6. zk., 2008ko urtarrilaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
154
AGINDUA, 2007ko abenduaren 27koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, lan-arloko arau-hausteak zigortzeko eskumena ezartzeko dena.
Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen. 48. artikuluko 5. paragrafoak ezartzen du lan-arloko legeak gauzatzeko eskumena duten autonomia-erkidegoetako administrazioetan autonomia-erkidego bakoitzak erabaki behar duela zein erakundek eta zein mugekin duen zigortzeko eskumena.
Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluak Autonomia Erkidegoari ematen dio lan-arloko legeak betearazteko eskumena. Zeregin betearazle horren barruan sartzen da lan-arloko arau-hausteak egiten direnean zigorrak jartzea.
Lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bateginean zigorrentzat ezarritako zenbatekoak eguneratzen dituen martxoaren 2ko 306/2007 Errege Dekretua indarrean jarri dela-eta, beharrezkoa da lan-arloko arau-hausteak zigortzeko eskumenen hasierako banaketa berrikustea eta gaur egun lan-arloko eskumenak dituzten erakundeetara egokitzea.
Hori dena kontuan izanik, ondokoa
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan egindako arau-hausteak zigortzeko eskumena:
Lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bategineko II. kapituluaren 2. atalean aurreikusitako laneko arriskuei aurrea hartzeko arloko arau-hausteak zigortzeko eskumena, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak edo, hala badagokio, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Ikuskatzailetzak proposatuta, honakoei dagokie:
a) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, oso larritzat jotako arau-hausteentzat zigorrik handienak ezartzeko.
b) Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, honek baitu eskumena laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan egindako arau-hauste oso larrientzat zigor ertainak jartzeko.
c) Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariari, honek baitu eskumena laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan egindako arau-hauste oso larrientzat zigor txikienak jartzeko.
d) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko lurralde-ordezkariari, arau-hauste larri edo arinentzat zigorrak jartzeko.
2. artikulua.– Lan-arloko legeen esparruan eta instrukzioko jardueretan egindako gainontzeko arau-hausteak zigortzeko eskumena:
Lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bateginean aurreikusitako lan-arloko legeen inguruko gainontzeko arau-hausteak eta oztopatze-jarduerak zigortzeko eskumena, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak edo, hala badagokio, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Ikuskatzailetzak proposatuta, honakoei dagokie:
a) Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordeari, oso larritzat jotako arau-hausteentzat zigorrik handienak ezartzeko.
b) Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariari, oso larritzat jotako arau-hausteentzat zigor txiki eta ertainak ezartzeko.
c) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko lurralde-ordezkariari, arau-hauste larri edo arinentzat zigorrak jartzeko.
AZKEN XEDAPENAK
Ondorioak.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 27a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.