Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2006ko uztailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3755

EBAZPENA, 2006ko uztailaren 12koa, Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuorderena, 2006ko ekitaldiari dagokionez, merkataritzako aholkulari teknikoak prestatzeko bekak emateko deialdi publikoa egiteko dena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 6ko Aginduaren bitartez, merkataritzako aholkulari teknikoak prestatzeko beken programa arautzen da.

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoaren 2006ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira; ekitaldi honi dagokionez, abenduaren 29ko 5/2005 Legean dago ezarrita hori arautzeko modua.

Aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2006ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 6. artikuluan ezarritako ahalmena erabilita, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 6ko Aginduaren bitartez (2000-06-21eko EHAA, 117. zk.), merkataritzako aholkulari teknikoak prestatzeko beken programa arautzen da. Bada, ebazpen horretan aurreikusitako laguntzei, zehazki, 20006rako ekitaldikoei dagokien deialdia egitea da ebazpen honen helburua. 2003ko ekainaren 11ko Aginduaz ekainaren 6ko aipatu agindua aldatu egin zen.

Helburu hori betetzeko, 375.000,00 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan berariaz arlo horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Zenbateko horretatik 37.500,00 euro 2006ko ekitaldiko ordainketei dagozkie; eta gainontzeko 337.500,00 euroak 2007ko ekitaldiari egotzitako epemugetarako erabiliko dira.

Gehienez ere, 2006ko ekitaldian, hogeita bost (25) beka emango dira, eta hamabi hilabeteko iraupena izango dute.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskabidea egin nahi dutenek, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko ekainaren 6ko Aginduan, zehazki, 2003ko ekainaren 11ko Aginduaz aldatutakoan iragarritako diru-laguntzetakoren bat eskuratu ahal izateko, agindu horretako 3. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatu beharko dituzte.

Horretaz gain, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdurik administrazio-zehapenik edo zehapen penalik duen ala ez egiaztatzeko deklarazio aurkeztu beharko du eskatzaileak, eta bai aipatutakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpen bat ez izateari buruzkoa ere. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera, sexuaren inguruan egindako diskriminazioren ondoriozkoak ere aipatu galarazpenen barruan sartu behar dira.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Eskabidea egiteko eredua Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daiteke, eta interneteko helbide honetan ere bai: www.eragintza.net.

2.– Eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Merkataritza Zuzendaritzari zuzenduta bidali beharko dituzte, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea 2006ko abuztuaren 21ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hara.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko uztailaren 12a.

Merkataritza, Kontsumo eta Industria

Segurtasuneko sailburuordea,

RODRIGO GARCÍA AZURMENDI.


Azterketa dokumentala