Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

6. zk., 2008ko urtarrilaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
155

AGINDUA, 2007ko azaroaren 15ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, 2007ko apirilaren 27ko lekualdatze-lehiaketari dagozkion destinoak emateko dena. Lehiaketa horrekin Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialeko kidego eta eskaletako lanpostu hutsak eskaini ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialaren kidego eta eskaletako lanpostu hutsak betetzeko, 2007ko apirilaren 27ko Aginduaz deitutako lekualdatze-lehiaketaren ondorioz izapidetutako espedientea aztertu egin da (uztailaren 16ko EHAA eta maiatzaren 17ko BOE).

Uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa -Botere Judizialarena- aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Legearen VIII. Tituluan, eta Justizia Administrazioaren zerbitzupeko Funtzionario berriak hartzeari, Funtzionario horien Lanpostuak Hornitzeari eta Lanbide Sustapenari buruzko Arautegiko 43. artikuluan eta ondorengoetan eta Xedapen Indargabetzaile Bakarrean -abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuak onartu zuen- ezarritakoaren arabera, sail honek honako hau xedatu du:

Lehenengoa.– Aipatu aginduaz deitutako lekualdatze-lehiaketan parte hartu duten funtzionarioei behin betiko esleitu zaizkien destinoak eta dagozkien bigaren bueltako lanpostu hutsen zerrendak argitaratzea. Destinook deialdiko aginduaren I. eranskinean zerrendatutakoak dira.

Bigarrena.– II. eranskinean aipatzen diren funtzionarioak lekualdatze lehiaketatik kanpo uztea.

Hirugarrena.– Destinorik eman ez zaien eskabideak, lehiaketa honetako partaideek aurkeztuak, iraungitzat jotzea. Beraz, hurrengo lekualdatze-lehiaketetan ez dira kontuan hartuko.

Laugarrena.– Deialdi honetan esleitu ez diren lanpostuak eman gabe uztea, non eta ez diren amortizatuko langile-zerrenda organikoa aldatuz edo lanleku bateko langileak berrantolatuz. Beraz, funtzionario berriek beteko dituzte lanpostuok.

Bosgarrena.– Jardunean dauden baina lehiaketa honetako ezein kidegotan edo eskalatan sartzen ez diren funtzionarioek ondoko egun hauetan utziko dute kargua: Prozesu eta Administrazio Tramitaziokoek 2007ko azaroaren 23an; Prozesu eta Administrazio Kudeaketakoek zein Laguntza Judizialekoek, 2007ko azaroaren 26an. Lehiaketa bidez lorturiko destino berriaren jabetza hiru egun naturaleko epearen barruan egingo da, kargu-uztearen egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; epea zortzi egun naturalekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun naturalekoa Autonomia Erkidegoz aldatu behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa; kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai irletako nahiz hirietako lanpostua jatorrikoa bada, bai destinoko bada. Lanpostuaz jabetzeko epea ordaindu egingo du administrazio eskudunak, lehiaketaz lortutako lanposturi dagokionez.

Aginduak Justizia Administrazioko Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialaren kidegoetan edo eskaletan jarduneko zerbitzura itzultzea badakar, lanpostuaz jabetzeko epea, aurreko paragrafoan ezarritako bera, egun hauetatik kontatuko da: 2007ko azaroaren 23tik Prozesu eta Administrazio Izapidetzako kidegora edo eskalara itzultzen bada, eta 2007ko azaroaren 26tik, Prozesu eta Administrazio Kudeaketako edo Laguntza Judizialeko kidego edo eskaletara itzultzen bada. Baina kasu horretan, epe hori ez da ordainduko, zeren eta Ofizialen, Laguntzaileen eta Agenteen kidegoetarako itzulera formalizatu aurretik egiten baita, eta, ondorioz, ez dago jarduneko zerbitzu moduan zenbatzerik.

Baldin eta lehiaketa honen bidez itzultzen diren funtzionarioak beste kidego edo eskalaren batean jardunean badaude eta Administrazioarekin duten zerbitzu-harremana eteterik nahi ez badute, nahikoa izango da kidego edo eskala berrian lanpostuaz jabetzearekin, eta aurreko destinoa utzi dutela ulertuko da plaza berriaz jabetu diren egunaren bezperan. Horretarako, eta lanpostuaz jabetzeko behar duten epea izan dezaten, egun destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan badute, Giza Baliabideen Zuzendaritzari ordaindu bateko baimena eskatu ahal izango diote herria aldatzen ez denean eta bi egunekoa herria aldatzen denean. Kanarietara, Balearretara, Ceuta edo Melillara joan behar dutenek, berriz, hiru egun arteko baimena izan dezakete

Giza Baliabideen zuzendari andreak, ofizioz, eszedentzia emango die jatorrizko kidegoan edo eskalan, eszedentzia Justizia Administrazioaren zerbitzu bateko kidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko destinoan, gertatzen denean. Destino hori Prozesu eta Administrazio Kudeaketako, Prozesu eta Administrazio Izapidetzako eta Laguntza Judizialaren kidego edo eskaletan lanpostuaz jabetzen diren egunaren aurreko egunean utziko dute, dagozkien ordainketak jasotzerakoan etenik izan ez dezaten.

Esleitutako lanpostuak betetzen ari diren bitarteko funtzionarioek lanpostua utzi egingo dute, titularra lanpostuaz jabetzearen ondorioz.

Justizia Administrazioaren zerbitzuko karrerako eta bitarteko funtzionarioen kargu-jabetzeak eta kargu-uzteak Giza Baliabideen zuzendariaren edo hark eskuordetzea ematen dion funtzionarioaren aurrean formalizatuko dira Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako EATetan, esleipendunaren lanpostua dagoen lurraldearen arabera.

Seigarrena.– Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu jaunari, hilabeteko epean; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hil biko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta biharamunetik aurrera.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zenetik hilabete pasatu eta ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da lehen adierazitako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko azaroaren 15a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

I. ERANSKINA
PROZESU ETA ADMINISTRAZIO KUDEAKETAKO KIDEGO ETA ESKALA

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
BAZTERTUEN ZERRENDA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala