Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

134. zk., 2007ko uztailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3910

EBAZPENA, 2007ko ekainaren 20koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendariarena, laneko arriskuen prebentzioaren arloko ikerketa-proiektuetarako diru-laguntzak arautzen dituena.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean: Osalan) jakitun da laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan beharrezkoa dela ezagutza-maila hobetzen duten jarduerak sustatzea eta ikerketaren emaitzak arlo horretako eguneroko praktikara eramaten laguntzea.

Laneko Arriskuen Prebentzioa arautzen duen azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 5. artikuluan ezartzen denez, prebentzio-arloko politikaren xedea lan-baldintzak hobetzea izango da, lantokian langileen segurtasun eta osasunaren babes-maila igotze aldera, eta herri administrazioek ekintzak sustatuko dituzte, laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko, laneko arriskuak murrizteko, babesteko modu berriak ikertzeko edo bultzatzeko, eta prebentziorako egitura eraginkorrak sustatzeko. Aipatutako legean esaten denez, horretarako programak ezarriko dira erregelamenduetan zehaztuko diren pizgarrien bidez.

Bestalde, ebazpen honen bidez, hau da, laneko arriskuei aurrea hartzeko arloan ikerkuntzari diru-laguntzak emanez, honako helburu hauek betetzen dira: Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lan-kalitatea hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoko langileen lan-baldintzak seguruak eta osasungarriak direla bermatzea eta, laneko arriskuen prebentzioak herritarren eta erakundeen balore-eskalan lehentasuna izan dezan, oinarrizko printzipioen alde lan egitea; prebentzioaren kontzeptua arlo horren inguruan jarduteko oinarri gisa sustatzea , sindikatuen, enpresaburu-elkarteen eta bestelako agenteen ahaleginak batzea, laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko; eta Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak kontzientziatzea, lantokian pertsonak babesteko garrantziaren inguruan.

Osalanek beharrezkoa diren hainbat zeregin ditu prebentzioa eta laneko segurtasun, garbitasun eta osasunaren sustapena betetzeko, eta horretarako laneko arriskuak prebenitzeko ikerketa suspertu eta sustatzen du deialdi honen bidez.

Printzipio horiei jarraituz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak 2007rako onartzen dituen abenduaren 28ko 9/2006 Legearen arabera onetsitako gastu-kredituaz baliatuz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua Osalanek 2007ko ekitaldian Laneko Arriskuen Prebentzio arloko ikerketa-proiektuetarako emango dituen diru-laguntzak arautzea da.

2. artikulua.– Entitate onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoek eta, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten pertsona juridikoek, publiko zein pribatuek, eskatu ahal izango dituzte ebazpen honetan araututako diru-laguntzak.

3. artikulua.– Gehienezko zenbatekoa orotara.

Ebazpen honen helburua betetzeko, 500.000,00 euro erabiliko dira guztira, eta horiek 01 "Zuzendaritza Nagusia" Zerbitzuko, "Eragiketa arruntetarako transferentzia eta diru-laguntzak" izeneko IV. kapituluan barne hartutako "Laneko Segurtasuna eta Osasuna" deritzon 3113 programaren kontura ordainduko dira.

Zenbateko hori, hala badagokio, eguneratu ahal izango da, baldin eta indarrean dagoen legeria betez aurrekontuetan aldaketarik badago. Aldaketa hori aurkeztutako eskabideak ebatzi aurrekoa izan beharko da. Horren berri, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emango da.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak 2007ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burutu beharko dira, eta laneko arriskuen prebentzio arloko ikerketa, garapen eta berrikuntza proiektuak burutzeko izango dira. Nahi beste proiektu aurkez ditzakete eskatzaileek.

5. artikulua.– Lehentasunezko gaiak.

Honako gai hauek izango dute lehentasuna:

1.– Azkenaldian sortu diren arriskuak:

a) Faktore anitzeko arriskuak.

b) Deserosotasun termikoa.

c) Arrisku ergonomikoak eta psikosozialak: Osasunaren gaineko ondorioak. Kausalitate-azterlanak. Prebentzio-teknikei buruzko ikerketa. Lantokietan esku hartzeko estrategien ebaluazioa.

d) Sektore espezifikoak: gizarte-laguntza, ostalaritza, garbikuntza eta etxe-zerbitzua.

2.– Amiantoaren ordezko zuntzek langilearengan izan ditzaketen ondorioei buruzko azterlana.

