Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2007ko urtarrilaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
56

265/2006 DEKRETUA, abenduaren 26koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko Dekretua bosgarren aldiz aldatzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 3an egindako bilkuran onetsi zuen 2006-2009 Etxebizitza Bideratzeko Plana. Plan horren helburua da Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren aldi horretarako jardueren zuzentarauak finkatzea, ondorengo irizpideak bereganatuta: plangintza estrategikoa, sustapena eta beste jarraibide batzuk, estrategikoak ez badira ere, munta edo garrantzi handikoak direnak etxebizitzaren alorrean diharduten eragileentzat eta babes publikoko etxebizitzak behar dituzten herritarrentzat.

Plan horren ardatz garrantzitsuenetako bat, garrantzitsuena ez bada, babespeko etxebizitzaren hedapenari bultzada handi bat ematea da, nola kopuruan hala tipologien ugaritasunean. Horretarako, emango diren laguntzak eta finantza-neurriak erabiliko dira.

Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak zabaldu ditu dauden tipologiak, "zuzkidura-lojamenduak" izeneko irudia, "tasatutako etxebizitza autonomikoak" eta "udal etxebizitza tasatuak" sortuz eta ondorio guztietarako "babes ofizialeko etxebizitzatzat" joz.

Beraz, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42. artikulua aldatzea proposatzen da, finantza-neurriekin babestu litezkeen jarduerak Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak sortutako etxebizitza-tipologia horietara (zuzkidura-lojamenduak eta tasatutako etxebizitzak) zabaltzeko. Horrela, arau-estaldura eman nahi zaie babespeko etxebizitza-topologia berri horientzako laguntzen eta finantza-neurrien irismena arautu eta garatu dezaketen Aginduei.

Hori dela eta, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko abenduaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluaren 1. paragrafoaren a), b) eta e) atalak aldatu egin dira, eta honela geratu dira:

"a) Babes publikoko etxebizitza gisa kalifikaturiko eraikuntza berriko etxebizitzak errentan lagatzeko, saltzeko eta norberak erabiltzeko sustapena, eta baita etxebizitza librearen sustapena ere hura babespeko errentan jartzeko.

b) Babes publikoko etxebizitzak eta eskuratzailearen bizitoki ohiko eta iraunkor izatera bideratutako bestelako etxebizitzak (erabilitako etxebizitza libreak) eskuratzea. Eta erabilitako etxebizitzak alokatzea (maizterrarentzako laguntzak).

e) Lurzorua urbanizatzea berehala eraikitzeko, kasuak kasu, hura kostu-bidez eskuratzea barne hartuta, eta baita lurzorua kostu-bidez eskuratzea ere edozein Herri Administrazioren menpeko lurzoru-ondare publikoak eratzeko, betiere lehentasunez babes publikoko etxebizitzak sustatzera bideratuta".

Bigarren artikulua.– Erantsi egin zaio atal berri bat, g), Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren 42. artikuluaren lehenengo paragrafoari. Atal berriak honako testu hau izango du:

"g) Zuzkidura-lojamenduak sustatu eta eraikitzea".

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.


Azterketa dokumentala