4. zk., 2007ko urtarrilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
64
AGINDUA, 2006ko abenduaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, 2007. urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duena.
Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an emandako Aginduak (EHAA: 1982-11-06), bere 1. artikuluan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari berari egozten dio azterketaren programa eta azterketaren eredua jakinarazteko ardura.
Horren ondorioz, honako hau
XEDATU DUT:
1. artikulua.– EGAren azterketa-ereduak hiru fase edo atal ditu:
– Atariko proba.
– Proba idatzia.
– Ahozko proba.
Euskaltzaindiak 2005. urtearen bukaerara arte eskaini dituen erabakiak kontuan hartuko dira 2007ko azterketetan, zein bere neurrian.
2. artikulua.– Atariko Proba.
1.– EGAren idatzizko eta ahozko azterketetan parte hartu ahal izateko, aukera anitzeko galdekizunez osatutako Atariko Proba gainditu behar du azterketariak, aldez aurretik.
2.– Atariko Proba horrek ehun galdera ditu. Galdekizun horiek launa aukera dituzte, entzutezko ulermena neurtzeko galderetan izan ezik (horietan hiruna aukera izango dira).
3.– Atariko Probak ordubete iraungo du. Azterketa Batzorde Ofizialaren Zuzendaritzak entzutezko ulermenaren grabazioa entzun eta dagozkion galderei erantzuteko finkatzen duen denbora gehitu behar zaio ordubete horri.
4.– Entzutezko ulermena neurtzeko 18 item izango dira gehienez eta 12 gutxienez.
5.– Entzutezko ulermena neurtzeko galderei dagokien grabazioa behin bakarrik entzungo da.
6.– Atariko Probaren gainerako galderek euskararen erabilera zuzen eta egokiaren edozein alderdirekin izango dute zerikusia.
7.– Erantzun zuzen bakoitzeko puntu bat emango zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik, aldiz, ez da punturik kenduko.
8.– Gainditze-muga 75 puntukoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duen azterketari oro azterketaren hurrengo zatira aurkeztu ahal izango da, inolako "numerus clausus"-ik gabe.
9.– Aurreko puntuaren arabera, baldin eta azterketa idatzira pasatzeko direnen kopurua egun horretako Atariko Probara aurkeztu direnen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa zabaldu egingo da. Era honetan: 75 puntuko gainditze-mugara iristen ez direnen artean, hurbileneko azterketariak ere onartu egingo dira, egun jakin horretako gainditze-ehunekoa % 50era hurbildu arte.
10.– Egun horretako gaindituen multzoa horrela zabaldurik, hamartarrak biribildu ondoren, azterketa idatzira pasatu beharrekoen kopurua % 50era zehatz biltzen ez bada, honela jokatuko da: gainditu horien kopurua ehuneko horretatik hurbilen uzten duen puntu-kopurua hartuko da gainditze-mugatzat.
3. artikulua.– Azterketa idatzia.
Azterketa idatziak lau zati ditu:
– Idazlana.
– Esaldiak berridatzi.
– Sinonimoak.
– Irakurriaren ulermena.
Azterketa idatziak 2 ordu eta 20 minutu iraungo du, entzutezko ulermena neurtzen duen ariketa pasatzeko behar den denbora kontuan izan gabe.
1.– Idazlana.
Bi gai eskainiko dira aukeran, dosier eran, eta azterketariek horietako bat garatu beharko dute. Azterketariek 300 hitz idatzi behar dituzte gutxienez. Idazlanaren kalifikaziorako ondoko hiru alderdi hauek hartuko dira kontuan: a) gaiaren eraketa eta garapena; b) hizkuntza-aberastasuna eta zehaztasuna; c) zuzentasuna.
2.– Esaldiak berridatzi.
Emandako hamar esaldiren moldapena egin behar da; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira beste egitura batzuk erabilita, beti ere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.
3.– Sinonimoak.
