48. zk., 2008ko martxoaren 7a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1450
AGINDUA, 2008ko martxoaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2008-2009 ikasturtean izena emateko eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea ezartzen dira, baita ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.
Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak arautzen du nola onartu ikasleak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-ikastetxeetan eta itunpekoetan, eta Dekretu horren 9. artikuluan ezartzen denez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak urtero agindu bat emango du eskaerak aurkezteko epe komun bat ezartzeko eta prozeduraren aldi bakoitzari dagozkion epeak finkatzeko.
Horrenbestez, 2008-2009 ikasturtean fondo publikoen bidez finantzatuko diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan ikasleak onartzeko bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Hori guztia dela-eta, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko lehen xedapen gehigarriak araututakoari jarraituz, Agindu hau honako hauei aplikatuko zaie: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoei eta itunpeko ikastetxe pribatuei, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Halaber, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako 2 urteko haurren geletan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuei ematen dien diru-laguntzak eskuratu nahi dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen 2 urteko haurren geletan.
2. artikulua.– Onarpen-prozesu honetan eskaera egin beharko dute aurreko artikuluan adierazitako ikastetxeetan 2 urteko geletan onartuak izan nahi duten ikasle guztiek. Era berean, eskaera egin beharko dute ikastetxe horietan lehen aldiz sartu nahi duten ikasle guztiek, baldin eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartu nahi badute. Bestetik, onarpen-prozesu honetan eskaera egin beharko dute lehendik eskolatuta daudenak ere, ikastetxez aldatu nahi edo behar badute hezkuntzako maila edo etapa horiek ikasteko.
Ez da onarpen-eskaerarik egin beharko, ikasleek ikasten duen ikastetxe berean jarraitzen badute maila eta etapa horiek egiteko. Izan ere, ikastetxeek beraiek bermatuko baitute, automatikoki, ikasketen jarraipen hori, salbu 2 urteko gelara iritsi nahi denean.
3. artikulua.– Eskaerak aurkezteko egutegi eta onarpen-epe komunak.
Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako herri-ikastetxe eta itunpekoetan, eskaerak aurkezteko eta ikasleak onartzeko prozedura-epeen egutegi komun hau ezartzen da:
a) Eskaerak aurkezteko epea: martxoaren 31 tik apirilaren 11ra
b) Eskatzaileen zerrenda argitaratzeko: apirilaren 11an
c) Behin-behineko zerrendak argitaratzeko: apirilaren 25ean
d) Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko:	 maiatzaren 7arte
e) Behin betiko zerrendak argitaratzeko: maiatzaren 14ra arte
f) Estatistika datuak grabatzea: maiatzaren 14ra arte
g) Behin betiko zerrendei erreklamazioak egiteko: maiatzaren 26ra arte
4. artikulua.– Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak.
Onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak onartzen dira, eta Agindu honen I. eranskinean jasotzen.
5. artikulua.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoak araututakoa betetzeko, eskaera-inprimakia betez gero, interesatuak baimena emango du bertan adierazitako datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko fitxategi informatizatuetan jasotzeko. Hezkuntza Sailburuordetzara jo beharko da Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik jarriko da indarrean Agindu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko martxoaren 5ean.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
I. ERANSKINA
JARRAIBIDEAK, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO HAUR-HEZKUNTZA, LEHEN HEZKUNTZA ETA DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKO ETA ITUNPEKO IKASTETXEETAN 2008-2009 IKASTURTEAN IKASLEAK ONARTZEKO PROZEDURARI BURUZKOAK
Lehenengoa.– Aplikatu beharreko araudia.
Ikasleak 2008-2009 ikasturtean onartzeko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapetan, arau hauek bete beharko dira: batetik, 35/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, eta, bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindua (2008-2009 ikasturtean Hezkuntza-etapa horietan ikasteko eskaerak aurkezteko egutegi eta onarpen-epe komunak ezarri eta jarraibide hauek onartzen dituen agindua).
Bigarrena.– Onarpena Bermatzeko Batzordeak.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, Onarpena Bermatzeko Lurralde Batzorde bana sortuko da lurralde historikoetan, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetarako. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezko irizten badute, onarpena bermatzeko beste batzorde batzuk era ditzakete, geografia-eremu eta/edo -etapa jakinetarako. Hala erabakiz gero, Onarpena Bermatzeko Lurralde Batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horiei dagozkien funtzioak.
