4. zk., 2007ko urtarrilaren 5a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
57
266/2006 DEKRETUA, abenduaren 26koa, ospitaleko eta etxeko hezkuntza arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde zentroak sortzekoa.
Apirilaren 7ko 13/1982 Legeak, Ezinduak Gizarteratzeari buruzkoak, 29. artikuluan xedatzen duenez, hala haurrentzako ospitale guztiek nola errehabilitaziokoek eta etengabeko zerbitzu pediatrikoak dituztenek –Estatuaren administraziokoak, haren mendeko organo autonomoetakoak, Gizarte Segurantzakoak, Autonomia Erkidegokoak edo Tokiko Korporazioetakoak, bai eta ospitale pribatuak ere, baldin eta egonaldia eta osasun-arreta baliabide publikoz ordaintzen zaizkien gaixoek hartzen badituzte erregularki oheen erdiak, gutxienez– sail pedagogiko bat eduki beharko dute, ospitale horietan eskolara joateko adina duen ikaslerik badago hezkuntza-prozesutik baztertuta gera ez dadin.
Ospitalean dauden Haurren Europako Gutunean (1986koa), haurrek alor horretan dituzten eskubideei buruz Europako Erkidegoak garatu duen araudia biltzen da: haurrek ospitalean daudela beren eskola-heziketarekin jarraitzeko eskubidea; maisuen irakaskuntzari eta eskolako agintaritzak ikasle horien esku jartzen duen ikasmaterialari onura ateratzeko eskubidea; eta, ospitalizazio partziala (egunekoa) eduki edo susperraldia etxean eginez gero, eskola jasotzeko eskubidea.
Euskal Eskola Publikoaren 1/1993 Legeak, otsailaren 19koak, 26. artikuluan xedatzen du Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak ikastetxeekin elkarlanean ariko direla irakaskuntzaren kalitatea hobetze aldera, eta haien eginkizunetako bat dela ikastetxeen eskura egon arren beren izaera edo muntagatik bertan ezarri ezin daitezkeen baliabideak kokatzea.
Era berean, xedatzen du ikastetxeetarako Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzu gisa, eta eskariak eta dauden baliabideak aintzat hartuta, Administrazioak eskola-barrutiaren jarduera-esparrutik goragoko edo beheragoko mailan dauden Laguntza Zerbitzuak ezarri ahal izango dituela, aurreikusitako koordinazio-betebeharrak errespetatuz.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko 160/1994 Dekretuak, apirilaren 19koak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzkoak, aurreikusten du istripurik edo gaixotasun luzerik gertatuz gero, derrigorrezko hezkuntzan ari diren ikasleek beharrezko duten laguntza jasotzeko eskubidea izango dutela, ikastetxetik bertatik edo urrutiko irakaskuntzako zentro ofizialetatik, istripuak edo gaixotasunak haien eskola-errendimenduan eraginik izan ez dezan (14.1 artikulua)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko 118/1998 Dekretuak, ekainaren 23koak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei eman beharreko hezkuntza-erantzuna eskola muinbakar eta integratzailearen esparruan antolatzen duenak, 25. artikuluan xedatzen duenez, derrigorrezko eskolatze-adinean izandako ospitalizazioaren eta gaixotasun luzeen ondorioz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, medikuak aginduta egunero ikastetxera joan ezin dutenean, ospitalean emango zaie hezkuntza-erantzuna, horretarako sortutako eskola-unitateen bitartez edo etxean bertan laguntza emanez eta jarraipena eginez, hala erabakitzen bada.
Aipatu Dekretuaren 25. artikulu hori garatuz, 1998ko uztailaren 30eko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarenak, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko eta hezkuntza-sistemaren faseetan ikasle horietaz behar bezala arduratze aldera baliabidez hornitzeko irizpideak ezartzen dituenak, V. kapituluaren 31., 32., 33., 34. eta 35. artikuluetan honako hauek xedatzen ditu: ospitaleko eta etxeko arreta-zentroek eskaintzen duten arretaren xedea eta helburuak, ikastetxeko hezkuntza- eta curriculum-proiektua, banakako lan-plana eta etxeko eskola-arretarako prozedurak.
Ondorioz, Euskadiko Eskola Kontseiluari derrigorrezko kontsulta eginda eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoari entzunda, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
OSPITALEKO ETA ETXEKO HEZKUNTZA ARRETARAKO LURRALDE ZENTROAK
1. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak sortzen dira, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzu gisa; aipatu Zerbitzuak Dekretu honen I. eranskinean ageri dira, bakoitzaren kokagune izango diren udalerriak, esku hartzeko esparru geografikoa eta irakasleak adieraziz.
2. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroen jarduketa-eremua diru publikoz mantendutako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietako ikasleak izango dira, eta esparru geografikoa, berriz, Dekretu honen I. eranskinean horietako bakoitzerako xedatzen dena izango da.
II. KAPITULUA
XEDEAK ETA EGINKIZUNAK
3. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroen xedea da medikuaren aginduz ospitale batean dagoelako, etxean suspertzen dagoelako edo programa terapeutiko-hezigarri batean dagoelako erregularki bere ikastetxera joaterik ez duten ikasleei hezkuntza-mailako laguntza eskaintzea.
4. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroen eginkizunak honako hauek dira:
a) Ospitalizazio-aldian zehar eskola-adinean dauden ikasleen heziketa-prozesuaren garapena bultzatzea.
b) Medikuaren aginduz aldi luze batez etxean egon behar dutelako erregularki beren ikastetxera joaterik ez duten ikasleei eskola-ikasketak eta gizarteratzea ahalbidetzea, hezkuntzaren alorreko laguntza-ekintzen bidez.
c) Gaixorik daudelako edo egon direlako medikuaren aginduz ikastetxera joaterik izan ez duten ikasleen eskola- eta gizarte-txertaketa sustatzea.
d) Behar duten ikasleei laguntza terapeutiko eta hezkuntza-mailakoa eskaintzeko programak sustatzea, osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako profesionalekin elkarlanean proiektu multiprofesionalak garatuz.
e) Gaixorik dauden ikasleek beren ingurune berriko pertsona helduekin eta matrikulatuta dauden ikastetxeko irakasle eta ikasleekin harreman positiboak ezartzeko laguntza- eta bitartekotza-ekimen egokiak garatzea.
f) Osasun-langileekin elkarlanean, haiekin ospitalean dagoen ikaslearen tratamendu integralerako jarduketa egokia koordinatzea.
III. KAPITULUA
EGITURA ORGANIKOA
5. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak dagozkien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzen mende egongo dira organikoki, eta funtzionalki, berriz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren mende, Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion ikuskaritza-eginkizunak alde batera utzi gabe.
6. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek elkarloturik dauden hiru esparrutan antolatuko dute beren funtzionamendua:
a) Ospitaleko laguntza-esparrua, hau da, Autonomia Erkidegoko zenbait ospitaletan garatzen diren hezkuntza-mailako laguntza-jarduketak biltzen dituena.
b) Etxeko laguntza-esparrua, xedea duena medikuaren aginduz etxean ospitale-erregimenean dagoelako edo etxean suspertzen dagoelako erregularki bere ikastetxera joaterik ez duen ikasleari arreta eskaintzea.
c) Arreta teraupeutiko-hezigarriaren esparrua, Eguneko Unitateetan esku hartzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Sarearen eta hezkuntza-sistemaren arteko lankidetza-testuinguruetan.
7. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek honako gobernu-organo hauek izango dituzte:
Pertsona bakarrekoak:
a) Zuzendaria.
b) Esparruko koordinatzaileak.
Kolektiboak
a) Zentroko Kontseilua.
b) Zuzendaritza Taldea.
c) Klaustroa.
8. artikulua.– Zuzendariari dagokio:
a) Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroaren jarduketa Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ezartzen dituen irizpideei jarraiki zuzentzea.
b) Hezkuntza Saila ordezkatzea, Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroaren barruan nahiz bere jarduketa garatzeko bidelagun edo lankide diren instituzio eta erakundeen aurrean.
c) Langileen arloko buru izatea eta indarreko araudia beteko dela zaintzea.
d) Zentroaren Gizarte-heziketako Proiektuaren eta Urteko Ekintza Planaren gauzapena koordinatzea eta haien betekizuna bermatzea.
e) Irakasle bakoitzari hezkuntzako laguntza-jarduerak esleitzea, zuzendaritza-taldeak ezarritako irizpideen arabera.
f) Irakasleen absentziak eta bajak direla-eta hutsik geratzen diren lanpostuak betetzeko mekanismoak abiaraztea, hezkuntza-administrazioak ezarritako irizpideen arabera.
g) Klaustrora deitzea eta hura zuzentzea, hartzen diren erabakiak beteko direla zainduz.
h) Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroaren jarduketa hezkuntza-prozesuetan esku hartzen duten beste zerbitzu edo erakunde batzuekin koordinatzea.
i) Funtzionamendu-gastuen urteko aurrekontua egitea, gastuak onartzea eta zentroaren eraikina eta ekipamendua egoera onean mantenduko direla zaintzea.
j) Zentroaren Ekintza Plana Hezkuntzako Ikuskaritzarekin, Berritzeguneekin eta Ikastetxeekin koordinatzea.
k) Araubidez bere egiten duen beste edozein eginkizun.