Testu zatietan txertaturik, azpimarratutako hamar hitzen sinonimo egoki bana eman behar da. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan harturik eman behar da sinonimoa, eta atzizkiduna baldin bada, atzizki berbera jarrita. Hitz bakoitzaren sinonimo bat baino gehiago emanez gero, denek izan behar dute zuzenak, baita ortografia aldetik ere.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
4.– Irakurriaren ulermena.
Testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko ariketei erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin edo Egia/Faltsua erakoak.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
4. artikulua.– Ahozko azterketa.
Ahozko azterketak bi zati ditu:
– Entzutezko ulermenaren ariketa.
– Ahozko azalpena.
1.– Entzutezko ulermenaren ariketa.
Azterketa idatziaren egunean egingo da eta ezinbestean gainditu behar da Ahozko azterketa egin ahal izateko. Bi grabazio zati entzungo dira. Zati bakoitzari buruz bost galdera egingo dira eta erantzun zuzena aukeratu behar da, aukera anitzeko moldean emandako lauren artetik.
Grabazio zati bakoitza behin entzungo da. Grabazioa entzun baino lehen azterketariek bi minutu izango dituzte zati bakoitzeko galderak eta erantzunak irakurtzeko.
Erantzun okerrengatik ez da punturik kenduko.
2.– Ahozko azalpena.
Azterketariak ordu erdi izango du bi ariketa prestatzeko, eta aztertzaileen aurrean hamar bat minututan hitz egitea eskatuko zaio, bost bat minutu ariketa bakoitzeko.
Ariketak:
– Testu baten ahozko laburpena.
Azterketariari informazio jakin bat emango zaio. Euskarria testu idatzia, audioa, bideoa… izan daiteke. Azterketariak informazio horren laburpena aztertzaileen aurrean azalduko du.
– Gai bati buruz hitz egitea.
Aztertzaileek bi gai eskainiko dizkiote azterketariari bat aukeratu eta presta dezan. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko testu luzerik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.
5. artikulua.– Puntuazioak.
Ahozko eta idatzizko azterketa-zatiei begira, ondoko neurriok aplikatuko dira:
1.– Ahozko eta idatzizko azterketa-zatien ariketak eta puntuazioak honela banatuko dira:
AZTERKETA-EREDUA
(Ikus .PDF)
Azterketa gainditzeko, gutxieneko nota lortu behar da: bai ariketa bakoitzean bai azterketa osoan.
2.– EGAren azterketan ez da "numerus clausus"-ik aplikatuko, ez azterketa idatzian ez ahozkoan.
3.– Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.
6. artikulua.– Gainerakoan, EGAko azterketa-ereduak orain arteko jardunbideari eutsiko dio. Deialdi bateko kalifikazioak ezin dira hurrengo deialdi baterako gorde.
7. artikulua.– Erreklamazioa idatziz egin dezake edozein azterketarik, EGAko azterketaren edozein fasetako kalifikazioak jakinarazi eta biharamunetik hasita bost eguneko epean. Azterketa irekiei dagokienez, kasuan kasuko EGAren lurralde-arduradunarengana jo beharko du. Azterketa itxien kasuan, aldiz, HABEren kasuan kasuko EGAren lurralde-arduradunari zuzenduko zaio. Halakoetan, errekurtsoa aztertu eta dagokion lurralde-arduradunak hartuko du azken erabakia eta interesatuari idatziz jakinaraziko zaio.
8. artikulua.– Balio-urritasunen bat duten azterketariek EGAren azterketa berdintasunez egitea izan dezaten, Azterketa Batzorde Ofizialeko Zuzendaritzak beharrezko irizten dituen egokitzapenak ezarriko ditu, denboran nahiz baliabideetan, baldin eta horrela azterketaren edukia indargabetzen ez bada, edota eskatu beharreko gaitasun-maila murriztu ezik.
9. artikulua.– Agindu honek araupetu gabekoetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeari eutsiko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik hasita jarriko da Agindu hau indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 1a.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.