2.– Honako kide hauek osatuko dituzte Onarpena Bermatzeko Batzordeak:
a) Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.
b) Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe publikoetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
c) Dagokion etapa edo etapetako ikastetxe itunduetako zuzendari bat, zozketaz hautatua.
d) Batzordearen eskumeneko lurralde-eremuko udalen ordezkari bat.
e) Bi guraso, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bat herri-ikastetxeren batekoa eta bestea ikastetxe itunduren batekoa, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta izateko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako ikastetxe bateko Eskola Kontseiluko guraso bat izendatuko dute hango gurasoek.
f) Bi irakasle, ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Goreneko edo Eskola Kontseiluko kideak, bat herri-ikastetxeren batekoa eta bestea ikastetxe itunduren batekoa, dagokion etapa edo etapetakoa. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuak proposatuko dituzte haien izenak.
3.– Onarpena Bermatzeko Batzordeek egiteko hauek izango dituzte:
a) Beren lurralde-eremuko herri-ikastetxeetan eta itunduetan ikasleak onartzeko egiten den prozesua ikuskatzea eta prozesu hori arautzen duen arautegia betetzen dela bermatzea. Hala ere, Hezkuntzako Ikuskaritzak bere egiteko eta eskumenei eutsiko die.
b) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehazteko lanean.
c) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea ikasleen eskolatzearekin zer egin erabakitzeko, baldin eta ikasle horiek ez badute, onarpen-prozesua igaro ondoren, plaza bat lortu lehen postuan hautatutako ikastetxean. Erabaki hori hartzeko, hutsik geratutako plazei erreparatuko zaie, eta, posible bada, eskatzaileek egindako bigarren eta hirugarren aukerak errespetatu behar dira.
d) Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea ikasleen eskolatzearekin zer egin erabakitzeko, baldin eta ikasle horiek eskaera bat baino gehiago egin badute edo eskatzaileak aurkeztutako agiriak faltsuak direla egiaztatzen bada.
4.– Onarpena Bermatzeko Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udal-elkarteei, gurasoen elkarteei eta irakasleen sindikatuei beren ordezkariak izenda ditzatela batzorde horretarako. Adierazitako organizazio horiek bi eguneko epean jakinarazi beharko dituzte beren ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte hartzerik gabe.
5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, Hezkuntza Administrazioak Onarpena Bermatzeko Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren herri-ikastetxeetako eta itunpekoetako zuzendariak hautatzeko. Zozketa-eguna baino, gutxienez, denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxeei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.
Hirugarrena.– Eragin-eremuak.
1.– Ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpena Bermatzeko Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako sektoreei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.
2.– Ikastetxean irakatsitako etapa eta hizkuntza-eredu bakoitzerako zehaztuko dira eragin-eremuak eta eremu mugakideak. Eremu horietan finkatutako mapak edo zehaztapenak jendearen eskura izango dira Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.
3.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek laguntza eska diezaiekete toki-korporazioei Jarraibide honetan xedatutakoa betetzeko, eta toki-korporazio horientzat derrigorrezkoa izango da laguntza hori ematea.
4.– Lurralde historiko baten lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak finka ditzake Hezkuntza sailburuordeak, baldin eta hori egitea komeni bada, ikastetxeren batean ematen diren ikasketa bereziei edo eman daitezkeen salbuespenezko egoerei erreparatuta.
Laugarrena.– Eskola-plazen kopurua zehaztea.
1.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten herri-ikastetxeei jakinaraziko diete zenbat talde izan ditzaketen maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean, bai eta zenbat ikasle matrikulatu ditzaketen gehienez ere, horietako bakoitzean.
2.– Itunpeko ikastetxe pribatuek ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean sor ditzaketen taldeen kopurua eta horietan matrikulatu ditzaketen ikasleen gehienezko kopurua zehazteko, ikasketak eta eskola-plazak baimentzeko aginduek eta ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-itunek araututakoari erreparatu beharko zaio.
Bosgarrena.– Plazak gordetzea.
1.– Hezkuntzaren alorrean berariazko laguntza-premiak dituzten ikasleen banaketa orekatua izan dadin herri-ikastetxeen eta itunpekoen artean eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman integratzeko baldintzak sor daitezen, hezkuntzako lurralde-ordezkariek aukera izango dute zehazteko zenbat plaza gorde behar dituzten Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko herri-ikastetxeek eta itunpeko ikastetxeek ikasturte eta hizkuntza-eredu bakoitzean, aurreinskripzio- eta matrikulazio-epearen amaiera arte.