9. artikulua.– Esparruko koordinatzaileei dagokie:
a) Zuzendariarekin elkarlanean aritzea, zentroari esleitutako eta dagokion jarduketa-esparruarekin zerikusia duten eginkizunen garapenean.
b) Zuzendariarekin elkarlanean aritzea, esparruaren eta bertako langileen kudeaketan.
c) Dagokien esparrua gainerako esparruekin koordinatzea, Zuzendaritza Taldearen jarraibideei lotuz.
d) Araubidez haien kargu utzitako beste edozein eginkizun.
10. artikulua.– Zentroko Kontseiluaren burua lurralde bakoitzeko Pedagogia Berrikuntzako Lurralde Arduraduna izango da, eta gainerako kideak, berriz, honako hauek: lurralde bakoitzeko Kudeaketa Unitateko ordezkari bat, Hezkuntzako Ikuskaritzako arduradun bat, zuzendaria, esparruko hiru koordinatzaileak, jarduketa-esparru bakoitzeko ordezkari bana, lurraldeko Berritzeguneko zuzendari bat, artatutako ikasleen gurasoen bi ordezkari eta esku-hartzea garatzen den osasun-erakundeko ordezkari bat. Zentroko Kontseiluko idazkaria esparruko koordinatzaileetako bat izango da.
11. artikulua.– Zentroko Kontseiluari dagokio:
a) Zentroaren Gizarte-heziketako Proiektua onartzea.
b) Zuzendaritza Taldeak aurkeztutako Zentroaren Urteko Ekintza Plana onartzea.
c) Zentro osoaren jarduera, eta jarduketa-esparru bakoitzarena, aztertu eta baloratzea.
d) Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroaren jarduketa hobetzeko proposamenak eta iradokizunak aurkeztea.
e) Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroko Zuzendaritzak aurkeztutako aurrekontu ekonomikoa onartzea.
12. artikulua.– Zentroko Kontseilua derrigorrean ikasturtearen hasieran eta amaieran bilduko da, eta kideen herenak gutxienez hala eskatzen duenean edo Pedagogia Berrikuntzako Lurralde Arduradunak deitzen duen orotan.
13. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroaren funtzionamendurako eta kudeaketa administratibo eta pedagogikorako organo arrunta Zuzendaritza Taldea izango da, eta zuzendariaz eta zentroak esku hartzen duen esparru bakoitzeko koordinatzaileez osaturik egongo da. Horietako bat idazkari ariko da.
14. artikulua.– Zuzendaritza Taldeari dagokio:
a) Zentroaren jardueraren kudeaketa arruntean laguntzea.
b) Zentroaren Gizarte-heziketako Proiektuaren eta Urteko Ekintza Planaren zirriborroa egitea, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ezarritako arauei jarraiki, eta hautemandako hezkuntza-premien diagnostikoa egin eta Zentroko Kontseilura aurkeztea, behin betiko onartua izan dadin.
c) Zuzendariarekin irakasleen Banakako Planak eta ikasleen banaketa ikuskatzea, joan-etorriei eta arreta-zerbitzuei ahalik eta etekin handiena ateratze aldera.
d) Zentroaren esparru bakoitzeko jarduerak Berritzeguneekin eta zentroaren xedeetarako lagungarri izan daitezkeen bestelako hezkuntza-zerbitzuekin koordinatzea.
e) Ikasmaterialak eta bestelako baliabide didaktikoen erosketa onartzea eta gastuak ikuskatzea.
f) Gastuak onartutako aurrekontuaren arabera ikuskatzea.
g) Araubidez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
15. artikulua.– 1.– Klaustroa zentroko irakasle guztiek osatuko dute, eta lehendakaria izango da haren zuzendaria.
2.– Klaustroaren eskumenak dira:
a) Zuzendaritza Taldeari Gizarte-heziketako Proiektua eta Urteko Ekintza Plana gauzatzeko proposamenak egitea.
b) Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroari esleitutako eginkizunen betekizuna baloratzea.
c) Zentroaren jarduketa hobetzeko proposamenak eta iradokizunak aurkeztea.
d) Zuzendaritzak aurkeztutako aurrekontu ekonomikoa onartzea, hura Zentroko Kontseilura aurkeztu eta behin betiko onartua izan aurretik.
e) Esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren esparruan ekimenak sustatzea, testuinguru terapeutikoen baitako berariazko hezkuntzako esku-hartzearen alorrean.
f) Lan-egutegia onartzea, hura Zentroko Kontseiluan aurkezteko.
g) Esparru bakoitzeko ordezkariak hautatzea horietako bakoitzeko laguntza-irakasleen artean.
3.– Klaustroa derrigorrean ikasturtearen hasieran eta amaieran bilduko da, bai eta kideen herenak gutxienez hala eskatzen duenean edo Zentroko Zuzendaritzak deitzen duen orotan ere.
16. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroko langileak, Dekretu honen I. eranskinean jaso bezala, honako hauek izango dira:
– Zuzendaria.
– Ospitaleko Arretako laguntza-irakasleak.
– Etxeko Arretako laguntza-irakasleak.
– Arreta Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakasleak.
IV. KAPITULUA
ZENTROEN ANTOLAKETARAKO IRIZPIDE OROKORRAK
17. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek gizarte-heziketako proiektu bat izango dute hezkuntzako laguntza-jarduketak antolatzeko beren jarduera garatzen duten hiru esku-hartze esparruetan: ospitaleak, etxea eta unitate terapeutiko-hezigarriak.
18. artikulua.– Zentro hauetatik hezkuntza-arreta jasotzen duten ikasleek beren ohiko ikastetxeetan matrikulatuta jarraituko dute. Beharrezko koordinazioa ezarriko da laguntzako hezkuntza-zereginak modu egokian garatze aldera, ebaluazio-ildoak finkatuko dira, eta ikasle bakoitzarentzat haren inguruabarrei begira egokia irizten zaion ebaluazio-prozesu bat adostuko da.
19. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroko langile guztiek ikasleei ikasketetan laguntzeko zuzeneko arretan jardungo dute, araubidez zentroa kudeatzeko lanetarako, koordinazio-zereginetarako, materialak prestatzeko eta abarretarako ezartzen diren denbora-tarteetan izan ezik.
20. artikulua.– Egoera jakin batzuetan, eta ikasleei arreta pertsonalizatu eta osoagoa eskaintze aldera, zentroko zuzendaritzak xedatu ahal izango du esparru bateko irakasle batek ikasle bati laguntzea eta haren jarraipena egitea zentroaren jarduketa-esparru guztietan.
21. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroko irakasleek soilik esku hartuko dute, ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak berak hezkuntza-arreta egokia eskaini ezin duenean.
22. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak ikasleak matrikulatuta dauden ikastetxeekiko lankidetza-ekimenak eta koordinazioa antolatuko dituzte, beharra duten ikasle gaixoek erantzun egokia eman dezaten. Koordinazio horien xedea esku-hartze bateratua bermatzea da, eta haien aldizkakotasuna bi zentroen artean adostuko da.
23. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere aurrekontuen barruan jasoko du Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek beren eginkizunak gauzatzeko behar duten diru-hornidura.
24. artikulua.– Eusko Jaurlaritzak Dekretu bidez arautuko du Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentro bakoitzeko langileen Lanpostu Zerrenda, eskatzen diren hizkuntz eskakizunak, titulazioa eta esperientzia nahiz lanpostuaren hornidura-sistema eta berariazko osagarriak zehaztuz.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetara atxiki ahal izango dira, aldi baterako, ikasturtean zehar sortutako arreta-premien arabera zentroaren langile-hornidura osatuko duten irakasleak nahiz ikastetxeetako langile laguntzaileak, betiere Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak araututako baldintzetan.
Bigarrena.– 2/1993 Legeak, Irakasleen Kidegoei buruzkoak, 33. artikuluaren 4. atalean xedatzen duenez, lanean 6 urtez jarraian jardun ondoren langileak egindako lanaren ebaluaketa egingo da, araubidez ezartzen diren irizpide eta prozedurei jarraiki; horrela, lanpostu horiek mugagabeak izan daitezke, baina langileak beren borondatez irakasle-postuetara ere itzuli ahal izango dira, hornidura-lehiaketa arrunten bidez.
