dira. Kopeta zabal eta laburra. Kopeta eta sudur aldea apur bat zapalduta dago. Ohi baino atzerago kokatutako belarriak, txikiak, horizontalak edo pixka bat jasoak, alerta uneetan atzerantz zuzenduak. Orbita nabarmenak, almendra formako begi handiak, malko-bide labur baina nabarmenetan luzatzen direnak. Aurpegi luzea, gorrixka, albotik ikusita zuzena edo apur bat ganbila, mutur ondo proportzionatuan amaitua. Ezpain irmoak, meheak, ilunak, eta ezpain-komisura sakona. Sudur zuloek inguruan ile zurixka dute.

Luzera eta lodiera ertaineko lepoa emeetan, laburragoa eta gihartsuagoa arretan. Sekzio biribilekoa, gaineko eta azpiko ertzak zuzenak eta paraleloak ditu. Tente eduki ohi dute, 45º-ko angeluan. Ez du girgilorik ez tolesik. Lepoaren behealdean lepoko gorrixka eta ileduna dute.

b) Gorputz-enborra:

Triangeluar samarra, luzea, sakona. Saihetsak kakotuak dira eta bularraldeari triangelu forma ematen diote. Soingurutze lausoa, bizkar eta gerrialdeko lerroarekin bat egiten duena. Honek gora egiten du apur bat, zabala eta horizontala da. Bular estua, sakon bezain zabala, eta bularrezur ez oso nabarmena. Zerra karratua, apur bat eroria, luzera- eta zabalera-diametroak berdintsuak dituena, baita aurreko eta atzeko zabalera-diametroak ere, inklinazio txikikoa. Isats iletsua.

c) Gorputz-adarrak:

Hanka-jarrera egokia, hanka meheak, luzera ertainekoak. Bai hezurrak bai giltzadurak oso sendoak dira.

Aurrekoak: luzera ertaineko sorbalda, oso inklinatua (ia bertikala), eta saihetsekin etenunerik gabe elkartua, plano berean. Beso ondo proportzionatua. Luzera ertaineko besaurrea, mehea. Belaun luzea baina gutxi markatua, bat egiten duena kanabera oso mehe eta luzearekin. Belaunaren perimetro bertsuko hazkoskorrak, eta apatx txikiak, oso markatuak, ireki samarrak eta ondo taxutuak.

Atzekoak: izter eta hanka ertainak, luzera bertsukoak. Garapen ertaineko eta angelu irekiko belauna. Atzeko kanaberak eta apatxak, meheak izan arren, aurrekoak baino sendoagoak dira. Atzetik begiratuta paraleloak dira eta bananduta daude, errapeari leku zabala uzten diotela.

d) Azala:

Fina eta zuri arrosakara.

e) Kolorea eta artilea:

Kolore zuria. Artile zuria, zakarra eta txima triangeluarretan irekia. Ez ditu estaltzen burua eta lepoa.

f) Neurria:

Pisu ertaineko edo pisu arin samarreko animaliei dagokien garaiera, ezarritako pisuekin proportzionatua.

g) Pisua:

Emeek 35 eta 45 kilogramo bitarteko pisua dute. Arrek, 45 eta 55 kilogramo bitartekoa.

h) Errapeak:

Ertainak, globo itxurakoak, bilduak, gorrixkak, simetrikoak; erro txikiak eta ondo nabarmenduak. Errapeak ez daude pigmentaturik.

i) Barrabilak:

Ertainak eta simetrikoak; poltsa segmentatu gabea. Artilerik gabe.

1.3.3.– Izaera eta portaera.

Arrazari dagozkionak.

1.3.4.– Ezaugarri baztertzaileak.

Kontuan hartzeko akatsak: arrazaren ereduaren deskripzioaren arabera, akats hauek kontuan hartzekoak dira eta horiek zuzentzera joko da:

– Soslaiak azpikonbexutasunerako joera izatea, handia eta harmoniarik gabekoa izatea.

– Belarri atrofikoak edo luzeak, eta beherantz zuzenduak.

– Gorputz osoak edo zati batek itxura akastuna izatea (zelatua, karpa-bizkarra, beste kolore bateko zerrenda, hanka-jarrera akastunak, etab.).