3.– Indusketa- eta/edo eraispen-lanetan erortzeek edo behea jotzeek eragin ditzaketen kalte fisikoak ebaluatu eta prebenitzeko metodoak eta irizpideak.

4.– Nanopartikulak maneiatzea: Eragin-egoeraren Arriskuak, Kontrol Metodoak eta Prebentzio Neurriak.

5.– Eremu Elektromagnetikoen Eraginpeko (EEE) Lanpostuei buruzko ikerlana. EEEko lanpostuetako arriskua ebaluatu eta kudeatzeko metodologiak.

6.– 6 langile baino gutxiagoko enpresetan prebentzio-jarduera kudeatzeko metodologiak: azterketa, balioespena eta emaitzak.

7.– Laneko istripuek eragindako lesioen eta laneko gaixotasunen kausalitateari buruzko azterlanak. Epidemiologia-metodo berriak.

8.– Osasun-arazoak ikertze aldera, laneko egoera berritzeko metodoak garatu eta aplikatzea.

9.– Jatorri kimikoko arrisku-faktoreak: kartzinogenoak, ugalketarako agente kaltegarriak, neurotoxikoak.

10.– Laneko arriskuak prebenitzeko jardueren gaineko ebaluazio-azterlanak. Eraginkortasunaren eta alderdi ekonomikoaren ebaluazioa.

11.– Arrisku espezifikoen aurrean, osasuna zaintzeko gidak garatzea.

6. artikulua.– Burutzeko epea.

Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak aurten burutu beharko dira eta, edonola ere, 2007ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute.

7. artikulua.–Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, ebazpen honek ondorioak sortzen dituen momentutik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Osalanen egoitzan aurkeztu behar dira -Dinamita bidea z.g., 48903 Barakaldo (Bizkaia), edo Araba, Bizkaia edo Gipuzkoako Lurralde Zentroetan, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bidez baliatuz.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari igorriko zaizkio, honako dokumentazio honekin batera:

1.– Administrazio-agiriak.

– Eskabide normalizatuaren inprimakia (I.A eranskina).

– Foru Ogasunaren ziurtagiri eguneratua eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena, edota behar den entitatearena, egiaztatzeko laguntza eskatzen duenak beteta dituela dagozkion zerga-obligazioak, eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak ere. Bakarrik eskabidea aurkezterakoan ordezkatu ahal izango da behar bezalako zigilua duen idazki batekin, non ziurtagiria eskatu dela adierazten baita. Zor bat atzeratzea lortzen duen eskatzaileak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

– Pertsona fisikoak edo erakundearen legezko ordezkariak egindako zinpeko aitorpena; ordezkaria behar bezala kreditatuta egongo da. Aitorpenean honako honek azaldu behar du: dirulaguntza-deialdi honen data baino lehenagoko bost urteen epealdian, laneko segurtasun eta osasunaren alorrean delitu edo arau-urrapen administratibo oso larriak egin izanagatik, erakundeak ez duela jaso zehapen irmorik eta, halaber, arlo horretan delituak egin izanagatik zigorrik jaso gabea dela. Laneko segurtasun eta osasunaren arloko araudiak ezarritako ondoko betekizunak betetzen direla ere azaldu beharko da.

– Eskatzailearen zinpeko aitorpena, azaltzeko administrazio-zehapen edo zigorrik ez dela betetzen ari diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko debekuarekin, eta ez duela horretarako inhabilitatzen duen legezko debekurik jaso.

– Eskatzailearen zinpeko aitorpena, azaltzeko Administrazio honi, beste Administrazio Publikoei edo beste erakunde publikoei helburu eta xede berbera lortzeko eskatu zaien beste edozein laguntzaren egoera (eskatu dela, eman dela edo tramitatzen ari dela, hain zuzen ere).

– Eskatzaileak zinpeko deklarazioa egin behar du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako eta izaera berekoak diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz prozedura zehatzaileei buruz, baldin eta prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude.

– Eskatzailea pertsona fisikoa baldin bada, erroldako ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du.

– Eskatzailea erakunde juridikoa baldin bada, honako agiri hauek erantsi beharko ditu:

a) Elkarteen Erroldan edo erakundeari dagokion erregistro publikoan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren kopia.

b) Laneko Arriskuen Ebaluaketa eta Prebentzio Plana egin duela, horretarako prebentzioa antolatzeko modua hartuta izanik, Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraiki. Eta urteko prebentzio-plangintza egin duela.

c) Hala behar duten antolaketa-moduetarako ezarrita dagoen laneko arriskuei aurrea hartzeko Sistemaren Auditoria egin duela, urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren 29. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

2.– Agiri teknikoak.

– Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituena: ondorengo alderdiak barne hartuko dituen ikerketa-proiekturako eskabide-txostena: proiektuaren alderdi nagusien eta helburuen laburpena, aurrekariak, gaiaren egungo egoera, bibliografiarik adierazgarrietan, helburuak, metodologia, lan-plana, ikerketa-taldeak gaiaren inguruan duen esperientzia, emaitzek Laneko Arriskuen Prebentzioan izan dezaketen erabilgarritasuna, proiektua egiteko eskatzaileak dituen baliabideak, eskatzen den laguntzaren justifikazioa eta proiektuaren aurrekontua (II. eranskina).

– Ikerketa-proiektuaren bideragarritasunari buruzko txostena, ikerketa-proiektuaren alderdi denak barne hartzen dituena (II. eranskina).

– Proiektuan esku hartuko duten ikertzaile ororen curriculum normalizatuak. Azken bost urteotako argitalpenak baino ez dira aipatuko (II. eranskina).

– 2007ko urtarrilaren 1a baino lehenago hasi, baina 2007. urtean zehar garatuko den proiekturik balego, proiektuaren egoerari buruzko aurrerapen bat, 10. artikuluan aurreikusitako edukia azalduz.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako okerrak zuzentzea.

Baldin eta diru-laguntzen eskabideak behar bezala beteta ez badaude edo ebazpen honen 8. artikuluan eskatutako administrazio-agiriak falta badira, Osalanek pertsona edo entitate eskatzaileari hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena jasotzen duen egunaren biharamunetik aurrera, akatsak zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, eta hau ohartaraziko dio: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan agindutakoaren arabera.

10. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen jarraipena.

2007ko urtarrilaren 1a baino lehenago hasi, baina 2007. urtean zehar garatuko diren proiektuetarako, dirulaguntza-eskabidearekin batera, horien egoeraren inguruko aurrerapena aurkeztu beharko da, eta horretan, gutxienez ere, ebazpen hau argitaratu ondoko datan proiektua zein egoeratan dagoen eta, garatutako eta proiektutako jardueren laburpen kronologiko bat jasoko dira. Aldez aurretik Osalanen dirulaguntza jaso duten proiektuetako ekintzak edo aldiak ez dira diruz lagunduko.

Halaber, diruz lagundutako proiektu guztietan, 2007ko irailaren 30ean proiektuaren egoera zein den laburbilduko duen aurrerapena aurkeztu beharko da 2007ko urriaren 31 baino lehen, horretan, goiko paragrafoan adierazitakoa jasoz.

11. artikulua.– Hautaketa.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, hots, laguntza edo diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskariak erkatu eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan, lehentasunen arabera ordenatuko dira.

10. artikuluan zehaztutako balorazio zientifiko-teknikoan 10 puntu lortzen ez duten proiektuak, lehiaketatik kanpo geldituko dira.

12. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Balorazio Batzorde batek ebaluatuko ditu ikerketa-proiektuak, ondorengo irizpide eta haztapenei jarraiki (gehienez 100 puntu):

2.– Zientzia, kalitate eta metodologia arloko kalitatea (gehienez 30 puntu).

2) Laneko arriskuei aurrea hartzeko eta osasuna zaintzeko garrantzitsua, erabilgarria eta ezargarria den (gehienez 30 puntu).

3) Enpresekiko lankidetza-proiektuak, eta batez ere, ETE eta Bertako eta Kanpoko Prebentzio Zerbitzuekin elkarlanean egindakoak (gehienez 10 puntu).

4) Proposamenaren bideragarritasuna: aurreikusitako jarduerak betetzeko, ikerketa-taldea egokia den eta gaitasuna duen, planteamenduaren zehaztasuna, eta jarduerak egutegi-plangintza egokia duen aztertzea (gehienez 20 puntu).

5) 5. artikuluan azaldutako lehentasunezko gaien egokitasuna (gehienez 10 puntu).

2.– Ebaluazio-prozesuaren edozein momentutan, eta erabakia hartu baino lehen, proiektuaren edukia argitzeko eskatu ahal izango zaio erakunde eskatzaileari.

13. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izango da, 2007. urtean garatu eta diruz lagunduko den jardueraren aurrekontuaren % 75etik gorakoa izan. Proiektu bererako ezin izango da ebazpen honetarako bideratutako guztizko aurrekontuaren % 7a baino gehiago erabili.