Hirugarrena.– Gasteizko Txagorritxu LHIko Hezkuntza Unitatetik bi irakasle-lanpostu bereizi eta Gasteizko Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora pasatuko dira; Donostiako Ama-haurrentzako Ospitalea LHIko Ikasgeletatik bi lanpostu bereizi eta Donostiako Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora pasatuko dira; eta Gurutzetako Ospitalean Ospitale Ikasgeletatik –Barakaldoko Gurutzeta LHIri atxikiak– bi lanpostu eta Basurtoko Ospitalean Ospitale Ikasgeletako –Bilboko Basurto LHIri atxikiak– beste bi lanpostu bereizi eta Bilboko Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora pasatuko dira.
Laugarrena.– Ikastetxe eta Ospitale Unitateetako lanpostuen behin betiko jabe diren langileak Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroetako lanpostu berrietan txertatuko dira, Dekretu honen II. eranskinean jasotzen den moduan.
Bosgarrena.– III. eranskinean ageri diren Ikastetxe eta Ospitale Unitateak desagertuko dira, haiek eskaintzen duten zerbitzua Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek bere egin dutelako.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Dekretu honen bidez sortu diren lanpostuak betetzeko irakasleen hautaketa-prozesua amaitu arte, gaur egun Ospitaletako Ikasgeletan nahiz etxeko arretan eta unitate terapeutiko-hezigarrietan zerbitzu-eginkizun gisa laguntza-funtzioak betetzen dituzten pertsonek funtzio horiek betetzen jarraituko dute, beren egungo egoera administratiboari eutsiz.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.
Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
ABENDUAREN 26KO 266/2006 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
Eremu geografikoa: ARABAKO LURRALDE HISTORIKOA
OSPITALEKO ETA ETXEKO HEZKUNTZA ARRETARAKO ETA ARRETA TERAPEUTIKO-HEZIGARRIRAKO LURRALDE ZENTROA
EGOITZA: GASTEIZ
LANGILEAK:
– Zuzendaria.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
Eremu geografikoa: BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOA
OSPITALEKO ETA ETXEKO HEZKUNTZA ARRETARAKO ETA ARRETA TERAPEUTIKO-HEZIGARRIRAKO LURRALDE ZENTROA
EGOITZA: BILBO
LANGILEAK:
– Zuzendaria.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
Eremu geografikoa: GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOA
OSPITALEKO ETA ETXEKO HEZKUNTZA ARRETARAKO ETA ARRETA TERAPEUTIKO-HEZIGARRIRAKO LURRALDE ZENTROA
EGOITZA: DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN
LANGILEAK:
– Zuzendaria
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Ospitaleko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Etxeko arretako laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
– Unitate Terapeutiko-Hezigarriko laguntza-irakaslea.
ABENDUAREN 26KO 266/2006 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
IKASTETXE ETA OSPITALE UNITATEETAKO LANPOSTUETAKO BEHIN BETIKO LANGILEAK OSPITALEKO ETA ETXEKO HEZKUNTZA ARRETARAKO ETA ARRETA TERAPEUTIKO-HEZIGARRIRAKO LURRALDE ZENTROETAKO LANPOSTUETAN TXERTATZEA
– Gasteizko Txagorritxu LHIko Hezkuntza Unitatean Lehen Hezkuntzako lanpostu baten behin betiko jabe den irakasle bat Arabako Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora aldatuko da Ospitaleko Arretaren esparruan, ospitaleko arretako laguntza-irakasle gisa.
– Gasteizko Txagorritxu LHIko Hezkuntza Unitatean Lehen Hezkuntzako lanpostu baten behin betiko jabe den irakasle bat Arabako Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora aldatuko da Ospitaleko Arretaren esparruan, ospitaleko arretako laguntza-irakasle gisa.
– Basurtoko Ospitalean Ospitale Ikasgelan –Bilboko Basurto LHIri atxikia–, Lehen Hezkuntzako lanpostu baten behin betiko jabe den irakasle bat Bizkaiko Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentrora aldatuko da Ospitaleko Arretaren esparruan, ospitaleko arretako laguntza-irakasle gisa.
ABENDUAREN 26KO 266/2006 DEKRETUAREN III. ERANSKINA
IKASTETXE ETA OSPITALE UNITATEEN DESAGERPENA
– Gasteizko Txagorritxu LHIko Hezkuntza Unitatea.
– Donostiako Ama-haurrentzako Ospitalea LHIko Ikasgelak.
– 2 Ospitaleko Ikasgela Gurutzetako Ospitalean, Barakaldoko Gurutzeta LHIri atxikiak.
– 2 Ospitaleko Ikasgela Basurtoko Ospitalean, Bilboko Basurto LHIri atxikiak.