4. zk., 2007ko urtarrilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Ogasun eta Herri Administrazio Saila
59
271/2006 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari "Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, SA" sozietate publikoaren kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona eta sozietateko estatutuak aldatzen dituena.
Maiatzaren 24ko 105/1982 Dekretuaren bidez "Eusko Trenbideak / Ferrocarriles Vascos, SA" sozietate publikoa sortzea erabaki zen eta sozietatearen estatutuak onartu ziren.
Abuztuaren 25eko 2488/1978 Errege Dekretuaz eta abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz transferitutako lineetan pertsonak eta salgaiak errepidez eta trenbidez garraiatzeko zerbitzu publikoa ustiatzeko eta gerora eskatzen zaizkion zerbitzuak emateko sortu zen sozietate publiko hori. Gerora, sozietatearen helburua aldatu egin da, martxoaren 21eko 67/2006 Dekretuaren artikulu bakarrean jasotako moduan.
Gizarte helburu hori betetzeko, eta Sozietate Anonimoen Legearen 144., 152. eta horiekin bat datozen artikuluetan xedatutakoaren arabera, Akziodunen Batzar Nagusiari 2006ko kapital-gehikuntzari dagokion hamabost milioi eta laurogeita hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi euro eta hirurogei zentimotan (15.099.999,60) kapitala gehitzeko proposamena aurkeztu zaio.
Aurrekoaren arabera, "Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, SA" Sozietate Publikoko Akziodunen Batzar Nagusiak 2006ko abenduaren 26an egin zuen bileran bere kapital soziala handiagotzea erabaki zuen. "Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, SA" Sozietate Publikoaren gaurko kapitala hogeita hamabost milioi berrehun eta hogeita hamalau mila bostehun eta berrogeita zortzi euro eta berrogeita lau zentimokoa (35.234.548,44) da, bazkide bakarra denez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak guztiz harpidetu eta ordaindutakoa, eta serie bitan —A eta B— jaulkitako izendun tituluetan gauzatua. Aipatu A serie hori honelaxe dago osatua: hiru milioi zortziehun eta hirurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita zortzi (3.873.948) akzio izendunen bitartez, bakoitza lau euro eta hogei zentimoko (4,20) izendun baliokoa; akziook honako zenbakiak dituzte korrelatiboki: 1etik (1) hiru milioi zortziehun eta hirurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita zortzi (3.873.948) artekoak —bi zenbaki horiek barne direla—, eta guztiak ere harpidetuta eta ordainduta daude. Eta aipatu B serie hori honelaxe dago osatua: hiru milioi laurehun eta hirurogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau (3.473.254) izendun akzioren bitartez, bakoitza bost euro eta berrogeita sei zentimoko (5,46) izendun baliokoa; akziook, bestalde, honako zenbakiak dituzte korrelatiboki: 1etik (1) hiru milioi laurehun eta hirurogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau arte(3.473.254) —zenbaki bi horiek barne direlarik—, eta guztiak ere harpidetuta eta ordainduta daude. Kapital hori gehitu egingo da, A serieko akzio gehiago jaulkiaz; eta horretarako hamabost milioi eta laurogeita hemeretzi mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi euro eta hirurogei zentimo (15.099.999, 60) erabiliko dira, beherago zehazten den moduan. Lau euro eta hogei zentimoko (4,20) balio izenduneko hiru milioi bostehun eta laurogeita hamabost mila berrehun eta hogeita hamazortzi (3.595.238) akzio jaulkiko dira, A seriekoak, eta korrelatiboki ondoko zenbaki hauek izango dituzte: hiru milioi zortziehun eta hirurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita zortzitik (3.873.948) zazpi milioi laurehun eta hirurogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita seira (7.469.186) bitartekoak, parekoak eta jaulkipen-gastu eta –zerga orotarik salbuetsiak. Jaulkiko diren akzio berriek aurrekoen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.
Euskadiren Ondareari buruzko uztailaren 27ko 14/1983 Legearen 44. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak sozietate publikoetan partaidetzak erosteko, Jaurlaritzak baimena eman beharko dio dekretu baten bidez, betiere sozietatea administratiboki menpe dagoen Saileko eta Ogasun eta Herri Administrazio Saileko sailburuek elkarrekin proposatuta.
Horiek horrela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Garraio eta Herri Lan sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe,
XEDATU DUT:
1. artikulua.– Bazkide bakarraren eskubideez baliatuaz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak akzioak erosteko baimena ematea. Lau euro eta hogei zentimoko (4,20) balio izenduneko hiru milioi bostehun eta laurogeita hamabost mila berrehun eta hogeita hamazortzi (3.595.238) akzio jaulkiko dira, A seriekoak, eta korrelatiboki ondoko zenbaki hauek izango dituzte: hiru milioi zortziehun eta hirurogeita hamahiru mila bederatziehun eta berrogeita zortzitik (3.873.948) zazpi milioi laurehun eta hirurogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita seira (7.469.186) bitartekoak, parekoak eta jaulkipen-gastu eta –zerga orotarik salbuetsiak. Jaulkiko diren akzio berriek aurrekoen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte.
2. artikulua.– Sozietate publiko horren estatutuetako 5. artikulua aldatzea. Honela geratu da:
"5. artikulua.– Kapitala.
Kapital soziala berrogeita hamar milioi hirurehun eta hogeita hamalau mila bostehun eta berrogeita zortzi euro eta lau zentimokoa (50.334.548,04) da eta bi serietan jaulkitako tituluez osatuta dago, A eta B. A seriea zazpi milioi laurehun eta hirurogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita sei (7.469.186) akzio izendunez osatuta dago, bakoitzaren balio izendatua lau euro eta hogei zentimokoa (4,20) da, eta batetik (1) zazpi milioi laurehun eta hirurogeita bederatzi mila ehun eta laurogeita seira (7.469.186) arteko zenbakiak —biak barne— dituzte; denak erabat harpidetuta eta osorik ordainduta daude.
B seriea hiru milioi laurehun eta hirurogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau (3.473.254) akzio izendunez osatuta dago, bakoitzaren balio izendatua bost euro eta berrogeita sei zentimokoa da (5,46), eta batetik (1) hiru milioi laurehun eta hirurogeita hamahiru mila berrehun eta berrogeita hamalau (3.473.254) arteko zenbakiak —biak barne— dituzte; denak erabat harpidetuta eta osorik ordainduta daude".
Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.
Garraio eta Herri Lan sailburua,
NURIA LÓPEZ DE GUEREÑU ANSOLA.