2.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariek 2008ko martxoaren 10a baino lehen jakinaraziko diete erabaki horiek ikastetxeei.
Seigarrena.– 2007-2008 ikasturtean ikastetxean bertan edo atxikitako ikastetxeren batean matrikulatutako ikasleak.
1.– Bi urteko gelan eskolatutako ikasleek ez dute onarpen-prozesurik bete beharko ikastetxe bereko mailetan aurrera egiteko.
2.– Atxikitako ikastetxeak: 2007-2008 ikasturtean Haur Hezkuntza Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bati atxikitako ikastetxeren batean egin duten ikasleek, DBHko ikastetxe horretan onartuak izateko eskaerak egiten badituzte, lehentasuna izango dute hartan sartzeko, eta ikastetxe horri atxikita ez dauden ikastetxeetako ikasleen aurretik jarriko dira, onarpen-hurrenkeran. Lehentasun-irizpide hori aplikatzeko, ezinbestekoa izango da ikasleek berariaz adieraztea beren eskaeretan atxikitako ikastetxean onartuak izatea dela haien lehenengo aukera.
Zazpigarrena.– Onarpen-prozedurari buruzko informazioa.
Onarpen-eskaerak aurkezteko epea hasi baino lehen, herri-ikastetxeek eta itunpekoek informazio hau jarriko dute beraien iragarki-oholean eta, halaber, guraso eta tutoreei emango diete, hala eskatzen badute:
a) Ikasleak herri-ikastetxeetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan onartzeko araubidea.
b) Ikastetxearen eragin-eremuak eta eremu mugakideak.
c) Eskaerak egiteko epea.
d) Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartutako ikasleen eta onartuak izan ez direnen zerrendak argitaratzeko datak eta erreklamazioak egiteko erak.
e) Non eta zer egunetan eta orduan egingo diren eskaeren baremazioan gertatutako berdinketak erabakitzeko zozketa publikoak.
f) Ikastetxeen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak.
Zortzigarrena.– Onarpen-eskaerak aurkezteko modua eta lekua.
1.– Agindu honetan adierazitako epean egin beharko dira eskaerak. Onarpen-eskaerak egiteko modu bakarra inprimaki ofiziala betez egindakoa izango da. Ikastetxeek doan emango dute hura.
2.– Eskaerak onartzeko epean, ikastetxe bakarrean aurkez dezake eskaera eskatzaileak. Eskaerak aurkezteko epe horretan ikastetxe bat baino gehiagotan aurkezten badira eskaerak, bertan behera geratuko zaizkio eskatzaileari aukera-eskubideak. Hala ere, neurri hori hartu baino lehen, beti entzungo zaio interesatuari.
3.– Lehen postuan hautatutako ikastetxean aurkeztu behar da eskaera. Eskaera horrek hizkuntza-eredu baten baino gehiagoren eskaera egin dezake, baina horien lehentasunezko ordena adierazi beharko da.
4.– Ikastetxeak eskaintzen ez duen hizkuntza-ereduak soilik eskatuko balitu eskaerak, hura lurralde-ordezkaritzara bidaliko da, izapidetua izan dadin. Ordezkaritzara bidaliko dira, halaber, ikastetxeak irakasten ez dituen ikasketak eskatzen dituzten eskaerak.
5.– Ez dira onartuko eskaerarik ezarritako epea hasi baino lehen. Epe barruan egindako eskaera guztiak onartu beharko dira eta hala behar bada, barematu.
6.– Eskaera jasotzen duen ikastetxeak haren kopia edo ordezkagiria emango dio eskatzaileari, eguna eta zigilua jarrita, eskaera egin duela ziurtatzeko.
7.– Eskaera-inprimakia aurkeztean, eta, betiere, eskaerak aurkezteko epean, barematu beharrekoak diren egoerak kreditatzen dituzten agiriak erantsiko zaizkio eskaerari. Ezingo dira beste agiri batzuk aurkeztu eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren.
Ikasleak hezkuntza-premia bereziren bat balu, ikastetxeari esango zaio, dagozkion neurriak har daitezen. Hala egiten ez bada, ezingo zaie ikasle horiek eman behar duten laguntza.
Ez bada aurkezten puntuak eskuratzeko eskubidea ematen duen agiriren bat, zero puntu jasoko dira hari dagokion atal edo azpiatalean, baina horrek ez ditu bertan behera utziko ez eskaeraren baliozkotasuna, ezta gainerako atal eta azpiataletan lortutako puntuak ere.
Agirien kopiak aurkezten badira eskaeren baremazioa egiteko, kopia horiek originalekin egiaztatu beharko dira.
Eskaerak aurkezteko epea amaituta, ikastetxeek iragarki-oholean argitaratuko dute eskatzaileen zerrenda, etapa eta hizkuntza-ereduen arabera sailkatuta, eta, ondoren, bi eguneko epean, hezkuntzako lurralde-ordezkaritzara igorriko dute, aldez aurretik erabakitako formatuan. Eskatutako eredu bakoitzari dagokion zerrendan azalduko dira hizkuntza-eredu bat baino gehiagorako eskaera egin duten ikasleak.
Bederatzigarrena.– Baremazioa.
Ikastetxeak dituen plazen berdina edo txikiagoa bada eskaera-kopurua, ez da baremaziorik egiteko premiarik izango, eta onartu egingo dira aurkeztutako eskaera guztiak.
Maila, ikasturte eta hizkuntza-ereduren batean, eskainitako plazak baino eskaera gehiago egiten badira, herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeetako organo titularrak, ikastetxeko Eskola Kontseiluaren ikuskaritzapean, eskaerak barematuko ditu, eta, horretarako, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuko eta Jarraibide hauetako baremoa eta aplikazio-neurriak beteko dituzte. Baremoko atal eta azpiatal guztiak barematu behar dira eskaera guztietan. Eskaerak barematzeko, irizpide hauei jarraitu beharko zaie:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako onarpenak egiteko, ikastetxeari atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen eskaerak sailkatuko dira lehen multzo batean, eta gainerako eskaerak bigarren multzo batean. Lehen multzoko eskaerek lehentasuna izango dute beti bigarren multzoko eskaerekiko. Bi multzo horietan, lortutako puntuazio guztizkoaren arabera sailkatuko dira eskaerak, eta, berdinketarik balego, martxoaren 4ko 35/2008 Dekretuak eta Jarraibide hauek zehaztutako irizpideei jarraituko zaie berdinketa horiek erabakitzeko.
b) Hizkuntza-eredu bat baino gehiago eskatzen duen eskaerarik balego, zerrenda bakarrean ordenatuko dira izaera horretako eskaerak, haien puntuazioaren arabera. Plazak zerrendako ordenari eta eskaeretan lehenetsitako ereduei jarraituz esleituko dira.
Hamargarrena.– Familia-unitateen urteko errentei eta seme-alaben kopuruak duen eraginari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Ikasleak onartzeko Dekretuko eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2006 zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari dagozkionak. Eskatzailearen familia-unitateak 37.863 euroko edo gutxiagoko diru-sarrerak eskuratzen baditu (hau da, lanbide arteko gutxieneko soldataren boskoitza baino gutxiagoko diru-sarrerak baditu), zinpeko aitorpen bat aurkeztuko dute. Aitorpen horretan adieraziko dute familia-unitateko errenta, haren kide guztiak aintzat hartuta, diru-zenbateko horren berdina edo txikiagoa dela, eta baimena emango diote Administrazioari Foru Ogasuneko datuekin egiaztatzeko eskatzaileak emandako datuak (II. eranskina). Baimen hori izenpetzen ez badu, eskatzaileak uko egingo die baremo-atal horretako puntuei.
2.– Ikastetxearen lurralde historikoan bizi ez diren eskatzaileen kasuan, familia-unitatearen diru-sarrerak puntuatzeko eskubidea izateko, dute familia-unitateko kide guztiek aurkeztu beharko dute 2006ko errenta-aitorpenaren kopia edo, behar izanez gero, baterako aitorpena. Indarrean dagoen zerga-araudia dela eta, urte urretan familiako kideren batek errenta-aitorpena egin ez badu, Ogasunaren ziurtagiria aurkeztu beharko du adierazteko ez duela errenta-aitorpena egin.
3.– Jarraibide honetako aurreko ataletan adierazitakoaren baitan, familia-unitateak izango dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten foru-arauetan izaera horrekin araututakoak. Ezkontzak desegiten, ezkontideak banantzen edo dibortziatzen edo izatezko bikoteen bizikidetza eteten bada, erabaki judizial irmoz edo hitzarmen arautzaile baten bidez ikaslearen zaintza duen pertsonaren errentei aplikatuko zaie dagokion baremoa. Berdin jokatuko da tutoretza judiziala, familia-harrera edo antzeko babes-neurriak aplikatu badira eta adingabeko ikaslearen zaintza ez badago haren gurasoen esku. Ikaslearen zaintza herri-administrazioren baten esku balego, puntuazio handiena emango da atal honetan.
4.– Familia-liburuaren kopien bidez kreditatuko da neba-arreben kopurua, eta, horien artean, adingabekoak soilik konputatuko dira.
Hamaikagarrena.– Familiaren bizilekuaren edo guraso edo tutoreen lantokiaren gertutasunari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Atal horretako puntuak bere azpiataletakoren batean emango dira, soil-soilik. Puntuak lortzeko, azpiatal horietakoren bat aukeratu beharko dute eskatzaileek.
2.– Familiaren bizilekua izango da ikaslea bizi den lekua, haren aitarekin, edo amarekin, edo lege-tutorearekin. Familia-bizilekua kreditatzeko, ikaslea haren aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi direla kreditatzen duen errolda-ziurtagiria eta horien guztien NANaren kopia aurkeztu beharko dira (atzerritarrek AIZrena aurkeztu beharko dute).
Familia-liburuaren fotokopiak aurkeztuta kreditatuko da aita- edo ama-izaera. Ikaslearen lege-tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz kreditatuko da.
3.– Aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan badago, alderdi hori baloratzea aukera daiteke eskaeran, bizilekuaren gertutasunekoaren ordez.
Azken aukera hori baliatuz gero, besteren konturako langileen kasuan, ikaslearen aitak, amak edo lege-tutoreak lan egiten duen enpresaren jabeak edo enpresako pertsonal-arduradunak berariaz emandako ziurtagiri baten bidez kreditatu beharko da haien lantokia ikastetxearen eragin-eremuan dagoela.
Norberaren konturako jarduerak eginez gero, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta-ziurtagiriak kreditatuko du lantokia. Indarreko legediak ez badu behartzen jarduera ekonomikoen gaineko zergan alta emanda izatera, irekiera-lizentziaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, dagokion udalak emandakoa.
4.– Ikaslearen zaintza guraso bakarraren esku badago, lantokia ikastetxearen eragin-eremuan izateari dagozkion puntuak emateko, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita ere, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu.
Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekide-izaera kreditatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela kreditatzen duena, edo, bestela, izatezko bikotea izatea kreditatzen duen ziurtagiri ofiziala.
5.– Ez da inoiz ere baloratuko ikaslearen aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eremu mugakideren batean izatea.
6.– Ikastetxea aitaren, amaren edo lege-tutorearen lantokitik gertu izateagatik ematen den puntuazioa bateraezina da bai bizilekuaren gertutasunagatik ematen den puntuazioarekin, bai ikaslearen aita, ama edo lege-tutorea eskatutako ikastetxean lan egiteagatik ematen denarekin.
7.– Aurrez adierazitako eragin-eremuek ekar dezaketen punturik jaso ez baina ikastetxea dagoen udalerrian bizi direnek atal horretan puntu bat jasotzeko eskubidea izango dute.
Hamabigarrena.– Eskatutako ikastetxean ikasten edo lan egiten duten senideei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Atal honetako puntuazioa haren baitan jasotzen diren bi egoeretako batengatik emango da; hau da, bederatzi puntu eskatzaileak neba edo arreba bat edo gehiago dituelako matrikulatutako ikastetxean edo ikastetxe horri atxikitako ikastetxe batean. Zazpi puntu haren aita, ama edo lege-tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten duelako. Bi egoerak batera ematen badira ere, bakarrarengatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira atal horretan 9 puntu baino gehiago eskuratu.
2.– Ataleko puntuazioa emateko, 2007-2008 ikasturtean gertatu behar dute gertaera horiek.
3.– Familia-liburuaren fotokopiak aurkeztuta kreditatuko da neba-, arreba-, aita- edo ama-izaera. Ikaslearen lege-tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz kreditatuko da.
4.– Atal honetako puntuazioa aplikatzeko, nebak edo arrebak izango dira, familia-unitatearen baitan, familia-tutoretza edo -harrera iraunkorrean nahiz adopzio-aurreko egoeran dauden adingabekoak.
5.– Atal honetako puntuazioa emateko, ikaslearen zaintza guraso bakar baten esku badago, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita ere, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu. Pertsona horren seme-alabak ikaslearen neba-arrebatzat joko dira, baldin eta harekin bizi badira. Erroldatze-ziurtagiriaren bidez kreditatu beharko da egoera hori.
6.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekide-izaera kreditatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela kreditatzen duena, edo, bestela, izatezko bikotea izatea kreditatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Hamahirugarrena.– Ikasleak edo haren aitak, amak, lege-tutoreak edo neba-arrebaren batek minusbaliotasuna izateari buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Bi puntu emango dira atal honetan baldin eta minusbaliotasuna duena ikaslea bada, eta puntu bat emango da aurrez adierazitako senideek badute.
2.– Ataleko puntuazioa emateko, % 33eko edo handiagoko minusbaliotasuna izan behar dute goian adierazitako pertsonek. Atal honetan puntuak lortzeko eskubidea ematen duen minusbaliotasuna bi pertsona edo gehiagorengan ematen bada ere, pertsona bakarragatik emango da puntuazioa; beraz, ezingo dira 2 puntu baino gehiago eskuratu minusbaliotasuna duen pertsona ikaslea bada edo puntu bat baino gehiago minusbaliotasuna duena aurrez adierazitako senideren bat bada.
3.– Dagokion lurralde historikoko foru-aldundiko gizartekintza-departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez kreditatutako da minusbaliotasuna. Minusbaliotasuna duen pertsonak % 33ko edo handiagoko minusbaliotasuna izatearen lege-aitorpena egin behar du agiri horrek.
4.– Familia-liburuaren fotokopiak aurkeztuta kreditatuko da neba-, arreba-, aita- edo ama-izaera. Ikaslearen lege-tutorearen izaera, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztuz kreditatuko da.
5.– Atal honetako puntuazioa aplikatzeko, nebak edo arrebak izango dira, familia-unitatearen baitan, familia-tutoretza edo -harrera iraunkorrean nahiz adopzio-aurreko egoeran dauden adingabekoak.
6.– Atal horretako puntuazioa emateko, ikaslearen zaintza guraso bakar baten esku badago, ikaslearen aita edo amatzat joko da, baita ere, zaintza duen gurasoaren bikotekidea, izaera hori legez aitortua badu. Pertsona horren seme-alabak ikaslearen neba-arrebatzat joko dira, baldin eta harekin bizi badira. Erroldatze-ziurtagiriaren bidez kreditatu beharko da egoera hori.
7.– Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekide-izaera kreditatzeko, zaintza dagokion gurasoari ematen dion sententziaren kopia aurkeztu beharko da, bai eta familia-liburuaren kopia ere, hura beste pertsona batekin ezkondu dela kreditatzen duena, edo, bestela, izatezko bikotea izatea kreditatzen duen ziurtagiri ofiziala.
Hamalaugarrena.– Familia ugariei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
Estatuko autonomia-erkidegoek emandako titulu ofizialen bidez kreditatuko da familia ugariko izaera.
Hamabosgarrena.– Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak askatasunez erabakitako beste alderdi batzuei buruzko baremo-atala aplikatzeko arauak.
1.– Herri-ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluek aukera izango dute, hala nahi izanez gero, irizpide bat edo batzuk ezartzeko, eskatzaileei puntuazio gehigarri bat emateko. Puntuazio gehigarri hori, gehienez, bi puntukoa izango da.
2.– Irizpide objektiboak ezarri beharko dira puntuazio gehigarri hori emateko. Organo eskudunak onartutako irizpideak izan behar dute, eta eskaerak entregatzeko epea hasi baino lehen argitaratu behar dira.
3.– Kontzeptu batengatik edo gehiagorengatik eman daiteke puntuazio gehigarri hori. Kontzeptu bat baino gehiagorengatik ematen bada, horien artean bana daiteke puntuazioa, edo baldintzetakoren bat betetzen bada eman.
4.– Puntuazio gehigarri hori emateko irizpideak ezberdinak izan daitezke hezkuntza-maila edo ikasturte bakoitzean.
5.– Atal honetako puntuazioa emateko irizpideen artean jaso daitezke baremoko beste atal batzuetako kontzeptu bat edo batzuk; hala, atal horien puntuazioa gehitu egingo da, aurrez ezarritako moduan, baina kontuan hartuta ezingo direla, guztira, bi puntu gehigarri baino gehiago eman atal honetan.