– Orban beltzak.

– Pigmentazioa mukosetan.

Akats deskalifikatzaileak:

– Goiko edo beheko prognatismoa.

– Organo genitalen akatsak.

– Adar handiak, emeetan.

2.– Animalien sailkapen morfologikoa.

2.1.– Kalifikaziorako baremoa.

Arrazaren estandarraren betekizunen arabera, kalifikazio morfologikoa puntuazio metodoaren bidez eginen da, eta animaliak begiz ebaluatuko dira. Ebaluatu beharreko ezaugarriei zero eta hamar bitarteko puntuazioa emango zaie, kalifikaziorako baremo hau erabiliz:

Kalifikazioa Puntuazioa

Akatsik gabea 10 puntu

Bikaina 9 puntu

Oso ona 8 puntu

Ona 7 puntu

Onargarria 6 puntu

Nahikoa 5 puntu

Eskasa 5 puntu baino gutxiago

Ebaluatu beharreko edozein eskualderi bost puntu baino gutxiago emanez gero, animalia deskalifikatu egingo da, gainerako eskualdeek lortutako puntuazioa kontuan hartu gabe.

2.2.– Kalifikatu beharreko alderdiak eta haien ponderazioa.

Kalifikatu beharreko eskualde anatomikoak beheko zerrendan ageri dira. Eskualde bakoitzari emandako puntuazioa dagokion koefizienteaz biderkatuko da, eta hala animaliaren behin betiko puntuazioa lortuko da:

Koefiziente biderkatzaileak

Kalifikatu beharreko eskualdeak Arrak Emeak

Burua eta lepoa 1 1

Paparra, sorbalda eta bularraldea 1,5 1,5

Soingurutzea, bizkarraldea eta gerrialdea 1 1

Zerra eta buztana 1,5 2

Izterrak eta ipurmasailak 1,5 1

Gorputz-adarrak eta hanka-jarrerak 1 1

Organo genitalak 0,5 0,5

Azala eta ilea 0,5 0,5

Gorputzaren garapena 1 1

Itxura orokorra 0,5 0,5

Guztira 10 10

Azken puntuazioa horrela lortuta, animaliak kategoria hauen arabera sailkatuko dira:

Kategoria Lortutako puntuak

Arrak Emeak

Akatsik gabea 100

Oso ona 81 – 99,99

Ona 70 - 80,99

Onargarria 65 - 69,99

Eskasa 70 baino gutxiago 65 baino gutxiago

Euren kalifikazio morfologikoan 70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten arrak eta 65 puntu baino gutxiago lortzen dituzten emeak ez-gaitzat joko dira.

3.– Genealogia liburua.

3.1.– "Sasi Ardi" arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:

a) Fundazio Erregistroa (FE).

Erregistro honetan sartu ahalko dira gutxienez hamabi hilabete dituzten animalia arrak nahiz emeak, arraza-ereduaren baldintzak betetzen badituzte "onargarri" kalifikazioarekin, gutxienez ere.

Erregistro honetan inskribatzea onartu ahal izango da urtebeteko epean, agindu hau argitaratzen denetik hasita.

b) Jaiotzen Erregistroa (JE).

Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako animalien umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:

– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

– Tara edo akatsik ez izatea.

– Emeen ugalketaren kontrola nahikoa bermatuta egotea.

– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea arkumeari titia kendu baino lehen.

c) Behin betiko Erregistroa (BE).

Bi urte betetakoan, JEko animaliak erregistro honetan inskribatu ahal izango dira, 65 edo 70 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (65ekoa emeek, 70ekoa arrek).

Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako abere guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.

Genealogia Liburuko inskripzioak abereen jatorriagatik edo abereen ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen abereei dagokie.

Jatorriagatik inskribatzen diren abereei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako "Sasi Ardi" arrazako emeek egiten dituzten umeak berez inskribatuko dira, baldin eta ardi horiek izaera bereko "Sasi Ardi" arrazako arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaltzea eta jaiotza aitortzen badira.

3.2.– Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

4.– Animalien onarpena eta kalifikazioa.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, berariazko araudi honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduaz arduratzea eta gorabeherak konpontzea.


Azterketa dokumentala