4. zk., 2007ko urtarrilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
60
AGINDUA, 2006ko abenduaren 27koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena. Honen bidez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko, lurralde batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuei 2006rako emandako diru-laguntzen aurrekontu-atala handitu egiten da (diru-laguntzok azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bidez ezarri ziren, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren bidez eman).
Euskal Autonomia Erkidegoan Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, eta, bigarren xedapen gehigarrian, dekretu horren bidez sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren aurrekontu-dotazioen kontura ematekoak diren diru-laguntzak emateko prozedura zehaztu zuen.
Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera, eta betiere legezko ordezkaritza lortzen duen inongo sindikaturik diskriminatu barik.
Horretaz gain, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez bana daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztiori, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraiki, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.
Aipatutako bigarren xedapen gehigarriko 2. idatz-zatian agindutakoaren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, 2006ko maiatzaren 3ko Aginduaz (maiatzaren 22ko EHAA, 95. zk.), hasiera eman zion Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurraldeetako batzordeetan eta ikuskaritzen erregimenean parte hartzeagatik, eta aipatutako azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako erregimenean, sindikatuei 2006rako dagokien diru-laguntza emateko prozedurari.
2006ko maiatzaren 26an, Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza zuzendariak erabaki bat hartu zuten: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari proposatu zioten zati berdinetan bana zezala 2006rako abenduaren 29ko 5/2005 Legeak, 2006ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartutakoak, 3112 programak (31 Zerbitzua) ezarritako diru-laguntza, aurrekontuetan 332.928,00 euroko hornidura baitu.
Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriko 3. puntutik 5. puntura xedatutakoaren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren uztailaren 27ko Aginduaren bidez (EHAA: 157. zk., 2006ko abuztuaren 18koa) diru-laguntzak eman zitzaizkien sindikatuei, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurralde batzordeetan eta ikuskaritza-erregimenean parte hartzeagatik.
Agindu hori eman ostean, eta aurten sindikatu-hauteskundeen aldia pilatzen denez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen, lurralde-batzordeen eta Ikuskaritzaren jarduera nabarmen areagotu dela kontuan hartuta, 170.000 euro gehitu behar zaio abenduaren 29ko 5/2005 Legeko (2006ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartu zituena) 3112 programan, 31 Zerbitzuan, ezarritako diru-laguntzari, eta, horrenbestez, osatu behar dira Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren bidez emandako zenbatekoak.
Hori dena kontuan izanik, ondokoa
EBATZI DUT:
1. artikulua.– Aurrekontu-hornidura handitzea.
Abenduaren 29ko 5/2005 Legeko (2006ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartu zituena) 3112 Programan, 31 Zerbitzuan, azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan araututako Sindikatu Hauteskundeen Batzordean, lurralde-batzordeetan eta ikuskaritzan parte hartzen duten sindikatuentzat ezarritako diru-laguntzei 170.000 euro gehitzea.
2. artikulua.– Diru-laguntza osagarria.
1.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduaren (EHAA: 157. zk., 2006ko abuztuaren 18koa) bidez Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko, lurralde-batzordeetako eta Ikuskaritzako partaide diren sindikatuei emandako diru-laguntzak osatzeko beste diru-laguntza bat ematea.
2.– Azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuko bigarren xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatitik 5.era ezarritakoaren arabera, eta interesdunek 170.000 euroko hornidura osagarria zati berdinetan banatzea adostu dutenez, Sindikatu Hauteskundeen Batzordea osatzen duten sindikatu guztiek 42.500na euro jasoko dute. Hauek dira, beraz, diru-laguntzen onuradunak:
– Eusko Langileen Alkartasuna (ELA).
– Confederación Sindical de CC.OO de Euskadi.
– Langile Abertzaleen Batzordeak (LAB).
– Unión General de Trabajadores (UGT-Euskadi).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Diru-laguntza osagarri hori jasotzeko baldintzak, baita ordaintzeko era eta laguntzen bateragarritasuna ere, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Aginduko 2. artikulutik 4.enera aurreikusitakoak izango dira (EHAA: 157. –zk., 2006ko abuztuaren 18koa).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, horrenbestez, badago honen aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera). Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke zuzenean EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; bi hilabeteko epean izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.a) eta 46 artikuluetan ezarritakoa betez (29/1998 Legeak Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen du).
Bigarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2006ko abenduaren 27a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.