6.– Ezingo da irizpide diskriminatzailerik ezarri atal honetan; hau da, ezingo da jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo bestelako inguruabar edo baldintza pertsonal edo sozialean oinarritutako irizpide diskriminatzailerik ezarri; halaber, ezingo da puntuaziorik eman, berariaz deitutako proba edo azterketen emaitzetara baldintzatuta.
7.– Herri-ikastetxe publikoetako Ordezkaritza Organo Gorenei eta itunpeko ikastetxeetako Eskola Kontseiluei dagokie zehaztea zer baldintza eskatuko diren atal honetan ezarritako irizpideak betetzen direla kreditatzeko.
Hamaseigarrena.– Datuen egiaztapena.
Eskaerak barematu beharrean dauden ikastetxeek egiaztatu egin beharko dituzte eskaeretako datuak. Egiaztapen-lan hori egiteko, horrela jokatuko da:
a) Errenta.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, lurralde-ordezkaritzara bidaliko da diru-sarreren egiaztapena baimendu duten eskatzaileen zerrenda. Ikastetxeetara bidaliko da zerrenda-eredua.
b) Bizilekua.– Udal-erroldako ziurtagiriak aitaren, amaren edo lege-ordezkariaren bizitokiari buruz ematen dituen datuak ez badatoz bat NANean (edo, atzerritarren kasuan, AIZn) adierazitakoekin, ikastetxeek horren berri emango diote dagokion udalari, eskaerak egiteko epea amaitutakoan, datu horien egiaztapena egin dadin.
Errentari eta bizilekuari buruzko datuak egiaztatzen ez diren bitartean, ontzat emango dira eskatzaileek emandako datuak; hala ere, egiaztapen horiek eginda, aldaketak egiteko aukera izango da, onartutakoen eta onartuak izan ez direnen zerrendak egiteko.
Egiaztapenen emaitza jasota, ontzat emango dira udalak eta ogasunak bizilekua eta errenta, hurrenez hurren, baloratzeko egindako ziurtagiriak.
Onartutako ikasleen behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira egiaztapenen emaitzak, ikastetxeak aintzat hartuko ditu emaitza horiek haiei jarritako errekurtsoak ebazteko. Egiaztapenen emaitzak behin betiko zerrendak argitaratu ondoren jasoko balira, ikastetxeak horren berri emango dio ordezkaritzari.
Hamazazpigarrena.– Onartutako ikasleen eta onartuak izan ez direnen zerrendak.
1.– Onartutako ikasleen eta onartuak izan ez direnen behin-behineko zerrendek zehaztu egingo dute eskatzaile bakoitzak baremoko atal eta azpiatal guztietan lortutako puntuazioa, eta ikastetxeetan erakutsiko dira, Agindu honetako 3. artikuluan adierazitako egutegi-epeetan.
2.– Zerrenda horietan ezingo dira azaldu eskaerak egiteko epea amaitu ondoren argitaratu eta lurralde-ordezkaritzari bidalitako eskatzaile-zerrendan azaltzen ez ziren ikasleen eskaerarik.
3.– Behin betiko zerrendak argitaratuta, ikastetxeek bi eguneko epean bidaliko dituzte hezkuntzako lurralde-ordezkaritzara onartutako ikasleen eta onartuak izan ez diren ikasleen izenen zerrenda, maila eta hizkuntza-ereduka, horretarako erabakitzen den formatuan; halaber, epe horretan bertan, Administrazioari dagozkion eskaera-orriak bidaliko dituzte.
4.– Beste ikastetxe batzuetatik datozen ikasleak azaltzen badira onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, ikasle horiek modu automatikoan galduko dute haien jatorrizko ikastetxean betetzen zuten plaza. Horrenbestez, fase horretan plazarik lortu ez duten ikasleak birkokatzeko erabiliko dira hutsik geratutako plazak.
5.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Onarpena Bermatzeko Batzordeari entzun ondoren, ikastetxea esleituko die onartuak izan ez diren ikasleei. Esleipen hori egiteko, ikasle horiek egindako bigarren eta hirugarren aukerei erreparatuko zaie, ahal den neurrian. Haur Hezkuntzan, derrigorrezko irakaskuntza-maila ez denez, ahal den neurrian eskolatuko dira ikasleak, eskainitako plazei erreparatuta.