14. artikulua.– Laguntzak kudeatzea eta Balorazio Batzordea.

1.– Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea Osalani dagokio.

2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Balorazio Batzorde bat eratuko da, eta Osalaneko kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria:

– Administrazio, Antolamendu eta Giza Baliabideen zuzendariordea.

Batzordekideak:

– Plangintza eta Ziurtapenen arduraduna.

– Laneko Osasunaren Unitateko arduradun bat.

– Lurralde zentro bateko Sektoreko arduradun bat.

– Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikari bat.

Idazkaria:

Plangintza eta Ziurtapenen arduraduna jardungo da.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.

1.– Eskabideak Balorazio Batzordeak aztertuko ditu, ebazpen honen 12. artikuluan ezarritako irizpideei jarraiki.

2.– Balorazio Batzordeak dagokion erabaki-proposamena behar bezala arrazoituko dio Osalaneko zuzendari nagusiari, eta berak ebazpen baten bidez esleituko edo ezeztatuko du eskatutako dirulaguntza. Ondoren, ebazpen hori eta egon daitezkeen aldaketak interesatuei jakinaraziko zaizkie eta Euskal Herriko Agintariaren Aldizkarian argitaratuko dira.

3.– Aurreko artikuluan zehaztutako Ebazpenak administrazio bidea amaitzen du eta, haren aurka, badago Berraztertze Errekurtsoa aurkeztea Osalaneko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki; bestela, badago administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztea Administrazioarekiko Auzien Gasteizko Epaitegiaren aurrean, bi hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoari jarraiki.

4.– Ebazpen honen babespean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpen adierazia emateko eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpena indarrean sartzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak modu adierazian ebazteko obligaziorik ez duenik.

5.– Diru-laguntza ematearen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barruan pertsona edo erakunde onuradunak diru-laguntzari beren-beregi uko egiten ez badio, laguntza onartu dela ulertuko da.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Emandako laguntza ordaintzeko, diru-laguntza jaso dezakeen jarduerak aurretik burututa egon beharko du, horiek esleitzeko ebazpenak ezarriko dituen baldintzetan eta eran. Horretarako, 2008ko otsailaren 29a baino lehen agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Burututako jarduerak azaltzen dituen txostena. Bertan, proiektuan aurreikusitako egutegiaren arabera burututako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira.

– Diruz lagundutako jarduerari edo jarduerei buruzko aurrekontua.

– Onartutako aurrekontuan azaltzen diren gastuei dagozkien egiazko egiaztagiriak, jatorrizko fakturak edo konpultsatuak, edo Zuzenbidean onartzen den beste edozein agiri; matrikulatik, agirien salmentatik eta gainerako finantzaketa-iturrietatik sortutako diru-sarrerak ere, proiektuan aurreikusitakoak, horrela egiaztatu beharko dira.

Finantza daitezkeen kontzeptuek bereizita eta desglosatuta agertu beharko dute faktura horietan. Gastuen ordain-agirien edo dagozkien agirien datak 2007ko abenduaren 31 baino lehenagokoak izan beharko dira.

– Diruz lagundutako jardueren publizitaterik eginez gero, publizitate horretan Osalanen lankidetza agerian adierazi dela justifikatzen duten agiriak.

17. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Administrazio honek, beste Administrazio batzuek edo beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako emandako diru-laguntzak bateragarriak dira deialdi honetan araututako diru-laguntzekin. Edonola ere, erakunde onuradunek Osalani jakinarazi beharko diote beste laguntza horiek lortu dituztela.

2.– Emandako laguntza eta diru-laguntzen zenbatekoaren kopuruak ezin izango du gainditu (ez jarduketa horrexetarako diren beste diru-laguntza batzuekin pilatuta edo finantzatutako ekintzan lortutako diru-sarreren bidez) egindako inbertsioaren guztizko kostuaren % 100.

18. artikulua.– Diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea.

1.– Diru-laguntza esleitzeko garaian kontutan hartu ziren baldintzak aldatuz gero -betiere, xedea bete dela jotzen bada-, edota Administrazio honek, beste Administrazio Publiko batek edo beste erakunde publikoek zein pribatuek helburu bererako beste diru-laguntzarik edo laguntzarik emanez gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da, erakunde onuraduna izateko ebazpen honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Ondorio horietarako, Osalaneko zuzendari nagusiak aldatzeko behar den ebazpena emango du; bertan, emandako diru-laguntzen diru-kopuruak birdoituko dira eta erakunde onuradunek sobera hartutako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

2.– Finantzatutako jardueraren balantze ekonomikoa -berari lotutako gastu eta diru-sarrera guzti-guztiak kontutan hartuta- aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, diru-laguntza sortutako gastu errealari egokituko zaio era proportzionalean.

19. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, laneko segurtasun eta osasunaren alorrekoak eta diru-laguntza publikoen arloko obligazioak betetzea.

1.– Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzak jasotzeko eta ordaintzeko, erakunde eskatzaileek egiaztatu egin beharko dute beteta dituztela dagozkien zerga-obligazioak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak horren inguruan xedatutakoarekin bat, bai eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak ere.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, era automatikoan, ondoko alderdiak behar bezala egiaztatzen ez dituzten erakunde eskatzaileak: batetik, azken bost urteetan laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituengatik edo administrazioko arau-hauste oso larriengatik izandako zigorrei edo zehapenei dagozkien alderdiak eta, bestetik, araudia betetzeari dagozkionak.

3.– Halaber, onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo diru-laguntza publikoen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

4.– Zehapen administratibo edo penalik izateagatik diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko debekua duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izango dute parte hartu ebazpen honen bidez arautzen diren dirulaguntzen eta laguntzen deialdian, ezta Legearen indarrez debeku hori ezarrita daukatenek ere.

20. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

1.– Era orokorrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako eta kasuaren arabera ezar daitezkeen obligazioak baztertu gabe (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), diru-laguntzen onuradunek konpromisozko bermeen bidez diru-laguntzak zeini emango zaizkien eta zertarako erabiliko diren bermatu beharko dute, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

2.– Osalaneko zerbitzu teknikoek, ebazpen honetan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko eta burututako ekintzak egiaztatzeko, beharrezkoak diren ikuskapen eta kontrol-jarduerak burutu ahal izango dituzte. Alde horretatik, Osalanek, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa eman behar dute erakunde onuradunek.

3.– Erakunde onuradunak Osalanen laguntza adierazi behar izango du, diruz lagundutako jarduerak ezagutarazten, zabaltzen edo argitaratzen direnean.

4.– Gainera, ikerketa-proiektuetan sortutako datuak erabili ahal izango ditu Osalanek dagozkien helburuetarako, betiere, gaiaren inguruko indarreko lege-xedapenak araupetuz, argituz eta egokituz Jabetza Intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuan eta, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betez.

21. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Entitate onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan ezarritako kasuetako batean egonez gero, edo ebazpen honetan eta aplika daitezkeen arauetan, eta diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako arauak bete gabe utziz gero, Osalaneko zuzendari nagusiak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez, ebazpen bat emango du, eta ebazpen horren bidez, honako hau deklaratuko du: entitate onuradunak ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu duela, eta hala behar izanez gero, ordura arte jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaindutako unetik aurrera dagozkien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharra daukala, bidezko beste ekintza batzuk bazter utzi gabe. Diru-kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien lege ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

22. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Arauak betetzen ez diren kasuetan, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Osalaneko zuzendari nagusiak jakinaraziko dio diru-laguntza hartzen duen erakundeari prozedura hasi dela eta berau oinarritzen duten zergatiak zein diren, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen arrazoibideak egiteko.

b) Arrazoibideak hartu ondoren edo epea alegaziorik egin gabe bukatzen bada, Osalaneko zuzendari nagusiak itzultzeko prozedura bukatuko du; ezar daitekeen araudia betetzen ez dela jotzen badu, ebazpena emango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharreko diru-kopuruak ordaintzeko beharra adierazteko, jakinarazpena egiten denetik bi hilabeteko epean, gehienez. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.

Dirua itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek berariaz ezarri gabeko guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan jasotako arauak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo bestela, Administrazioarekiko Auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hilabeteko epean; bi kasuetan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Barakaldo, 2007ko ekainaren 20a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

IGNACIO MURGUÍA MAÑAS.

I.A ERANSKINA
ESKABIDE EREDUA

(Ikus .PDF)

I.B ERANSKINA
ZINPEKO AITORPEN EREDUA (PERTSONA FISIKOA)

(Ikus .PDF)

I.C ERANSKINA
ZINPEKO AITORPEN EREDUA (PERTSONA JURIDIKOA)

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIO ARLOKO IKERKETA, GARAPEN ETA BERRIKUNTZA PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala