6. zk., 2008ko urtarrilaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Jaurlaritzaren Lehendakaritza
152
13/2007 LEGEA, abenduaren 27koa, Nekazaritza Ganberak azkentzekoa.
Eusko Legebiltzarrak, honako legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:
13/2007 Legea, abenduaren 27koa, Nekazaritza Ganberak azkentzekoa.
ZIOEN AZALPENA
Nekazaritza-ganberen araubide juridikoaren oinarriak ezartzen zituen abenduaren 24ko 23/1986 Legea oinarrizko lege gisa ezarri zen bere edukiaren zati batean, administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak ezartzea (Konstituzioaren 149.1.18 artikulua) Estatuko eskumena dela argudiatuta; Lege hori Nekazaritza Ganberei buruzko ekainaren 15eko 6/1990 Legearen bitartez garatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.21 artikuluan oinarrituta, arlo horretan duen eskumenari jarraiki.
Estatuko lege horretan, probintzia bakoitzeko nekazaritza-ganbera bat egoteko beharra ezartzen zen, besteak beste. Agindu hori ekainaren 15eko 6/1990 Legean gauzatuta gelditu zen, lurralde historiko bakoitzean lurraldeko nekazaritza-ganbera bana aurreikusi baitzen. Gainera, oinarrizko legeak ezarritako eginkizunei beste batzuk gehitu zitzaizkien, bai eta beren araubide ekonomikoa eta antolakuntza ere.
Abenduaren 24ko 23/1986 Legean oinarrizkotzat jotzen ziren artikuluek nekazaritza-ganberak kasuan kasuko lurraldeko nekazaritza-sektorera hoberen egokitzeko eta hari laguntza emateko autonomia-erkidegoen eskumena eta gaitasuna mugatu zuten, eta, hala, nekazaritza-ganberen arloan beren eskumen guztia erabiltzea eragotzi zen; eskumen hori, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoan jaso zen, 10.21 artikuluan hain zuzen. Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoak askotan eskatu dio Estatuari abenduaren 24ko 3/1986 Legearen oinarrizko kutsu hori ezabatzea.
Egoera horrek horrela segi ezin zuela ohartuta, beren eskumenen muga gainditu zuelako, eta denboraren poderioz eta sektorean egoera-aldaketarekin, nekazaritza-ganberek praktikan beren oinarrizko eginkizunak galdu zituztelako, Estatuak irailaren 30eko 18/2005 Legea argitaratu zuen. Lege horrek indargabetu egin zuen nekazaritza-ganberen araubide juridikoaren oinarriak ezartzen zituen abenduaren 24ko 23/1986 Legea. Indargabetze horrek ez du esan nahi egun dauden nekazaritza-ganberak ezabatu edo azkendu egingo direnik, baizik eta Estatuko oinarrizko araudia ezabatu egiten dela. Hala, autonomia-erkidegoen esku egongo da, beren eskumenak gauzatzearen barruan, ganberak desagertzea edo mantentzea eta arautzea.
Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritza-ganberen araubidea Nekazaritza Ganberei buruzko ekainaren 15eko 6/1990 Legeak garatu zuen. Aholkularitza-eginkizuna eta administrazio publikoei laguntzeko eginkizuna duten zuzenbide publikoko korporazioak direla jaso zen eta horrez gain, beren antolamendua, araubide ekonomikoa eta langileen araubidea eta ordezkaritza arautu ziren.
Denboran aurrera egin ahala, zuzenbide publikoko korporazio gisa Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberek egiten zituzten eginkizunak gain behera etorri ziren, eta Administrazioari eskaintzen zioten laguntza gutxika-gutxika txikituz joan zen desagertu egin zen arte. Hori dela bide, Eusko Jaurlaritzak nekazaritza-ganberei ematen zien finantziazioa kendu egin zen eta ganberekin sinatutako hitzarmenak salatu eta azkendu egin ziren; gainera, langilerik gabe gelditu ziren. 1999az geroztik, ganberetako osoko bilkuretako kide batzuek erakunde batzuetan parte hartzera mugatu zen nekazaritza-ganberen jarduera, hain zuzen ere landa-errentamenduen arbitraje batzordeetan (hondar-eginkizuna zen, eta gainera, Landa Errentamenduei buruzko azaroaren 26ko 49/2003 Legearen ondorioz, gaur egun ez da existitzen) eta nahitaezko desjabetzako epaimahaian (jarduera hori ere gaur egun ez da existitzen).
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberak ez daude jardunean; zuzenbide publikoko korporazio gisa juridikoki existitzen dira, baina ez dute eginkizunik gauzatzen eta ez dute finantziaziorik.