6.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzak onartu beharko ditu gerora egin daitezkeen aldaketak.
Hemezortzigarrena.– Erreklamazioak.
Erreklamazioak jar daitezke onartutako ikasleen eta onartuak izan ez direnen behin-behineko zerrenden aurka, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenean edo Eskola Kontseiluan, agindu honek araututako epeetan.
Hezkuntzako lurralde-ordezkariari erreklamazioak aurkezteko aukera izango da, behin-betiko zerrenden aurka. Hamar egun balioduneko epea izango da horretarako, haiek argitaratzen diren egunetik aurrera.
Aurkeztutako erreklamazioak ebazteko, egoki iritzitako agiri oro bil dezake Administrazioak.
Prozesu horiek amaituta, onartuak izan diren ikastetxeetan matrikulatutzat joko dira ikasleak.
Ikaslea behar bezala eskolatzea bermatuko duen epe batean eman beharko du bere ebazpena hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.
Hemeretzigarrena.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.
Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak onartzeko, maila bakoitzeko ikastetxeentzat ezarritako prozedura eta egutegi komunak bete beharko dira, eta hezkuntza-ordezkaritzak izango dira horiek bete eta gautzeko arduradunak.
Hogeigarrena.– Aplikazioa.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik aplikatuko dira jarraibide hauek.
II. ERANSKINA
IRIZPIDEAK ETA BAREMOA
A) Familia-unitatearen urteko errenta (Kontzeptu metagarriak):
– 2006ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 37.863 euro baino gutxiago bada (5 aldiz lanbide arteko gutxienezko soldata): 1,5 puntu.
– 2006ko Errenta Aitorpenaren Zerga Oinarria 37.863 euro baino gehiago bada: 0 puntu.
– Aurreko puntuazioa alde batera utzita, eskatzaileaz gain duen adin txikiko seme/alaba bakoitzagatik: 0,25 puntu.
– Atal honetan gehinezko puntuazioa: 3 puntu.
B) Bizilekuaren hurbiltasuna (Kontzeptu ez metagarriak):
– Ikaslearen bizilekua eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan: 5 puntu.
– Ikaslearen bizilekua eskatutako ikastetxearen eragin-eremuaren mugakide: 2 puntu.
– Ikaslearen bizilekua ikastetxea dagoen udalerrian, baina eragin-eremu eta mugakideetatik kanpo: puntu 1.
– Ikaslearen aita, ama edo legezko tutorearen lantokia eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan: 2 puntu (puntuazio hau ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiteagatik emandakoarekin bateraezina da).
– Atal honetan gehienezko puntuazioa: 5 puntu.
C) Ikastetxean ikasi edo lan egiten duten senitartekoak (Kontzeptu ez metagarriak):
– Eskatutako ikastetxean edo atxikitakoan matrikulatutako anai-arreba bat edo gehiago: 9 puntu.
– Aitak, amak edo legezko tutoreak eskatutako ikastetxean lan egiten du: 7 puntu.
– Atal honetan gehienezko puntuazioa: 9 puntu.
D) Beste irizpide batzuk (Kontzeptu metagarriak):
– Maila Orokorreko familia ugaria izateagatik: puntu 1.
– Maila Bereziko familia ugaria izateagatik: 1,5 puntu.
– Minusbaliotasunagatik (Kontzeptu honegatik gehienezko puntuazioa: 2 puntu).
Ikasle eskatzailearena: 2 puntu.
Bere aita, ama edo legezko tutorearena edo bere anai-arreba batena: puntu 1.
– Familia-unitateko partaideren bat eskatutako ikastetxearen bezero kooperatibista izateagatik: puntu 1.
– Ikastetxearen Eskola Kontseiluak edo Ordezkaritza Organo Gorenak libreki erabakitako irizpideak (Eskatutako ikastetxearen iragarki-taulan agerian egongo dira eskabideak aurkezteko epearen hasiera baino lehenago): 2 puntu arte. Ezingo da irizpide diskriminatzailerik ezarri atal honetan; hau da, ezingo da jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo bestelako inguruabar edo baldintza pertsonal edo sozialean oinarritutako irizpide diskriminatzailerik ezarri (eskatutako ikastetxearen iragarki-taulan agerian egongo dira eskabideak aurkezteko epearen hasiera baino lehenago): 2 puntu arte.