Abenduaren 24ko 23/1996 Legeak ezartzen zuen betebeharra, hau da, probintzia bakoitzeko nekazaritza-ganbera bat egoteko beharra, ezabatu ondoren (irailaren 30eko 18/2005 Legeak indargabetu zuelako), zuzenbidean egitatezko egoera bat egokitu behar da. Hori dela bide, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeko nekazaritza-ganberak bertan behera gelditzen dira eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ganberak arautzen dituen ekainaren 15eko 6/1990 Legea indargabetu egiten da; hori lege honetako artikulu bakarrean jaso da.
Azken zatiak bi xedapen gehigarri dauzka, nekazaritza-ganberen ondarea likidatzea eta, Kode Zibilaren 39. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, nekazaritza-interes orokorreko helburuetara eta zerbitzuetara bideratzea aurreikusten dutenak. Bestalde, xedapen indargabetzaile bat dauka, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberak azkentzearen ondorioz funtsean ukituta gelditzen diren arauak indargabetzen dituena. Eta amaitzeko, lau azken xedapen dauzka, nekazaritza-ganberei berariazko aipamena egiten dieten zenbait arau aldatzen dituztenak eta legea indarrean sartuko den eguna zehazten duena; data hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguna izango da.
Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen azkentzea.
Arabako Lurraldeko Nekazaritza Ganbera, Bizkaiko Lurraldeko Nekazaritza Ganbera eta Gipuzkoako Lurraldeko Nekazaritza Ganbera azkenduta gelditzen direla deklaratzen da.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Lurraldeetako nekazaritza-ganberen ondarearen likidazioa.
Lege hau indarrean jartzen denetik hasi eta gehienez sei hilabeteko epean, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ondarea erabat likidatu eta azkentzeko beharrezkoak diren eragiketa guztiak egingo ditu.
Bigarrena.– Nekazaritza-ganberen ondarearen xedea.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ondarearen likidaziotik ateratzen dena Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian integratuko da, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren esku geratuko da, nekazaritzako interes orokorreko helburuetarako eta zerbitzuetarako erabiltzeko.
Ogasun eta Herri Administrazio Sailari baimena ematen zaio aurreko lerrokadan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-aldaketak egiteko.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe uzten dira honako xedapen orokor hauek:
a) Ekainaren 15eko 6/1990 Legea, Nekazaritza Ganberei buruzkoa.
b) Apirilaren 25eko 94/1983 Dekretua, landa-errentamenduen arbitraje batzordeen funtzionamendurako arau osagarriak ematen dituena.
c) Ekainaren 6ko 106/1983 Dekretua, Bizkaiko Nekazaritza Ganberaren funtzionamendurako behin-behineko arauak ezartzen dituena.
d) Nekazaritza Sailaren abenduaren 5eko 267/1983 Dekretua, lurralde eta eskualdeetako nekazaritza-batzordeak sortzen dituena.
e) Eta lege honetan ezarritakoaren aurka egiten duten edo honekin kontraesanean dauden bestelako xedapenak, maila berekoak zein txikiagokoak.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Nahitaezko desjabetzako lurralde-epaimahaien funtzionamendu-arautegia onesten duen irailaren 20ko 244/1988 Dekretua aldatzea.
Nahitaezko desjabetzako lurralde-epaimahaien funtzionamendu-arautegia onesten duen irailaren 20ko 244/1988 Dekretuaren 5. artikuluaren 2. paragrafoan,
Honen ordez:
"... Probintziako Nekazaritza Ganberaren ordezkaria; ...".
Hau jarri behar da:
"... Nekazaritzako Ingeniarien Elkargo Ofizialaren ordezkaria, goi-mailako titulua duena; ...".
Bigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzioei, osaerari eta funtzionamendu-araubideari buruzko urriaren 2ko 262/1990 Dekretua aldatzea.
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikarako Aholku Batzordearen funtzioei, osaerari eta funtzionamendu-araubideari buruzko urriaren 2ko 262/1990 Dekretuaren 3. artikuluaren 1. atalean,
Honen ordez:
"- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ganberen ordezkari bat",
Hau jarri behar da:
"- Nekazaritzako Aholku Mahaiak gehiengoz aukeratutako pertsona bat".
Hirugarrena.– Arautegi-aldaketen maila.
Azken xedapenetako lehenengo eta bigarrenak aldatutako arautegi-xedapenek araudi izaten jarraituko dute eta, beraz, etorkizunean horien maila bereko arauek aldapenak egin ahal izango dituzte xedapen horietan.
Laugarrena.– Indarrean jartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abenduaren 28a.